Hilen Liburua
Hilen Liburua | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Tot |
Izenburua | 𓂋𓏤𓈓𓏌𓏤𓉐𓂋𓏏𓂻𓅓𓉔𓂋𓅱𓇳𓏤 |
Jatorrizko herrialdea | Antzinako Egipto |
Ezaugarriak | |
Hizkuntza | Egiptoera |
Argumentu nagusia | Duata eta funeral rite (en) |
Hilen Liburua edo Peri em Heru "Egunera irteteko Liburua", hil testu bat da, formula magiko multzo batez osatua, rau, hila, Duatean zegoenean Osirisen epaiketa gainditzen laguntzen zutena eta, horrela, Aarura joatera, egiptoar mitologiaren arabera.
Jatorria eta eraketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburuaren idazketa Inperio Berrian datatuta dago, baina haren jatorria aurkitzeko, Antzinako Inperioko Piramideen testuetan begiratu behar da, ondoren, Sarkofagoetako testuetara eboluzionatu zuena Inperio Ertainean. Jarraikako aldaketa horrek, formula bilduma heterogeneo horrek Egiptoko historiako garai guztietako hil testuak izatea dakar berarekin. Hilen Liburuaren hiru bertsio ezberdin nabarmentzen dira, historian zehar, elkar ordeztuz joan zirenak:
- Heliopolistar bertsioa, Heliopoliseko apaizek faraoientzat idatzitakoa, XI. dinastia, XII. dinastia eta XIII. dinastiako sarkofago, hilarri, papiro eta hilobietan dago, bere funtsa testu primitiboetatik datorren arren. Ra jainkoaren teologia sustatzen du.
- Tebastar bertsioa, papiroetan hieroglifoez idatzia (gero, idazkera hieratikoaz):ataletan banatuta dago, baina hurrenkera zehatzik gabe, gehienek izenburua eta bineta duten arren. XVII., XVIII., XIX., XX. eta XXI. dinastietan erabili zen, faraoiek ez ezik, baita hiritar soilek ere.
- Saitar bertsioak bere espresio nagusia eman zuen XXVI.dinastian: hor, atalen ordena zehaztu zen, aldatu gabe mantendu den ordena Ptolomeotar dinastiaren amaiera arte.
Dyedefhor, jakintsu eta igarle bezala ospe handia izan zuena, tradizioak Hilen Liburuko otoitzaren egiletzat hartzen du.
Izenburuaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Hilen Liburua" izenburua haren lehen editore eta itzultzailengandik datorkio: Karl Richard Lepsius egiptologo alemaniarrak 1842an Das Todtenbuch der Ägypter izenaz argitaratu zuen, hilobi profanatzaileek momien ondoan aurkitu zituzten inskripziodun papiroei eman zieten izenetik datorrela ere esaten den arren: Kitab al-Mayitun izendapenak arabieraa "Hilaren Liburua" esan nahi du,. Antzinako egiptoarrek "Egunera irteteko Liburua" izena eman zioten, haatik.
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oraingoz, 192 atal ezagutzen dira, baina luzera oso ezberdina dute, eta ez dago papiro bakar bat bera ere guztiak dituena. Papiroen luzera hildako bakoitzaren aberastasunaren araberakoa zen, eta, behin ospea hartzen hasi zenean, bertsiorik merkeenak "sailean" egiten zituzten tenpluek, eta ondoren, eroslearen izenarekin beteak ziren. Bata bestearen atzeko formulak, inolako ordenarik gabe, eta ale batzuetatik besteetara aldatzera iristen direnak, badute, hala ere, barne logika bat. Paul Barguet egiptologo frantziarraren arabera. Hilen Liburua, honako modu honetara bana daiteke.
- 1-16 atalak, "Egunera irten" (otoitza): nekropoliraranzko martxa, Eguzkia eta Osirisi ereserkiak.
- 17-63 atalak, "Egunera irten" (birsorkuntza): garaipena eta poza, etsaien ezintasuna, elementuenganako boterea
- 64-129 atalak, "Egunera irten" (itxuraldaketa): hainbat formaz agertzeko ahalmena, eguzki txalupa erabili eta misterio batzuk ezagutu. Hilobira itzulera, epaiketa Osirisen epaimahaiaren aurrean
- 130-162 atalak, hildakoaren loriatzen testuak, urtean zehar irakurri behar direnak, jaiegun zehatz batzuetan, hil gurtzarako, ofrenden zerbitzua, momiaren babesa kuttunen aldetik.
- 163-190 atalak: aurreko guztiaren gehigarri edo osagarri bat da, Osiris laudoriotzen den formulekin.
125. atala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beharbada, Hilen Liburuko atalik garrantzitsu eta ospetsuena "Bi Maaten gelan sartzeko formula" izenburukoa da; hor, hildakoa Osirisen epaimahaiaren aurrean agertzen den bere bihotza pisatzeko (kontzientzia eta moralitatea), eta behin proba gaindituta, bere bidea jarrai dezan hilen munduan, Duatean, Aaruko zelai emankorretara iritsi arte.
Atal horrek luzera eta konplexutasun nabaria du; halaber, "Aitortza negatiboak": hildakoak epaimahaiko jainkoen aurrean egiten zituen errugabetasun aitorpenak, bere ekintza pertsonalak justifikatzeko, argi uzten du atal horrek antzinako egiptoarren ustez zeukan garrantzi moral handia.
Papiro nabariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Luzeraga kontuan hartuta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aniren Papiroa: Hilen Liburuaren bertsiorik ezagun eta osoena da, bere luzera nabarmenduz, (23,6 metro). Papiro hau, XIX. dinastiako Ani izeneko erret eskribak idatzia, gaur egun British Museumen dago, 10.470 zenbakipean erregistratua. Ernest Wallis Budgek itzuli zuen eta 1895ean argitaratua izan zen.
- Aufanjen papiroa: Gaur egun Turingo Egiptoar Museoan, 19 metroko luzera eta 165 atal ditu.
Antzinatasuna kontuan hartuta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Iuyaren papiroa: Kairoko Egiptoar Museoan dago.
- Jaren papiroa: Turineko Egiptoar Museoan dago eta 33 atal ditu
- Nuren papiroa: British Museumen dago (10.477. zenbakia) eta 137 atal ditu.