[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Leo Minor

Wikipedia, Entziklopedia askea
Leo Minor (konstelazioa)» orritik birbideratua)
Leo Minor 
Behaketa
AurkitzaileaJohannes Hevelius
Aurkikuntza-data1687
Ezaugarri fisikoak
Azalera232 °²

Leo Minor[1] zeruko ipar hemisferioko konstelazio bat da. Latinez "Lehoi Txiki" esan nahi du[1], eta kontrajartzen da Leo konstelazioarekin. Hartz Handia du bere iparraldean eta Leo hegoaldean. Astronomo klasikoek ez zuten konstelazio bereizirik egiten bertan, baina Johannes Heveliusek bereizi eta mugatu zuen 1687an[2].

Konstelazioan 6,5 itxurazko magnitudea baino distiratsuago diren 37 izar daude; hiru 4,5 magnitudea baino distiratsuagoak dira. 46 Leonis Minoris, 3,8 magnitudeko erraldoi laranja, Lurretik 95 argi-urtera dago. 4,4ko magnitudearekin, Beta Leonis Minoris da bigarren izar distiratsuena eta konstelazioko bakarra Bayer izendapenarekin. Izar bitar bat da, osagai distiratsuena erraldoi laranja bat duena, eta ahulena sekuentzia nagusiko izar zuri horixka bat. Hirugarren izar distiratsuena 21 Leonis Minoris da, sekuentzia nagusiko izar zuri bat, azkar biratzen dena eta batez besteko magnitudea 4,5ekoa duena. Konstelazioak, halaber, sistema planetarioak dituzten bi izar, elkarrekintzan dauden bi galaxia pare eta zeru sakoneko objektu bitxia den Hanny Objektua du.

Arato eta Ptolomeo astronomo klasikoek ez zuten ezaugarri nabarmenik ikusi Leo Minor dagoen eremuan, eta eskualde ez-definitu bezala aipatzen zuten; Ptolomeok esan zuen inguruko izarrak amorphōtoi zirela (ez zirela konstelazioaren parte) Leo konstelazioaren baitan[3].

Johannes Heveliusek Leo Minor deskribatu zuen 1687an, Firmamentum Sobiescianum izar atlasean hamar konstelazio berri deskribatu zituenean[4], eta bere 18 objektu gehitu zituen berarekin batera doan Catalogus Stellarum Fixarumean. Heveliusek Leo Minor edo Leo Junior ezarri zituen, Lehoia eta Hartz Handia bere auzokide animaliekin lerrokatuko zen irudi gisa[5]. 1845ean, Francis Baily astronomo ingelesak Heveliusen konstelazio berrien katalogoa berrikusi zuen, eta 4.5 itxurazko magnitudea baino izar distiratsuagoei Bayerren izendapen izenez ezagutzen den greziar letra bat esleitu zien. Richard A. Proctorrek Leaena «Lehoi Emea» izena eman zion konstelazioari 1870ean, konstelazio izenak laburtu nahi zituela azalduz, zeruko kartetan erabilgarriago egiteko[6].

Christian Ludwid Ideler alemaniar astronomoak proposatu zuen Leo Minor osatzen duten izarrak Al Thibā' wa-Aulāduhā izena zuela arabieraz, "Gazela eta bere Kumea", XIII. mendeko arabierazko izar-gida batean, Stefano Borgiak jasota eta Velletriko museoan gordea[7]. Friedrich Wilhelm Lach arabistak dio akaso ez dela horrela, eta Al Haud ("Putzua") izan zitekeela, eta Gazelak beratara egiten zuela salto. Txinatar astronomian Beta, 30, 37 eta 46 izarrek Neiping asterismoa osatzen zuten, "Gorteko Epailea" edo Shi, "Gorteko Eunukoa". Batzuetan inguruko izarrekin batzen ziren zeruko dragoi handiago bat egiteko. Lau izarrez osatutako lerro bat Shaowei deitzen zitzaion, lau aholkulari inperial izendatzeko erabiltzen zena[8].

Leo Minor, begi hutsez baldintza onetan ia ikusi ere egiten ez diren izar distiratsuagoz osatutako triangelua duen zeruko eremu iluna, «identitate propioaren zalantzazko pretentsioak» dituen konstelazio gisa deskribatu du Patrick Moorek[9]. Konstelazio txiki bat da, iparraldean Hartz Nagusiarekin egiten du muga, mendebaldean Lynxekin, hegoaldean Leorekin eta hego-mendebaldean Cancerren erpin batekin. Konstelazioaren hiru letren laburdura, Nazioarteko Astronomia Batasunak 1922an onartua, «LMi» da[10]. Konstelazioaren muga ofizialak Eugène Delporte astronomo belgikarrak ezarri zituen 1930ean, eta 16 aldeko poligono batek zehazten ditu. Ekuatore-koordenatuen sisteman, muga horien igoera zuzeneko koordenatuak 9h 22.4m eta 11h 06.5m artean daude, eta deklinazio-koordenatuak, berriz, 22,84º-tik 41,43º-ra. Tamainaz, 88 konstelazioen artean 64. handiena da, Leo Minorrek 232,0 gradu koadroko azalera hartzen du, edo zeruaren %0,562[11]. Otsailaren 24ko gauerdian eta maiatzaren 24ko 21:00etan kulminatzen du[12].

Elementu nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leo Minor begi hutsez ikusia.

4,5 baino magnitude handiagoa duten hiru izar baino ez daude konstelazioan, eta 6,5 baino magnitude handiagoa duten 37 izar. Leo Minorrek ez du Alfa izeneko izarrik, Bailyk hanka sartu zuelako eta izar bakarrari, Betari, letra greko bat eman ziolako. Ez dago argi 46 Leonis Minorisi Bayer izendapena eman nahi ote zien, bere katalogoan Beta eta 46 Leonis Minoris distira egokikoak zirela aitortzen baitzuen. Frogak berrikusi baino lehen hil zen, eta horrek azal lezake izar horren omisioa.

3,8ko magnitudearekin, Leo Minorreko izarrik distiratsuena 46 Leonis Minoris edo Praecipua[13] izeneko K0III espektro klaseko erraldoi laranja bat da[14]; prismatikoekin behatzen denean nabaria da bere kolorea. Lurretik 95 argi-urtera dago, eta Eguzkiarena baino 32 aldiz distiratsueagoa eta 8,5 aldiz handiagoa da. Johann Elert Bodek o Leonis Minoris bezala ere katalogatu eta bataiatu zuen, eta hori Omicron Leonis Minoris bezala interpretatu da oker. Praecipua izen propioarekin nahasmen handiagoa sortu zen, dirudienez Giuseppe Piazziren 1814ko Palermoko Katalogoan 37 Leonis Minorisi aplikatu baitzitzaion jatorriz, eta azken izar hori, oker, distiratsuena bezala ebaluatu zuen. Ondoren, Allenek 46 Leonis Minorisekin lotu zuen izen hori, ondorengo astronomoek betikotutako akatsa. Jatorrizko «Praecipua», 37 Leonis Minoris, 4,69ko itxurazko magnitudea du, baina G2.5IIa espektro motako supererraldoi hori urrun bat da, eta -1,84ko magnitude absolutua du, baina 578 argi-urtera dago[15].

Beta Leonis Minoris izar bitar sistema bat da. Izar nagusia G9III espektro-motako erraldoia da[16], eta 4,4ko itxurazko magnitudea du. Eguzkia biano 7,8 aldiz handiagoa, masa bikoitzekoa eta 36 aldiz distiratsuagoa da. 0,1 eta 0,6 arkusegundorengatik bereizita, bigarren izarra sekuentzia nagusiko F8 izar zuri-horixka bat da. Biek 38,62 urteko orbita dute euren grabitate zentroaren inguruan[17], eta Eguzki-sistematik 154 argi-urtera daude[18].

98 argi-urtera dagoen 21 Leonis Minoris azkar biratzen duen sekuentzia-nagusiko izar txuri bat da, Eguzkia baino 10 aldiz distiratsuagoa. Bere ardatzeren inguruan 12 orduan behin egiten du bira bat, eta ziurrenik forma luzatua du, mugimendu azkar horren ondorioz[19]. Itxurazko magnitudea 4,5 da, eta mota-espetrala A7V. Delta Scuti aldakor bat da[20]. Izar mota hauek kandela estandar gisa erabiltzen dira, euren pultsazio maiztasun handiagatik (gehienez ere 6 ordukoa), eta astrosismologian oso ikertuak dira[21].

SU eta SV Leonis Minoris bezala ere ezagunak, 10[22] eta 11 Leonis Minoris[23] G8III espektro motako erraldoi horiak dira, 4,54 eta 5,34ko batez besteko magnitudeekin, hurrenez hurren. Biak dira RS Canum Venaticorum aldakorrak, 10 Leonis Minoris 0,012 magnitudeetan aldatuz 40,4 egunetan zehar, eta 11 Leonis Minoris 0,033 magnitudeetan aldatuz 18 egunetan zehar[24]. 11 Leonis Minoris-ek M5V espektro motako eta 13,0 itxurazko magnitudeko kide nano gorri bat du[25]. 20 Leonis Minoris Eguzkitik 49 argi-urtera (15 parsecs) dagoen izar-sistema anizkoitza da. Izar nagusia beste izar hori bat da, oraingoan G3Va espektro motako nano bat eta 5,4ko itxurazko magnitudea duena. M5V motako izar zahar eta aktibo bat da bere kidea, eta 13,0ko itxurazko magnitudea du[26]. Laguna nano gorri zahar eta aktibo bat da, metalikotasun nahiko altua du eta M6.5 espektro motakoa da. Izar sekundarioa espero baino distiratsuagoa izateak adierazten du, ziurrenik, oso hurbil dauden bi izar direla, eta ezin direla bereizi gaur egungo behaketa-teknologiarekin[27].

R eta S Leonis Minoris aldi luzeko Mira aldakorrak dira, eta U Leonis Minoris, berriz, aldakor erdi-irregularra; hirurak dira M6.5e-M9.0e[28], M5e[29] eta M6[30] espektro motetako erraldoi gorriak, hurrenez hurren. R 6,3 eta 13,2 magnitudeen artean aldatzen da 372 egunez; S 8,6 eta 13,9 magnitudeen artean aldatzen da 234 egunez, eta U 10,0 eta 13,3 magnitudeen artean aldatzen da 272 egunez. Izar distiratsuen faltaren ondorioz, objektu horiek topatzea erronka bat da astronomo amateurrentzat. G 117-B15A, RY Leonis Minoris bezala ere ezaguna, 15,5 itxurazko magnitudeko nano zuri pultsatzaile bat da[31]. Gutxi gorabehera 215 segundoko periodoarekin, eta 8,9 milioi urtean segundo bat galduz, 400 milioi urteko izar hori proposatu dute zeruko erloju egonkorrena izateko[32]

SX Leonis Minoris noba nano bat da, SU Ursae Majoris motakoa, 1994an lehen aldiz identifikatua[33]. Nano zuri bat eta izar-donatzaile bat da, bere inguruan 97 minutuan behin biratzen duena. Nano zuriak beste izarraren materia xurgatzen du eta akrezio disko bat du bere inguruan, 6000 eta 10000 K artean berotzen dena. Nano zuria 34-64 egunean behin lehertzen da, eta 13,4mo magnitudera iristen da kasu horietan, baina 16,8koa du besteetan[34]. Leo Minorren beste noba nano bat dago, RZ Leonis Minoris, 14,2 arte pizten dena bere oinarrizko 17tik, baina maiztasun handiagoz egin ohi du[35].

Sistema planetarioak dituzten bi izar aurkitu dira. HD 87883 nano laranja bat da, 7,57ko magnitudearekin eta K0V espektro-motakoa, Lurretik 18 parsecetara. Eguzkia baino hiru aldiz txikiagoa da, eta bere distiraren herena du. Bere inguruan Jupiterren masa baino 1,78 aldiz handiagoa den planeta bat du, 7,9 urtean behin biratzen duena, eta akaso beste planeta txikiago batzuk[36]. Hd 82886 G0 motako nano hori bat da, 7,63ko itxurazko magnitudea duena[37]. Jupiterren masa baino 1,3 aldiz handiagoa den izar batek 705 egunean behin egiten du orbita bat[38].

Zeru-sakoneko objektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
NGC 3021, 100 bat milioi urtera dagoena.

Zeru sakoneko objektuei dagokienez, amateur teleskopio batekin beha daitezkeen galaxia asko ditu ikusgai. 38 Leonis Minoris-etik 3 gradu hego-ekialdera, NGC 3432 ia alboz ikusten da. 11,7ko itxurazko magnitudea du, eta 6,8 bider 1,4 arku-minutu neurtzen du. 42 milioi argi-urtera dago, eta segundoko 616 km-ko abiaduran urruntzen da eguzki-sistematik. 2000. urtean, galaxiako izar batek 17,4ko magnitudea hartu zuen, eta, ordutik, zehaztu dute izar aldakor urdin distiratsu bat eta supernoba iruzurti bat dela[39]. Marea-filamentuak eta izar-eraketa bizia ditu, eta, horregatik, Halton Arpen Galaxia Berezien Atlasean sartu zuten[40]. NGC 3003, SBbc galaxia espiral barraduna, 12,3ko itxurazko magnitudearekin eta 5,8 arkuminutuko tamaina angeluarrarekin, ia kantuz ikusten da[41]. NGC 3344, 25 milioi argi urtera, Lurrera begira dago. 7,1 eta 6,5 minutu artean neurtzen du, eta 10,45eko itxurazko magnitudea du[42]. NGC 3504 galaxia barradun espiral bat da, 11,67 itxurazko magnitudeko starburst galaxia bat da, 2,1 x 2,7 minutuko tamaina duena[43]. Supernobak izan ditu 1998an[44] eta 2001ean[45]. Galaxia hori eta NGC 3486 galaxia espirala ere ia Lurrera begira daude; azken horrek 11,05eko magnitudea du, eta 7,1 bider 5,2 minutu neurtzen du[46]. NGC 2859 SB0 motako galaxia lentikularra da.

Gutxienez bi galaxia pare ikusi dira elkarrekintzan. Arp 107 elkartze prozesuan dagoen galaxia bikotea da, 450 milioi argi urtera dagoena[47]. NGC 3395 eta NGC 3396 galaxia espiral bat eta galaxia espiral irregular barratu bat dira, hurrenez hurren, eta elkarri eragiten ari dira, 46 Leonis Minorisetik 1,33 gradu hego-mendebaldera.

Hanny Objektua zeru sakoneko objektu bitxia 2007an aurkitu zuen Hanny van Arkel irakasle holandarrak Leo Minorren, Galaxy Zoo proiektuan boluntario gisa parte hartzen zuen bitartean. IC 2497 galaxia espiraletik gertu dago, 650 milioi argi urtera, eta Esne Bidearen tamaina bera du, gutxi gorabehera[48]. 16.000 argi-urteko zabalera duen zuloa du[49]. Dirudienez, objektuan kuasar inaktibo baten argiaren ikusizko oihartzuna da, duela 200.000 urtekoa[50].

Dick McCloskeyk eta Annette Posenek 1959an aurkitua, Leonis Minoridak urriaren 18 eta 29 artean dute euren momentu gorena. Izar-ozarren jatorria C/1739 K1 kometan dagoela ematen du. Ipar Hemisferioan soilik ikus daiteke, eta ez da izar-ozarren gertakari garrantzitsua izaten[51].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Konstelazioak (88 konstelazio ofizialak)» 173. Astroen izenak. Euskaltzaindia, 20 or..
  2. Ridpath, Ian; Tirion, Wil; Ridpath, Ian. (2001). Stars and planets. (3rd ed. argitaraldia) Princeton University Press ISBN 978-0-691-08912-6. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  3. Richard Hinckley Allen. (1963). Star names. Dover Publications ISBN 978-0-486-21079-7. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  4. «Ian Ridpath’s Star Tales» www.ianridpath.com (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  5. Wagman, Morton. (2003). Lost stars: lost, missing, and troublesome stars from the catalogues of Johannes Bayer, Nicholas-Louis de Lacaille, John Flamsteed, and sundry others. (1. printing. argitaraldia) McDonald & Woodward Publ. Co ISBN 978-0-939923-78-6. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  6. (Ingelesez) Proctor, Richard Anthony. (1870). A Star Atlas for the Library, the School and the Observatory...: In Twelve Circular Maps, with Two Index Plates. With a Letterpress Introd. on the Study of the Stars. Longmans, Green (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  7. Richard Hinckley Allen. (1963). Star names. Dover Publications ISBN 978-0-486-21079-7. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  8. «Star Tales – Leo Minor» www.ianridpath.com (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  9. Moore, Patrick. (2000). Exploring the night sky with binoculars. (4th ed. argitaraldia) Cambridge University Press ISBN 978-0-521-79053-6. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  10. Russell, Henry Norris. (1922-10-01). «The New International Symbols for the Constellations» Popular Astronomy 30: 469. ISSN 0197-7482. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  11. «The Constellations 2» www.ianridpath.com (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  12. «Account Suspended» www.southastrodel.com (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  13. «46 LMi» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  14. «Praecipua» stars.astro.illinois.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  15. «37 LMi» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  16. Keenan, Philip C.; McNeil, Raymond C.. (1989-10-01). «The Perkins Catalog of Revised MK Types for the Cooler Stars» The Astrophysical Journal Supplement Series 71: 245.  doi:10.1086/191373. ISSN 0067-0049. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  17. «Beta LMi» stars.astro.illinois.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  18. «bet lmi» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  19. «21 Leonis Minoris» stars.astro.illinois.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  20. «21 Leonis Minoris» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  21. «Delta Scuti and the Delta Scuti variables | aavso» www.aavso.org (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  22. «10 LMi» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  23. «SIMBAD query result» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  24. (Ingelesez) Skiff, B. A.; Lockwood, G. W.. (1986-03-01). «THE PHOTOMETRIC VARIABILITY OF SOLAR-TYPE STARS. V. THE STANDARD STARS10 AND 11 LEONIS MINORIS.» Publications of the Astronomical Society of the Pacific 98 (601): 338.  doi:10.1086/131763. ISSN 1538-3873. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  25. «SIMBAD query result» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  26. «20 Leonis Minoris» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  27. Gizis, J. E.; Monet, D. G.; Reid, I. N.; Kirkpatrick, J. D.; Burgasser, A. J.. (2000-01-15). «Two nearby M dwarf binaries from the Two Micron All Sky Survey» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society 311 (2): 385–388.  doi:10.1046/j.1365-8711.2000.03060.x. ISSN 0035-8711. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  28. «R Leonis Minoris» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  29. «S Lmi» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  30. «U Lmi» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  31. «G117-B15A» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  32. Kepler, S. O.; Mukadam, Anjum; Winget, D. E.; Nather, R. E.; Metcalfe, T. S.; Reed, M. D.; Kawaler, S. D.; Bradley, Paul A.. (2000-05-10). «Evolutionary Timescale of the Pulsating White Dwarf G117-B15A: The Most Stable Optical Clock Known» The Astrophysical Journal 534 (2): L185–L188.  doi:10.1086/312664. ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  33. (Ingelesez) Nogami, D.; Masuda, S.; Kato, T.. (1997-10-01). «THE 1994 SUPEROUTBURST OF THE NEW SU UMA-TYPE DWARF NOVA, SX LEONIS MINORIS» Publications of the Astronomical Society of the Pacific 109 (740): 1114.  doi:10.1086/133983. ISSN 1538-3873. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  34. Wagner, R. Mark; Thorstensen, John R.; Honeycutt, R. K.; Howell, S. B.; Kaitchuck, R. H.; Kreidl, T. J.; Robertson, J. W.; Sion, E. M. et al.. (1998-02-01). «A Photometric and Spectroscopic Study of the Cataclysmic Variable SX Leonis Minoris in Quiescence and Superoutburst» The Astronomical Journal 115: 787–800.  doi:10.1086/300201. ISSN 0004-6256. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  35. Robertson, J. W.; Honeycutt, R. K.; Turner, G. W.. (1995-05-01). «RZ Leonis Minoris, PG 0943+521, and V1159 Orionis: Three Cataclysmic Variables with Similar and Unusual Outburst Behavior» Publications of the Astronomical Society of the Pacific 107: 443.  doi:10.1086/133572. ISSN 0004-6280. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  36. Fischer, Debra; Driscoll, Peter; Isaacson, Howard; Giguere, Matt; Marcy, Geoffrey W.; Valenti, Jeff; Wright, Jason T.; Henry, Gregory W. et al.. (2009-10-01). «Five Planets and an Independent Confirmation of HD 196885Ab from Lick Observatory» The Astrophysical Journal 703: 1545–1556.  doi:10.1088/0004-637X/703/2/1545. ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  37. «HD 82886» simbad.u-strasbg.fr (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  38. (Ingelesez) Martin, Pierre-Yves. (2012). «Planet HD 82886 b» exoplanet.eu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  39. O'Meara, Stephen James. (2011). The secret deep. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-19876-9. PMC 667609096. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  40. «ARP Atlas of Peculiar Galaxies» ned.ipac.caltech.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  41. «Your NED Search Results» ned.ipac.caltech.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  42. «Galaxy in a spin | ESA/Hubble» web.archive.org 2017-11-13 (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  43. «Your NED Search Results» ned.ipac.caltech.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  44. Garnavich, P.. (1998-05-01). «Supernova 1998cf in NGC 3504» International Astronomical Union Circular 6914: 1. ISSN 0081-0304. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  45. Matheson, T.; Jha, S.; Challis, P.; Kirshner, R.; Calkins, M.. (2001-03-01). «Supernova 2001ac in NGC 3504» International Astronomical Union Circular 7597: 3. ISSN 0081-0304. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  46. «Your NED Search Results» ned.ipac.caltech.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  47. «Interacting Galaxy Pair Arp 107» www.spitzer.caltech.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  48. «Hubble Zooms in on a Space Oddity | Press Releases | ESA/Hubble» web.archive.org 2012-06-28 (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  49. (Ingelesez) Leo Minor. 2024-09-02 (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  50. (Ingelesez) Teacher finds new cosmic object. 2008-08-05 (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
  51. Meteor Shower Calendar | IMO | Page 2012. (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]