Onigiri
Onigiri | |
---|---|
japoniar arroz plater, arroz bola eta esku janari | |
Materialak | arroza Noria |
Osagaiak | arroza, Noria eta Oryza |
Historia | |
Jatorria | Japonia |
Sorrera-data | XI. mendea |
Onigiri (お握り edo 御握り), batzuetan omusubi (お結び) edo nigirimeshi (握り飯), japoniar jaki bat da, arroz zuriz egina, itxura hiruki edo zilindrikoa duena eta maiz nori orri batekin bildua. Barrubetea izan ohi da, normalean aran ozpinki batekin (umeboshi), baina halaber beste hainbat osagairekin: izokin gazitua, katsuobushi, kombu, tarako, mentaiko, takanazuke (takana ozpindua, ziape gorri erraldoiaren garak) edo beste edozein marinaturekin. Japoniako janari denda gehienek hainbat betegarri eta zaporerekin saltzen dituzte. Are gehiago, badira denda espezializatuak, eramateko onigiri baino saltzen ez dutenak. Japonian, ohitura hau oso ohikoa denez, onigiria oinarrizko elikagai bihurtu da eta mundu osoko japoniar jatetxeetara hedatu.
Ez dira onigiriak eta nigirisushiak nahastu behar: onigiria arroz hutsarekin egiten da (batzuetan gatz apur batekin), eta sushia, berriz, ozpindun arrozarekin, azukre eta gatzarekin[1]. Onigiria, arroza eramangarria eta jateko errazagoa izateko asmatu zen; sushia, berriz, arraina kontserbatzeko modu bezala.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zotzen erabilera orokortu aurretik, Nara Aroan, arrozarekin bolatxo batean egiten zen maiz, erraz eraman ahal izateko. Heian Aroan, arroza laukizuzen txikitan egiten zen, tonjiki izenekoak, plateretan pilatu eta erraz jan ahal izateko. Une horretan, onigirik tonjiki deitzen ziren eta, sarritan, aire zabaleko piknik-bazkarietan jaten ziren. XI. mendeko Murasaki Shikiburen egunkarian, tonjiki arroz-bolak jaten dituzten jendea ageri da[2]. XVII. mendeko beste idazki batzuen arabera, samurai askok banbu zorroetan bildutako arroz-bolak gordetzen zituzten gerra garaian otordu lasterrak egiteko.
Kamakura Arotik Edo Aroaren hasiera arte, onigiria otordu lastertzat hartzen zen, sukaldariek janaria prestatu bai baina ez baitzuten zerbitzatzen. Onigiri horiek arroz-bola gaziak besterik ez ziren. Nori orriekin biltzea ez zen hedatu Edo Aro erdialdeko Genroku arora arte, nori algen landatzea eta orri bihurtzea orokortu zen arte.
Betegarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Normalean, aurre-ondutako arrozarekin egina dagoen onigiria, ez da barrubetetzen. Arroz hutsezkoari (gatzarekin bakarrik) shio-musubi deitzen zaio.
Umeboshi, okaka eta tsukudani denbora luzez erabili izan dira onigiriko betegarri. Hauek dira betegarri ohikoenak:
- saltsadunak: atuna maionesarekin (シーチキン), izkirak maionesarekin, negitoro (ネギトロ), etab.
- arrain lehorra: berdel erre eta birrindua (鯖), japoniar txitxarroa (鰺), etab.
- kakuni: dongpo txerrikia
- jaki lehortuak: katsuobushi, etab.
- arrabak: mentaiko (明太子), tarako (たらこ), tobiko (とびこ), etab.
- shiokara: txipiroiak, shuto, etab.
- Tsukudani: nori, Hypoptychus dybowskii (小女子), Venerupis philippinarum (浅蜊), etc.
- ozpinetako fruitu eta barazkiak: umeboshi, takana, nozawana, etab.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Murata, Yoshihiro; Kuma, Masashi; Adrià, Ferran. (2006). Kaiseki: the exquisite cuisine of Kyoto's Kikunoi Restaurant. , 162 or. ISBN 4-7700-3022-3. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-01-24) (Noiz kontsultatua: 2020-10-16).
- ↑ (Japonieraz) Ikeda, Kikan. (1958). Koten Bungaku Taikei 19: Makura no Sōshi, Murasaki Shikibu Nikki. Tōkyō, 455 or. ISBN 4-00-060019-2..