[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Mitologia zelta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zelta mitologia» orritik birbideratua)

Mitologia zelta, zelten politeismoko mitologia da. Mitologia zelta ustezko erlijio zeltaren inguruko kontakizun bilduma zabala da, eta Burdin Aroan du jatorria. Aro hartako beste zenbait indoeuropar kulturak bezala, lehendabiziko zeltek ere mitologia politeista eta erlijio egitura bat izan zuten. Zelta herri batzuek, hala nola galiarrak eta zeltiberiarrak, Erromarekin zituzten harreman estuak zirela eta, mitologia horrek ezin izan zion eutsi Erromatar Inperioaren eraginari. Lehenagoko mitologia zeltaren jarraitzaileak kristautasunera aldatu, eta haien jatorrizko hizkuntzak galdu zirenː galiera, zeltiberiera, eta abar. Hala ere, badakizkigu haien sinismenei buruzko hainbat xehetasun, garai hartako erromatar eta kristauen albiste iturriei esker.

Bestalde, euren nortasun politiko eta linguistikoari eutsi zioten hainbat zelta komunitatek (adibidez, eskotoak eta Britainiar Uharteetako bretoiak), eta euren Burdin Aroko mitologien aztarna egonkorrak gureganaino helarazi zituzten, askotan Erdi Aroko idazkien bitartez.

Iturri historikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galiako zelta edo galiera idatziz jarri eta bizirautea lortu duten iturrien urritasuna dela eta, uste zabaldua da zelta jentil edo pagano gehienak ez zeudela alfabetatuak. Hala ere, greziar alfabetoaz, latindar alfabetoaz eta Iparraldeko italikoaz zenbait idazki gorde dira (Colignyko Egutegiak eta artikulu botiboetako idazkunek egiaztatzen dutenez). Julio Zesarrek galiarren alfabetoaren testigantza ematen du, baina haien apaiz edo druidek erlijioaren ikuspuntutik garrantzi handia zuten bertso batzuk idatziz gordetzeko saiakerak debekatu izana ere aipatu zuen. Bestalde, helbezioek idatziriko errolda bat zutela aipatzen du Zesarrek.

Erromak zabaldu zuen inskripzio publikoen ohitura, eta hauen bidez lurralde konkistatuetako druiden boterea ahuldu zuten; bidenabar, Galian (Frantzia), Britanian eta beste zenbait lekutan aurkitu diren jainkoei buruzko inskripzio gehienek erromatar konkistaren ondorengo zelta lurraldeak irudikatzen dituzte.

Halere, laster, Irlandako eskotoak eta Gales modernoaren alderdi batzuetan inskripzio laburrak egiteko (pertsona izenak gehienbat) Ogam idazkeraz baliatzeko aukera izan zuten; bestalde, Erromak konkistatu ez zituen zelta lurraldeetan alfabetatze sofistikatuena kristautasunaren iritsiera arte ez zen sartu. Egia esan, kondaira gaeliko askoren lehen erregistro historikoa fraide kristauek burutu zuten, nahiz eta beren jatorrizko edo antzinako esanahi erlijioso asko prozesu horretan galdu bide zen.

Zelta erlijioa eta haren esanahiari buruzko Julio Zesarren aipamenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelta jainkoei buruzko iturri klasikoa Julio Zesarren Commentarii de bello Gallico delakoa da (K. a. 52-51; Galiako Gerrak). Han, Zesarrek Galian gurtzen diren bost jainko nagusiak izendatzen ditu (bere garaiaren ohitura legez, erromatar baliokidea duten jainkoak izendatzen ditu) eta berek rolak deskribatzen ditu. Merkurio zen jainko guztietan gurtuena eta bere irudikapen ugari aurkitu ohi izan dira. Merkurio arte guztien sortzailetzat ikusi izan da (eta arrazoi honegatik askotan Lugus jainkoaren baliokidetzat hartua izan da), abenturazale eta itsasgizonen babesle eta komertzioa eta etekinen inguruko boteretsuena. Gainera galiarrek Apolo, Marte, Jupiter, eta Minerva gurtzen zituzten. Jainko hauen inguruan, zeltak gainerako herriak bezala deskribatuak izan ohi dira: Apolok gaixotasuna uxatzen du, Minervak trebeziak suspertzen ditu, Jupiterrek zeruetan agintzen du, eta Martek gudan eragiten du. Bost hauetatik gain, galiarrak Dis Paterren leinutik datozela aipatzen du Zesarrek.

Zesarren jainko 'baliokideen' arazoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zesarrek ez ditu jainko haiek beren zelta izenekin erregistratzen, parekatu zituen erromatar jainkoen izenekin baizik, hortaz, prozesu honek nabarmenki zailtzen du jainko galiar hauek zelta mitologietan zituzten jatorrizko izenen antzemate lana. Gainera bere garaiko literatura arruntean ohizkoa ez zen modu ezezagun eta bitsi batez, jainko bakoitza eta bere rola era zehatzeko eskema baten bidez irudikatzen. Halere, murrizketak alde batetara utzirik, bere amaierako zerrenda probetxuzko eta funtsezko behaketa zehatza da.

Bere deskribapena ahozko usadioa edota galiar ikonografiarekin orekatuz, norbera jainko hauen giro eta rolen bilduma egiteko prest egon daiteke. Zesarren aipamenek eta ikonografiak erlijio galiarraren aro nahiko ezberdinak ukitzen dituzte, eta hau dena ordezkatzen zuen erlijioa ez zen hain modu agerian azaldu, ez behintzat Erromarekiko galiar autonomiaren garaian zehar druidek (erlijio gizon ordena) mantendu zuten erlijioa bezain beste.

Alderantzizko moduan, ordena gura hura egia izan beharrean itxurakeria bat da. Adibidez, Galian testimoniatu izan diren ehunka izenetatik batzuk behin bakarrik azaldu dira. Horrek adituei pentsarazi die zelta jainko eta gurtzak lekuan lekukoak eta tribalak zirela, eta ez panzeltak. Iritzi horren defendatzaileek Lucanen erreferentzia aipatzen dute, Teutates jainko bat, eurek "izpiritu tribala"-ren itzulpena egin zutelarik (teuta, uste denez, «tribua» esanahiarekin interpreta daiteke protozelta hizkuntzaz). Halere, jainkozkoen izenen zerrenda nabaria modu ezberdinez justifikatu liteke: hauetako asko kultu panzeltan gurtutako jainko nagusiei ezarritako epiteto hutsak besterik ez izatea izan liteke. Bertako jainkoen kopuru handi baten kontzeptua beren kultuak ongi dokumentatuak dituzten zenbait jainkoekin kontraesanean jartzen da.

Gainbegiratua zelta mitologiaren sailei

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelta mitologia sail edo bilduma ezberdinetan agertzen da, baina beti ere zelta hizkuntzen sailekin erlazionatutako azpitaldeak osatuz:

Antzinako zelten jainkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Mendebal eta Erdialdeko Europan zelta mundua bere goreneko gunean izan, politikoki ez zegoen batasunik, ez eta eragin kulturaleko iturri zentral substantzial baten izaterik; ondorioz, zelta erlijioaren lekuan-lekuko praktiken aldakuntza handiak zeuden (nahiz eta zenbait gai, adibidez, Lugh jainkoaren gurtzea, zelta munduan zehar ederki hedatu izan). Hirurehun jainko baino gehiagoren inskripzioek (askotan erromatarrekin kontrajarriak) biziraun egin dute baina hauetatik irudikatuena genii locorum-enak dira, bertako jainko edo tribuak, hauetako gutxi batzuk izan zirelarik hedatuki gurtuak. Halere, zelta mitologiatik gure egunetaraino ailegatu den guztia ikusi ondoren, batasun handiagoko panteoi bat egon izana adierazten diguten konkordantziak bereizteko gai izan gaitezke.

Jainko hauen izate eta eginkizunak beren izen, ikonografia, eta parekatu izan diren erromatar jainkoetatik ondoriozta ditzakegu.

Irlandako mitologiaren jainkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irlandar mitologia»

Antzinakotasun handiena duen corpus mitikoa Irlandako Goi Erdi Aroko eskuizkribuak dira, kristauek idatziak, hortaz zelta jainkoen jainkozko natura eraberritua zuten.

Mitoaren jatorria bi arrazen arteko gudan datza: Tuatha Dé Danann-tarrak, literalki Dana Jainkosaren Tribuak, hauek irlandar panteoiko jainko nagusiak dira, eta Fomoré-tarrak, irlandar kondairetan agertzen diren erraldoiez osatutako herri misteriotsua, inguruko uharteetan bizi ziren eta beti Irlanda erasotzeko mehatxua burutu nahian zebiltzan baina azken hau inoiz lortu gabe. Bi arrazen arteko guda hauek Cath Maige Tuireadh (Mag Tuireadh-eko Bataila) testuaren oinarria dira, bai eta Leabhar Ghabhála Érenn ("Irlandako Inbasioen Liburua") eraikitze sasi-historiko erraldoiaren atal gisa.

Tuatha Dé Dannan-tarrek gizakien gizartearen eginkizunak irudikatzen dituzte, horien artean erregetza, arteak eta guda. Fomoré-tarrek aldiz, gizakien eta jainkoen gizarteak kaosera eraman nahi dituzten indar ilunak eta natura basatia.

Sakontzeko, irakurri: «Dagda»

Irlandar panteoiko jainko nagusia Dagda izan zela dirudi. Jainko-Druida eta druiden jainkoa, elementuen eta jakintzaren jauna, legegile eta gerlari beldurgarria. Mag Tured-eko bigarren borrokaldian, Tuatha Dé Danann-tarrak garaipenera gidatu zituen Fomoré-tarren aurka. Dagda bezala izendatzen zaio "jainko ona" baita, ez da ona zentzu moralean, baizik eta gauza guztietan ona da. Eochid ("denon aita") ere deitu izan zaio, Lathir ("aita boteretsua") eta Ruadh Rofhessa ("zientzia handiaren gorria"). Dagda aitaren irudikapena da, tribuaren babesle eta beste gizonezko jainko bertsio edo aldaeren oinarrizko zelta jainkoa. Zelta jainko gehienak izaki ez espezializatuak ziren, eta beharbada benetako panteoi bat bezala baino klan baten antzera ikusi beharko genituzke. Zentzu honetan, zelta jainko eta jainkosa guztiak Apolo greziar jainkoa bezalakoak ziren, azken hau ez baitzen zer edo zeren jainko zehatza.

Dagda-ren izaera partikularra dela eta, txantxa irri-egingarriaren pertsonaia da irlandar mitologian, zenbait autoreen ustetan hari buruzko txantxak egitean, jainko hau behar zen onbera (edo ustela) izateko sortua izan.

Irlandar ipuinek Dagda boteredun pertsonaia bat bezala irudikatzen dute, bere sabelkoikeria izugarria eta gainezka egiten duen sexualitateaz. Amaiezina den pertz bat darama, Grialaren prototipoa; bai eta samin, amets, heriotza edo barre doinuak bere kabuz jo dezakeen harpa magikoa. Mailu handi bat ere badu; bere muturretako batekin norbait joz gero, hil egiten du; beste muturrarekin joz gero, birjaio egiten da. Hortaz, bizitza eta heriotzaren jainkoa da, erabat anbiguoa, onak edo txarrak izan litezkeen indar izugarria duena. Dorset-en Cerne Abbas-eko erraldoia izenez ezagutzen den erraldoi itifaliko baten irudi bat bada, mailutzar bat duelarik. Nahiz eta hau erromatarren garaian egina izan, denbora askoz Dagda-ren irudia izan zela uste izan da, halere, hau azken aldian gainbegiratua izan da, oraintsuko ikerketa batzuk agerrarazi duten moduan, irudiaren beso horizontalean zintzilikatzen den zapiaren irudikatze soil bat ahal izan zitekeen, benetan Nemearen Leoiaren larrua gainean zuen eta hiltzeko mailua zeraman Herkules (Herakles) jainkoaren irudia izango zela susmatzen delarik. Galian, Dagda eta Sucellos-en kidekotasun bat zegoen (mailua eta kopa duen ekazaritza, basoa eta edari alkoholdunen jainkoa).

Oraintsuko kontakizun epikoetan, bai eta nobela arturikoetan, Dagda-ren pertsonaia "Basoko Gizona"-ren moduan agertzen da, mailutzar bat daraman alproja bat eta animalia basatien jauna dena.

Balar, Balor edo Bolar, Fomoré erraldoi arrazako kidea zen irlandar jainkoa zen. Begi bakar bat zuen kopetan eta beste bat garezurraren atzekaldeko aldean, txarra zen eta ia beti itxita mantentzen zuen. Irekitzean, bere begirada kokatzen zuen biziduna hil egiten zen. Tuatha Dé Danann-tarren, Nuada buruzagia hiltzeagatik ezaguna zen.

Mórrigan, bere izenak literalki "mamuen erregina" esan nahi du eta antzinako zelta irlandarren gerraren jainkosa tripartita bat zen, gerlariak borrokarako bultzatzen zituen. Orokorki Morrigu bezala ezagutzen zen, baina bere nortasunak ezberdinak zien: Nemhain (panikoa edo beldur-ikara), bere itxura beldurgarria hiltzera zihoazenen aurrean agertzen zuen bakarrik; Macha (bataila), bele emearen irudiaz agertzen delarik eta Badh, bere izena bodbh ("bele emea") protozeltatik eratorria delarik, gerlariak batailara bultzatzen zituzten ezaugarria. Azken hau Táin Bó Cúailnge-en barnean egoteaz ezagutzen da, honetan Cúchulainn heroiaren laguntzaile eta oztopoa da. Askotan bele edo bele eme bat bezala irudikatzen da nahiz eta beste animalia batzuez ere irudikatu izan den: behia, otso edo angira.

Zelta erlijioan Lug jainkoaren hedapena (irlanderaz Lúgh zen pertsonaia mitologikoarekin zerikusia duena) bere izena agertzen den leku ugarietan datza, zelta mundu osoko kokapenetan, Irlandatik Galiaraino. Hauetako ospetsuenak Lugdunum hiriak dira (Lyon hiri frantziarra adibidez) , Lugdunum Batavorum (gaur egungo Leiden) eta Lucus Augusta (gaur egungo Lugo hiria), gainera Lug sustraia Kantauri itsasoko kostalde guztian agertzen da, adibidez "Lugones"-tarrak Astur tribua edo Kantabriako lurretan eguzkiaren izpiak laino artean barneratzen diren unea deskribatzeko Lugas izendapena. Zelta mitoetan Lug jainkoen zerrendara atxikia bezala agertzen da, eta normalki gizon gazte bat irudikatuz. Nahiz eta irlandar mitologiaren jainko garrantzitsuena izan, ez da jainko nagusiena, "eginkizunik gabeko jainkoa" baizik, eginkizun guztiak baititu. Lug jainkoa Tuatha Dé Danann-tar arrazako kide da bere aitaren aldetik, baina Fomoré-tar arrazaren kide ere bada amaren aldetik eta Mag Tured-eko bigarren batailan, Tuatha dé Danann-tarren buruzagi izendatzen du bere burua eta garaipenera gidatzen ditu, eta bere aitona Balar erail, begi gaiztoduna. Haren izena "txuri" edo "argitsu" esan nahi duen indoeuropar hitzetik dator, baina baita "bele"-tik, hortza, azken abere hau jainko honekin erlazionatuta dagoela usnatzen da. Eguzki itxura du, baina ez da eguzkiaren jainkoa, zelten artean eginkizun hau emakumezkoena baitzen. Bere armak xabalina eta harri jaurtigailu edo honda ziren, eta Irlandan bere ohorezko jaia Lughnasa (gaur egungo irlanderan lúnasa) zen.

Brigid (edo Brigit), sua eta olerkigintzaren jainkosa handia. Dagda alabatzat hartzen da eta Tuatha Dé Danann-tarren arrazakoa. Bere izena "garaiera", "txit gorena" hitzetatik dator, bere nagusitasuna adierazten duelarik. Irlandar usadioan izen ezberdinekin agertzen da, hauek bere eginkizuna sinbolizatzen dute, eskematikoki bera hirukoitza da, indoeuropar gizartearen hiru mailetakoa da; inspirazio eta olerkigintzaren jainkosa (maila erlijiosoa), errege eta gerlarien babesle (gerlari maila) eta tekniken jainkosa (artisau, artzain eta nekazarien maila).

Epona zaldien jainkosa, Galiar edo Erromatar-Galiar jainkosa. Antzinako jainkosa-moxalaren irudia da eta galiar hizkuntzan du bere jatorria (epo = zaldi; haren sinonimo da grezierazko hippos), gainera Tailtiu eta Macha izenekin ere agertu izan da.

Gizonezko jainkoen artean Goibniu dago, Tuatha Dé Danann-tarren jainko errementaria. Artisauen jauna da, gerlarien armak lantzen ditu eta hilezkortasunaren oturuntzaren buru nagusia da. Honetan jainkoek beren biziberritzea lortzen dute Manannan-en "urde magikoak" janez. Goibniu izena, zeltaz "errementaria" esan nahi duen hitzetik eratorria da.

Diancech, sendagarri edo medizinen jainkoa irlandar usadioan. "Mag Tured" borrokan parte hartu zuen eta "osasun iturri" bat irekitzen du. Horretan gerrari zauritu edo hildakoak berpizteko helburuarekin, belar ugari nahasten ditu.

Angus, maitasunaren irlandar jainkoa, "Mac Oc" (seme gaztea) ezizena du. Dagda-ren semea eta Manannan-en seme ordea. Ikusiezinezko oihal bat du. Horrekin babestu nahi dituenak estaltzen ditu.

Galesko mitologiaren jainkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Galestar mitologia»

Antzineko Britaniako jainkoak (hauek ere kristautasun mende luzeen ondoren ahaztuak), Galesko eskuizkribuen bidez ailegatzen dira gugana. Hemen bi jainko leinu daude: Dôn-en umeak eta Llyr-en umeak, nahiz eta bi taldeen arteko eginkizunak ongi zehatuak ez izan. Dôn, beste izen hauekin ere ezagutua da: Anna, Anu, Ana edo Dana, antzinako zelten jainkosa ama da. Irlandan, jainkoen ama da, Tuatha Dé Danann ospetsuak. Jaiko indoeuropar arkaikoa da, Indian "Anna Purna" (Ana emailea) izena duena eta Erroman "Anna Parenna". Litekeena da jainkozko pertsonaia hura kristautasunera Santa Anaren (Ama Birjinaren ama) izenean igaro izana. Beste aldetik Llyr jainkoen leinuen aita da, eurek Manannan deitzen dute, irlandar usadioan. Itsasoari lotutako jainkoa da, baina ez da itsasoaren jainkoa.

Galiako jainkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galiako zeltek gurtzen zituzten jainkoen izen gutxi iritsi dira gugana, eta ez da mitorik gorde. Erromatar idazlea zen Marco Anneo Lucanok I. mendean Taranis, Teutates eta Esus izenak aipatzen ditu, baina ziurtasunik ez dago horiek zelta jainko garrantzitsuak ote ziren. Jainko eta jainkosa hauetako batzuk beste batzuetatik eratorriak dira; Epona, adibidez, Galesko Rhiannon-en heroia bihurtu ahal izan da, eta Macha, honi nagusiki Ulsterren men egiten zitzaion. Herri politeistetan zaila da euren panteoiak txukun eta garbi aurkitzea ikertzaileei gustatuko litzaiekeen moduan. Jainko haietako batzuk honako hauek dira:

Cernunnos (Adarduna), antzinatasun handikoa da nonbait, baina oso gutxi dakigu berari buruz. Ziurrenik bera da I. edo II. mendeko Danimarkako Gundestrup-eko pertxan nabarmendua agertzen den pertsonaia. Oparotasun jainkoa eta abere basatien nagusia dela uste da. Haren izaera lurtarra da. Handia irudikatzen da, orein belarriekin eta adarrekin, eta tork edo galiar eraztun antzeko bat darama. Batzuetan ahuntz burudun suge batez lagundurik agertzen da. Lurtar animalia basatien eta lurtarren nagusitzat ageri da. Dudarik gabe indarra, boterea eta betikotasuna (adar sail batekin) irudikatzen ditu. Jateko, pasteltxo eta txanponez hornitutako saskidun aldare baten emaile bezala irudikatzen da.

Belenus eskualdeko jakin bateko jainko bat zen, nagusiki Italiaren iparraldean eta Galiako mediterraneo kostaldean gurtzen zuten. Nekazaritzaren jainkoa zen. Beltaine izeneko jaia berarengan oinarrituta dago. Oraindik batzuek benetako jainko bat ote zen eztabaidatzen dute. Bere izenak "argitsu eta dizdiratsu" esan nahi du eta batzuen ustetan "berak" Beltaine jaietako su erraldoiak besterik ez ditu irudikatzen. Beltaine jai egunari San Joan irudiak ordezkatu zion, egun honetan ospatzen baitzen udako solstizioaren hasiera.

Tribuen jainko gerlari eta babeslea zen. Erromatar Marte jainkoa eta irlandarren Dagdarekin parekatzen zen. "Gauaren jainkoen" taldean zegoen Esus eta Taranis-ekin batera, druidengandik sakrifizio ugari jasotzen zituelarik. Galia osoan eta erromatar Bretainian gurtzen zuten.

Sakontzeko, irakurri: «Taranis»

Trumoi, ekaitz eta zeruaren jainkoa. Taranis izua eragiten zuen jainkoa zen, Galia eta Bretainiaren zati batean gurtzen zuten. Batez ere, Teutatesen gurmenaren antzekoa zen, bere haserrea lasaitzeko sakrifizioak eskaintzen baitzitzaizkien eta bi jainko hauek eta Esus jainkoarekin batera hirukotea osatzen zuten. Thor jainkoarekin erlazionatzen zaio, bere tximista eta trumoien ahalmenegatik, eta erromatarrek Jupiterrekin parekatzen zuten.

Basoetako jauna eta jainko odoltsua. Lukano, Teutates eta Taranisekin laukotea osatzen zuten galiarren jainko garrantzitsuenak bezala. Jainko basati eta odolzalea zen; beldurrez, sakrifizioak eskaintzen zitzaizkion.

Manannan (edo Mannawydan) ab Llyr (Llyr-en semea), irlandar pertsonai mitologikoa da. Tuatha Dé Dannann-tarren kide da. Azti boteretsua da, zenbait tresna magikoen nagusia da: etsaiak sorgindu eta sugarretan dagoen kasko bat, ezkutu suntsiezin bat, oihal ikusezin bat eta arraun nahiz oihalik gabe itsasoak gurutzatzen dituen itsasontzia. Man Uhartekoa da jaiotzez, honengandik hartzen du bere izena; han oraindik bere hilobi erraldoia uste denaren aztarnak ikus litezke, Peel gazteluarengandik hurbil.

Hitz-jarioa ordezkatzen du, erabat zimurtutako agure bat da, lehoi larruz jantzia; mailutzarra darama, baita arkua eta buiraka ere. Belarrietatik urrezko katea loturik duten gizon talde handiengandik tiratzen du, kate honen beste aldea bere mingain zulatutik igarotzen delarik. Ogmios bere botereaz erabat ziur dagoen hitz-jarioa da, magiaren bitartez sinestunak erakartzeko gai dena. Gizonezkoen mundua jainkoenarekin lotzen duen hitz erritualaren boterearen sinboloa da. Bere izenean lagunen aldeko bedeinkapenak eta etsaien aurkako madarikazioak jaulkitzen dira.

Irlandan "Ogma" deitzen diote. "Ogam"-en sortzailea da, etsaia geldiarazteko bezainbesteko botere handia duten ikur magikoen multzoa. "Mag Tured" gudan bikain parte hartzen duen gerlaria ere bada.

Bere izenak "zilarrezko besoa" esan nahi du eta Tuatha Dé Danann-tarren kide da. "Mag Tured"-eko lehendabiziko gudan zehar beso bat galdu eta ezin izan zuen errege izan, hortaz, Diancecht jainkoak zilarrezko beso bat egiten dio eta honela errege funtzioa berreskuratzen du eta Tuatha Dé Danann-tarrak "Mag Tured"-eko bigarren gudan gidatzen ditu.

Emakumezko galestar heroia da, bere izena "Rigantona"-tik dator: erregina nagusia. Amazona eran agertzen da eta Pwyll hautatzen du senartzat. Bere seme Pryderi jaiotzean kentzen diote eta haurra desagertarazteaz salatzen dute, bere senarraren gotorlekua bisitatzera datozen bisitari guztiak bere bizkar gainean eramatera kondenatzen dute.

Galestar usadioaren heroi ospetsuenetakoa da. Dana-ren semea eta Lleu Llaw Gyffes-en aita da. Ziurrenik bere izenak "jakintsu" esan nahiko du. Antzinako druidetatik jarauntsitako botere magikoa irudikatzen du.

Fionn Mac Cumhaill

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Fionn Mac Cumhaill»
Sakontzeko, irakurri: «Fenian zikloa»

Gerlari eta aztia da, Cumhaill-en seme eta Oisin-en aita da. Gerlari beldurgarria, bere gurasoak gudan mendekatuko ditu eta "Fiana" guda-taldea berrosatuko du. Bere izenak "Zuri, eder, ilehori eta arraza onekoa" esan nahi du. Olerkari eta aztia, olerkigintzaren hamabi liburuak ezagutzen ditu eta argitasunaren doiaren jabe da hatz lodia hozkatzean.

Sakontzeko, irakurri: «Cúchulainn»

Irlandar epopeiaren pertsonai ospetsuena da. Bere kondairaren zenbait bertsioek Lug jainkoaren seme dela diote. Bere benetako izena Setanta da (honetan bidearen izen britaniarra ezagutu dezakegu), Cu-Chulainn (Culann-en Txakurra) bere ezizena ulateen zakurra hil eta Culann-i bere babeslea ordezkatuko duela zin egin ostean lortuko du. Guduetan hain da handia haren amorrua, erabat desitxuratu eta munstro bilakatzen da, eta ez ditu adiskideak eta etsaiak bereizten.

Cúchulainn "argiaren heroia" da, heroi zibilizatzailea, osatzen duen gizartearen pertsonifikazioa baina berak jainkozko nortasun bat ematen dio. Gizonezko eguzki kultu bat ere irudikatzen du (zelten artean ez da eguzkiaren jainkorik existitzen.

Artur edo Artús

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Artur errege»

Artur edo Artús zelta tradizioaren pertsonaiarik garrantzitsuena da. Jatorriz, ez zen buruzagi arrunt bat besterik, gure aroko 500. urtean uharteetako erregeei beren zerbitzuak alokatzen zizkien zaldunen burua zen, britoiek saxoi inbaditzaileen aurkako borroka etsian baitzeuden. Beren arrakastak hainen handia izan zen, zer kondaira pertsonaiaren gain nagusitu zen, bere papera eta botere handikiro gehiegituz eta dimentsio mitologiko bat emanaz. Honela Arturrek (hau ezizena zen benetan eta "hartzaren itxura duena" esan nahi du) bere jainkozko ezaugarri guztiak bereganatu zituen.

Beste zelta mito batzuk antzinako egiturari gehituz joan ziren eta Artur erregea ardatz moduan zuen zelta mundu ideal baten ikur bilakatu zen. Baina errege honek presente dagoen bitartean bakarrik du boterea, nahiz eta inongo ekintzarik ez egin. Mahai Borobilaren eleberri guztietan, Artur nolabaiteko pasibotasun batez nabarmentzen da. Bere zaldunak dira bere izenean dihardutenak, bai eta Ginebra erreginarenean ere, honek ere subiranotasuna mantentzen baitu.

Sakontzeko, irakurri: «Merlin»

Arturiar kondairako pertsonaia ezagunenetakoa da. Merlinek benetako izan omen zen eta Artur historikoa baino hirurogeita hamar urte beranduago bizi omen izan zen. Iparraldeko britoien errege koskor bat izan omen zen, Behe Eskozian, honek guda baten ondorioz bere zentzu edo sena galdu eta baso batean aterpetu zen profetizatzen hasiz. Kondaira pertsonaiaz jabetu zen eta honetan zenbait elementu mitologiko kristaldu ziren. Beragan jainkotasunak inspiratutako eroaren mitoa aurkitzen dugu, "gizon basatiarena", abereen jauna eta naturaren orekatzailea, jaioberria den haurra eta etorkizuna iragarlea, bai eta aztiarena.

Landutako kondairan, Merlin Belial Basatia izeneko deabru inkubo baten semea da, honek bere botereak azaladuarazten dizkigu. Vortigern errege usurpatzaileari aurka egiten dio, Aurelio Ambrosio-ri (Emrys Gwledig) zenbitzatu eta aholkatu egiten dio eta Uther Pendragon-en behin-behineko aholkulari eta azti titularra bihurtzen da. Honek Artur izan dezan lortzen du, Artur britoien errege onarrarazi dezan behartzen du, eta azken honi bere jarduera eta ekintzetan aholkatu eta laguntzen dio, Mahai Borobila ere ezartzen du.

Aurreneko zeltentzat zuhaitzak sakratuak ziren. Eburonian tribuko izen askok hagin zuhaitza aipatzeak, zuhaitz hauek zelta erlijioan zuten garrantzia garbi asko erakusten digu, Mac Cuilin (gorostiaren semea) eta Mac Ibar (haginaren semea) izenak irlandar mitoetan agertzen dira.

Erromatar idazleen arabera zeltek giza sakrifizioak kopuru erraldoietan burutzen omen zituztela kontatzen digute, hau irlandar iturriekin bermatzen dutelarik; halere, informazio ia dena hau bigarren eskukoa da eta zurrumurruetan oinarritzen da. Oso aurkikuntza arkeologiko gutxi daude prozesu sakrifizatoria frogatu ahal dutenak, hortaz, gaur egungo historialari gehienek giza-sakrifizioa arrarotzat jotzen dute zelta kulturetan.

Bere etsaien buru ebakietan oinarritzen zen gerlariaren kultua ere bazen. Zeltek hildakoei armak eta beste zenbait gailu errazten zizkien, heriotza ondorengo beste bizi batean sinisten baitzuten. Lurperatu aurretik, hildako pertsonari burua ebaki ohi zioten eta garezurra birrindu, beharbada pertsona hori mamu bat bezala ibili ez zedin.

Triskel edo zelta trinakria, hiru buruko lauburu antzeko irudi apaingarria.

Sarri esan ohi da zeltek inoiz ez zutela tenplurik eraiki, eta gurtza estalpetik kanpo egin ohi zutela, baso txikietan. Arkeologiak frogatu du hori gezurra dela, ezaguna den zelta munduan zehar tenpluen zenbait egitura aurkitu baitituzte. Zelta munduko zenbait zatiren erromatar konkistarekin fanum izeneko erromatar-zelta tenplu mota bat garatu zen.

Sakontzeko, irakurri: «Druida»

Gaur egungo osterantzekoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelta tribuen sineskera eta jokabideak gaur egungo zelta kulturetan eragin handia izan dute. Erlijio aurre-kristauan oinarritutako mitologia (nahiz eta berdin-berdina ez izan) ezagupen amankomunekoa izan zen zelta kulturan eta gaurko egunarte ahoz-aho zabaldua, nahiz eta gaur egun gainbeheran joan. Botere sendagarria edo ezaugarri onuragarriak dituzten muino eta putzu sakratuetarako erromesaldiak oraindik burutzen dira. Gaur egungo zelta lurraldeetan aski ezagunak diren zenbait irudi gurtuak edo kristautasunaren ondoren aurkitutako irudiak kristautasunaren erregistroan ez dauden eremuetan kausitu ahal izan dira.

Hauek dira batzuk:

  • Erdi Aroko literaturan: Lugh Irlandan eta Lleu (batzuetan Llew) Galesen.Erromatar garaiko inskripzio eta ikonografian: Lugoues Suitza galiarran eta Lugovibus eta Luguei Iberiar Penintsulan.
  • Brighid edo Bríd Irlandan, Brigindo Galian, eta ziurrenik Brigantia Bretainian.
  • Maponos Bretainia eta Galian, Mabon Galesen, eta ziurrenik Aengus Mac Óg-arekin zerikusia duen jainko bat Irlandan.
  • Núadha Irlandan eta Nodens en Bretainian.
  • Badhbh Catha Irlandan eta Cathubodua Galian.

Izenen desberdintasunak talde ezberdinen hizkuntzen aldaeren ondorioa da.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ellis, Peter Berresford (1994). Dictionary of Celtic Mythology. Oxford: Oxford University Press. ISBN 0-19-508961-8.
  • Green, Miranda J. (1992). Dictionary of Celtic Myth and Legend. New York: Thames and Hudson. ISBN 0-500-27975-6.
  • MacCana, Proinsias (1970). Celtic Mythology. New York: Hamlyn. ISBN 0-600-00647-6.
  • MacKillop, James (1998). Dictionary of Celtic Mythology. Oxford: Oxford University Press. ISBN 0-19-280120-1.
  • O'Rahilly, Thomas F. (1946, berrarg. 1971). Early Irish History and Mythology. Dublin Institute for Advanced Studies.
  • Rosaspini Reynolds, Roberto (1999). Mitos y Leyendas Celtas. Buenos Aires:Continente Argitaletxea. ISBN 950-754-069-5.
  • Rosaspini Reynolds, Roberto (1999). Cuentos de Hadas Celtas. Buenos Aires:Continente Argitaletxea. ISBN 950-754-049-0.
  • Rosaspini Reynolds, Roberto (2000). Cuentos de Hadas Irlandesas. Buenos Aires:Continente Argitaletxea. ISBN 950-754-081-4.
  • Sjoestedt, M. L. (1949; Myles Dillonek itzulia. berrarg. 1990). Gods and Heroes of the Celts. Berkeley: Turtle Press. ISBN 1-85182-179-1.



Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Jones, Mary (1998-2016) Mythological. Irish Literature. Celtic Literature Collective.