[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Tarpan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tarpan
Azken tarpan zaldia Moskuko Zoologikoan, 1868. urtean. Zalantzak daude ea arraza garbiko tarpana zen, ala etxeko zaldiekin nahasitako abere bat.
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaPerissodactyla
FamiliaEquidae
GeneroaEquus
EspezieaEquus ferus
Azpiespeziea Equus ferus ferus
Boddaert, 1785
Sinonimoak
Eurasiako basa zaldia,

equiferus Pallas, 1811
gmelini Antonius, 1912
sylvestris Brincken, 1826
silvaticus Vetulani, 1928.

tarpan Pidoplichko, 1951

Tarpana[1] (izen zientifikoa: Equus ferus ferus edo Equus ferus gmelini), Eurasiako basa-zaldia ere deitua, egun desagertutako basazaldi mota bat izan zen[2]. Nahasketa dago guzti honen inguruan gaur egungo zenbait aintzineko poni arrazak "tarpanak" deitzen dituztelako ere, konik ponien edo Heck zaldien kasu[3]. Arraza hauen antzinatasuna edo tarpanen ezaugarriak berreskuratzeko egindako lana azpimarratzeko modu bat da[4]. Edozein modutan, nahiz eta aspaldiko arrazak izan eta garai bateko basazaldien ezaugarri asko gorde, poni hauek ez dira benetako tarpanak.

Tarpana (Equus ferus ferus) Equus ferusaren azpiespeziea zen. Harekin batera, etxeko zaldiek (Equus ferus caballus); neurri handi batean, tarpana haien arbasoa da, eta Przewalski zaldiek (Equus ferus przewalskii) osatzen dute espeziea[5]. Esan beharra dago gaur egun hainbat adituk ezbaian jartzen dutela Przewalski zaldiaren taxonomia, eta aparteko espezietzat hartzen dute[6].

Bere altuera soin gurutzera 130 cm inguruan zegoen. Garai moderno arte iraun zuten tarpanaren bi mota ezagutzen dira: estepetako tarpana eta basoko tarpana. Edozein kasutan, kontuan hartzekoa da espeziea hainbesteko banaketa eremua izanik, tokiz tokiko tarpan azpiespezie eta mota asko egongo zirela. Horrez gain, enzebroaren kasua dago. Abere horiek, hainbat ikerlariren ustez, azken tarpana iberiarrak izan ziren. Hondar aleak XVI. mende arte iraun zuten Iberiar Penintsulako hego ekialdean.

Ondo dokumentatutako azken tarpan abelburua, 1876. urtean Ukrainan harrapatua izan zena, Moskuko Parke Zoologikoan hil zen 1909. urtean, baina zalantzan dago ea aberea arraza garbikoa ote zen ala etxeko zaldiekin nahastutako alea[7][8]. Horregatik, beste hainbat iturrik 1887. urtean Municheko Hellabrunn Zooan hildako tarpana aipatzen dute espezieko azken aberetzat[9]. Jakina da arraza garbiko tarpanak desagertu eta gero, XIX. mende osoan eta XX. mendearen hastapenetan, bizirik eta libre Ukrainako estepetan etxeko zaldiekin nahasi ondoren berriro basati bilakatutako hainbat aberek iraun zutela. Zenbait adituren arabera, baliteke arrazak bizirik iraun izana Ukrainan 1918 arte eta Polonian 1919 arte,[10] hori dioten hainbat lekukotasun baitaude. Datutan zehazten zaila da, ordea, eta kontuan hartu behar da, lehen esan den bezala, azken ale basati horiek etxeko abereekin nahasitako tarpanak izatearen aukera.

Tarpanak, zuten tamainagatik, ponien sailkapen taldean sar daitezke, eta aditu askoren arabera, egungo poni arraza askoren jatorrian daude. Lehen esan den bezala, antzinako poni arrazen hazleek beren abereek tarpanekin duten senidetasuna nabarmendu ohi dute, arraza bakoitzaren antzinatasuna aldarrikatzeko orduan. Esate baterako, Ipar Euskal Herriko zenbait pottoken hazleek "Pirinioetako tarpana" deitzen diote euskal poniari.

Gaur egun, munduan irauten duen jatorrizko basa zaldi bakarra Przewalski zaldia da, eta baditu zenbait antzekotasun antzinako tarpanekin. Tarpana eta Przewalski zaldiak garai bateko Equus ferus Europako basa zaldiaren azpiespezietzat hartzen dira; dena den, oraindik eztabaida handia dago zaldi horien taxonomiaren inguruan. Zenbait adituren ustez, Przewalski zaldia antzinako Equus ferusen ondorengoa da, eta ez espezie bereizia;[11] beste zenbait ikerlariren arabera, berriz, tarpana eta Przewalski zaldia duela 160.000 mila urte bereizi ziren.[12]

Joan den mendeko 30. hamarkadan hautespen artifizialaren bidez eta taxonen berreraiketaren bidez, hainbat ikerlari tarpana berreskuratzen saiatu zen. Saiakera horien ondorioz, Heck zaldia arraza zein Hegardt edo Stroebel zaldia sortu zituzten; aurrenekoak, neurri handi batean, Konik zaldien ondorengoak dira. Municheko zoologikoan hainbat saiakera egin dituzte hamarkadetan zaldi arraza ezberdinen hautaketen bidez tarpan bezalako abereak berreskuratzeko[3].

Izena eta etimologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alemaniako Erlebnisparkeko "tarpan berriak" edo basazaldiak

«Tarpan» edo «tarpani» izena turkieraren familiako kirgizera eta kazakhera hizkuntzatik dator, eta «zaldi basatia» esan nahi du.

Tartar eta kosakoek ondo bereizten zituzten basazaldiak etxeko zaldietatik, azken hauek etxetik ihes egin eta estepetan basati bilakatuta ere. Basa zaldiei Takja edo Muzin izena ematen zizkieten[13][14].

Tarpan izena lehendabiziko aldiz Peter Simon Pallas zoologo errusiarrak erabili zuen 1780. urtean turkieratik hartuta.

Zoritxarrez, tarpanak iraun zuen bitartean, zoologoek ez zuten harengan arreta gehiegi jarri, eta, ondorioz, haren deskribapen edo marrazki gutxi dago.

Aro modernoan «tarpan» izena erabili izan da gaur egungo etxeko zaldien arbasoa izendatzeko, Equus ferus, bai eta garai historikoetan etxekotu diren aurretiko zaldi azpiespezieak, hau da, Equus ferus ferus izendatzeko. Azkenean, oro har, izena Europako zaldi arraza "basati" edo antzinakoak izendatzeko erabiltzen da, vaita tarpanak berreskuratzeko asmoz sortutako arrazak ere, esate baterako heck zaldia.[15]

Izen zientifikoari dagokionez, Johann Friedrich Gmelinek 1774en urtean deskribatu zuen lehendabiziko aldiz, baina ez zion espezieari izen zientifikorik ezarri. Gmelinek zaldi hauek aurrenekoz 1769ean Bobrovsk eskualdean ikusi zituen, Vorónezhtik hurbil. 1784ean Pieter Boddaert Equus ferus izendatu zuen espezie, Gmelinek egindako deskribapenean oinarriturik. Peter Simon Pallasek 1811. urtean deskribatu zuen eta "Equus ferus equiferus" izendatu zuen. Boddaerten izena ezagutu gabe, Otto Antoniusek Equus gmelini izena argitaratu zuen 1912an, berriro Gmelinen deskribapenak oinarri hartuta.

Gmelini eta ferus izenak sinonimotzat hartzen dira. Kontutan hartuz nomenklaturaren araua non emandako lehendabiziko izena izaten dela baliagarri bakarra, tarpana ferus deitu beharko litzateke. Beraz 2003, Nazioarteko Nomenklatura Zoologikoaren Kodeak, etxeko arrazen arbaso edo garai berekoak ziren 17 arraza basatien adiera espezifikoak mantendu zituen, tarpanarentzat E. ferus izena finkatuz.[16]

Beraz, Equus gmeli izena baztertuta geratu da eta Nazioarteko Nomenklatura Zoologikoaren Batzordeak bi izen hipotetikoak dauzka tarpanarentzat; Equus ferus aparteko espeziea balitz eta Equus ferus ferus, Przewalski zaldiarekin batera aparteko espeziea balitz.

Sinonimo historikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazak hainbat izen zientifiko hartu ditu, adituaren eta garaiaren arabera:

  • Equus caballus ferus (Boddaert, 1785),
  • Equus equiferus Pallas (1811),
  • Equus sylvestris (Brincken, 1828),
  • Equus ferus sylvestris (Brincken, 1828),
  • Equus caballus sylvestris (Brincken, 1828),
  • Equus gmelini (Antonius, 1912),
  • Equus ferus gmelini (Antonius, 1912),
  • Equus caballus gmelini (Antonius, 1912),
  • Equus gmelini silvatica (Vetulani, 1927),
  • Equus tarpan (Pidoplichko, 1951).

Tarpan motak eta azpiespezieak. Espeziearen historia eta hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tarpanaren marrazki bat espeziea islatzen. Tarpan dans Zootechnie. Races chevalines, 1923. egilea, Paul Diffloth. Nabarmenak dira przewalski zaldiarekiko antzekotasunak antzinako tarpanaren marrazki honetan.

Gaur egun dauzkagun datuekin ezinezkoa da zaldiak etxekotzen hasi baino lehen, Eurasian zenbat basazaldi espezie, azpiespezie edo mota zeuden jakitea[17]. Dena den, tarpanari dagokionez behintzat, bi mota nagusi izan omen zirela uste da [18]. Haien artean, fenotipoan, desberdintasun txikiak zeuden. Mota ezberdinak, baina azpiespezie berbera baitziren biak[7]. Europan agertzen den Labar-artea, nolabait, mota eta azpiespezie ugaritasun honen adierazlea izan daiteke.

Estepetako tarpana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tarpana Itsaso Beltzaren gainaldean, iparrean kokatutako estepetan bizi omen zen, baita bertako baso irekietan ere. Azken aleak Samuel Gottlieb Gmelin izeneko Germaniar esploratzaileak aurkitu zituen bertan 1769. urtean. Dirudienez errusiar kolonoek galdu omen zuten tarpan mota hau, zuzenean ehizatuz zein haiek ekarritako zaldiekin gurutzatzen zirelako. Antza tarpan mota hau eszitiarrek aurreneko aldiz etxekotu zuten zaldia izan zen.

Dena den, zenbait teoria berriek ezbaian jartzen dute eszitiarrak zaldien lehendabiziko hezitzaileak izatea[19]. Hainbat analisi filogenetikoek eta aurkikuntza arkeologikoek egungo przewalski zaldiak basati bilakatutako Kazakhstango iparraldeko antzinako Botai herriko etxeko zaldien ondorengoak direla adierazten dute. Beraz, Botai herriak przewalski motako zaldiak etxekotu zituen duela 5.700-5.100 urte, eta ez tarpanak. Kontua, dena den, ezbaian dago oraindik. Edozein moduan datu hauek baieztatuko lukete zaldia hainbat leku ezberdinetan eta era independentean etxekotua izan zela. Gainera, ezin ahantzi daiteke aztarna paleontologikoetan antzinako przewalski zaldiak eta tarpanak bereiztea ez dela erreza. Askotan ekido arraza ezberdinak haien artean bereiztea erreza ez den bezala.

Zaldi hauek hanka meheak zeuzkaten, eta soslaia ahurrekoak omen ziren. Hauts kolorekoak ziren, edo gris-arratoi horizka kolorekoak. Zurda tenteak zituzten, eskuila itxuran. Mando-marra handia zeukaten bizkarrean zehar eta batzuetan zebra-marrak zeharka hanketan. Altuera soin gurutzera 130 cm ingurukoa zen.

Antzinako germaniarrak euren poniekin grabatu batean. Tartariar ponien motako zaldiak dira, tarpanen oso antzekoak

Estepako tarpanaren ondorengo zuzen bat tartariar ponia delako antzinako poni arraza da, aurreindoeuropar herrien migrazioekin Europako hainbat herrialdetara heldu zena, eta eskandinaviar zenbait zaldi arrazen arbaso zuzena izan zena. Ecuus scandianavicus izeneko arraza lehen[20] eta gero bere ondorengoak diren Fjord zaldi arraza norvegiarra eta islandiar ponia, esate baterako. Kolore urdinxka edo hauts kolorekoa zen.

Basoko tarpana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere izenak adierazten duenez, oihanetan bizi zen, bereziki xaretutako edo soilgune handiak zituzten basoetan. Garai historikoetan Europako erdialdeko basoetan bizi omen zen, Herrialde Baltikoetan, Polonian, Alemanian, Ukrainako mendebaldean, Moldavian eta Errumanian[21]. Azken abereak Polonia eta Bielorrusiaren artean bizi omen ziren.

Greziar kolonizazio garaiko txanpona, Tyras, (Itsaso Beltzean, txanponduta). Dioniso jainkoa eta antza estepetako tarpan bat agertzen dira bi ifrentzutan.

Die Nibelungen olerki germanikoan kontatzen du Sigfridok "zaldi amorratu" bat akabatu zuela Wasgosko basoan izandako ehizaldi batean. Antza, zaldi hura basoko tarpan bat omen zen.

Espezie hau gaur egungo etxeko zaldi arraza askoren arbasotzat jotzen da. Esate baterako, Iparraldeko zenbait pottoka zaleek Euskal Herriko poniari "Pirinioko tarpana" izena ematen diote[22], arrazaren "antzinatasuna" azpimarratzeko. Oro har, desagertutako tarpana Europako zaldi arraza zahar ezberdinen ezaugarriekin alderatzeko joera handia dago. Era horretan, arraza bakoitzaren zaletuek beraien abereen arkaikotasuna nabarmendu nahi dute[11].

1826. urtean Julius Brincken izeneko gizonak, Errusiako tsarrarentzat lan egiten zuenak, Bialowiezako basoaren landaretza eta faunari buruzko liburua idatzi zuen. Baso hau Prusia zaharraren "Desertu Handia" bezala ezagutzen zen oihan erraldoiaren azkenetariko gunea zen. Bertan basazaldiaren egotea aipatzen zuen.

1930. urtean hasita, zenbait saiakera egin dira tarpan zaldia birsortzeko, zaldi arraza ezberdinen elkarren arteko gurutzaketen bidez. Haren ondorioz, esate baterako, Heck zaldia arraza sortu dute, baita Hegart zaldia edo Stroebel zaldia izenez ezagutzen dena ere.

Poloniako konik zaldi arraza, tarpana baino apur bat txikiago eta zabalagoa, arraza birsortzeko saiakeretan ere erabili dute. Aditu askoren arabera, hau da desagertutako tarpanarekin antzik handiena gorde duen etxeko zaldien arraza. Haren zergatia zera da: garai historikoetan, bertako nekazariek beraien zaldiak azken tarpan basatiekin gurutzatu zituztela.

Tarpanaren hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tarpan saldoa ekaitz batean. 1867. urteko marrazkia

Dozena milaka urtetan barna, Azken Izotz Aroan, Europako azalera gehiena, Iberiar Penintsulatik Errusiaraino, belarrez betetako lautadez estalita egon zen. Garai haietako estepa hotz zabalak izan ziren. Bertan orein erraldoiak, mamutak, errinozero iletsuak, uroak, estepako bisonteak eta beste hainbat belarjale handiek tarpanekin partekatzen zituzten habitat hauek. Duela 12.000 urte inguru hainbat faktore tartean, klima aldaketa eta gizakiaren eragina ingurumena aldatzen joan ziren. Egoera berriak azpi-populazioen isolamendua ekarri zuen. Garai hartan Pleistozenoko megafaunaren iraungitze masiboa izeneko gertaera eman zen. Megafaunako espezie asko desagertu ziren, Munduan zein Europan. Guzti honen ondorioz estepak baso erraldoiak bilakatu ziren.

Hasiera batean basazaldiek ingurumen berriei egokitzea lortu bazuten ere, azkenean leku askotan iraungi egin ziren. Dena den, zaila da zehaztea zer mailarako habitaten aldaketak ekarri omen zuen basa zaldien galera edo, berriz, gizakien aldetik emandako ehiza ekarri omen zuen. Edozein moduan, Neolitikoak egoera are gehiago areagotu zuen.

Hego Euskal Herrian, esate baterako, Jesus Altuna paleontologoak doienez, basazaldia inoiz ez da ugaria izan historiaurreko garaietan, ezta Kantauri itsasoko ertzaren gainerako eskualdetan ere. Goi Paleolitoan ere, nahiz eta zaldiak Ekaingo leizearen bezalako labar-margoetan ugari eta bikainki marraztuta azaldu, ez dira zaldien hondakin asko agertzen bertako aztarnategietan. Antza, Pirinioez beste aldetik, berriz, Akitaniako ordokietan, espeziearentzat askoz biotopo aproposagoak zeuden, Pirinioez hegoaldeko Euskal Herriko paisaia menditsu eta oihantsuetan baino.

Altunak ikertutako Hego Euskal Herriko aztarnategietan, betadunen hondakin guztien artean, zaldia % 5ra ozta ozta heltzen da. Gainera, ehuneko hau askoz gehiago murrizten da hasierako mesolitikoan (Aziliar) garaian. Geroztik aipatuko denez, Mesolitikoaren amaieran eta Neolitikoan, duela gutxi arte, espeziea ez zen azaltzen arkeologia aztarnategietan. Horregatik, urtetan Jesus Altuna berak eta Jose Migel Barandiaranek uste izan zuten aldi batez zaldia Euskal Herritik desagertu zela.

Tarpan baten marrazkia frantses liburu zahar batean. Errusiako zaldi arraza bat bezala deskribatzen du. Errusiako zein Ukrainako estepak izan ziren espeziea kantitate handitan mantendu zen hondar lekua.

Nafarroako Zatoiako arkeologia aztarnategian egindako lehendabiziko aurkikuntza funtsezkoa izan zen teoria hau deuseztatzeko eta zera ziurtatzeko: zaldia etengabe bizi izan dela Euskal Herrian Paleolitiko Aurignac aldiaz geroztik, hau da, duela 42.000 urtetik gaur egun arte, Hego Euskal Herrian barne.

Eneolitoan aztarnen % 0,21 hartzen du zaldiak. Brontze Aroan ere zaldi aztarnak oso urri izaten dira, % 0,07. Aurkitutako aztarna urri hauekin, gutxi zehaztu daiteke Eneolitoan Euskal Herrian bizi ziren zaldi motei buruz, bai Kantauriko isurialdean, bai Mediterraneoko isurialdean. Ezin zehaztu, orobat, ea zaldi horiek etxekotuak edo basatiak ziren. Hau horrela da etxeko zaldien eta tarpanen hezurrak oso antzekoak direlako.

Edozein moduan, datu hauek ez datoz bat erromatar kronistek Iberiar Penintsulako iparralderako aipatzen duten zaldi eta basazaldien ugaritasunarekin. Hemen zerbait ez zaigu ageri geratzen. Hainbat adituek diote agian Euskal Herrian, une batean, jendeak oro har zaldia jateari utzi ziola. Balizko arrazoi erlijiosoak aipatuak izan dira ere. Euskal Herria gaur egun ez da herri hipofagoa, hau da, bertan ez dago, Frantzian, Italian edo zenbait herrialde nordikoetan bezala, zaldia jateko ohitura eta kultura handirik, eta hori nahiz eta bertan, zenbait garai historikoetan, zaldia oso ugari izan den. Erdi aroa eta gero Euskal Herriko mendietan hazitako zaldiak esportaziorako gai komertziala ziren. Joan den mendeko erdialdean milaka zaldi saldu dira haragitarako Euskal Herritik Frantzia eta Italia aldera.

Gizakiak zaldia pleistozenotik ehizatu zuen haragitarako. Zaldi haragia hainbat kulturan garrantzitsua izan da, eta horregatik kultura zaldi jale edo hipofagoaz hitz egiten da (Islandiarren kasua da, adibidez, kultura hipofago horren adibide bat). Edozein moduan ere, basazaldiaren desagerketaren arrazoi nagusiak Eurasian barrena gizakiek egindako ehiza zuzena zein habitatetan eragindako aldaketak dira, bereziki neolitotik aurrera.

Espeziearen hedapen gune osoa ez da zehazki ezagutzen. Hainbat adituren arabera Europako azalera gehiena hartu zuten tarpanek. Beste batzuek, ordea, diote soilik Ekialde Europarreko hego-ekialdeko estepetan bizi omen zela, eta beste zaldi espezie eta azpiespeziek populatu zituztela kontinentearen gainontzeko lurraldeak. Esan beharra dago zailtasun handiak daudela basazaldien espezie eta azpiespezieen taxonomia ikertzeko. Oraindik ezin da esan Europan Holozeno garaikoak diren agertutako basazaldien hondakinak tarpanarenak diren ala ez. Labar arteak informazio handia eskaintzen digu garai haietako zaldi espezie eta moten inguruan eta, oro har, tokiz tokiko aniztasun handia erakusten du.

Duela 5.000 urte, paleontologiaren datuen arabera, zaldiak oraindik Europa guztian hedatuta zeuden. Orduan hasi ziren Eurasiako estepetan etxekotutako zaldiak sartzen hainbat lekutan, Aurreindoeuropear herrien migrazioen ondorioz. Honek hainbat zaldi espezie eta arrazen jatorriaren inguruko zalantzak areagotzen ditu.

Edozein moduan ere, tarpanak edo antzeko basazaldi motak oso azkar desagertu ziren Europako hegoaldetik gizakiaren eraginaren ondorioz[23]. Kontuan hartu behar da, dena den, lehen aipatutako enzebroaren kasua Iberiar Penintsulan.

Azken mendetan zehar basazaldien populazioen aipuak desagertzen joan dira Europa guztian barrena, gero eta lur basati gehiago herri eta hirien zein nekazaritza eta abeltzaintzaren mendean geratzen diren neurrian. Basa zaldien azkenetako gotorlekua Prusiako ekialdeko gune handi bat izan zen. Bertan jende gutxi bizi zen eta oso basotsua zen. Eskualdea "Desertu Handia" deitzen zuten eta tamaina handiko oihan primario bat zen.

Desertu handi horretan Prusiar zahar herria bizi omen zen, edo Prusiar baltikoak. Prusiar germaniarrak bertan finkatu, baina lehenengo eskualdeko jatorrizko herria eslaviarrak ziren eta erlijioz ez ziren kristauak bilakatu XIII. mendera arte. Orduan Ordena Teutonikoak lurraldea konkistatu zuen indarrez, Iparraldeko Gurutzadak edo Gurutzada Baltikoak izeneko gurutzada batean, eta hango jendeak kristautzera behartu zituen. Antza borusio herriaren erlijioa animista zen, eta honek ekarri zuen bertako basoen eta abereen kontserbazioa.

Peter von Dusburgen kroniken arabera:

« "Haiek Jaungoikoa ez zuten ezagutzen, eta okerturik Bere izakiak gurtzen zituzten, eguzkia izan, ilargia izan, izarrak izan, hegaztiak izan, lau hankako abereak eta baita sugeak ere. Haiek bazeukaten ibai, landa eta baso sakratuak, eta bertan ez ziren bertan ausartzen lurra lantzea, arrantza egin edo egurra jaso". »

Prusiar zaharren sinesmenek eta biztanleen kopuru txikiak ahalbidetu zuten, beraz, eskualde asko basati mantentzea eta haiekin basa zaldien populazio handiak.

Ordena Teutonikoaren konkista eta gero, kolonizazio eta kristautzearen mehatxua izan arren, Desertu Handia haien artean etsai ziren Ekialdeko Prusiaren, Poloniaren eta Lituaniaren erresumen arteko inoren lurra bilakatu zen. Etsai ziren erresumen arteko koltxoia. Hau dela eta bertako basa-abere handi askoren babeslekua bilakatu zen. Europako bisonte, uro eta tarpanena.

Hala ere, Prusiako oihan handiaren kolonizazioa XVI. mendean barrena azkartu zen eta honek basa zaldien populazioen etengabeko murriztea ekarri zuen. Mende horren bukaerarako uste da tarpanen populazio basatiak jada iraungita zeudela eta soilik zenbait aitonsemeen finketan mantentzen zirela. Esate baterako, Jan Zamoyski handiki poloniarrak basa zaldiak mantentzen zituen bere lurretan, bere estatusaren ikur gisa, baina XVIII. menderako zaldi samalda hauek desagertu egin ziren, behintzat agirien aipuetatik. Hau dela eta, zenbait adituren ustez, tarpana orduan iraungi zen eta handik aurrera agertzen diren ustezko tarpanak etxekotutako zaldietatik sortutako basazaldiak dira, edo asko jota azken tarpanekin nahastutako abereak.

Azken garaietan tarpan gehien egon zen lekua Errusiako Tauridako gobernia izan zen. Bertako nekazariek galdu zituzten azkenean zuzeneko ehizaren bidez.

Espeziearen taxonomia eta sistematikari buruzko eztabaida. Tarpana zaldi modernoen arbasoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunitate zientifikoa bi eskoletan bereizten da garai historikoak arte iraun duten bi basazaldien inguruan, hau da, Przewalski zaldia eta tarpanaren taxonomiaren aurrean. Lehendabiziko eskolarentzat bi espezie nahiko hurbilak dira, Equus ferus (tarpan) eta Equus przewalskii. Bigarren eskolarentzat ordea espezie beraren bi azpiespezie besterik ez dira. Tarpana orduan Equus ferus ferus litzateke eta Przewalski zaldia Equus ferus przewalskii. Teoria hau euskarritzen dutenek Equus caballus izen zientifikoa erabiltzea proposatzen dute basazaldi eta etxeko zaldiak denak batera izendatzeko, espezie berean sailkatutako azpiespezieak izanik. Teoria honen arabera, tarpana azpiespezie bat da eta bere izen zientifikoa "Equus caballus ferus".

Hala ere, basazaldiarentzat orokorki hartutako izena "Equus ferus" da, 2027. urtean onartua. 2003. urtean Nomenklatura Zoologikoko Nazioarteko Batzordea erabaki zuen basa abereak izendatzeko etxekotutako animalien izenak ez erabiltzea, Equus caballus gure kasuan.

Era berean, eztabaida handia dago Europako labar artean agertzen diren zaldi marrazkien taxonomiaren inguruan.

Hainbat naturalistek, dena den, ezbaian jartzen dute ea tarpana benetan garai aurrehistorikoetatik zetorren basazaldia zen ala ez, bereziki hondar tarpanen kasuan. Baztertu gabe naturan askatu eta basati bilakatutako etxekotutako zaldien teoria[24]. Hala ere, teoria honek ez dauka froga zehatzik eta egun gutxik hartzen dute kontutan, nahiz eta ez dago erabat bazterturik ere. Badago beste ikuspegi bat zera diona: nahiz eta jatorrizko tarpana betidanik basatia izan, Europan hainbat mendetan zehar etxeko zaldiekin elkarbizitzen egon zen eta haren ondorioz nahasketak eman ziren bien artean. Bereziko basati bilakatutako etxeko zaldiekin. XVIII. mendean oraindik agertzen diren tarpanak nahasketa hauen ondorio lirateke. Azkenean, aztertzeko kalitatezko material paleontologiko edo genetikoren faltan, tarpanaren benetako izaera (jatorrizko basazaldia izan, etxeko zaldia berriro basatia bilakatuta edota bion arteko nahasketa izan) ezbaian dago oraindik. Dena den, aitzinaldetik XIX. mendera arte hainbat deskribapen agertzen dira literaturan tarpanak eta etxekotuz eta gero ihes egin eta basatiak bilakatutako zaldien populazioak ondo bereizten[25].

Gaur egun badakigu Przewalski zaldia ez dela zaldi modernoaren, hau da, Equus caballus-en arbasoa[26]. Hau horrela da arraza gehienen kasuan behintzat. Zientifikoek zaldiak Equus ferus caballus deitzen dituzte zera adierazteko: egungo abereak ez direla aparteko espeziea baizik eta tarpanaren etxekotzearen ondorioa. Tarpana da egungo zaldien arbasorik ziurrena, baina segurtasuna oraindik ez da erabateko[27]. Beste aldetik, esan beharra dago hainbat arrazetan, mongoliar zaldiaren zein Siberiako hainbat poni arrazen kasuan, przewalski aberekiko nahasketa nahiko argia dela. Antzeko gertatzen da Tibeteko Riwoche poni antzinako arrazen kasuan. Abere hauek, berriz, jatorri mistoa izango lukete. Tarpan eta przewalski zaldien arteko nahasketa.

Kontua oraindik gehiago korapilatzeko, Iberiar Penintsulako eta Pirinioetako inguruen kasuan, eta labar artean oinarriturik, hainbat adituen arabera, labar-margoetan berezitutako zaldi mota bat (tarpanekin batera agertzen dena), egungo Przewalskii zaldien ahaidea litzateke, Equus vemagensis izenekoa. Equus ferus przewalskii da espezie honen beste deitura bat.

Hainbat adituek, Jose Maria Gomez Tabernaren kasu, zera azpimarratzen dute: Przewalski zaldiaren arbaso hau ez dela falta Iberiar penintsulan epipaleolitoan, Gomez-Tabernaren arabera, baliteke zaldi hauek, beste zaldi mota batzuekin nahasterakoan egun Penintsulako gune kantrabiar-piriniarrean kontserbatzen diren asturkon, Galiziako poni, Lautzako zaldia, zaldi montxino eta pottoka arrazak sortzea[28][29].

Zaldi mota astuna eta soslai ganbilekoa (przewalski mota), Kantabriako La Pasiega harpeko labar-margo batean. Zaldi hau Equus vemagiensis motakoa litzateke.
Lirainago den eta soslai zapalekoa edo ahurra duen zaldi baten grabatua(tarpan edo "zelta poni" mota), Kantabriako La Pasiega harpe berberan.

Baliteke ere zaldi piriniar-kantabriarren beste zaldi arraza baten eragina izatea, Equus caballus Abeli izenekoa, taxonomia nahiko eztabaidatua dauka, dena den[30].

Jakina, Equus vemagensis hau bereiztuko litzateke ere egungo estepetako przewalski zaldiengatik. Alegia, nahiz eta aditu askok azpimarratzen duten Gune Piriniar-Kantabriarraren labar artean agertzen diren zenbait zaldien antzekotasuna egungo przewalskiekin, ezberdintasunak badaude, eta pentsa daiteke lehen aipatutako tokiz tokiko aldaerak eta azpiespezieak emango zirela zaldi mota honetan ere. labar Jakina, esan dugu jada, egungo przewalski zaldia ez dela Europako poni arraza zahar gehienen arbaso zuzena, baina ezin daiteke berbera esan bere arbasoa izan zen Equus vemagensis zaldiaren kasuan[31].

Sakontzeko, irakurri: « Przewalski zaldia»

Pottokari dagokionez, aipatutako Laugarren aroko zaldi hauen arteko nahasketak argituko luke, esate baterako, zergatik pottokek daukaten zenbait ezaugarri soslai ganbilekoak (begi orbita irtenak, soin gurutze nabarmena, dortsolunbarra zeladuna, zutasunak ezkerrekoak, eta ile joria) eta soslai artazeko zaldirenak beste hainbat; musu ertaina eta Lepo piramidala, esate baterako. Lehendabizikoak Equus vemagiensisen ezaugarriak dira eta besteak, tarpanarenak.

Arrazoi nagusia azken tarpanen benetako izaeraren inguruko zalantzak argitzeko (basati ala etxekotutakoak, gaur egungo zaldien arbaso ala ez) bere arrazoia dauka. Equus ferus basazaldien (tarpan eta przewalski) aparteko espezie bat dela frogatzeko material arkeologiko bakarra bi laginen hezurretan oinarritzen da. Gainera ez dira argi eta garbi identifikatu pleistozeno eta Holozenoren populazioak.

Beste aldetik hainbat teoria berriek ezbaian jartzen dute ere egungo przewalski zaldia jatorrizko basazaldia bezala[19]. Hainbat analisi filogenetikoek zera adierazten dute; egungo przewalskia abereak basatiak bilakatutako Kazakhstango iparraldeko antzinako Botai herriko etxeko zaldien ondorengoak direla.

Arrazaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tarpanaren fenotipo ezberdinak (kolorearen arabera), labar-artearen hainbat marrazkiren arabera. Berriki ADN azterketek berretsi dute kolore aniztasun hori.[32]
  • Adituek uste dutenez, tarpanak ez ziren zaldi handiak; gehiago hurbiltzen ziren egungo ponien tamainara 1,30 eta 1,40 metro altura inguru soin-gurutzera.[33]
  • Antza, tarpanek, edo zenbaitzuek behintzat, "zebra marrak" zeuzkaten hanketan eta soinean. Baita Przewalski zaldien antzeko mando marra zurdatik isatseraino. Kolore argikoak ziren, grisak oro har ("sagu-kolorea" delakoa), eta hankak eta burua ilunagoak. Tarpanen kolore horiek, ordea, egun eztabaidagai daude, azken ikerketen ondorioz eta labar artearen marrazkien azterketaren ondorioz. Baliteke sagu-kolorea ekialdeko tarpanen ezaugarri izatea, baina ez lehen desagertutako beste hainbat tarpanen fenotipoena.
  • Burua. Soslai apur bat ahurra. Soslaian beraz, Przewalski zaldiarekiko ezberdintasun nabarmena zuten.
  • Hortzak Przewalski zaldia baino txikiagoak zituzten.
  • Zurda latza, nahiko tentetua eta motza, aberearen kopetaren gainetik altxatzen zena. Hala ere, Przewalski zaldiarena baino luzeagoa zuten.
  • Oro har, Przewalski zaldiak baino lirainagoak ziren.
  • Iraupen handikoak ziren hotzaren aurrean.

Tarpanaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konik zaldia da, aditu gehienen arabera, antzinako tarpanekin antz handiena gorde duen egungo zaldi arraza.

Tarpana, esan bezala, etxekotutako zaldi arraza gehienen arbasotzat jotzen da. Hainbat aditurentzat etxeko zaldia eta tarpana espezie berberaren azpiespezieak baino ez dira. Aldiz zenbaitzuek nahiago dute espezie ezberdintzat hartzea galdutako tarpana eta etxeko zaldia.

Azken tarpanen inguruko bi ikuspegi ezberdin daude. Aurrenak dio tarpanak Pleistozenoko zaldi basatien ondorengo zuzenak zirela, kontutan hartu gabe haietako zenbat etxekotu edo etxeko zaldiekin nahastu ziren. Bigarrenak dio berez zaldi basatiak zirela, besterik gabe, eta haien antzinatasuna kontutan hartu gabe.

Arkeologi aztarnek zein labar-arteak adierazten digute zaldiak izan zirela Europan Pleistozenoan zehar. Are gehiago, zaldi basatiak, antza mota eta azpiespezie ezberdinak Asia, Europa eta Ipar Ameriketako ordokietan bizi omen ziren Pleistozeno berantiarrean barrena[34]. Azken Izotz Aroa eta gero basoak etengabe zabaltzerakoan estepa hotzen kaltetan, zaldia Ipar Ameriketatik desagertu zen (duela 12.500 urte) eta bere kopurua eta banaketa eremuan atzera joan zen Eurasian.

Beste hainbat teoriek, gero eta indar gehiago hartzen ari direnak, Ipar Ameriketako zaldien desagerketaren atzetik, Kontinentean gizakiaren sarrera dagoela diote. Ehiza zuzena zein habitaten eraldaketa hainbat megafauna desagerrarazi zuen. Haien artean oso ugari zen Yukongo zaldia. Zaldiaren galera beraz, Holozenoko iraungipena bezala ezaguna den megafaunaren galera masiboaren ondorio izan zen.

Gaur arte dakigunaren arabera, Eszitiarrak izan omen ziren tarpan basatiak etxekotzen aurrenekoak. Hori duela 5.000 urte inguru gertatu omen zen. Eszitiarrek sortu zituzten zaldi zela, aho-sokak eta zaldi gainean ibiltzeko hainbat apareju.

Historiaurreko garaietan, tarpan basatiak Europa guztian barrena Iberiar Penintsulatik Asiako Turkestaneraino bizi omen ziren.

Tarpan antzeko zaldiak marraztuta erruz azaltzen dira Europako labar-artean. Bereziki Euskal Herria hartzen duen zonalde Franko-kantabriarreko leizeetan[35].

Tarpanen kopurua murriztuz joan zen arrazoi ezberdinengatik. Aldaketa klimatikoek eragindako habitaten eraldaketak aipatzen dira, baina baita gizakiek burututako ekosistema-aldaketak, eta nola ez, ehiza zuzena, etxeko zaldiekin eragindako nahasketa baztertu gabe ere[36][37].

Borgoinan kokatutako Solutréko leizean delako aztarnategi arkeologikoan, garai paleolitikoan ehizatutako ehunka zaldien hondakinak agertu dira. Antza garai batean gizakiek zaldi samaldak amiltzen zituzten bertako amildegitik behera ehizatzeko. Dirudienez zaldi hauek egungo bertako hainbat poni arrazen ezaugarriak zituzten jada, tarpan eta equus ferus przewalskiren nahasketa.[38].

Tarpanaren fosil bat Kopenhageko zoologia museoan. Danimarkako Odensen aurkitu zuten eta duela 93.000 urtekoa da.

Ez bakarrik garai paleolitikoetan, baizik eta aro modernoan ere etengabe ehizatu zituzten tarpan basatiak. Ukrainan, esate baterako, ohikoa zen errusiar militarrek entretenimendu gisa tarpanak ehizatzea.

Hondar tarpanak, beste aldetik, etxeko zaldiekin nahasiz joan ziren, arraza galdu zen arte. Egoera hori ohikoa izaten da espezie baten kopurua bat-batean murrizten denean.

Esate baterako, artikulu buruan azaltzen den Moskuko zoologikoko argazkiko tarpana 18 urteko zaldia zen argazkia hartzerakoan (21 bat urterekin hil zen). Moxal txikia zenean harrapatu zuten Novovorontsovka hiritik gertu, 1866. urtean. Hiru urterekin irendu zuten oso oldarkorra zelako. Bere kolorea gris iluna zen ("gris sagua" deitutako zaldi kolorea). Orbain zuriak zeuzkan aurreneko hanketan. Hankak beltzak zeuzkan eta isatsa zaintzaileek moztu zioten. Zurdaren ile txorta bat egungo konik ponien edota zelta ponien antzera, kopeta gainera etortzen zitzaion, ez zeukan tente. Beti pentsatu da tarpanek, przewalski zaldien antzera, zurda tente zeukatela, eskuila moduan. Gainera zurda bera naro samarra zeukan, poni "modernoen" antzera.

Zalantzak daude beraz ea nahastutako tarpana ote zen edo hainbat tarpanek halako itxura zeukaten benetan. Horregatik abere hau "Khersongo tarpana", deitua izan da, eskualde hartan harrapatu baitzuten. Bazeukan ere lerro bat bizkarraldean, przewalski zaldiak bezala.

1814. urtean tarpan basati bat ikusi omen zuten Lituaniako Konigsbergeko basoan,[39] eta Latvia basoko populazioa ere 1814an desagertu zen[40].

1851 eta 1866 artean Ukrainako Kherson distrituaren azken 20 tarpanak akabatu zituzten.

Ukrainako estepetako azken tarpanak XIX.en mendeko erdialdean akabatu zituzten.

Taurida eskualdeko tarpanek, antza hemen basazaldi hauek oso ugari ziren, bertako nekazariek antolatutako etengabeko ehizaldiak nozitu zituzten erabat iraungi arte. 1876. urtean behor bat baino ez zen geratzen populazio hartatik. Behorra etxeko zaldien talde bati lotu zitzaion eta bertako zaldiarekin bi moxal izan zituen, baina handik hiru urtetara estepara ihes egin zuen. Lekukoen arabera, behor hura oso izua zen, eta harrapatzeko zaila. Sena basatia beti mantendu zuen.

1879. urtea dibertimendu gisa bertako nekazariek behorra jazarri zuten elurtutako estepan barrena. Arrakala batean amildu zen, eta han hanka bat apurtu eta hil zen azken tarpan hura, Ukrainako egungo Askania Novako babesgunetik 35 kilometrora. Inork ez zuen gorde azken tarpan haren hezurdura edo larrua.

Aberea ikusi zuen Paul Sisoyev errusiar zaldi-hazleak honela deskribatu zuen azken tarpan behor hura:

« Txikia zen, poni baten antzera, soslaia "ahari"aren antza zeukan, kolore grisa, zurda laburra, isats motza, hanka ilunak eta bizkarraren erdialdean arraia ilun bat. »
Tarpanaren marrazki zaharra "Brockhaus eta Efron Hiztegi Entziklopedikoan" delakoan, 1890–1906 urteren artean argitaratua. Goialdeko eskuineko aberea da tarpana.

XVIII. mendearen erdialdean, basoko tarpanen samalda txiki batek irauten zuen Białowieża baso ospetsuan, baina azken hondarrak 1812an harrapatu zituzten. Ondoren, tarpan haiek, hainbat urte mantendu zituzten Bilgoraiko parke pribatu batean, Zamoiski kondearen parkean hain zuzen, eta bertan egon ziren 1810-1815 urteetaraino. Azkenean, inguruko baserritarren artean banatu zituzten; haiek etxeko zaldiekin nahasi zituzten, eta konik arrazaren tarpan ezaugarriak areagotu.

Batzuen ustez, ordea, Poloniako azken tarpan basatia 1918 edo 1919 urtean galdu zen.[41]

Poloniako Gobernuak abere horien babesgunea sortu zuen Bialowiezako basoan. Urteekin abere horiek antzinako tarpanen gero eta ezaugarri gehiago garatzen joan dira. Egun arraza hori "Poloniako antzinako zaldia" izenez ere ezaguna da.

Azken finean, Europako nekazariek tarpana aro modernoko Ameriketako Estatu Batuetako nekazari eta abeltzainek mustang zaldi basatiak edo bertako basa astotzat ikusten eta tratatzen zituzten, beraien abereen bazkarako konpetentzia gisa; kendu beharreko arazotzat.[42] Bestalde, tarpanaren haragia gutiziatzat hartzen zuten bertakoek.[43]

Aipatutako azken tarpan samalda asko ordea, berriro basatiak bilakatutako etxeko zaldiekin nahastutako tarpanak izango ziren seguraski. Hau dela eta, oso zaila da arrazari iraungitze data jartzea. Dena den esan beharra dago oraindik ezbaian dagoela XVIII. eta XIX: mendean zehar Europako Bazter hauetako basoetan kontserbatutako zaldi txikiak benetan basa zaldiak ziren, inoiz etxekotu gabeak, Przewalski zaldien eta etxeko zaldien arteko hibridoak edo benetako zaldi basatiak. Honen inguruko ikerketa gehienak soilik kontserbatutako bi abereen hondakinetan oinarritu dira eta ezin izan dute tarpana Holozenoko edo Pleistozenoko bertako zaldi populazioekin lotu.[11]

Itxura ezberdinetako zaldiak dira. Hainbat przewalski zaldiaren motakoak, besteak tarpanetik hurbilagoak. Hau da behintzat "Mammal Species of the World", aldizkarian 2005. urtean Grubb-ek mantendutakoa. Ezin da zehaztu edo basoratu zaldiak omen izan ziren edo benetan zaldi basatiak.

Iberiar Penintsula, Euskal Herria barne. Enzebroaren teoria. Sorraia zaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sorraia arrazako moxala zebra-marra nabarmenekin

Beste zaldi arraza bat, mendebaldeko Europan iraun zuten azken tarpan basatiekin zuzenki lotuta, Sorraia zaldia da [44], Portugaleko hegoaldekoa. Oso esanguratsua da zaldi mota honek tarpan zaharren zebra-marrak edo arraiak, denak antzinako ekido arrazen ezaugarriak mantendu izana hanka zein bizkarrean[45]. Zebradura hauek labar pinturetan marraztutako zaldietan ere ageri dira, esate baterako Ekaingo leizearen zaldietan. Marrazki hauek bat datoz agiri zaharretan agertzen diren enzebra izeneko ekidoaren deskribapenekin.

Hainbat teoriak Iberiar Penintsulan garai historikoak arte mantendu zen enzebroa izeneko ekido bat, toponimian eta erdi aroko agirietan erruz agertzen dena, tarpanarekin lotzen dute, eta bere azken oinordekoak sorraia zaldiak lirateke. Beste hainbatentzat ordea, enzebrak edo enzebroak Equus hydruntinus izeneko Europako basa astoak lirateke, Iberiar Penintsulan XVI. mende arte iraun zutenak nahiz eta Eurasiako gainontzeko lurraldeetan askoz lehenago galdu omen ziren.

Toponimiaren arabera, enzebro hauek Euskal Herrian ere zabaldurik egon ziren.

Sakontzeko, irakurri: «Enzebro»

Tarpana labar-artean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Madeleine aldiko zaldien marrazkiak Ekainberrin

Tarpan itxurako zaldia erruz azaltzen da labar-marrazkietan Europan zehar, baita Euskal Herrian ere.[46]

Hala ere, lehenago aipatu denez, baliteke tarpan basatiak deitutako askenetariko zaldiak etxeko zaldiekin nahastutako animaliak izatea. Hauxe dela eta, zaila da espezieari iraungitze data zehatza ezartzea, eta aditu ezberdinak ez datoz bat puntu honetan.

Lehen aipatu denez, hori dela eta, ezbaian jartzen dira lehen aipatutako XX.en mendeko Ukrainako estepetako tarpan basatien buruzko lekukotasunak.

Beste aldetik, adostasunik ez dago ere azken tarpan hauei buruzko datu urriak aztertzerakoan. Argazki zein marrazkietako tarpanek itxura ezberdina azaltzen dute, eta hau dela eta, "tarpan mota ezberdinez" hitz egiten da.

Hala ere aipatu behar da eskuila itxurako zurdaren ezaugarria ez dela antzinako labar arteko zaldi marrazki guztietan agertzen. Zenbait marrazkietan zurda albo batera dauden abere batzuk agertzen baitira. Esate baterako Kantabriako Puente Viesgoko Las monedas izeneko harpeko bi zaldien labar-marrazkietan.

Beste aldetik, Siberiako Permafrostean agertutako eta ondo kontserbatutako hainbat tarpanek zurda luzeagoak zeuzkaten eta ez hainbeste eskuila itxuran. Honek zalantzak areagotuko lituzke lehen aipatutako Moskuko tarpanaren inguruan.

Dena den, tarpan ezberdinen morfologiari dagokionez, kontutan hartu behar da posiblea liratekeela tokiz-tokiko azpi-motak egotea, lehen aipatutako estepetako tarpana eta basoko tarpanez gaina. Ezberdintasun horiek ere zaldien koloreari eragingo liokete.[32]

Tarpana berreskuratzeko saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konik zaldia, Bialowieza.  Polonia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Konik poniak, babesleku batean.

1936. urtean, eta lehen aipatutako Poloniako zenbait eskualdetako bertako ponien eta tarpanaren arteko hurbiltasunaz baliaturik, hainbat saiakera egiten hasi zen tarpana berreskuratzeko. Tadeusz Vetulani izeneko zientifikoak lehenengo basazaldien antzekoa zen zaldi arraza berreskuratu zuen horrela, konik zaldia. Bere lanerako Vetulanik ustez azken tarpanetatik gertuen zeuden poloniar poniak erabili zituen, etxeko zaldien eta tarpanen arteko nahasketatik zetozenak. Antzinako marrazkiekin eta deskribapenekin bat ez zetorren ezaugarri fenotipikoa zaldi hauen zurda da. Konik poniek, Europako antzinako poni arraza gehienek bezala, zurda ez oso luzea eta albo batera dauka, ez tente eta eskuila itxuran. Beste aldetik konik askok bai dauzkate hanketan zebra markak eta mando lerroa bizkarrean, denak antzinako ekido arrazen ezaugarriak[47].

Poloniako gobernua, oro har, nahiko arduratu zen XX.en mendean zehar poni poloniar hauek babesten. Zenbait adituek konik zaldiak "Poloniako antzinako ponia" deitzen dituzte.

Antzinako tarpanari hurbiltzeko saiakerarik taxuzkoena, lehen aipatutako Białowieżako konik zaldiak erabiliz burutu zen. Poni poloniar hauek tarpanen kolore urdinxka argia mantentzen dute ("gris sagua" deitzen dute) udan, eta zurixkagoa neguan. Baita tarpanaren zenbait ezaugarri (gogoratu bertako azken tarpanak beraiekin gurutzatu zirela).

1955en urterako, ponien samaldak oso portaera basatia zeukan jada, eta Białowieżako babeslekuaren arduradunek jarraitzen zuten galdutako tarpanaren ezaugarriak berreskuratu nahian. Taldea gainera ez zeukan inolako problemarik ugaltzeko, ezta basoaren baldintza gogorretara moldatzeko. Otsoen eta hartzen erasoak barne.

Bialowiezako saiakera hauek tarpana berreskuratzeko beste zenbait saiakera baino arrakastatsuagoak suertatu dira.

Saiakera hauen egileak saiatu ziren ere "tarpanak" lortzen arraza ezberdinetako poni irlandarrak przewalski zaldi batekin gurutzatuz, arrakasta handirik gabe ordea.

Konik zaldia dena den "tarpan basatiak berreskuratzeko"Europako beste hainbat saiakeretan erabiltzen ari dira gaur egun[48].

Heck zaldia Alemaniako Sababurgeko babesleku batean.

Beste saiakera aipagarri bat tarpana berreskuratzeko Europako eta bereziki Alemaniako zenbait zoologikoek egindakoa da. Haren ondorioa Heck zaldia izeneko aberea da.

Heck anaiak hasi ziren tarpana berreskuratzeko saiakera honekin. Uroa birsortzeko saiakeretan ibili ziren albaitero berberak eta antzeko oinarriak erabiliz, hau da, espezie bat ez dela erabat desagertzen bere ondare genetikoa beste arraza edo espezietan gordeta dagoen bitartean. Hautatutako gurutzaketen bidez posiblea dela desagertutako arrazak edo espezieak berreskuratzea. Saiakera haien ondorioa "Uro berriak" edo Heck azienda delakoa izan bazen, kasu honetan Heck zaldia dugu. Uroaren kasuan bezala bereziki abereen itxuran jarri zuten beraien ahaleginak, basa zaldien beste ezaugarriak gutxiago kontutan hartuz.

Zaldi mota hau eskuratzeko Europako hainbat zelta poni arraza elkarrekin gurutzatu zituzten. Dena den Heck zaldi hauek, gehien bat, zoologiko animaliak dira, nahiz eta "tarpan" izena jarri bisitariak erakartzeko. Bereziki Alemanian ikus daitezke abere hauek, baina baita Holandan ere. Konik zaldien antza handia daukate.

Sakontzeko, irakurri: «Heck zaldi»
Konik zaldia, arra.
Pottoka arraren burua.Zurda motza eta dena albo batera daukana.
Pottoka gazteak Pagoetako natura parkean. Esan behar da zelta poni arraza gehienek neguan ile ugari dutela, eta itxura "antzinakoago" eta trinkoagoa. Udan lirainagoak azaltzen dira, hainbeste ilerik gabe. Kolorea ere aldatzen zaie aro batetik bestera. Gutxiago edo gehiago arraza eta abere bakoitzaren arabera

Euskal Herriaren kasuan, gogoratu behar da lehen aipatutako Pirinioetako tarpana adiera pottoka izendatzeko. Bereziki Bidarraiko Pottoka Etxekoek erabiltzen dute. Beraientzat euskal pottoka arraza "antzinakoa" berreskuratu eta gure mendietan ahal den baldintza basatienetan mantentzea, nolabait, Bialowieza basoko konik zaldiekin egiten ari den antzeko lana da[49].

Dena den ez du ematen sekula pottoka erabili denik tarpanak berreskuratzeko lehen aipatutako saiakeretan.

Beste aldetik, pottokak libre bizi baldin badira gure hainbat mendietan, aspalditik ez dira animalia basatiak zentzu zehatz batean.

Behi betizuen kasuan, Nafarroako Zarikieta mendian ia baldintza basatietan bizi diren hamarnaka buru daude, Nafarroako Gobernuaren esku. Pottoken kasuan ez dago halako samalda "basatirik" Euskal Herrian.

Berriki saiakera bat egiten ari da Kataluniako Pirinioetan Euskal Herritik eramandako pottokekin arraza baldintza nahiko basatietan mantenduz "basatze" prozesua aztertzeko. Baita Extremadurako mendi multzo batean, non 1.200 hektarea inguruko gune batean baldintza basatietan dauden pottokak askatu dituzte eta beraien "basatze" prozesua jarraitzen ari dira Lucy Rees etologo galestarraren eskutik [50].[51]

Sakontzeko, irakurri: «Pottoka»

Portugaleko Sorraia zaldiek antzinako tarpan zaldien ezaugarri ugari gorde dituzte. Zenbait adituentzat antzinako iberiar hegoaldeko tarpananen ondorengo zuzenak dira. Beste aldetik, Ameriketako Estatu Batuetan tarpana berreskuratzeko egitasmoaren oinarrian, Ameriketako Konkistan espainiarrek bertara eramandako sorraia zaldien ondorengoak omen daude.

Amerikako Estatu Batuei dagokienez, 1960.en hamarkadaren erdialdean, Harry Hegard egitasmo bat hasi zen zaldi mustang basatiak bertako errantxoetako zaldiekin nahastuz. Egitasmoaren bultzatzaileen arabera, hango mustang zaldiek Portugaleko Sorraia arrazako ezaugarri asko dute, kolonizatzaile espainiarrek halako ugari hara eraman zutelako. Haren ondorioz Stroebel zaldia sortu zuen, Hegart zaldia izenez ere ezaguna dena. Egitasmoak jarraipena izan du, eta ondorioz antzinako tarpanekin antza handia duten zaldiak lortu dituzte[52].

North American Tarpan Association delako taldea bere aldetik, Heck zaldiarengan jatorri daukaten zenbait "tarpan berrien" zaintzaz arduratzen da[53].

Tarpana literaturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nibelungoen kantan basoko tarpan agertzen da kantaren heroiak, Sigfrido, "zaldi basati eta amorratu batekin" borroka egiten duenean.[54]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. euskadi-eus web orrialdearen hiztegia. Definizioa: [1]
  2. (Ingelesez) "The Natural History of Horses, with Memoir of Gesner" Charles Hamilton Smith [2]
  3. a b https://www.britannica.com/animal/tarpan
  4. https://www.paleoliticovivo.org/el-safari/los-protagonistas/
  5. (Ingelesez) The tarpan ans its relationsship with wild and domestic horses.
  6. (Ingelesez) Definizioa Britaniar entziklopedian. [3]
  7. a b Bunzel-Drüke, Finck, Kämmer, Luick, Reisinger, Riecken, Riedl, Scharf & Zimball: "Wilde Weiden: Praxisleitfaden für Ganzjahresbeweidung in Naturschutz und Landschaftsentwicklung
  8. http://breedingback.blogspot.com.es/2013/06/the-tarpan-that-wasnt.html
  9. Bernard Belin, Le loup & le chien & l'homme, L'Harmattan, 2003 (ISBN 2-7475-4184-3,
  10. https://web.archive.org/web/20120516012944/http://www4.uwsp.edu/geo/faculty/heywood/Geog358/endangr/extinctm/EurWHors.htm
  11. a b c https://web.archive.org/web/20121006235626/http://grazers.wordpress.com/2010/11/12/dont-call-me-tarpan/
  12. O A Ryder, A R Fisher, B Schultz, S Kosakovsky Pond, A Nekrutenko, K D Makova. (2011) "A massively parallel sequencing approach uncovers ancient origins and high genetic variability of endangered Przewalski's horses". Genome Biology and Evolution.
  13. (Ingelesez) Boyd, Lee; Houpt, Katherine A. (1994). Przewalski's Horse: The History and Biology of an Endangered Species. SUNY Series in Endangered Species. Albany State University of New York Press. ISBN 0-7914-1890-1.
  14. (Ingelesez) Smith, Charles Hamilton (1841–1866). The Natural History of Horses, with Memoir of Gesner . https://books.google.es/books?id=xykBAAAAQAAJ&redir_esc=y
  15. (Ingelesez) Poni arraza zaharrak tarpan deitzeko joerari buruzko artikulua [4]
  16. (Ingelesez) Bulleting of Zoological Nomenclature. Opinion 2027, published in Volume 60, Part 1 of the Bulletin of Zoological Nomenclature, 31 March 2003.
  17. https://www.horsetalk.co.nz/2016/06/02/dont-call-me-tarpan/
  18. http://www.equilove.ch/le_monde_equus_tarpan.htm
  19. a b http://www.sci-news.com/biology/origins-domestic-przewalskis-horses-05759.html
  20. https://web.archive.org/web/20221201073701/http://norsehorsepark.com/icelandic.html
  21. Alesandru Filipaşcu : Bêtes sauvages du temps de nos ancêtres (Sălbăticiuni din vremea strămoşilor noştri), éd. Ştiinţifică, Bucarest 1969, pp. 170-177.
  22. "Pirinoetako Tarpana"ri buruzko informazioa. Bidarraiko Pottokaren etxea
  23. Tadeusz Jezierski, Zbigniew Jaworski: Das Polnische Konik. Die Neue Brehm-Bücherei Bd. 658, Westarp Wissenschaften, Hohenwarsleben 2008
  24. Epstein, 1971.
  25. (Ingelesez) https://web.archive.org/web/20191014072833/https://truenaturefoundation.org/konik-horses-are-not-tarpans/
  26. http://www.sci-news.com/genetics/science-genome-pleistocene-horse-canada-01180.html
  27. Sur cette discussion, voir Kuz'mina (1997)
  28. [La caza en la Prehistoria. Cantabria, Asturias y Euskal Herria. Jose Maria Gomez Taberna, Colegio Universitario-Ediciones Istmo, Madrid 1980]
  29. Forsten, 1988
  30. https://web.archive.org/web/20160310052036/http://www.uco.es/zootecniaygestion/img/datos/07_11_50_TEMA29.pdf
  31. http://www.noanswersingenesis.org.au/cg_przewalski_horse.htm
  32. a b http://www.elmundo.es/elmundo/2011/11/08/ciencia/1320749054.html
  33. http://www.uam.es/otros/cupauam/pdf/Cupauam30/3005.pdf
  34. (Bagtache eta al. 1984; Clutton-Brock 1999; Kavar eta Dovč 2008).
  35. Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d´aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  36. Bennett & Hoffmann 1999; Groves 1974; Lundholm 1949; Zeuner 1963.
  37. http://www.lukor.com/ciencia/11110283.htm
  38. Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.
  39. Groves, 1974; Levine 2006
  40. Bennett & Hoffmann 1999
  41. Kavar and Dovč 2008
  42. http://www.ansi.okstate.edu/breeds/horses/tarpan/
  43. http://www.wildgehege-neandertal.de/tarpan_e.htm
  44. http://ravenseyrie.blogspot.com.es/2012_08_01_archive.html
  45. http://www.sorraia.org/
  46. Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d'aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  47. https://web.archive.org/web/20160915063428/http://arthen-tarpan.fr/wa_files/Echo_20des_20Tarpans_20_20n_C2_B06_20-_20fevrier_202014.pdf
  48. http://www.arthen-tarpan.fr/histoire_naturelle_du_tarpan.html[Betiko hautsitako esteka]
  49. https://web.archive.org/web/20100511071437/http://www.maisondupottok.com/origines.htm Bidarraiko Pottoka Etxeko informazioa Europako "tarpanei" eta pottokari buruz
  50. https://web.archive.org/web/20120623043228/http://www.andn.es/articulos07.htm
  51. https://web.archive.org/web/20160701051508/https://wildequus.org/2015/08/28/pottoka-piornal-ponies-we/
  52. http://www.ansi.okstate.edu/breeds/horses/tarpan/ American "tarpan"] Amerikako Estatu Batuetako zenbait "tarpan berriei" buruzko artikuloa.
  53. https://web.archive.org/web/20170911222643/http://tarpanassociation.com/
  54. http://www.ecured.cu/Caballo_Tarp%C3%A1n
Borisov izeneko margolariak 1841. urtean egindako 5 hilabeteko tarpan moxal baten marrazkia.
  • Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.
  • Bourdelle E. 1956. Les parentés morphologiques des Equidés caballins d´aprés les gravures rupestres du sud-oest de la France. Mamalia, 20:22-23.
  • L. Harrison Matthews, The life of mammals. Bretaña Handia, 1971.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]