[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Titanomakia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cornelis van Haarlem-en "Titanen erorialdia"

Greziar mitologian, Titanomakia (antzinako grezieraz: Τιτανομαχία, Titanomakhía, ‘Titan/Titanideen(titan emakumeak) guda’) hamar urteren zehar, gizakia existitu baino askoz lehenago, garaiko bi jainko errazen artean egon ziren gatazkak dira: alde batetik titanak zeuden, Otris mendian bizi zirenak, eta bestetik Olinpiar jainkoak, guda irabazi eta gero Olinpotik[1] erreinatzen hasiko zirenak. Titanen Gatazka edo Gerra Titaniko bezala ere ezagutzen da greziar mitologiako pasarte hori. Askotan, egile askok (Ovidiok adibidez) Gigantomakiarekin nahasten dute guda hau, bien artean ezberdintasun asko eta oso nabarmenak egon arren.

Garai klasikoko greziarrek Titanomakiari buruz hitz egiten zuten poema asko ezagutzen zituzten. Hala ere, nagusiena eta gaur egun kontserbatzen den bakarra, Hesiodoren Teogonia da. Beste poema bat, Titanomakia izenburua duena eta gaur egun galdua, Tamiris aedoarena da, Plutarkoren "Musikari Buruz" entseguan modu oso laburrean agertzen dena. Aipatu beharra dago titanak Orfeoren poemetan ere oso garrantzitsuak zirela. Orfismoko kontakizunen zati txikiak kontserbatzen badira ere, hauetan tradizio hesiodoetan agertzen diren irudietatik oso ezberdinak diren deskribapenak ageri dira.

Titanomakiari buruzko greziar mito hauek berdintasun asko dituzte Europa eta Ekialde Hurbileko mitoetan ageri diren istorio askorekin, non belaunaldi edo jainko talde berri batek aurka egiten dio talde nagusiari. Batzuetan talde nagusi hau ordezkatu egiten da, eta beste batzuetan berriz matxinada guztiz suntsitzen da eta matxinatuak botere guztia galtzen dute. Azken aukeran berriz, talde nagusia eta matxinatuak batu egiten dira eta horrela panteoi berri bat sortzen dute. Istorio hauen adibide bezala guda Aesirrak ditugu Vaniren eta Jötunnen artean, eskandinaviar mitologiakoak, Enuma Elish Babiloniakoa, "Zeruko Erresuma" narrazio hititar edo zati ugaritarretan ageri den gatazka iluna.

Gatazka garrantzitsu onen markoa titan gazteenak, Kronosek alegia, bere aita Urano (zeruaren jainkoa eta unibertsoaren erregea) tronutik bota zuenean bere ama Gearen laguntzaz sortu zen. Kronosek bere aita irendu zuen, tronua erreklamatu eta bere titan anaia guztiak Tartarotik askatu zituen, Uranok hor espetxeratu baitzituen.

Hala ere, boterea bere seme baten eskutik galdu zuela ikusita, Uranok mendeku modura profezia bat sortu zuen. Honen arabera, Kronosen erregealdia bere semeek matxinada bidez bukatuko zutela profetizatu zuen, Kronosek eta bere anaiek Uranorekin egin zuten bezala. Bere semeen matxinadaren beldurrez, Kronos bere aita izan zen errege maltzurra bilakatu zen, eta ondorioz bere arreba eta emazte Rearekin izan zituen seme-alabak jaio eta segidan jan zituen. Hala ere, Pausanias izeneko geografo greziar baten "Greziaren deskribapena" lanean ageri den bezala, arkadiar kondaira batek dio Reak bere bostgarren eta seigarren semeak, Poseidon eta Zeus alegia, ezkutatu egin zituela. Lehenengo kasuan moxal bat erdi zuela esan zion Kronosi, eta honek animalia jan zuen Poseidonen ordez, eta bigarren kasuan Zeusen ordez haur-oihalez inguratutako harri bat eman zion.[2]

Reak, Zeus, Kretako irlan zegoen kobazulo batera eraman zuen, eta bertan jainkoen erregea izango zena, Kurete izeneko jainkoek eta Adrastea eta Ida ninfek hezi zuten. Zeus heldua bilakatu zenean, Metis jainkosak Kronosi edabe berezi bat eman zion, eta ondorioz honek botaka egin eta jan zituen seme-alabak askatu zituen. Orduan Zeusek jainko-jainkosa guztiak batu eta titanen aurkako matxinada hasi zuen.

Olinpiar jainkoek, Zeus buruzagi zutela, guda adierazi zieten beraiek baino arinago erreinatzen zuten izaki jainkotiarrei, Titanei. Hauek Kronos zuten buruzagi eta errege bezala eta Zeo, Krio, Hiperion, Japeto, Atlas eta Menezio ziren titanen armadako partaide garrantzitsuenetarikoak. Olinpiar jainkoak berriz Zeusek agintzen zituen, eta Hestia, Demeter, Hera, Hades eta Poseidon jainko-jainkosez aparte, Hekate titanidea ere hauen taldearen parte zen. Seguruenik Estigiak eta bere semeek ere Olinpiarren alde borrokatu zuten[3]. Aipatu beharra dago hauetaz aparte, Hekatonkiroek eta Ziklopeek ere jainkoen alde borrokatu zutela, zeren eta Kronosek Tartaroan giltzapetu zituen eta guda hasi baino lehenago Zeusek askatu egin zituen. Mitoen arabera Hekatonkiroek beraien ehun besoekin harri erraldoiak bota zizkieten titanei jainkoei laguntzeko. Ziklopeak berriz oso garrantzitsuak izan ziren, zeren eta hauek sortu zituzten hiru jainko nagusien armak: Zeusen tximista, Poseidonen hiruhortza eta Hadesen ikusezintasun kaskoa.

Hamar urte luze iraun zituen guda bat igaro, eta hau irabazi eta gero, Olinpiarrek gerrako harrapakinak beraien artean banatu zituzten, Zeusek zeruaren agindua lortuz, Poseidonek itsasoena eta Hadesek inframunduarena. Orduan titanak tartaroan giltzapetu zituzten, inframunduaren leku zakonenean kokaturik zegoena. Hala ere, gudan zehar Ozeano titana eta Rea, Tea, Temis, Mnemosine, Febe eta Tetis titanideak neutralak izan zirenez, Zeusek ez zituen hauek zigortu eta libre gerartu ziren. Atxolotu ez ziren beste titan batzuk Atlas, Kronos, Epimeteo, Menezio eta Prometeo izan ziren. Azken hirurak gerran zehar taldez aldatu ziren eta Olinpiarrei guda irbazten lagundu zien, eta ondorioz ez ziren zigortuak izan. Guda gertatu zenean zerua, hau da, Urano, ia lurrera erori zen, eta zigor modura Zeusek Atlas hau eustera zigortu zuen mundua bukatu arte. Kronos titanen erregearen patuari buruz gutxienez bi bertsio ezberdin daude: tradizio zaharrenaren arabera, poesia homeriko eta hesiodiko (Iliada, xiv, 274; xv, 225; Teogonia 850ss) batzuetan ikusi daiteeken bezala, Kronos Tartaroan espetxeratu zuten berari leial ziren titan guztiekin. Tradizio berri batzuen arabera berriz, Zeusek Kronos aske utzi zuen Zorioneko Irlen errege bezala[4]. Bertsio honen probak Lanak eta egunak (169b-e edo 173a-e, edizioen arabera)[5] lanean ageri dira, baita Pindarok idatzi zituen bertso batzuetan (Olinpika II, 70ss). Hekatonkiroak Tartaroaren zaindari bezala geratu ziren titanek ihes egin ez zezaten[6].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Hesiodo, Teogonia 624–6.
  2. Pausanias, Greziaren Deskribapena viii.8.2.
  3. Hesiodo, op. cit. 383.
  4. Bertsio hau Hesiodo eta gerokoa da. Cf. Mazon. Hesiode Theogonie; Les travaux et les jours; Le bouclier. 92. orr, 1. zbk
  5. Trasmisioaren ikuspuntutik, bertsoa ete bere hurrengoak papiroetan bakarrik daude, eta Proklok ez-legitimo bezala ikusi zituen. Cf. Paola Vianello Kordobakoa. Trabajos y días. CLXVI nota 173a-e orr. Verdeniusek ere interpelazio besala ikusi zituen (Verdenius, J. J. A commentary to Hesiod, Works and Days, vv 1-382. 103 com. a 169 orr.)
  6. Apolodoro Atenaskoa, Liburutegi mitologikoa i.1.2.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]