[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Historiaurrea

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Historiaurre» orritik birbideratua)

Stonehenge.

Historiaurrea gizakia sortu zenetik idazketaz jasotako lehen agiriak jaso arteko historiaren aroa da, K.a. 4000. urtera arte gutxi gorabehera. Azpiaro hauek bereizi ohi dira, ordena kronologikoan: Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa eta Metal Aroa (Kalkolitoa, Brontze Aroa, Burdin Aroa).

Hala eta guztiz ere, historiaurreko mugak lausoak dira, idazketaren sorrera ez baitzen homogeneoa izan. Adibidez, Egipton, K.a. 3500 aldera hasi zen idazten, baina, Ginea Berrian, K.o. 1900 inguruan. Adiera informal batean, historiaurreak Lurrean bizitza sortu zeneraino eramaten da batzuetan, eta, horrela, historiaurreko animaliak esamoldea erabiltzen da gizakia baino askoz ere lehenago bizi eta iraungi ziren animaliak izendatzeko (dinosauroak, esaterako). Baina zentzu hertsian, historiaurrea gizakia agertu zen garaietan hasi zen.

Definizioz, historiaurrean idazkirik ez dagoenez, garai horren inguruan ezagutzen dugun informazioa paleontologiak, biologiak, palinologiak, geologiak, arkeoastronomiak, antropologiak edo arkeologiak, besteak beste, ekartzen digutena da. Hala ere, XX. mendeak aurrera egin ahala, beste aroetako historialariek idatziak ez diren beste informazio-iturri batzuk ere erabiltzen dituzte.

Historiaurrea jorratzen duten ikerlariek (gaur egun historiaurreko arkeologoek eta antropologoek) kultura arkeologikoak eta ez gizabanakoak edo nazioak dituzte hizpide. Guregana iritsi diren zantzu bakarrak tresnak izanda, Historiaurrea anonimoa da. Indusketak, lurzoruaren neurketak eta zientzia-analisiak dira euren bitartekoak idazkirik gabeko herrien natura eta jokabidea ikertu ahal izateko.

Historiaurrearen historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurrea XIX. mendean jaio zen zientzia gisa; garai hartan, Boucher de Pertes, Abbevillen, indusketa lanak egiten ari zela, giza hezurrak eta harrizko tresnak aurkitu zituen desagertuta zeuden antzinako animalien fosilen eta aztarnen ondoan; hau da, geologia geruza berberetan zeuden denak. Han egin zituen aurkikuntzak kronologiaren arabera sailkatu zituen geologia eta paleontologia irizpideak oinarritzat hartuta. Historiaurreko kronologia XIX. mendean hasi zen, beraz, ezartzen, beste zientzietan (Carl von Linnek biologian, esaterako) sailkapenak egin ziren bezala.

Christian Jürgensen Thomsenek, 1820an, hiru aroetako sailkapena sortu zuen materialaren arabera: Harri Aroa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa. Handik urte batzuetara, 1861ean, Edouard Lartetek ere irizpide haiek hartu zituen antzinako fosilak eta aztarnak paleontologia aroen barruan sailkatzeko. John Lubbockek Paleolitoa eta Neolitoa sortu zituen 1865ean.

Antzinako gizonaren aztarna eta fosil berriak aurkitu ahala zientzia berri bat sortu zen (paleoantropologia), geologiarekin batera, antzinako aztarnak sailkatzeko eta aroetan banatzeko laguntza handikoa izan zena. Harrezkero oso lotura estua izan dute hiru zientziok (historiaurreak, paleoantropologiak eta geologiak)

Gaur egun, egon diren aurrerapausoengatik, egungo sailkapen orokorra findu eta zehaztu da. Garai horiek, iraupen ezberdinekoak, materia-kulturetan (harrizko, metalezko eta zeramikazko tresnerian) daude oinarrituta. Sailkapen hau, beti ere, Europaren ikuspuntutik dago egina. Munduko beste eskualdeetarako, beste sailkapen batzuk daude.

Historiaurreko azpiaroak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiak egiten duen bezala historiaurreak ere hainbat arotan banatzen du denbora azterketa egokiago egiteko eta aztarnak errazago sailkatzeko; aro horiek kultura materialen arabera sailkatzen dira, eta guztiz artifizialak dira. Gaur egun, hiru aro nagusi bereizten dira historiaurrean: Paleolitoa (behekoa, erdikoa, goikoa), Mesolitoa eta Neolitoa.

Lehen harri kultura, Acheul aldikoa, Behe Paleolitoan sortu zen, eta badirudi Homo erectusa izan zela garai hartako gizon mota. Behe Paleolitoa orain dela 1.000.000 urtetik duela 200.000 urtera bitartean hedatu zen. Epipaleolitoa, berriz, orain dela 200.000 urtetik duela 35.000 urtera bitartean. Aldi hartako gizon mota Neanderthalgo gizakia (Homo sapiens neanderthalensis) izan zen, eta kultura, berriz, Moustier aldikoa.

Cro-Magnongo gizona (Homo sapiens sapiens) Europan agertu zenean, orain dela 35.000 urte inguru, hasi zen Goi Paleolitoa. Aurkitu diren garai hartako aztarna ugarien arabera, bost kultura edo aldi bereizten dira: Perigord aldia, Aurignac aldia, Gravete aldia, Solutre aldia eta Madeleine aldia.

Mesolitoa K.a. 8000. urte inguruan hasi zen, Würm glaziazioaren bukaera aldean, eta bi dira garai hartako kulturak edo aldiak: Azil aldia eta Tardenois aldia. K.a. 5000. urte inguruan, Neolitoko kulturen eraginak hasi ziren Europan sartzen, Ekialde Hurbiletik; hala ere, Ipar eta Mendebal Europako herri askok ehiztari-fruitu biltzaile gisa iraun zuten Burdin Aroa arte.

Metalezko tresnak etorri zirenean hasi zen protohistoria Europan. Sailkapen horiek, hala ere, Europarako balio dute soilik, kontutan izan behar baita hezur eta harria lantzeko moduak hartzen direla erreferentzia gisa aro edo aldi bakoitza finkatzeko. Hala, Afrikarako, Asiarako, Amerikarako eta Ozeaniarako eskema hori bera erabiltzen da (Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa), baina aro edo aldi bakoitzaren barnean, guztiz desberdinak dira kulturak eta horien kronologiak.

Historiaurreko artea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Historiaurreko pigmentuak

Ezagutzen diren aurreneko arte adierazpenak Goi Paleolitokoak dira. Paleolitoko artea bi eratakoa da: batetik, labar artea edo haitzuloetako paretetan egindako irudiak eta grabatuak, eta, bestetik, harrizko eta hezurrezko tresnak, irudiak, apaingarriak eta eskultura txikiak.

Harrizko eta hezurrezko gauzak noizkoak diren eta zer kulturatakoa edo alditakoa diren zehaztea ez da hain zaila, gauzak lur geruzen barruan egoten baitira. Aurignac aldikoak dira animalia irudien lehen grabatuak, eta hezurrean eginda daude guztiak; beranduago, Gravete aldian, “Venus” izeneko emakumezko lodien irudiak agertu ziren.

Solutre aldikoak bide dira animalien irudi lakar batzuk. Madeleine aldia artearen piztueraren aldia izan zen, arte adierazpenak ugariak eta era askotakoak izan baitziren: errituzko gauzak, eguneroko tresnak, animalien irudiak… Orobat, kareharrian grabatutako animalien irudiak agertu ziren aldi hartan, haitzuloetako labarretan egindako animalien irudien antza handia zutenak.

Labar artea noizkoa den zehaztea ez da batere erraza, pinturak eta grabatuak ez baitaude lur geruzetan, eta, beraz, ezin da zehatz-mehatz jakin zer lotura dagoen arte estiloen eta erabilitako tresnen artean. Noizkoak diren zehazteko, lur geruzetan agertu diren grabatuekin konparatu dira labarretako pintura estiloak.

Gaur egun uste da animalien irudiak Solutre aldikoak eta Madeleine aldikoak direla. Alabaina, gaur gaurkoz, ez dago modurik sinboloak eta esku inguruak irudikatzen dituzten pinturak noizkoak diren jakiteko; dena den, zenbait jakintsuren ustetan, Aurignak aldikoak dira.

Badirudi labarretako artea historiaurreko erlijio adierazpidea izan zela, izan ere, pinturak oso toki ezkutuetan egoten baitira haitzuloen barruan, eta, beraz, ez dirudi inola ere apainketa asmoak zituztenik pintura horien egileek.

Iberiar Penintsulako ekialdean dauden labarretako pintura fin eta perfekzio handienekoak Mesolitokoak dira guztiak, eta ez dute loturarik Paleolitoko labar artearekin. Artearen adierazpen horiek guztiak desagertu egin ziren Neolitoan.

Historiaurrea, Historia eta Arkeologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Arkeologia»

Ikuspegi tradizionalenetik begiratuta, historiaurreko arkeologia espezialitate zientifiko bat dela kontsideratzen da, indusketaren bidez idazketa asmatu aurreko Historiaren aldi horretako datuak aztertzen dituena. Informazio-iturri nagusiak aztarna arkeologikoak dira, eta, horiek aztertzeko, diziplina osagarri ugari erabiltzen dira, hala nola fisika nuklearra (datazio absolutuak egiteko), masa-espektrometroaren araberako analisia (osagai litiko, zeramiko edo metalikoenak), geomorfologia, edafologia, tafonomia, trazalogia (erabilera-aztarnetarako), paleontologia, paleobotanika, estatistika ez-parametrikoa, etnografia, paleoantropologia, topografia eta marrazketa teknikoa beste zientzia eta teknika askoren artean. Beraz, historiaurrea Historiaren barruan espezialitate gisa hartzen duten pertsona asko daude, baina askoz teknifikatuagoa eta diziplina anitzekoa.

Historiaurrearen datuak lortzeko arkeologia da oinarrizko metodologia, beraz, duela gutxi arte Historiaurrea eta Arkeologia etengabe nahasten ziren. Europa kontinentaleko esparru akademikoetan, historiaurrea Historiaren espezialitate bat da, eta ohikoa da historiaurreko sailak egotea Historia fakultateen barruan, eta normala da, halaber, ikerketen finantzaketa orientazio humanistikoko erakundeen edo Estatuko administrazioaren kontura izatea. Aldiz, Amerikan eta britainiar uharteetan, Historiaurrea Arkeologiaren (Arkeologia prozesuala) mende dago, eta hori, aldi berean, Antropologiaren espezialitate gisa ikusten da, eta bere irismena, nolanahi ere, ez da Historiaren aurreliteratura-faseetara mugatzen, baizik eta iraganeko edozein alditara, nahiz eta oso berria izan. Gainera, arkeologia anglosaxoiko departamentuen antolaketa desberdina izan ohi da, sarritan Natur Zientziekin elkartzen direlako, berezko laborategiak eta halako zientzietara bideratutako organismoei lotutako finantzaketa-sistemak barne edo sektore pribatuarekin lotura handiagoa duten fundazioak[2].

Historiaurreko azken faseek, protohistoriak, herri historikoetako zenbait kultura garaikideren idatzi gabeko aldiak bilduko lituzkete zenbait interpretazioren arabera. Horien testuek multzo grafiko horiei buruzko informazio gehigarria ematen digute, eta, beste batzuen arabera, estatu bat eratzeko prozesuan dauden baina idazketarik ez duten gizarteak. Definizio horiek nahiko mugatuak dira, eta lehenengoa ez da oso erabilgarria Europatik kanpo. Horrela, kontzeptuaren konplexutasuna dela eta, kontzeptua ez da oso erabilia, eta kultura protohistorikoak historiaurrearen azterketan nahiz antzinako historiaren lehen uneetan sartzen dira.

Afrikako historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika gizateriaren sehaska da, eta gaur egun historiaurreko teknologiak erabiltzen jarraitzen duten populazioaren kontinenterik handiena da. Erraza da ondorioztatzea Afrikako historiaurrea munduko luzeena eta konplexuena dela[3]. Baina hori ez zen beti horrela ikusi, XIX. mendean eta XX. mendearen erdialdera arte gure jatorria Asiari esleitzen baitzitzaion. Hori hala zen garai hartan kontatzen ziren hominina fosil zaharrenak handik zetozelako: Javako gizakia eta Pekingoa. Ikuspegi hori goitik behera aldatu zen Afrika australean eta ekialdean egindako eta XX. mendeko 50eko hamarkadatik aurrera argitaratutako lanekin, fosil afrikarren antzinatasuna (Australopithecusena eta Homorena) lau milioi urte atzerago eraman baitzen[4].

Saharaz hegoaldeko Afrika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saharaz hegoaldeko Afrikan jaio eta eboluzionatu zuten gure arbasoen hominina espezie gehienek. Handik atera zen Homo ergaster Asia eta Europa kolonizatzeko, Homo antecessor iberiar penintsularantz eta, azkenik, Homo sapiens mundu osoa menderatzeko[5][6]. Geroago, kontinentearen bihotzak ikusi zuen nola loratu ziren kultura garrantzitsuak, gainbehera etorri zirenak: batzuk beren barne-dinamikagatik eta beste batzuk kartagotarren garaian hasi eta erromatarrek, arabiarrek eta europarrek (azken horiek Aro Modernoaz geroztik) betikotu zuten esplotazio kolonial edota esklabistak eragindako etengabeko odoljarioagatik.

Saharaz hegoaldeko Afrika Paleolitoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saharaz hegoaldeko Afrikan, Paleolitorako, periodizazio anglosaxoia erabiltzen da, nahiz eta horrek alde batera uzten duen Australopithecus generoari dagokion garapen-fase osoa:

  • ESAk (Early Stone Age edo Harri Aro Goiztiarra) erreferentzia egiten dio Homo generoko lehen kidea agertu zenetik (duela bi milioi eta erdi urte baino gehiago) duela 200.000 urte inguru arteko aldiari. Bi etapa teknologikotan banatzen da: Olduvai aldia edo 1. modu teknikoa eta Acheul aldia edo 2. modu teknikoa.
Olduvaiko arroila 2011.

Olduvaiko industria munduko zaharrena da. Izena Tanzaniako Olduvai eponimo-aztarnategitik badatorkio ere, aurkikuntzarik zaharrenak iparralderago agertu dira, Etiopian, hain zuzen ere, Omo ibaiaren arroan. Han, Hélène Roche ikertzaile frantziarrak Kada Gona errekan (Afar eskualdea) landutako tresnak datatu ditu, potasio-argoiaren bidez, 2,6 milioi urteko antzinatasunez. Olduvaiko industria, batez ere ertz landuez eta lauzez osatuta dago. Normalean, Homo habilis edo Homo rudolfensis espezieei egozten zaie, baina, ikertzaile batzuen arabera, Australopithecus espezierik adimentsuenek ere (adibidez, Australopithecus garhi espezieak) tresnak egin ahal izan zituzten, eta horrek eztabaida ugari sortzen ditu.

Acheul industria duela 1,5 milioi urte agertu zen, dirudienez giza espezie berri bati lotuta, ziurrenik Homo ergaster[7], nahiz eta aldi horretako fosilei dagokienez nolabaiteko eboluzio-hiato bat egon. Afrikako Acheulen ezaugarria, zalantzarik gabe jatorrizkoa, aldebikoa, arraildura, ertz zizelkatua, karrakailua, dentikulatuak eta nahiko aurreratuak diren hainbat teknika eta metodo erabiltzea da (Levallois metodoa eta haren aldaera afrikarrak, Europakoak baino askoz gehiago direnak).

  • MSA (Middle Stone Age edo Tarteko Harri Aroa), duela 200.000 urtetik duela 30.000 urtera bitarteko aldia da. Industria horien artean, elkarrekin oso antzekoak ziren ekoizpenak garatu ziren, eta eskualde-aldaera ugari ezarri dira, batez ere tokiko lehengaiaren eraginean oinarrituta, zeinak teknologia eta tipologia litikoa baldintzatzen dituela baitirudi.
  • LSA (Late Stone Age edo Harri Aro Berantiarra), Saharaz hegoaldeko Afrikako Paleolitoko azken aldia da. Ekialdeko Afrikako industria tipikoak, nukleo diskoideak, bi aurpegiko pieza foliazioak eta mikrolito geometrikoak dira. Erdialdeko Afrikan, Lupenbar kultura dugu, eta haren tresna bereizgarrienak moko-foliazio trinkoak dira, fin-fin ukituak. Afrikako hegoaldean, itxuraz sofistikatuena den kultura aurkitzen dugu, Wiltonarra, ezaugarri mikrolitiko eta laminarrak dituena, iparralderantz hedatuz joan zena eta garai historikoetaraino iraun zuena berrikuntza ugari txertatuz (zati batean neolitizatzera ere iritsiz). Azkenik, Sahelen badira aurreko garaiarekin ahaidetutako industriak eta ezaugarri protoneolitoak dituztenak, Etiopiako Gunbiarrarekin gertatzen den moduan (zeramika ezagutzen zuten artzain nomaden herria). Leku horietako askotan, teknologia horiek ez zuten ia bilakaerarik izan bantuen hedapen edo europarren kolonizazioa arte (adibidez, Gwisho kultura).

Metalen aroa Saharaz hegoaldeko Afrikan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XVI. mendeko nigeriar eskultura.

Saharaz hegoaldeko metalgintza ez zen Mundu Zaharreko fase klasikoetatik igaro (kobrea, brontzea eta burdina), burdina galdatzearen ebidentziak agertuz bakarrik eta Europarekiko oso data goiztiarretan. XX. mendeko 70eko hamarkadaren erdialdera arte, bantu hizkuntzen hedapena, Afrika erdialdean eta australean (K.a. V. mendetik aurrera eta, batez ere, Khoisan hizkuntzen bizkar), metalarekin erlazionatzen zen. Baina ondorengo datu arkeologikoek tradizio kolonialistaren eredu hori gezurtatu dute. Horrela, burdinazko artefaktuekin lotutako dataziorik zaharrenak K.a. 1800. urtean kokatzen dira gaur egun Nigerko basamortua den horretan: K.a. 1300. urtearen inguruan Afrika ekialdeko zenbait puntutan, K.a. 900. urtearen inguruan Kongoko eremuan eta K.a. 500. urtearen inguruan Zambia eta Zimbabwen[8].

Bantu hizkuntzen prozesu linguistikoa oraindik ez da ongi ulertu, eta adituek teoria ezberdinak dituzte haien sorrera eta garapenari buruz[8]. Baliteke Nigeriako Nok-ek, Niger eta Benue ibaien haranetan bizi eta orain dela 2.500 urte burdina urtu eta eratzeko gai zirenek, bantuen jatorriarekin zerikusia izatea, baina ez dago frogarik.

Afrika erdialde-mendebaldeko erresuma handi gehienek iparraldeko eremu islamiar historikoekiko mendekotasun komertziala mantendu zuten arren, iturri narratiboak ahozko tradizioetan oinarritzen jarraitu zuten. Kontinentearen erdialdera iritsi ziren bidaiari eta misiolari musulmanei esker dugu haien berri. Hori izan zen VIII. mendean Ghanako Inperioa deskribatu zuen geografo baten kasua. Ahozko erregistroak arabieraz jarri ziren idatziz Tombuktuko historialariei esker, XVII. mendean Maliko Inperioarekin lotutako XIII.-XIV. mendeetako tradizioak jaso zituztenak. Aldiz, Indiako Ozeanoko kostaldean kokatutako musulmanekiko merkataritza harremanei esker XI. eta XV. mendeen artean loratu zen Monomotapako inperiotik, ez dago dokumenturik idatzita portugaldarrak iritsi arte[9].

Afrikako ipar-ekialdea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harri Aroan, Mediterraneo aldeko Afrikak Europako Paleolitoaren eta Neolitoaren pareko periodizazioa izan zuen. Ondoren, Egiptoko zibilizazioaren eraginak eta Feniziako kolonizatzaileen etorrerak, Europarenganako eboluzio erritmoa bizkortu zuten.

Harri Aroa Afrikako iparraldean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Behe eta erdi Paleolitoa ondo ordezkatuta daude oso antzinatik[10]. Horrela, olduvaiarren eta acheuldarren ebidentzia ugari daude (gehiago Magreben Nilo aldean baino), industria litikoei hainbat giza hondakin mota gehitu ahal zaizkielarik (Ternifineren masailezurra, Aljerian, Homo heidelbergensisi egotz dakiokeena, edo Jebel Irhouden garezurra, Marokon, neandertal itxurakoa). Aldi horretan, Afrika iparraldeko taldeen eta Europa mendebaldeko taldeen artean antzekotasuna dago.
  • Ateriar kulturak joera hori hausten duela dirudi, eta bilakaera tekniko-kulturala (batez ere Sahara inguruan) eta bizilagunena bereizten ditu. Teknika litiko batzuetan mousteriarraren antzekoa den arren (3. modu teknikoa), baditu bere berezitasunak, eta horrek bereizten du teknika horretatik, hala nola tresna pedunkulatuak egiteko ohitura edo Europako historiaurrearen faseetan koka ezin daitekeen kronologia (K.a. 48.000 eta K.a 30.000 artekoa, gutxienez beste hamar mila urtez iraun duela egiaztatu bada ere).
Mechta el-Arbi motako garezurra, abultsioa ebakitzaileak dituena.

Iberomaurisiar kultura ere Afrika iparraldekoa da soilik, bereziki Magrebeko kostaldekoa. Bere kronologia luzea ateriarrarekin gainjartzen da, eta Europako Goi Paleolito osoaren baliokidea dela dirudi, bilakaera argia hautemanez. Hezur-industria ondo garatua eta hostoz egindako industria litikoa dituen kultura-konplexua da. Denborarekin, mikrolitizaziora jo zuen, lehenik laminatzera eta, ondoren, geometrikora, mikroburil kolpearen teknika goiz erabiltzen zela egiaztatuz. Giza aztarnei dagokienez, Mechta el-Arbikoak (Aljeria), Cro-Magnon motakoak, nabarmentzen dira.

Kapsiar kultura jatorri garbia duen beste kultur talde bat da[11]; bere hastapenak K.a. 8000. urtean kokatzen dira, bertako Epipaleolitoaren barruan. Materialen ugaritasunagatik nabarmentzen da; horien artean, tresna laminarrak eta mikrolitikoak (batzuk ederki egindako hostotsuak) daude, ostruka-arrautzez egindako botila ezaugarriekin eta oskol-erdi ugariekin batera. Ehiza, bilketa eta itsaski-arrantza izan behar zuten bizibide nagusiak. Bosgarren milurtekoaren inguruan, erdi sedentario bihurtu ziren; abeltzaintza hartu (nekazaritza oso oinarrizkoarekin osatua), eta zeramika erabili zuten. Horregatik guztiagatik, azken fase horretan kapsiar tradizioko Neolitoaz hitz egiten da.

Magrebeko Iberomaurisiar eta Kapsiarreko aztarnategi nagusiak.
Maadiren irudi protodinastikoa.
  • Nilo inguruko Neolitikoa bereziki aurreratua da; bi gune nagusi ditu: Deltan (Merimdé) eta Egipto Garaian (Badariar kultura) kokatuak, hurrenez hurren[12]. Biek beren berezitasunak eta desberdintasunak dituzten arren, haien artean harremanak egon zirela eusteko aukera ematen duten zenbait ezaugarri partekatzen dituzte. Kokaleku handi erabat sedentarioak zituzten, eta haien ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen zen. Etxolak lokatzez, adarrez eta kanaberaz eginak ziren, eta etxeak, aleetarako siloak eta hobian ostilamendua duten ehorzketak dituzte. Zeramika askotarikoa da, eredu monokromoak eta beste batzuek pintatuak erakusten ditu, eta gainerako kultura materiala oso aberatsa da: zizelkatze bikaina duten silexezko aiztoak daude (agian zeremonialak), pigmentuak nahasteko eskistozko paletak, ehunak egiteko produktuak, gezi-puntak, harri erdi altxagarrietako apaingarriak (askotan inportatuak), animalien eta pertsonen estatuatxoak, eta (azken etapan) kobrezko piezak. Talde kultural horiek Egiptoko aro aurredinastikoa deiturikoan sartzen dira, eta Egipto Historian sartu aurreko alditzat hartzen dira.

Metala eta Afrika iparraldearen sarrera historian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nilo: Egiptoko zibilizazioaren eklosioa K.a. IV. milurtekoan hasi zen. Hiri askoren sorrerarekin, lehen hieroglifoekin eta bi estatu handiren agerpenarekin (Egipto Garaia eta Egipto Beherea) Protodinastiko izeneko aldian. Estatu horiek lehen faraoiak (Narmer erregeak) batu zituen K.a. 3150. urtean. Horrela, Afrikako ekialdeko eremua oso goiz sartu zen historian, eta, gainera, irradiazio kulturalaren gune bihurtu zen, Mediterraneoari ez ezik Afrikako kontinentearen zati handi bati ere eragin ziona.

Libikoa, Egiptoko hilobi batean irudikatua.

Magreb, aldiz, oso kasu desberdina da[13]. Gure aroaren aurreko bigarren milurtekoan, Mediterraneoaren zati handi batean nabigatzaileek kobrea, urrea eta antzeko beste lehengaiak bilatzen hasi ziren bitartean, Magreb harreman eta truke ekonomiko-kulturalen fluxu horretatik kanpo geratu zen. Amazig etnia, bere jatorria ezagutzen ez den arren (nahiz eta adituek bere hizkuntza jatorri afro-asiarrekoa dela uste duten), nagusi zen eskualdean. Giza talde horren lehen albistea K.a. 2300. urtean datatutako testu egiptoarretatik dator, non tehmenow deitzen zaien; ondoren, K.a. 1227. urtean aipatu zituzten, non Delta eraso zutela badirudien, baina, oraingoan, libou deitu zitzaien, hau da, libiarrak. Ordutik, Magrebeko indigenei buruzko testu klasikoetan, herri libiar gisa izendatu ziren. Bere hilobi-hondarrak tumulu azpiko zistez, trikuharriz (Europako mendebaldekoak baino askoz beranduagokoak) eta, azken uneetan, haouanets izeneko hipogeo txiki batzuez (adibidez, Debbabsakoak, Tunisian) osatuta daude.

Feniziarrak, Magrebeko kostaldera, K.a. 2. milurtekoaren amaieratik joaten zirela uste da, eta, K.a. 1100. urtearen inguruan, lehen lantegiak sortu zituztela. Horiek Utika (Bizertatik gertu) eta Oea (Tripoli inguruan) izan ziren, garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Kartago izan zen arren, K.a. 814an. Kartagotarren eragina K.a. V. mendetik aurrera agertu zen, Zirenaikako lehen monarkia indigenetatik (kolono greziarrek Battus erregeaz hitz egiten dute, Batiada dinastiaren fundatzaileaz), Ghanan eta Numidian, non bere erregeetako bat, Masinisa, mitiko bihurtu zen Hirugarren Gerra Punikoan egindako bando-aldaketengatik. Era berean, nekazariek nekazaritza- eta abeltzaintza-hobekuntzak egin zituzten, burdina, buztingilearen tornua, txanpon-sorkuntza eta, azkenik, idazketa-mota propioa asmatzea ahalbidetu zuten: alfabeto libiarra edo tifinagh, gaur egun arte tuaregen tribu batzuen artean bizirik iraun duena.

Idazkunak alfabeto libiarrean, Tafirako haitzuloan (Aljeria).

Historiaurrea Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko historiaurrea»
Ekainberriko zaldiak

Euskal Herrian, historiaurreko aztarnategi abera­tsenak dituen eskualdetako bat izanik, bertan egin diren ar­keologia eta paleoantropologiako ikerketen etengabeko garapenak eta haietako aur­kikun­tzek gero eta atzerago eramaten gaituzte gure lurrean gizonaren lehen kokapena zehazterakoan. Atapuercan eginiko indusketek hurbilketa geografikoagatik pen­tsarazten dute Euskal Herrian gizakiaren kokapena, Behe-Paleolitora, 200.000 urte baino atzerago eraman behar dela. Homo neanderthalensisek artea egiten ote zuen ezbaian dago, eta badakigu Euskal Herrian ia desagertu ziren garaira arte bizi izan zirela; baina gerora iritsitako Homo sapiensak aztarna ugari utzi ditu Euskal Herrian.

Zentsu hertsian, Euskal Herririk ez zen historiaurrean, eta ez dakigu ere bertan bizi ziren gizakiek zein hizkuntza hitz egiten ote zuten. Euskararen jatorriari buruzko azalpen paleogenetikoek ez dute lortu ebaztea euskararen jatorriaren edo euskaldunen jatorriaren inguruko eztabaida. Artikulu honetan, beraz, gaur egun Euskal Herria izena ematen zaion ingurune geografikoaren inguruan hitz egiten da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  2. (Gaztelaniaz) Johnson, Matthew. (2000). Teoría arqueológica: una introducción. Ariel ISBN 978-84-344-6623-4. (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  3. Gómez-Tabanera, José Manuel (1988). «Las culturas africanas, tomo 14». Historias del Viejo Mundo. Historia 16, Madrid. ISBN 84-7679-101-1
  4. Iniesta, Ferran (1998). «Kuma. Historia del África negra». Barcelona (primera edición) (Edicions Bellaterra 2000). pp. 36-37. ISBN 84-7290-101-7
  5. Fullola Pericot y Nadal Lorenzo, 1 de diciembre de 2012, «Los homínidos salen de África», 74. or.
  6. Fullola Pericot y Nadal Lorenzo, 1 de diciembre de 2012, «Los homínidos salen de África», 75. or.
  7. (Gaztelaniaz) Sala, Robert; Moyà, Salvador; Carbonell, Eudald; Corbella, Josep. (2009-12-01). Sapiens: El largo camino de los homínidos hacia la inteligencia. Grupo Planeta Spain ISBN 978-84-8307-957-7. (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  8. a b (Gaztelaniaz) Iniesta, Ferrán. (1998). Kuma: historia del Africa negra. Bellaterra ISBN 978-84-7290-101-8. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  9. (Gaztelaniaz) Burenhult, Göran. (1995). Estados y sociedades en Europa y África: Grecia, Roma, celtas y vikingos. Debate ISBN 978-84-226-5053-9. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  10. (Frantsesez) Gragueb, Abderrazak; Mtimet, Ali. (1989). La Préhistoire en Tunisie et au Maghreb. Alif éditions de la Méditerranée ISBN 978-9973-716-10-1. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  11. (Frantsesez) Tixier, Jacques; Marmier, Francis; Trécolle, Guy. (1976). Le Campement préhistorique de Bordj Mellala, Ouargla, Algérie. Éditions du Cercle de recherches et d'études préhistoriques (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  12. (Ingelesez) Strouhal, Evžen. (1992). Life of the Ancient Egyptians. University of Oklahoma Press ISBN 978-0-8061-2475-9. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  13. (Gaztelaniaz) Tarradell, Miquel. (1979). La Prehistoria: nacimiento y primeras fases de la civilización. Difusora Internacional ISBN 978-84-7368-022-6. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]