Lucian Freud
Lucian Freud (Berlin, Alemania, 1922ko abenduaren 8a - Londres, Ingalaterra, 2011ko uztailaren 20a) ingeles margolaria izan zen, alemaniarra jatorriz.
Bizitza
aldatuAita arkitektoa zuen, Sigmund Freuden semerik gazteena. Oso gazterik emigratu zuen Ingalaterrara, familiarekin batera (1932), eta 1939an britainiar herritartasuna eskuratu zuen. 1938 eta 1943. urteen artean Londresen eta Dedhamen egin zituen ikasketak. 1942an murgildu zen buru-belarri margolaritzan, eta 1944an egin zuen lehenengo erakusketa, Londresko Lefevre galerian. 1950eko hamarraldian lortu zuen nazioartean ospea, eta harrezkero Freuden obraren hainbat erakusketa egin dira mundu guztian zehar.
Lanak
aldatuLehenengo aldian surrealismoaren eta neorromantizismoaren joerei jarraituz zenbait saio egin zuen arren, heldutasuneko estiloan errealismo xehearen kutsua du nabarmenagoa. Xehetasun handiko obrak eta giza gorputzak adierazteko trebetasun aparta dira Freuden margolaritzaren ezaugarri aipagarrienak. Nabarmentzekoa da, besteak beste, bere Paddingtongo barne irudia (1951).
Erretratuak landu zituen batez ere, autoerretratuak eta ingurukoen erretratuak, emakumeenak bereziki. Azken lanetan koloreen arteko kontrastea nabarmendu zuen, eta adierazkortasun handiagoko irudiak margotu zituen; horrela agertzen da, adibidez, 1970eko hamarraldiaren amaieran bere amari egindako erretratu sail batean.
Freud izan da bere belaunaldiko artista nagusietako bat, eta eragin handia izan du XX. mendeko britainiar margolaritza figuratiboaren bilakaeran. Azken urteetan Londresen bizi izan zen, eta margotzen jarraitzen zuen, inguruko lagunen erretratuak bereziki, margolaritza klasikoaren erreferentziak oinarri harturik.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lucian Freud |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.