[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Azti

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau magia egiten duen pertsonaia buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Azti (argipena)».
Merlin aztia.

Azti[1] naturaz gaindiko ahalmenak baliatuz magia egiten duen pertsonaia da, kultura askotako praktika ezkutu, sinesmen, mitologia eta kondairetan agertzen dena, Euskal mitologian ere topatu daitekeena. Egungo fikzio fantastikoan ere maiz agertzen da.

Magoak, izarren gertakarien igarle bezala eta beste batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ravenako basilikan ageri diran hiru errege magoak
Kristautasunean hain hedatua dagoen Hiru erregeen kondaira ez da Itun Berrian jasotzen inondik inora.

Mago terminoa antzinako Errege Magoetatik hedatu zen μάγος itun berriko greziar itzulketen bidez eta, azkenik, latineko magusetik. Mago hitzaren jatorria apaiz persiarrak izendatzeko erabiltzen zan hitzetik letorke. Astrologiaren bitartez etorkizuna iragartzeko ahalmena zutela sinesten zan aitzinean (eta askoren sineskeriak gaur egun ere horoskopoan sinesten dute).

Termino modernoetan magia trikimailuak praktikatzen dutenak, astrologo edo eta igarle modukoak izendatzeko erabiltzen da.

Mago terminoa ere ilusionistei izendatzeko erabiltzen da, publikoa dibertitzeko eta harritzeko helburuarekin ilusionismoaren bidez "botere magikoak" dauzkatela dioten artistak.

Aztiak, sorginen botereen pareko arrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal izenaren jatorri ezezaguna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irudian Trois freres-eko aztia.
Ikerleen ustetan gizakia gizakia denetik aztikeriaren sineskeria izan du gogoan. Irudian Trois freres-eko aztia.

Sorginak sorginkeriak egiten zituzten emakumeak badira aztiak aztikeriak egiten zituzten arrak lirateke.

Azti hitzaren jatorria eta esanahia ezezaguna bada ere hegazti hitzean aztarnak topa ditzakegu, hegan egiten duten aztiak hegaztiak lirateke, baina "aztia" zer esan nahi duen argitu gabe. Borondatearen nahien arabera zerbait hasteko edo hazteko ahalmenean oinarritu daiteke "azti" hitzak.

Euskal Herriko aztiek, gainontzeko aztiek bezala, izaki eta indar naturalak edo naturaz gaindiko botereak kontrolatzen eta manipulatzen dituztela sinesten da, erritualen edo eta ekintza zehatza batzuen bitartez.

Europako aztien historia laburra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleolitoko Xamanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aztiak gizakien historiaurretik egon direla diote ikerleek. Iritzi hau onesteko paleolito aroko zenbait irudietan oinarritzen dira. Lascaux edo Trois Freres-eko kobazuloetan ikus daitezken marrazkietan giza-abere itxurako irudietan xamanen animismoaren gurtza susmatzen da.[2]

Erlijio sinesmen sistemen artean aitzinetariko bat, aitzinena ez bada, animismoa da, xamanismoaren oinarria.

Xamanek, gizonak naiz emakumeek, azti, mago, igarle, mediuma edo eta sendatzailea da, dena batera. Izpirituen munduarekiko harremanetan mezuak jaso eta bere gizataldea babesteko eginkizunak baliatzen ditu.

Zeltiar eta erromatarren igarle gurgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Druida bat grabatu baten arabera
Zeltiarren druidak xamanen parekoak edo ordezkoak ziren.

Denbora haurrera zihoan arabera aztien betekizunak eta gizartean zuen papera ere aldatzen joan zela pentsa genezake. Aitzineko xamanen eginkizunak banandu eta eginkizun bakoitzaren arabera igarleak, sendagileak edo aztiak agertzen joan ziren.

Okultismoaren jakindunek Hermes Trimegisto dute aztikeriaren irakasletzat, egiptoarren Thot jainkoaren gizaki itxurako Hermes Thot bezala ere ezagutua, unibertsoaren ezkutaturiko muinak nola eraldatu erakatsi zuen. Idei honen jarraitzaileek ondorengo azti sinesmenetan eragina izan zuela diote.

Zeltiarreen kondairetan aztikeriak eta hildakoak gurtzeko sinesmenak eta erritoak Tuatha Dé Danann herriarengandik ikasi zutela zioten eta druidak zituzten harren hauen artean aztikerien ahalmenak onerako edo txarrerako egin zitezkeela sinesten zuten.

Mediterraneo inguruko kulturak bere jakintzak, sinesmenak eta sineskeriak elkar nahastu zituzten mendeetan zehar. Bi aztikeri mota nabarmentzen ziran, gizaki eta gizartearentzat egokiak zirenak eta, hauen aurkariak, gizartea eta gizakiei kaltetzeko egiten zirenak. Ekialde hurbileko dualismo kutsuaren sineskeriak bataz besteko indarren arteko desberdintasunak parekatu egiten zirela sinesten zuen, hau da, gauza on bat gertatzekotan bestaldetik, nonbait, zerbait txarra gertatu beharko lukeela. Sineskeri hauek zirela medio greziarren filosofoek lehenengo eta erromatarrek ondoren iraganeko sineskeriak aztertu eta arrazionalizatzeko nahian sineskeriak areagotu zituzten.

Astrologi igarleak ziren mesopotamiar sumerieren jakintsu gorenak. Izarretan irakurtzen bahit zituzten etorriko ziran gertakizunen berriak. Gizakiaren senaren barne etorkizuna iragartzea nahia eta beharra izan da betidanik. Kultura guztiek izan dituzte etorkizuna igartzeko moduak eta igarkizun hauek egiteko ahalmen berezia zuten gizakiak.

Erromatarren artean famadunak egin ziran vascoien augur-eak, hegaztien hegaldietan (eta beste hegaztiekiko gertakarietan) etorkizunaren apaiz igarleak. Baina erromatarren artean ere, beste iraganeko kulturetan bezala, aztikeriaren eraginaren arabera magia txuri edo magia beltza bezala bereizten zituzten, eta aztikeria egiten zuenak gizartearen legeen barne egiten bazuen ere modu batean edo bestean epaitzen zituzten.

Kristautasunaren bilakaera edo eta sineskeri ugaritasunaren hondamendia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Simon aztiaren eroria, Benozzo Gozzoliren margoan
Petri eta Paulo-n itxaropen erreguak Kepa aztiaren hondamena izan ziran. Irudian Benozzo Gozzoliren margoa.

Erromatar inperioa desegiten hasi zen arabera gizarte sistemen gatazka oro har zabaldu zen Mediterraneo itsasoak ukitzen dituen lurraldeetan.

Palestinan sortutako sinismen judu sinesmen berri bat itxaropenaren mezuarekin su eta odolaz erlijio bezala zabaldu zen lehen inperio erromatarrak ziren lurraldeen barne. Juduen Jainkoaren aurpegi errukigabearen hitzetan oinarrituak beraienak ez ziren sinesmenak zapaldu eta sineskeriatzat jo zituzten.

San Petri (Pedro) eta San Paulo, Simon aztiaren botere borrokaren elezaharra apokrifoa aipagarria da azti-apaizen eta aztien arteko gatazka aurkezteko.

Simonek Neron erromatar enperadorearen aurretik hegan eginez bere botere magikoak erakusten zegoen bere jainkozko egoera frogatzeko. Horri aurka egiteko Pedro eta Paulo apostoluek Jainkoari hegaldia gelditzeko erregutu zioten: eta bai geratu zuela, Simon bertan hil eta zerutik lurrera erori zen, han gertatutakoa ikusi zutenen eskutik harrikatua izan zedin.[3] Jerusalengo Zirilok (K. a. 346) gertaera honen beste bertsio bat ematen du, manikeoen hitzaurrean Simon magoak airetik bidaiatzen zebilen deabruak zeramaten gurdi batean, Pedro eta Paulok otoitz egin eta haien otoitzek arrakasta izan zuten, Simon zerutik bota eta lurrera erori zanerako hilotza zen.[4]

Kristoren ikurraren menpe lehenagoko erromatarren metodoak eskuratu eta sinkretismoaren bidez hedatzen zan arabera inguruko sinesmenak bereganatu zituen. Erromatarren azti-apaizak kristautu eta beraien eginkizunak kristau erlijioaren errito eta sinesmenetan barneratu zituzten, hasierako kristautasunean zeuden desberdintasunak areagotuz eta erlijio berdin batetik adar desberdinak sortaraziz. Adar hauetatik aitzineko aztikeri kutsu gehien agertzen duena Katolikoa da eta, baliteke horregatik izatea ere, bere sinesmenarekin ados azaltzen ez zirenak zapaldu egin zituen hurrengo mendearen zehar.

Baina herri sentimenak, oroitzapen, edo eta sineskeriek ez ziran guztiz desagertu. Eraldatuak azaldu harren, bere lehenagoko gurtzak, parekotasuna zuten berriekin bat egin eta bizirik mantendu ziran erlijio berriaren barne. Azti Apaizak beste aztiengandik banandu eta bata bestean aurkariak bihurtu ziran.

Baina historiaren zati hau irabazleen esanak jasotzen ditu bakarrik. Aztiak nekromanteak, Deabruaren gurtzaileak, hots, gizartearen galeraren errudunak izatea leporatu zieten.

Erdi Arotik sorgin-ehizaraino

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Magoen gurtza, El Bosco-ren triptikoa
Erdi Aroan kristautasunak onartzen zituen azti igarle bakarrak Errege Magoak ziran. Irudian El Bosco-ren triptiko batean.

Erdi Aroan, tamalez gaizki ezagutzen dan aroa, Europako margoek denbora ahietako sineskerien irudikapen zehatz bat badira sineskeriez inguratuak bizi ziren. Erdi Aroko europarren unibertsoa dualista baino bipolarra dirudi. Deabruak gauza guziengan eragin nahi du, Jainkoaren froga bat izango bahit litzan. Eta Europako historiaren gertakizunak igarotzen joan ziren neurrian arrazoia ez zitzaiela falta onartu beharko genuke. Izurriteak, izurrite beltza gehienbat, gudak eta goseak Jainkoaren zigorra ziruditen. Jainkoaren haserrearen zergatiari erantzuna emateko elizak bazeukan argudio egokia; Adam eta Evaren bekatuaren ordainean JesuKristoren irakaskuntzak jarraitu behar ziran aiten bekatuak garbitzeko eta honela beste bizian (hil ondoren) zorionekoak izango zirelakoaren itxaropenarekin.[5]

Ikuspegi honetatik, aztiak, natura eraldatzeko edo eta etorkizunaren igarle dauzkaten botereek, Jainkoaren aurkariak zirela agertzen zuten. Edozein gertakizun txar, txikiena ere, kaltegarria bazan beraiei leporatzen zieten eta beraiek ez zirenean beraien menpeko zeuden irelu eta deabruen eginkizuna zela sinesten zuten.

Loew rabbia Golem-ari bizia ematen
Golem-a juduen kabala erabilita Loew rabbia Pragako judutegia babesteko sortu zuela dio XV. mendeko kondaira batek.

Ez da harritzekoa giro horretan sorgin-ehizak haurrera atera izana. Sorginak denak gogoratzen dituzten harren, beraiekin hil zituzten juduak edo eta kristautasunaren aurkariekin batera aztiak zeuden.

Ezaguna den Fausto literatura eta musikari esker famatua bada, XV. mendeko aztitzat zuten jakidun batean oinarritzen da. Nekromantea zela eta deabruarekin patua egiteagatik lortu zituela bere botereak esaten zuten bere denboran. Aztien ezaugarritariko bat hori bahit da, Deabruarekin egindako patua.[6]

Erdi Aroa desagertzen joan zen arabera azti deituriko askok, sendagile, alkimista edo astrologo gisa agintariek onartu zitzan lortu zuten. Alkimistengan interesa beruna urre (metalen transmutazioa) edo eta bizia luzatzeko (hilezkortasuna ere) edari, ukendu edo Harri filosofal miragarria lortzea zen, astrologia bitartean betiko etorkizunaren ezjakinak sortzen dituen kezkei erantzuteko behar zuten. Honela Parazeltso bezalako alkimista edo Nostradamus eta John Dee bezalako astrologi igarleek erregeen babesa izan zuten, nahiz eta azti zirela leporatuak egon.

Europako nekazari gizartean gizotsotan bilakatzen ziren gizakiek ere aztiak ziran edo aztikerien bitartez lortzen zuten eraldaketa hori sineskeriak dioenez.

XVIII. mendetik XX.era aztien altsaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aleister Crowley 1929. urteko argazki batean
Aleister Crowley-en eragina nabarmena izan zen bere denborako elkarte hermeneutikoengan. Kultura anitzeko sineskeri eta sinesmenak bateratuz XX. mendean aztien boterea aldarrikatzea lortu zuen.

Aztienganako sineskeriak ez ziran inoiz ezabatu. Saint Germain-eko konteak harri filosofal hura zeukala esaten zien Luis XVI. gortearen aristokratei. Baina benetako egoera larria zen aztientzat, zientzia arloetan jasandako aurrerakuntzak sinesmenak ikertu eta sineskeri asko usatzen hasi ziren. Geroz eta argiago ikusten zen aztien esanak eta eginkizunak ez zutela eraginik munduan. Zientziak deabruaren boterea ezezteko bidean nahigabe Jainkoaren papera ere zalantzan jarri zuen.

XIX. mendean arrazionalismoa eta espiritismoaren arteko eztabaidek mediumen hildakoekin hitz-egiteko azti sineskeriak baliogabetzeko nahian jendearen zerbaitetan sinetsi beharra agerian utzi zuen. Hortik letozke Aleister Crowley bezalako Golden Dawn eta beste erakunde hermetikoen arrakasta (Rosenkreutz eta beste).

XX. mendeko bi gudate mundialetan aztiek bere rola mantendu zuten iragarle eta magiaren bitartez nazioak babesteko paperetan. Gatazka pasata, XX. mendearen erditik aurrera, legeen aldaketek eta gizartearen aurrerakuntza aztiengan zituzten sineskeriak baztertu egin zituzten oro har. " Le Matin des Magiciens" (Aztien bilakaera), Jacques Bergier eta Louis Pauwels-en liburua , eta Lobsang rampa-ren liburuek (Hirugarren begia, ospetsuenetariko bat), adibidez, beste ikerlari eta jakindunen liburuekin nahastu ziren (Joseph Campbell-en lanak direla medio) azti eta aztikerien oroimena berreskuratuz.

Aztiak beste kulturen barne

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nushagak-o Yupik "gizon.sendagaia"
Nushagak-o Yupik eskimalen "gizon.sendagaia" 1900. urteko argazki batean.

Europatik kanpo aurkitu ditzakegun aztiek beraien gizarteetan garrantzizko papera izanen dute aspaldidanik. Xamanak apartez badira eginkizun bereizitako aztiak, eskimalen eta Amerikako indiarren artean gizon-sendagai izena duen aztia. Bere mozorro eta eginkizun magikoez baliatuz gaixotasuna uxatzeko gai dela sinesten da.

Hegoamerikan herri eta sinesmen ugaritasuna aztiekiko sinesmena ere jasotzen du, herrialde bakoitzaren bereizitasunekin noski. Katolizismoarekin nahastuak agertzen dira maiz baina bere singulartasuna ere ageri dute, aitzinagoko sinesmenen lekuko.

Haitiko vudua Afrikako aztikeri-erlijioak Katolizismoaren ikurrak eta errituak sinkretizatzearen ondorioz sortutako erlijioa da. Afrikako herri desberdineko esklaboak beraiekin eraman zituzten sinesmenak elkartu, nahastu eta Katolikoen erlijio botereak bereganatu zituzten.

Afrikan hegoafrikako sangomak Mande herriko nyamakalaw.ak , Yoruba herriaren ashe-aren inguruko sinesmena, edo Luba eta Yaka herrien sinesmenek xamanismoa baino aztikerietan oinarritzen dituzte beraien sineskeriak.

Australiar aborigenak, Polinesiako herriek eta Asiakoek ere aztien boterea benetakotzat dute eta xamanen pareko eginkizun eta botereak ageri dituzte.

Aztiak Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Argazkian azti afrikarren iragarkiak.
Aztiak edonon topa ditzakegu XXI. mendeko Euskal Herrian. Argazkian azti afrikarren iragarkiak.

Aztiak eta aztikeriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barandiaranek bi azti mota bereizi zituen, Azti igarlea eta Azti magoa.

Azti igarleak ikusezinak diren gauzak ikusteko gai dela dio eta etorkizuna igartzeko ahalmena duela ere esaten du formula eta eginkizun kabalistikoen bitartez.

Azti magoak nahi ditun eginkizunak lortu ditzakeela dio adurrean eragintzen horretarako magia sinpatikoa erabiliaz.

Bi azti mota hauek askotan pertsona berdin batean aurki ditzakegu bateratuak. Aztiak Behaske, Donibane Garazi, Tolosa, Mundaka eta Euskal Herriko beste herrialdetan ere izan direla diote.

Augur-eak, agure agurgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarren garaian ospetsuak ziran augur-eak, hegaztien inguruko gauzetan oinarritutako ikerketen bitartez etorkizuna igartzeko gai ziren azti-igarleak. Aitzinean zoriak eta txoriak berdin esaten zirenean "zorionak" bezalako hitzak errazago ulertzen ziren. Aztorearen hegaldietan igarleek etorkizuna "aztondatu" egiten zuten, hau da, etorkizuna bilatzen zuten.[7] Hola nola gure helduei agure deitzen diegu eta euskaldunok agurgarri bihurtu ginen.

Ur-aztiak ere badaude, Mattin Treku (1816-1981†) Lapurdiko idazle eta bertsolaria, bere emaztearen esanetan, arrakasta izaten zuen hurritzaren bidez ura bilatzerakoan.

Ur-aztiak aitzineko gauza direla Leiren aurkitutako erromatar inskripzio bat baieztatzen du. Quintus Licinius Uscus "aquilegus" Varaiensis, Varaiako bizilagun honek inskripzioak dioen arabera Ur-azti bat zen, hauetako aztiak ugariak ez bazian ere beharrezkoak zituzten obra publikoetan ikusten danez.[8]

Sarako eguraldi igarle diren esaldi eta beste aholku batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Izar-buztandu bat (berez kometa bat) ikusten zutenean guda baten iragarlea zela zioten.
  • Bolido bat zerua hegoalderantz zeharkatzen zuenean ego haizea altxako zela zioten.
  • Iluntzeko odei gorriak egoenak die.
  • Ardiak larrasten dutelaik, denbora tzarra inen duela erraten da.
  • Behorrak menditik behera laguntzarik gabe badatoz eguraldi txarra dator.
  • Oilarrak arratsean ikirikika hasten bada eguraldia aldatu eta laino izango dela esan nahi du.
  • Tximiniatik behera kedarra sutondoan erortzen bada euria egingo dun seinale.
  • Ilargiak adarrak bilduak ba-ditu, denbora ona inen du.
  • Ilargiak adarrak xabal ba-ditu, uria inen du.
  • Euri tantak putzu batean erortzean burbuila handiak egiten baditu euria areagotu egingo da.
  • Ortzadarra euria edo haizea igartzen du.
  • Ekaitza dagoenean leihotik ur bedeinkatua bota, sutondoan erramu bedeinkatua erre, argizaiola bedeinkatu bat piztu eta igitaia bat makil batean lotu eta etxetik gertu jartzen bada tximistatik salbu egongo zera.
  • Ekaitza batean zeinatzen bazara edo eskuan elorri zuri arantza bat izatekotan ez dizu tximistarik joko.
  • Erramu bedeinkatu baten hosto bat edo elorri zuri baten arantza gainean daramanak tximistatik babestuta dago.
  • Erramua bi aldiz ereiten den udara datorren negu gogor baten seinale.
  • Goiz-gorri, aatsuri
  • Goiz-gorri, aats aixe edo uri
  • Iluntzeko lano gorriak, egua
  • Mayatza pardo, Eriaroa klaro
  • Asteleneko uria, aste guziko uria
  • Kandelairuz otz, negua motz: Kandelairuz bero, negua gero.

Hauekin batera Sarako beste esaera batzuk Barandiaranek ere jasoak badauzka eta denak eguraldiaren gorabeherak igartzeko zuzenduak daude, nekazaritza eta abeltzaintzaren garrantziaren lekuko.[9]

Ur-Aztia lanean alemaniar grabatu batean
Ur-Aztiak uraz aparte beste gauzak aurkitzeko gai direla sinesten da.

Belagileak ere aztitzat zituzten, emakume nahiz eta gizonak ere izan zintezkeelako, belar egile bezala itzultzen dutenak egon harren Kandela (gazteleraz vela) egileak ere izan zintezkeen. Hau da, senda belar eta pozoiak egiteaz aparte argizariaren eginiko irudien bitartez gaixotasunak eta zoritxarra hazteko ahalmena izango lukete.

Azti famatua pare bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian ospea izan zutenen artean Bargotako Joanes eta Errezabalgo aztia aurkitu ditzakegu, eta aztia ez izan harren Axular ere talde honetan sartu genezake. Gizotsoen inguruko sinesmenak ere hedatuak zeudela suposatu dezakegu, artzainen artean behintzat, baino horren lekuko gutxi mantendu ziran etnografoek Euskal Herriko elezaharrak jaso zutenerako.

Azti ospetsuak kulturan barne

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oz-eko aztiaren liburuaren azala
Literaturan hedatutako aztiek zinean aurkitu dute irudikapena. Irudian Oz-eko aztiaren liburuaren azala.

Ohizkoa den bezala gizarte kulturak bereganatu egin ditu urteen zehar literatura eta beste modu batzuetan aztien

oroimena. Azti ospetsu asko badago ere gizarte kulturan hauek dira aipagarrienetariko batzuk:

  • Merlin, Arturo erregearen zikloetan agertzen den aztia, berez zeltiarren kondairetatik aterata dagoena.
  • Gandalf, Eraztunen jauna-ren liburuan agertzen den azti zuria
  • Saruman, Eraztunen jauna-ren liburuan agertzen den azti beltza
  • Oz-eko aztia, Filmak ospetsu egin zuen liburuan oinarritutako pertsonaia
  • Harry Potter, azti gazte honek arrakasta izan zuen gazteentzako liburuetan

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Azti». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-06-05.)
  2. (Gaztelaniaz) Sklemar, Karel. (2001). La vida en la prehistoria. Susaeta, 90-105 or..
  3. Acts of the Holy Apostles Peter and Paul[Betiko hautsitako esteka]
  4. Cyril of Jerusalem, Catechetical Lectures, vi. 15[Betiko hautsitako esteka].
  5. (Gaztelaniaz) Bosing, Walter. (1989). El Bosco. Benedikt Taschen ISBN 3-8228-0214-X..
  6. (Ingelesez) Lehner, Ernst eta Johanna. (1971). Picture Book of Devils, Demons and Witchcraft. Dover, 29 or. ISBN 0-486-22751-0..
  7. (Gaztelaniaz) Estornés Lasa, Bernardo. (1967). Origenes de los Vascos, Tomo II, Romanización, Testimonio y origenes de la lengua vasca. Auñamendi, 122-123 or. ISBN Depósito Legal S.S. 1325-1959..
  8. (Gaztelaniaz) Estornés Lasa, Bernardo. (1967). Origenes de los Vascos, Tomo II, Romanización, Testimonio y origenes de la lengua vasca. Auñamendi ISBN Depósito Legal S.S. 942-1960..
  9. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitologia del Pueblo Vasco. Ostoa, 298-300 or. ISBN 84-88960-16-6..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]