[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Maliko Inperioa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Maliko Inperioa
Manden Kurufa
1230 aldean – 1600 aldean
Monarkia
Maliko inperioaren hedadura 1350 aldean
Geografia
HiriburuaNiani, geroago Ka-ba
Azalera1.138.000 km² 1350 aldean km²
Ekonomia
Diruaurrea, gatza eta kobrea
Kultura
Hizkuntza(k)Mandinga
ErlijioaErlijio tradizionalak, islam
Historia
Aurrekoa
Ghanako Inperioa
Ondorengoak
Songhai Inperioa
Uolof Inperioa
Kaabu

Maliko Inperioa[1] edo Manden Kurufaba[2] (1230 aldean - 1600 aldean) Mendebaldeko Afrikako inperioa izan zen, Mandinga herriak eratutakoa eta gune nagusia Bamako inguruan zuena. Oso hedadura handia izan zuen (1.138.000 km² 1350 aldera, gaur egungo Mali, Mauritania, Senegal, Ganbia eta Gineako lurrak hartuz), eta mendeko erresuma eta probintziez osaturik zegoen. Sundiata Keïtak XIII. mendean sortutako inperio honi, bere agintarien aberastasunak eman zion ospea, eta, batez ere Mansa Musa I.arenak. Maliko Inperioak eragin handia izan zuen Mendebaldeko Afrikako kulturan, bere hizkuntza, legeak eta ohiturak Niger ibaian barrena zabaldu baitziren.

Maliko inperioa bertako biztanleek Manden izendatzen zuten eremu baten inguruan hazi zen, mandingak (Mandengo jendea esan nahi du, hitzez hitz), gaur egungo Gineako iparraldearen gehiena eta hegoaldeko Mali hartzen zuena. Inperioa, hasiera batean, tribu mandingek Manden Kurufa (literalki, Mandengo Federazioa) deitu zuten federazioa sortu zen, baina, geroago, inperio bihurtu zen Afrikan, imajina zitekeen talde etniko ia guztietako 50 milioi pertsona gobernatuz.

Mali inperio izenaren etimologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maliko inperioaren izenaren jatorria konplexua eta oraindik eztabaidatua da; hala ere, eskualdeko lexikoan sartzeko prozesua ez da hala: Mandenen inguruko talde etniko ugarien eta askotarikoen artean, Macinan, Tekrurren eta Fouta Djallonen fula[3] hizkuntza hitz egiten zuten. Fula hizkuntzaz, mandinga eta Manden malinke eta Mali ahoskatzen ziren. Mandingak, oro har, beren lurrari eta kapitalari buruz ari zirenean, Manden esaten zuten, baina mendebaldeko mugetan (Tekrur), hegoaldekoan (Fouta Djallon) eta ekialdekoan (Macina) bizi ziren fulani erdi nomadek Mali izena zabaldu zuten erresuma horretarako, gero, Erdi Aroan, inperioa izango zena.

Mali aurreinperiala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barne biltzen du: lurraldearen historia eta ondoren Maliko Inperioa osatuko zuten jendea eta agintariak. Gutxi gorabehera, X. mendearen hasieratik XIII. mendearen erdialdera doan garai historikoa hartzen du. Eragin geografikoa gaur egungo Mali, Mauritania eta Senegal zen. Iturri idatzietan, aipamen zatikatu gutxi batzuk baino ez dira Mali aurreinperialari buruz. Iturririk zaharrena, Al-Bakriren mendebaldeko Sudani buruzko kontakizunetik dator, 1068an idatzia. Atal honetan, bi herrialde aipatzen ditu: Daw eta Malal, Niger ibaitik eta urrezko meatzeetatik hurbil. Inguru hori, seguruenik, Maliko Inperioaren muina izango litzateke geroago. Al-Bakrik deskribatu zuen nola erresumako izenik gabeko gobernaria islama bihurtu zen merkatari bati esker, lehorte bat bukatutzat eman zuen euri-ekaitz miragarri bat ikusi ondoren. Gertaera hori, gutxienez, 1068. urteko belaunaldi bat baino lehenago gertatu zen, gobernariaren ondorengoek eta haren nobleek islamari eutsi ziotela esaten baitu Al-Bakrik, nahiz eta jende arrunta ez zen bihurtu. Egipton bizi zen Ibn Khaldunek, Afrika iparraldeko historialariak, Shaykh Uthman elkarrizketatu zuen, Ghanako faqih zena. Uthmanek pasatutako erreinuei buruzko informazioa eman zion, bere garaiko ahozko tradiziotik abiatuta (1394), eta lehen errege musulmanaren izena eman zion, Barmandana. Al-Idrisik 1154ko kontakizunean dioenez, Daw eta Malal hiriak lau bidaia egunera zeuden, eta Nilo ibaiak lotzen duen ibaiaren haran batean zeuden (Niger esan nahi zuen). Malal hiri txiki gisa deskribatzen zuen, inguruko hormarik gabeko hiribildu handi batekin eta lur gorridun muino harrigarri baten eraikia.

Kangabako probintzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wagaduren goraldian, Mandinga herrialdea haren probintzietako bat bihurtu zen, zeinari izena bere hiriburuak ematen zion, Ka-ba edo Kangaba, eta erregeek Ghanaren izenean gobernatzen zuten bertatik.

Hamabi erresumak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Berberea.

Wagaduk Maliko inperioan zuen kontrola almorabideekin (Afrika iparraldeko musulman berberear fanatikoekin) izandako 14 urteko gerraren ondoren amaitu zen. Abu Bakr almorabidetar jeneralak, 1076an, Kumbi Saleh (Wagaduko hiriburua) konkistatu, eta su eman zion, eta, hala, eremuaren gainean zuten domeinuaz amaitu zuen. Almorabideek, ordea, ezin izan zioten beren lorpenei eutsi, eta soninkeek berehala bereganatu zituzten berriro. Kangaba probintzia, soninkeen zein berbereen eraginetik askatuta, hamabi erresumatan banatu zen, bakoitza errege (fama) edo printze (maghan) batek gobernatua. Manden bitan zatitu zen: Dodougouko lurraldea ipar-ekialdean eta Kriko lurraldea hego-mendebaldean. Nianiko erresuma txikia Mandengo Kri eskualdeko beste erreinuetako bat zen.

Kaniagako gobernua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1107. urtean, gutxi gorabehera, Kaniagako erresuma, ordura arte Wagaduren sossoen mende zena, beren nagusi zaharren lurrak konkistatzen hasi zen. 1180. urtea baino lehen, Wagadou bera ere azpiratu, eta, soninkeei, zergak ordainarazi zien. 1203an, Kante klaneko Soumaoro errege sossoak boterea lortu, eta Manden ikaratu zuen, Dodougou eta Kriko emakume eta salgaiak lapurtuz.

Leon printzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Níger ibaia Koulikoron.

Sundiata, Keita klanekoa, Kaniagaren berreskuratze garaian jaio zen Nianin (1217). Nare F Nianiko faamaren (Maghan Kon Fatta —printze ederra esan nahi duena— ere deitzen zitzaion) eta haren bigarren emazte Sogolon Kédjouren (jatorriz, Do lurrekoa, Maliko hegoaldea) semea zen. Haurrak amaren izena (Sogolon), eta aitaren abizena (Djata) jaso zituen. Mandingera hitz egiteko modu azkarrean konbinatuta, izenek Sondjata edo Sundjata sortu zuten. Ingelesezko bertsioa, Sundiata, ere ezaguna da. Sundiata maghana gerlari handia izango zela iragarria zen, baina, aitaren larritasunerako, printzeak ez zuen hasiera oparorik izan: ahozko tradizioen arabera, Sundiata Keita ez zen zazpi urte izan arte ibili.

Hala ere, Sundiata indartsu eta oso errespetatua hazi zen oinez ibiltzen ikasi zuenean, baina ez zen gertatu aita hil baino lehen. Nahiz eta Nianiaren nahia profezia errespetatzea eta Sundiata tronuan jartzea izan, haren ordez Sassouma Bérété emazte nagusiaren semea koroatu zuten. Sassoumaren semeak, Dankaran Toumanek, tronua hartu bezain laster eta bere amaren laguntzaz, gero eta ezagunagoa zen Sundiata erbestera behartu zuten, ama eta bi arrebekin batera. Dankaran Toumanek bere erreinuaz oztoporik gabe gozatzeko aukera izan baino lehen, Soumaoro erregeak Nianin jarri zituen begiak, eta Dankaran Kissidougoura ihes egitera behartu zuen.

Erbestean urte asko eman ondoren, lehenik Wagaduren gortean eta gero Meman, Nianiren ordezkaritza bat Sundiatarengana jo zuen sossoren aurka borrokatu eta Mandengo erresumak betiko aska zitzan.

Kirinako gudua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mema, Wagadu eta Mandinga hiri-estatu matxinatu guztien armadekin, Maghan Sundiatak Kaniagako erresumaren aurkako matxinada zuzendu zuen 1234. urtearen inguruan. Mandingako iparraldeko eta hegoaldeko indar konbinatuek armada sossoa menderatu zuten 1235ean, Kirinako guduan (orduan Krina izenez ezaguna). Garaipen horrek Kaniagako erresumaren amaiera eta Maliko inperioaren sortzea ekarri zuen. Porrotaren ondoren, Soumaoro erregeak ihes egin zuen, Koulikoro mendietan babestuz, eta mandingek hiri guztiak bereganatu zituzten. Maghan Sundiatak faamen faama izendatu zuen bere burua, eta mansa titulua jaso zuen, enperadore gisa itzul daitekeena. 18 urte zituela, hamabi erresumen gaineko aginte handia lortu zuen Manden Kurufa izeneko aliantza batean, eta Mari Djataren (Leon printzea) goitizena hartu zuen.

Manden Kurufa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maliko inperioa izan zen Sahelen sortutako estatuen artean bigarrena, zentralizazio oso handia izan zuena. Ghanako inperioak, berriz, oso kohesio ahula zuen, enperadorearen dekretuetan bakarrik oinarritzen baitzen; Maliko inperioa, ordea, Afrikako mendebaldeko estatu federatuetako lehena zen; haren legeek mendebaldeko Europaren tamainako eremu bat bateratzen zuten. Zentralizaziorako joera hori, gero, Maliren gainbeheran, songhai herriak eta haren ondorengoek: bamanak, wolofek (Senegal) eta fulak garatu zuten.

Mari Djatak antolatutako Manden Kurufa, izan ere, Mali, Mema eta Wagaduren «hiru estatu aske aliatu» eta hamabi erresumek osatzen zuten. Garrantzitsua da gogoratzea Maliz ari denean, Niani hiri-estatuaz bakarrik ari dela.

Mema hiri-estatu indartsua zen, Niger ibaiaren bihurgunean kokatua, Mandendik gertu. Sundiatarekin bat egin zuen Kaniagaren aurkako kanpainan; beraz, haren faamak koroa gorde zuen, eta ez zuen mansaren aurrean belaunikatu behar erbestean Sundiata bere gortean hartu zuelako.

Wagadu, Manden alboko beste lurralde bat, bere erregea mantentzeko baimena ere eman zioten: Memaren abantaila berak jaso zituen, eta arrazoi berberengatik.

Maliko hamabi erresumak lurralde konkistatu edo aliatuen koalizio bat zen, batez ere Manden-en barruan, Sundiata eta haren ondorengoei leialtasun zina eginez. Sundiatako tronuaren aurrean lantzak lurrean sartu ondoren, hamabi erregeetako bakoitzak Keita dinastiari utzi zion bere erresuma, eta farbas bihurtu ziren, zeina farin (iparraldeko komandanteen titulua) eta ba (handia) mandinga hitzen konbinazioa den. Farba horiek mansaren izenean gobernatuko zituzten beren erresuma zaharrak, Manden Kurufarekin bat egin baino lehen izan zuten ia agintea berarekin. Hauek ziren erreinuak:

  • Bambougou; Fakoli Koromak menderatua.
  • Bozo ibaiko tribuen lurrak; Maliren aliatua.
  • Djedeba; Mali ren aliatua.
  • Do, Sundiataren amaren jatorria, non Keitarrek erregina guztiak aukeratzen baitzituzten; Maliren aliatua.
  • Jalo; Fran Kamarak menderatua.
  • Kaniaga; Mari Djata I.ak menderatua.
  • Kri; Maliren aliatua.
  • Ualata; Mari Djata I.ak menderatua.
  • Sibi; Maliren aliatua
  • Tabon; Maliren aliatua.
  • Toron; Maliren aliatua.
  • Zaghari; Maliren aliatua.
Sakontzeko, irakurri: «Kurukan Fuga»

Mansa koroatu eta berehala, Mari Djatak konstituzio unibertsal bat sortu zuen estatu berrirako, Kurukan Fuga (Munduaren zatiketa) izenekoa. Kangaba hiriaren kanpoaldean ezarri zituen gobernua eta Gbara edo Batzar Nagusia.

Gbara edo Batzar Nagusia mandingen eztabaida-talde gisa erabiliko zen 1645ean Manden Kurufa erori arte. Onartu ondoren Kurukan Fugak egindako lehen bilerak, 29 klanen ordezkariak bildu zituen, Belen-tigui (zeremoniako nagusia) buru zutela. Gbararen azken bilerak, Gineako iparraldeko tradizioen arabera, 28 klaneko 32 ordezkari zituen. Hauek ziren klanak:

  • 16 Jon-Tan-Ni-Woroak (aljabaren edo gezi-arkuaren eramaileak), defentsaren, zentzurik zabalenean, ardura zuten klanak ziren, ordena publikoa eta uretako eta basoko baliabide eta horniduren zaintza barne:
  • Dansouba
  • Diaby
  • Diakité
  • Diallo
  • Diawara
  • Fofana
  • Kamara
  • Kamissoko
  • Koita
  • Kondé
  • Koroma
  • Magassouba
  • Sako
  • Sangaré
  • Sidibé
  • Traoré
  • Maghaneko 4 klanak gobernuaren arduradunak ziren; merkataritzan aberastuak, aristokrazia osatzen zuten, eta haietatik ateratzen ziren maila goreneko funtzionarioak:
    • Danhou/Douno/Somono/Soumano
    • Keita
    • Konaté
    • Koulibaly
  • Mori-Kanda-Lolouko 5 klanek edo marabutoek (fedearen zaindariak) kontseilu islamiarraren ardura zuten; ospe handia zuten, eta epaileak haien artean izendatzen ziren:
    • Bérété
    • Cissé
    • Diané
    • Koma
    • Sylla
Egurrezko artisautza.
  • Nyamakala (Nyama "ezkutuko energiak") 7 klanak produkzioaren ardura zuten:
    • Diabate (Djelis), kronikariak, bardoak.
    • Kanté (Numun Fin), Gizonek burdina lantzen zuten, eta emakumeak, berriz, zeramika.
    • Kamara (Numun Siaki), Gizonek bitxiak eta metal preziatuak lantzen zituzten.
    • Kamara (Finè), gatazka-bitartekariak ziren.
    • Koroma (Numun Kule), Egurraren artisauk ziren.
    • Kouyate (Gbaran, Mansaren Djeli eta Belen-Tigui).
    • Sylla (Garanke), larrugile eta ehuleak.

Gizartea, ekonomia eta gobernantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kurukan Fougak erreforma sozial eta ekonomikoak ere proposatu zituen, besteak beste, presoei eta esklaboei tratu txarrak ez ematea, gobernu-postuetan emakumeak izendatzea, eta klanen artean erregelamendu bat antolatzea, argi eta garbi adieraziz zer esan zitekeen, nola, eta noiz. Delituren bat eginez gero, akusatua bere erlijioaren (animista edo islamiarra) arabera epaitzen zen. Sundiatak lurrak banatu zituen herritarren artean, eta horrek ziurtatzen zuen bakoitzak leku bat zuela inperioan, eta prezio finkoak markatu zituen produktu komunetarako.

Kouroukan Fougak ezarritako beste gertaera garrantzitsu bat izan zen Mandenen nagusitasuna federazioak kontrolatutako gainerako erresumetan, Wagadu eta Mema barne. Etorkizunean, Mansa guztiak Keita klanetik aukeratuko lirateke, eta Niani (egun Ginea) hiri-estatua bihurtu zen hiriburu. Mansa Mari Djatak Niani berreraiki zuen, bera ez zegoela Soumaorok suntsitu baitzuen, eta, hurrengo 200 urteetan, Afrikako mendebaldeko merkataritza-gune garrantzitsuena bihurtu zuen.

Sundiatak zenbait herri konkistatu, eta atxiki zituen Maliko inperioan. Kanpaina amaitu zenean, inperioak 1.600 km neurtzen zituen ekialdetik mendebaldera, eta mugak Senegal eta Niger ibaien kurbak ziren. Mandenek bateratu ondoren, hegoaldeko muga (Wangara) osatzen zuten lurrak gehitu zituen. Ualata eta Audaghost iparraldeko hiri komertzialak ere menderatu, eta estatu berriaren iparraldeko mugaren zati bihurtu ziren. Wagadou eta Mema ere erresuman sartu ziren. Bambougou, Jalo (Fouta Djalon) eta Kaabuko lurrak Fakoli Koromak, Fran Kamarak eta Tiramakhan Traorek gehitu zizkioten, hurrenez hurren.

Mari Djata I.a hil zenean, Sankaranin itota edo ospakizun batean galdutako gezi batek zaurituta (bi bertsioak daude), armada antolatua, eta Saharako merkataritzaren ibilbideen kontrola zituen.

Maliko enperadoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mari Djata I.aren ondoren, 21 mansa ezagutzen dira, eta, ziur aski, bi edo hiru gehiago egongo dira. Errege horien izenak djelien eta Kangaban bizi diren Keita dinastiaren ondorengo modernoen bidez iritsi zaizkigu. Erregeak horiek fundatzailearengandik bereizten dituena, estatua ezartzearen zeregin historikoaz gain, Manden Kurufa Mandengo Inperio bihurtzean datza. Pozik ez Mari Djata I.aren garaipenek bateratutako lurraldeekin, mansa horiek fula, wolof, Serere, banbara, songhai, tuaregak eta beste herri batzuk menderatu eta atxikiko zituzten inperio erraldoia eginez.

Djata leinua, 1250-1275

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mari Djataren lehen hiru oinordekoek beren herentzia-eskubidearen alde borrokatu ziren. Hogeita bost urteko aldi horretan, barne-lehia bortitzak bizi izan ziren, ia inperioarekin amaitu zutenak.

Mari Djata 1255ean hil ondoren, legeak bere semea tronura igotzea agintzen zuen, adin nagusikoa izango zelako ustean. Hala ere, Yérélinkon, adin txikikoa zen aitaren heriotzan, eta, Kouroukan Fougaren arabera, Manding Bory —Mari Djataren eta kankoro-siguia (Bisir)— anaiordea behar zen koroatu. Horren ordez, Mari Djataren semeak hartu zuen tronua, eta Mansa Ouali koroatu zuten.

Mansa Oualik enperadore ona zela erakutsi zuen; inperioari lur gehiago erantsi zizkion, Bati probintziak eta Casa (Ganbia) barne. Bambuk eta Bondouko urrea ekoizten zuten probintziak menderatu zituen. Konkodougou probintzia nagusi gisa ezarri zuen. Gaoko Songhai erresuma ere, badirudi garai horretan izan zela menderatua lehen aldiz, beste askotan izan bazen ere. Konkista militarrez gain, Ouali nekazalgo erreformak ere egin zituen inperio osoan, eta soldadu asko baserritar gisa lanean jarri zituen Gambiari hartutako probintzietan. 1270ean, hil baino lehentxeago, Ouali Mekara joan zen erromes, eta Ipar Afrikarekin eta merkatari musulmanekin harremanak sendotu zituen.

Jeneralen semeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere jeneralak kontrolatzeko eta saritzeko politika gisa, Mari Djatak semetzat hartu zituen haien semeak. Mansaren gortean hazi, eta Keita egin zituen heldutasunera iritsi zirenean. Tronua bere eskubidetzat hartuta, Mari Djataren semetzat hartutako bik gerra suntsitzailea hasi zuten elkarren kontra, eta lehenengo bi mansak eraikitakoa suntsitzeko arriskuan egon zen. Mansa Ouati izan zen tronua lortu zuen lehena, 1270ean. Lau urte iraun zuen, eta, djelisek diotenez, hondatzaileak izan ziren, modu krudelean gobernatuz. 1274an hil zenean, semetzat hartutako beste semeak tronua hartu zuen. Gogoan dago Mansa Khalifa Ouati baino okerragoa izan zela, eta, kontatzen denez, geziak botatzen zizkien oinezkoei jauregiko zabaltzatik. Erahila izan zen, ziur aski, Gbararen aginduz, eta Manding Boryk ordeztu zuen, 1275ean.

1275-1300 arteko gortea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ouali eta Khalifaren erregealdien kaosaren ondoren, Mari Djatarekin harremanak izan zituzten hainbat funtzionariok gobernatu zuten. Inperioa tolerantziara itzultzea lortu, eta urrezko arora eraman zuten.

Abubakari I.a

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abubakari mansa gisa koroatu zuten (Abu Bakr izen arabiarraren mandingaren egokitzapen fonetikoa). Mansa Abubakariren ama Namandjé zen, Maghan Kon Fattaren hirugarren emaztea, eta, beraz, Mari Djataren anaiordea. Mansa bihurtu baino lehen, Abubakari jeneral bat izan zen, eta, geroago, bere anaiaren kankoro-sigui. Ezer gutxi dakigu erregealdiari buruz, baina badirudi asmatu zuela eta istiluekin bukatu zuela.

Hajj eguna. Meka.

1285ean, jeneral izan zen Mari Djatak askatutako gorteko esklabo batek tronua usurpatu zuen. Mansa Sakouraren erregealdia onuragarria izan zela dirudi, nahiz politikoki astindua izan: Ouaniren erregealditik, lehen konkistak gehitu zizkion Maliri, Wagadou, Tekrour eta Diara probintziak barne. Lorpenak, baina, ez ziren Wagadouko mugetan gelditu, eta kanpaina egin zuen Senegalen, Dyolof probintzia wolofei kenduz, eta, Takedda, kobrearen ekoizpen-eremua. Mazina ere konkistatu zuen, eta Gaori eraso egin zion Maliren aurkako lehen matxinadarekin bukatzeko. Gerraz gain, Mansa Sakourak Hajj-a egin zuen, Mekarako erromesaldia, eta zuzeneko merkataritza-negoziazioak ireki zituen Tripoli eta Marokorekin.

Mekatik itzulerako bidaian, Djibutitik gertu, lapurtu nahi zuen gerlari danakil batek hil zuen. Enperadorearen laguntzaileak Ouadi eta Kanemeko erresumetan zehar eraman zuten bere gorputza. Handik, mezulariak bidali zituzten Malira, Sakouraren heriotzaren berri emanez. Gorpua Nianira iritsi zenean, errege-ehorzketa antolatu zuten, nahiz eta usurpatzailearen sustraiak esklaboak izan.

Kolonkan leinua: 1300-1312

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonkaneko leinutik, Gbarak Ko Mamadi aukeratu zuen, 1300ean, hurrengo mansa gisa. Kolonkan, izan ere, Mari Djataren arrebarengandik zuzenean zetorren errege-erreginen linea berri bateko lehena zen. Buruzagi horiek Maghan Kon Fattaren odola partekatzen zutenez, Keita legitimotzat hartzen ziren. Sakoura bera ere, Djataren familiako esklaboa zenez, Keita zela esaten zen; beraz, Bilalen lerroa ez zen hausten.

Kolonkanen leinuarekin hasten dira agertzen Maliko urrezko aroa definitzen duten ezaugarriak. Sakoura eta Abubakari I.aren aurrerapenei eutsiz, Kolonkan mansek bere handitasunera eramaten dute.

Inperioak aurrera egin zuen, batez ere merkataritzagatik. Urrearen hiru meategi handi zeuden Ghanako inperioarekiko mugetan; horrek metala igarotzeko leku bihurtzen zuen, eta inperioak bere mugak zeharkatzen zituen urre edo gatz ontza bakoitzeko zergak ezarri zituen. XIV. mendearen hasieran, Mali mundu zaharreko urre erdiaren iturria zen, Bambuk, Boure eta Galameko meategietatik aterea. Ez zegoen moneta estandarrik erresuman, baina hainbat ordainketa-sistema erabiltzen ziren.

Urrezko pipitak mansaren jabetza esklusibokoak ziren, eta legez kanpokoa zen haiekin muga barrutan negoziatzea. Urre guztia berehala ematen zitzaion Ogasun inperialari, eta horrek balio baliokidea itzultzen zuen urrezko hautsetan. Ghanako Inperioaren garaitik pisatua eta paketatua izan zen bere erabilerarako. Malik praktikarekin aurrera jarraitu zuen inflazioa galarazteko, merkataritza horrek eskualdean zuen garrantziagatik. Erreuman, urrearen neurririk ohikoena mithqala zen (4,5 gramo urre). Termino hori dinar-hitzarekin txandakatu zen, nahiz eta zalantzazkoa den inperioan txanpona sortu izana. Urrezko hautsa lurralde osoan erabili zen, baina eskualde guztietan ez zen berdin baloratzen.

Gatz blokeak.

Maliren hurrengo truke-unitate handia gatza zen. Balioa zuen Saharaz hegoaldeko Afrikan, urrea adina ia. Zatika ebakitzen zen, eta salgaiak ordaintzeko erabiltzen zen, inperioko eremu ezberdinetan eros-ahalmen desberdinarekin. Iparraldean, urrearen parekoa zen, baina, hegoaldean, balio handiagoa zuen, jendeak bere dietarako behar baitzuen, eta oso urria zen. Iparraldeko eskualdeak, bestalde, ez zuen inolako eskasiarik. Ualata bidetik, tuareg merkatariak urtero sartzen ziren Malin gatzez betetako gamelu-karabanekin, Nianin saltzeko. Garai hartako historialarien arabera, gamelu baten kargak urrezko 10 dinar balio zezakeen iparraldean, eta, 20tik 40ra, hegoaldean.

Kobrea ere baloratutako materia zen Mali inperialean. Barratan negoziatua, iparraldean Takeddako meategietatik ateratzen zen, eta urreagatik aldatzen zen hegoaldean: kobrezko 60 barra urrezko 100 dinarrengatik aldatzen ziren.

XIII. mendearen amaieran eta XIV. mendean lortutako konkisten kopuruak eta maiztasunak adierazten dute Kolonkan mansek armada handi bat jaso edo garatu zutela. Nahiz eta ez den frogatu mansa bakar batek mandinga gerra-makina antolatu zuenik, inperioak ezin izango zuen bere goienera iritsi indar armatu eraginkor eta leialik gabe.

Inperioak, bere mugak defendatzeko, armada profesionala eta lanaldi osokoa izan zuen. Nazio osoa mobilizatuta zegoen; tribu bakoitzak borrokatzeko adinean zeuden gizon kopuru bat eman behar zuen. Historialari garaikideek diotenez, Maliko Inperioaren igoeran zein gainbeheran, armadak 100.000 infante eta 10.000 zaldizko zituen.​ Ibaiko tribuen laguntzarekin, armada hori erresuman zehar zabal zitekeen denboraldi labur batean.

Indarrak Iparraldeko eta Hegoaldeko armadetan banatuta zeuden. Iparraldeko armada Farin (iparraldeko komandante) baten mende zegoen. Farin hori Soura mugako hirian bizi zen. Hegoaldeko armada, berriz, Sankar baten agindupean (Sankarani ibaiaren inguruko gobernadoreentzako barrutia), Zouma hirian bizi zena. Farin-Soura eta Sankar-Zouma mansak izendatzen zituen, eta haren aurrean baino ez zuten erantzuten.

Infanteriako soldadu bati, erabiltzen zuen arma (arkua, lantza, etab.) kontuan hartu gabe, sofa deitzen zioten. Sofak unitate tribaletan zeuden antolatuta eta nagusiek zuzenduta. Sofen unitaterik txikiena, kun-tiguiak (tribuko nagusia) agintzen zuen. Kun-tiguiek norberaren tribuko kontingenteak bildu, eta zuzentzen zituen guduetan, bere jaunaren zerbitzura deituak. Kun-tigui batek 10 eta 20 gizon bitarteko infanteria unitate bat agintzen zuen, kele-kuluque (gerrarako talde) izenekoa. Kun-tigui bolo batek hamar kele-kulusengan agintzen zuen ofiziala zen (100-200 infante), hau da, kele-bolo (gerra-beso) batengan.

Mandekalu zaldunez osatutako zalditeria-unitateak, zaldunak, armadaren elementu garrantzitsuena zen. Orduan, gaur bezala, zaldiak garestiak ziren, eta, borrokan, nobleek bakarrik erabiltzen zituzten. Zalditeriaren mandinga unitate bat, seré, 50 zaldizkok osatzen zuten, eta kele-tigui edo gerrako nagusi batek agintzen zuen. Sereen gainean bidaltzeaz gain, kélé-tigui batek bi bolo kun-tigui edo gehiago zituen, borroka-eremuan jarraitu behar ziotenak. Kele-tiguia, karrerako militar bat zen, eta, agintean, Farin edo Sankar-en hurrengoa.

Sofa arruntak egurrezko edo larruzko ezkutu handi bat, eta danba izeneko lantza zituen. Sofa gehienak arkulariak ziren: XVI. mendearen erdialdera, lantza bakoitzeko hiru arkulari zeuden. Bi buirakaz eta ezkutu batez horniturik, arkulari mandingek geziak erabiltzen zituzten, makurtutako burdinazko puntekin, gehienetan pozoituta. Hiri bat setiatzen zutenean, su-geziak ere erabiltzen zituzten. Lantzak eta arkuak ziren sofen euskarri nagusia; ezpatak eta lantzak, berriz, bertan edo atzerrian egindakoak, mandekaluek hautatzen zituzten armak ziren. Gerlari mandekaluen beste arma arrunt bat xabalina pozoitua zen, eta liskarretan erabiltzen zen. Sare-kotako armadura ere erabili zuten Mali inperialeko zaldunek, defentsa gisa, baita sofen antzeko ezkutuak ere.

Ko Mamadi Mansa Gao koroatu zuten, eta inperioa zuzen gobernatu zuen, krisialdirik izan gabe. Haren seme Mansa Mohammed ibn Gaok tronura bost urte geroago igo zen, eta Kolonkaneko leinuaren egonkortasunari eutsi zion.

Abubakari II.a

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txalupak Níger ibaian.

Kolonkan leinuko azken erregea, Bata Manding Bory, Mansa Abubakari II.ak koroatu zuen, 1310ean. Gaoren eta Mohammed ibn Gaoren ezaugarri izan zen bake-lerroarekin jarraitu zuen, baina mendebaldeko itsasoaz arduratu zen. Mansa Musa I.ak, Abubakari II.aren erregealdian, kankoro-sigui gisa zerbitzatu zuen, kontakizun baten arabera; Malik bi espedizio bidali zituen Atlantikora, lehena 400 ontzik osatzen zuten, eta, horietatik, bakarra itzuli zen; besteak ekaitz batean hondoratu ziren. Mansa Abubakari II.ak inperioaren erregeorde gisa Musa utzi (horrek erakusten du Malin, garai horretan, egonkortasuna zegoela), eta, 1311n, bigarren espedizioarekin atera zen arraunez eta belaz hornitutako 4.000 txalupen buru zela. Ez enperadorea, ez ontziak ez ziren gehiago Malira itzuli. Historialari eta zientzialari modernoak eszeptikoak dira bidaiari buruz, baina gertaera horien kontakizuna Afrikako iparraldeko espediente idatzietan eta Maliko djelien ahozko kondairetan gordetzen da.

Laye leinua: 1312-1389

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abubakari II.aren aldi baterako abdikazioa, 1311n (behin betiko bihurtuko zena) ez itzultzean, Inperioko historian erregistratutako bakarra da, eta Faga Laye Abubakari I.aren semearen ondorengo leinu berri baten etorrera ekarri zuen. Faga Layek ez zuen inoiz Maliko tronua hartu, eta, hala ere, ondorengoek zazpigarren mansa ekarri zuten, Musa I.a, Maliko goraldian errege izan zena eta haren ondorengoak gainbehera hasi arte.

Musa I urrezko pipita batekin. Abraham eta Jafudá Cresques mallorcarren mapa, Frantziako Karlos V.arentzat. (París, Liburutegi Nazionala).

Laye leinuko lehen erregea Kankan Musa izan zen, Kango Musa izenez ere ezaguna. Urte oso bat igaro ondoren Abubakari II.aren berririk gabe, Mansa Musa koroatu zuten. Inperioa zuzendu zuen lehen musulmana izan zen. Islama aristokraziaren fedea egiten saiatu zen, baina herria ez behartzeko tradizio inperialari eutsi zion. Ramadanaren bukaerako ospakizunak zeremonia nazional bihurtu zituen. Arabieraz irakurtzeko eta idazteko gai, Timbuktuko hiri unibertsitarioaz arduratu zen, 1324an bakean anexionatu zuen arte. Gorteko damaren baitako batek lagunduta, Musak Sankore madrasa informal bat izatetik Unibertsitate islamiar bat izatera aldatu zuen; eta hala ikerketa islamikoek aurrera egin zuten. Urte horretan bertan, Sagmandir izeneko mandinga jeneral batek matxinada bat menderatu zuen Gaon.

Mansa Souleymanek neurriak hartu zituen osasun finantzarioa Maliri itzultzeko. Errege ona zela erakutsi zuen, erronka ugari izan arren. Erregealdian, fulanitarrak sartzen hasi ziren Takrurren. Erregetzatik kentzeko, jauregiko azpilan bati ere aurre egin zion, Qasak (erregina) eta armadako hainbat komandantek antolatutakoa. Mansa Suleimanen jeneralek lagundu, eta erregina kartzelatu zuten.

Mari Djata II

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bederatzi hilabetez erregealdian egon ondoren, Maghan I.aren hiru semeetako batek, Konkodougou Kamissa, erregetzatik kendu zuen, zeina Mansa Mari Djata II.a izenarekin koroatu baitzen 1360an. Erregealdia zapaltzailea izan zen, eta, gastu handiegiengatik, Mali porrot egiteko zorian jarri zuen. Hala ere, Marokorekin harremanak izan zituen, eta, Abu Hassan errege magrebtarrari jirafa bat bidali zion opari. Mansa Mari Djata II.a larri gaixotu zen 1372an, eta boterea ministroen esku geratu zen, 1374an hil zen arte.

Mari Djata II.aren erregealdi ilunetik, inperioa egoera finantzario txarrean atera zen, baina osorik igaro zen enperadore hilaren anaiarengana. Mansa Fadima Musa edo Mansa Musa II.a anaiaren gehiegikeriak konpontzen hasi zen. Baina ez zuen aurreko mansen botere bera izan bere kankoro-siguiaren indarraren eraginez.

Maghan I.aren azken semea, Tenin Maghan (Kita Tenin Maghan izenez ezaguna gobernatu zuen probintzian), Mansa Maghan II.a izan zen, 1387an. Gutxi dakigu berari buruz, erregetza bi urte besterik ez zituela atxiki izan ezik. 1389an kendu zuten, eta horrek markatzen du Faga Laye leinuko mansen amaiera.

Leinu ilunak: 1389-1545

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1389tik aurrera, jatorri ezezaguneko mansek gobernatzen dute Mali. Maliko historia inperialean gutxien ezagutzen den aldia da. Begi-bistakoa den gauza bakarra da ez dagoela inperioa gobernatzen duen leinu iraunkorrik. Garai hartako beste ezaugarri bat da iparraldeko eta ekialdeko jabetzak pixkanaka galtzen joatea, Songhai Inperioa sendotzearen ondorioz, eta Malik zuen merkataritzaren ekonomia-gunea ibilbide trans-sahararratetatik itsasertzekoetara eramatea ekarri zuen.

Mansa Sandakik, Mari Djataren Kankoro-siguiaren ondorengoak, Maghan II.a kendu zuen, eta Keitiarrekin inolako harreman dinastikorik gabe Mali gobernatu zuen lehen pertsona izan zen. Urtebete besterik ez zuen egin, Mansa Gaoren ondorengo batek kendu aurretik. Mahmud, Mansa Gaoren biloba edo birbiloba bat, Mansa Maghan III.a koroatu zuten 1390ean. Erregealdian, Bonga mossi Yatengakoa enperadoreak Malin sartu, eta Macina konkistatu zuen. Bonga enperadoreak ezin izan zituen bere lorpenak mantendu, eta ez zen Malin geratu Maghan III.a hil ondoren, 1400ean.

1400ean, Mali nahiko boteretsua da eremu berriak konkistatzeko eta finkatzeko. Horietako bat Dioma da Wassoulounké fulak bizi diren Nianiko hegoaldeko lurraldea. Nianiko bi anaia noblek, leinu ezezagunekoak, Dioma eraso zuten armada baten buru, eta fulak kanporatu zituzten. Sérébandjougou, anaia zaharrena, Mansa Foamed edo Mansa Musa III.a koroatuko dute. Haren erregealdia Malik galera handiak izango dituen lehena dela esan daiteke. 1430ean, tuaregek Timbuktu menderatu zuten. Hiru urte geroago, Ualata ere haren eskuetan erori zen.

Musa III.a hil ondoren, haren anaia, Gbèré, enperadore bihurtu zen XV. mendearen erdialdean. Gbèré Mansa Ouali II.a izenez koroatu zen, eta Malik eta Portugalek kontaktuak izan zituzten garaian gobernatu zuen. 1450ean, Portugal erasoak egiten hasi zen Ganbiako kostan zehar, oraindik Malik gogor kontrolatzen zuena, eta zoritxarreko espedizioak izan ziren Diego Gómez Portugalgoak Malirekin harreman formalak ezarri zituen arte. Alvise Cadamosto esploratzaile veneziarrak 1454an gogorarazten zuen Maliko inperioa kostaldeko boteretsuena zela.

Henrike Nabigatzailea, Afrika kostaldeko kolonia portugaldarren sustatzailea.

Ez da ezagutzen Mamadou noiz koroatu zen Mansa Mahmud II.a, ez eta noren ondorengoa zen ere; litekeena dena tronura 1470ean igotzea da. Beste enperadore bat, Mansa Mahan III.a, Mansa Mahmud I.a gisa aipatzen da batzuetan, baina tronuaren izenek ez dute, normalean, odol-harremanik adierazten. Mansa Mahmud II.aren erregealdia bereizten da Maliko antzinako ondasun gehiago galdu zirelako eta Maliren eta Portugalgo esploratzaileen arteko harremana gero eta handiagoa izan zelako kostaldean. 1477an, Nasséré Yatengakoa enperadoreak beste erasoaldi bat jo zuen Macinan, eta BaGhanako (Wagadou) probintzia zaharrarekin batera bereganatu zuen. 1481ean, fulak Tekrur probintzien kontra sartzen hasi ziren.

[[Archivo:mapa shonghai.svg|thumb|300px|Songhai inperioa XV. eta XVI. mendeetan]] Nianitik nagusi izan zen azken mansa, Mahmud III.a, Mamadou II.a izenez ere ezagutzen da. Garai hartako errege asko gisa, ez dago argi noiz hasi zen gobernatzen; erregealdia bereizten duten data bakarrak hauek dira: 1534an portugaldar mandatari bat etorri zela, eta 1545ean Nianiren arpilaketa. Horrek ez du galarazten tronura igotzea 1520ko hamarkadaren amaieran edo lehenago.

1534an, Maliko gortera bidalitako beste portugaldar bat, Peros Fernandes, hartu zuen Mahmud III.ak. Portugalgo Elmina kostaldeko portutik bidalita iritsi zen kostaldean zehar merkataritza-hazkundeari eta Malik songhaien aurka eskatutako laguntza militarrari erantzuteko. Hala ere, ez zitzaion laguntzarik eman, eta Malik bere ondasunak bata bestearen atzetik erortzen ikusi zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Piga, Adriana. (2003). Islam et villes en Afrique au sud du Sahara: Entre soufisme et fondamentalisme. KARTHALA Editions, 265 or..
  3. 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-19).
  • R. O. Collins & J. M. Burns (2007): A History of Sub-Saharan Africa, Cambridge University Press, ISBN 978-0-521-86746-7.
  • Niane, Djibril Tamsir. (1982-1992). Historia general de África. Unesco ISBN 84-309-0898-6.
  • Niane, Djibril Tamsir. (1992). Africa entre los siglos XII y XVI. Unesco ISBN 84-309-0902-8.
  • Niane, Djibril Tamsir. (1984). Le Mali et la deuxième expansion manden. Unesco.
  • Niane, Djibril Tamsir. (1979). El Fabuloso imperio del Mali. Unesco courier.
  • Zwnbaiten artean. (1989). Enciclopedia Larousse. Planeta ISBN 84-320-2060-5.
  • Zenbaiten artean. (1997). Historia de las civilizaciones (Tomo IV). Planeta.
  • Sellier, Jean (Itzulp: Albert Roca). (2005). Atlas de los pueblos de África. Paidós ISBN 84-493-1716-9.
  • Niane, D.T. (1995). Sundiata: An Epic of Old Mali. Longman ISBN 1-4058-4942-8.
  • Heusch, Luc de. (1997). The Symbolic Mechanisms of Sacred Kingship: Rediscovering Frazer. The Journal of the Royal Anthropological Institute.
  • Stride, George T. e Ifeka, Caroline. (1971). Peoples and Empires of West Africa: West Africa in History 1000-1800. Africana Pub. Corp ISBN 0-8419-0069-8.
  • Niane, Djibril Tamsir. (1975). Recherches sur l’Empire du Mali au Moyen Âge. Présence Africaine, París.
  • Person, Yves. (1968). Samori: une révolution Dyula. Nîmes, impr. Barnier.
  • Levitzion, N. (1963). The Thirteenth- and Fourteenth-Century Kings of Mali: The Journal of African History, Vol. 4, No. 3. Cambridge University Press ISBN 0-8419-0069-8.
  • O'Sullivan, John M.. (1980). Slavery in the Malinke Kingdom of Kabadougou (Ivory Coast). The International Journal of African Historical Studies, Vol. 13, No. 4. Boston University African Studies Center.
  • Thornton, John K.. (1999). Warfare in Atlantic Africa, 1500-1800. Routledge ISBN 1-85728-392-9.
  • Niane, Djibril Tamsir. (1974). Histoire et tradition historique du Manding. Présence Africaine.
  • Jansen, Jan. (1996). The Representation of Status in Mande: Did the Mali Empire Still Exist in the Nineteenth Century? History in Africa, Vol. 23. JSTOR.
  • Jansen, Jan. (1996). El hermano menor y el extranjero. Búsqueda de un estatus para Manden. Cahiers d'études africaines.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]