[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Heraklea Minoa

Koordenatuak: 37°23′38″N 13°16′51″E / 37.393953°N 13.280747°E / 37.393953; 13.280747
Wikipedia, Entziklopedia askea
Heraklea Minoa
Heraklea Minoaren hondakinak
Datuak
Herrialdea Italia
Eskualdea Sizilia
ProbintziaAgrigentoko probintzia
Italiako udalerriMontallegro
EskualdeaAgrigentoko probintzia, Sizilia, Italia
Koordenatuak37°23′38″N 13°16′51″E / 37.393953°N 13.280747°E / 37.393953; 13.280747
Map
Historia
GaraiaK.a. VI. mendearen erdian.
UzteaK.o. I. mendean.
Garaia(k)Antzinako Grezia eta Erroma inperiala
KulturaGrekoa, erromatarra
Indusketa
Indusketa datak1950tik
EgoeraHondatuta
JabetzaPublikoa
Emakiduna(k)Soprintendenza BB.CC.AA. di Agrigento
BisitagarriaBai
Area Archeologia e Antiquarium Eraclea Minoa (Italieraz)

Heraklea Minoa (antzinako grezieraz: Ἡράκλεια Μινῴα; italieraz: Eraclea Minoa; Hêrakleia Minôia: Eth. Rhachlôtês, Heracliensis) antzinako greziar hiri bat zen Siziliako hegoaldeko kostan kokatuta zegoena, Halikos (gaurko Platani) ibaiaren bokalean, Agrigentoko mendebaldetik 25 km.ra. Hiri honen hondarrak gaurko izen bereko hiriaren ondoan daude, Italiako Comune Cattolica Eraclean. Indusketen arabera, hiria K.a. VI. mendearen erdian fundatu zen eta K.o. I. mendearen hasieran abandonatu.

Selinus (gaurko Selinonte) greziar koloniaren postu bat zen, beranduago Kartagok kontrolatu zuen eta azkenean, (Agrigentorekin mugak zituen hiria) K.a. 405eko itunaren ondoren, kartagotar eskuetara pasatu zen. Hala ere, K.a. 397an Dionisiok berreskuratu zuen I. Gerra Punikoan[1], baina Kartago hiriaz berriro nagusitu zen K.a. 383an. Hiri honetan lehorreratu zen Dion K.a. 357an Sirakusa eraso zuenean. Agrigentok hiria kontrolatu zuen K.a. 309an, nahiz eta laster Agatoklesek mendean hartu. Aldi batez, Pirrok berreskuratu zuen greziarrentzat K.a. 277an.

Hiriko jatorria azaltzeko bi elezahar daude. Lehenaren arabera, Heraklesek, Erixen tokiko heroia irabazi ondoren borroka batean, Siziliako mendebalde osoa kontrolatu zuen eta ondorengoentzat gorde zuen[2]. Hark ez zuen hiri bat fundatu, baina apur bat beranduago, Minos Kretako erregeak, Siziliara heldu zenean Dedalo jarraituz, Haliko ibaiaren bokalean lehorreratu ondoren, hantxe bertan Minoa hiria fundatu zuen. Beste bertsioaren arabera, Minosen jarraitzaileek hiria fundatu zuten aurrekoa hil ondoren. Heraklides Pontikoren ustez, lehenago toki horretan, Makara izeneko beste hiri bat zegoen[3]. Diodorok ez ditu bi elezahar hauek aipatzen.

K.a. VI. mendea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioaren data ezezaguna da, baina aurkikuntza arkeologikoen arabera, VI. mendearen erdian sortu zen[4]. Minoa lehenbiziz aipatzen denean, hiri txikia zen, Selinonteren kokaleku bat[5]. Dorieo Espartakoa (Kleomenes I.aren anaia) Siziliara etorri zen (c. K.a. 510) jarraitzaile askorekin, haren arbasoaren (Herakles) lurraldea galdegiteko. Kartagotarrekin eta segestarrekin izandako borrokan bera eta lagun gehienak hil ziren. Eurileon, bizirik irten zen buruzagiren bat, Minoan errefuxiatu zen eta, agian, lehenbiziz hiriak Heraklea izena hartu zuen[6]. Herodotoren eta Diodororen baieztapenek adierazten dutenez Minoa eta Heraklea ez ziren bi hiri ezberdin. Azkenean, Heraklea izena erabili zen, nahiz eta beste batzuetatik ezberdintzeko, Heraklea Minoa izen konposatua erabili zen[7].

K.a. V.-IV. mendea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Heraklea Minoaren indusketak

Diodorok dio berriki fundatutako hiria azkar garatu zela, baina, arrazoi berberagatik, kartagotarrek suntsitu zutela[8]. Ez dago argi hau noiz gertatu zen, baina azalpenak, apika, Diodororen desagertutako 10. liburuan zeuden. Hiriko suntsiketa bat I. Siziliar gerran (K.a. 480) gerta liteke, baina Diodorok ez du halakorik aipatzen[9]. Alabaina,Rodasko Lindos hiriko Atena tenpluan dagoen inskripzio batek adierazten du bolizko paladio bat Agrigentok arpilatu zuela Minoa menperatu ondoren[10]. Hurrengo mendean eta Dionisioren kartagotarren kontrako guduetan,[11] Herakleari buruzko albisterik ezak adierazten du hau ez zela jadanik existitzen edo egoera txarrean zegoela. Alabaina, Heraklea Minoaren lurraldea, K. a. 405eko itunaren arabera, kartagotarren kontrolpean egon zen[12]. Minoa berriro aipatzen da Dion lehorreratu zenean Agrigentoko hiri txiki honetan, baina oraindik Kartagoren menpekoa zen[13]. Horregatik, litekeena da Dionisio eta kartagotarren arteko itunak, Haliko ibaia muga gisa ezartzea, Heraklea ezkerraldean utziz, beraz, Agatoklesekin K.a. 314an sinatutakoaren arabera, Heraklea, Selinus eta Himera jarraituko zuten Kartagoren menpekoak izaten, aurretiaz izan ziren moduan[14].

K.a. III. mendea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai horretan, Heraklea historian berragertzen da hiri garrantzitsu bat gisa, aldaketa horren arrazoiak argi ez badaude ere. Berriro aipatzen da K.a. 309an Jenodiko Agrigentokoaren mugimenduarekin bat egin zuenean eta bere burua aske kartagotarrengadik eta Agatoklesengandik deklaratu zuenean. Edozein modutan, Agatoklesek berreskuratu zuen K.a. 305ean Afrikatik etorri zenean[15]. K.a. 278an Pirroren espedizioan, berriro Kartagoren eskuetan zegoen, eta hauexe izan zen erregeak hartu zuen lehen hiria Agrigentorantz abiatu zenean [16]. Lehen Gerra Punikoan, (K.a. 260) Hannon kartagotarrak menperatu zuen Agrigento laguntzera joan zenean, garai hartan erromatarrek setiaturik zutelako[17]. K.a. 256an, kartagotarrek Heraklean porturatuta zituzten 350 itsasontzi, Erromako ontziteriaren Afrikako igarobidea eragozteko, baina han erromatar kontsulek Regulok eta Manliok kartagotarrak gainditu zituzten[18]. Dirudienez, garai hartako kartagotarren Siziliako itsasontzi-base garrantzitsuren bat Heraklean zegoen eta horregatik K.a. 249an, aipatzen da Kartalon almirantea postuaren ardura hartu zuela, ikusteko erromatar flota hurbiltzen zen Lilibea askatzera[19]. Gerra amaitzean, Heraklea eta gainontzeko Sizilia erromatarren kontrolpean zegoen, baina II. Gerra Punikoan, berriko kartagotarren eskuetara pasatu zen, eta hau izan zen Martzelok Sizilian konkistatu zuen azkenetariko hiri bat, baina Sirakusaren ostean[20].

Erromatar garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar garaian ezer gutxi aipatzen da Heraklea, dirudienez, oso kaltetuta suertatu zelako I. Gerra Serbilean (K.a. 134-132). Horren ondoren, Publio Rupilio pretoreak kolono berriak ezarri zituen eta, elkarbizitza errazteko, hiritar zaharren eta berrien arteko harremanak udal-lege batez bideratu zuen. Lege hori oraindik zegoen indarrean Zizeronen garaian[21] eta ematen zuen Heraklea artean aberatsa zela[22], baina laster gainbehera joan zen Siziliar hegoaldeko kostaren beste hiri batzuk bezala[23]. Nahiz eta Pliniok aipu ez egin[24], K.o. I. mendeko Mela geografoak Heraklea aipatzen du[25] Siziliako kostaldeko beste bi hirirekin batera. Honetaz gain, II. mendean, Ptolomeo geografoak Heraklea izendatu zuen[26]. Egile hau da azkena Heraklea aipatzean. Antza denez, desagertuta zegoen erromatar ibilbideen garaia baino lehen.

Tommaso Fazello historialaria (XVI. mendea) izan zen lehena Heraklea Minoa identifikatzean. Platini (antzinako Halikos) ibaiaren bokaleko ehunka metrora kokatuta zegoen, gaur Capo Bianco izeneko muinoaren gainean. Aztarnategiak iparraldean malda leunak ditu Platini haranarantz, eta amildegi malkartsu zuriak itsasoari begira hegoko kostan. Hau, dudarik gabe, da Estrabonek aipatutakoa, Heraklea muinoa[23], Siziliako kostak azaldu zituenean, Agrigentoko portutik 32 kilometrora zegoena. Fazelloren garaian, posible zen harresien oinarriak ohartzea, hondakinik zutik ez bazirauten ere. Tokian eltzegintzazko eta adreiluzko aztarnak agertu ziren. Akuedukto bat nabar zitekeen hiria eta ibaiaren bokalaren artean, baina orain desagertu da[27]. XX. mendearen hasieran, K.a. VI.-V. mendeetako nekropoli bat agertu zen. Indusketak 1950ean hasi ziren, Ernesto de Miro irakasleak zuzenduta. Haietan, K.a. IV.-I. mendeen arteko etxebizitzak agerian utzi ziren baita K.a. IV. mendeko antzoki bat ere[28]. Arezzo estiloko eltzegintza ez da tokian aurkitu. Horrek adierazten du hiria K.o. I. mendearen hasieran utzi zela[29].

Ikuspegia Herakleatik

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (PERRY: Sicily in Fable, History, Art, and Song (Classic Reprint), Walter Copland Perry, Fb &C Limited, 15 sept. 2016, 191-192 orriak)
  2. Diodoro Sikulo: 4.23; Herodoto: 5.43; Pausanias, 3.16.4–5.
  3. Diodoro Sikulo: 4.79, 16.9.4; Heraklides Pontiko: 29.
  4. WILSON,R. J. A. eta LEONARD, A. Jr.: Journal Article Field Survey at Heraclea Minoa (Agrigento), Sicily Journal of Field Archaeology 7. bolumena, 2. zbk. (1980ko uda), 219-239 orriak. Taylorrek & Francisek argitaratuta, Ltd. 219 orria.
  5. Herodoto: 5.46].
  6. Herodoto: 5.42–46.
  7. Hêrakleian tên Minôan, Polibio: 1.25.9; Heraclea, quam vocant Minoam, Livio: 24.35.
  8. Diodoro: 4.23.3.
  9. Diodoro: 11.20–23.
  10. Lindos Chronicle (Blinkenberg, Lindos II, Inscriptions, #2, Col C, line 56ff).
  11. Adibidez, Diodorok K. a. 405eko bake itunean ez du Heraklea aipatzen 13.114.1
  12. Diodoro Sikulo: 13.114.1; PERRY: 172–178 orriak.
  13. Diodoro Sikulo: 16.9; Plutarko: Dion: 25.
  14. Diodoro Sikulo: 19.71, Booth: 379 orria.
  15. Diodoro Sikulo:, 20.56; BOOTH: 457 orria; PERRY: 317–319 orriak, 330 orria.
  16. Diodoro: 22.10, BOOTH, 516 orria; PERRY: 341 orria.
  17. Diodoro Sikulo: 23.8, Booth, 520, 521 orriak
  18. Polibio: 1.25–28, 30; Zonaras, 8.12.
  19. Polibio: 1. 53.
  20. Livio: 24.35, 25.27, 40, 41.
  21. Zizeron: In Verrem, 2.50 (123–125)
  22. Zizeron: In Verrem, 5.33 (86), 5.49 (129)
  23. a b Estrabon: 6.2.
  24. Plinio: 3.14
  25. Hegoaldeko kosta azalduz, Melak idatzi zuen: Inter Pachynum et Lilybaeum, Acragas est, et Heraclea, et Thermae, 2.7.16.
  26. Ptolomeo: 3.4.6.
  27. FAZELLO: 6.2; WILLIAM, Henry Smyth: Sicily, 216 orria; BISCARI: Viaggio in Sicilia, 188 orria.
  28. WILSON: 219 orria.
  29. WILSON: 220 orria.
  • BISCARI, Principe di: Viaggio per le Antichità della Sicilia, Palermo, 1817
  • ZIZERON: The Orations of Marcus Tullius Cicero, C. D. Yonge (itzultzailea), B. A. London. George Bell & Sons, York Street, Covent Garden. 1891. 4 bolumen.
  • DIODORO SIKULO: The Library of History. C. H. Oldfatherrek itzulita. 12 bolumen. Loeb Classical Library. Cambridge, Mass.: Harvard University Press; London: William Heinemann, Ltd. 1989. Vol. 2. Books 2.35–4.58. ISBN 0-674-99334-9. Vol. 7. Books 15.20–16.65. ISBN 0-674-99428-0. Vol. 10. Books 19.66–20. ISBN 0-674-99429-9.
  • FAZELLO, Tommaso: De Rebus Siculis Decades Duae, Palermo, 1558
  • HERODOTO: Histories, A. D. Godley (itzultzailea), Cambridge: Harvard University Press, 1920; ISBN 0-674-99133-8. Bertsio online Perseus Digital Libraryan.
  • LIVIO; History of Rome, Rev. Canon Roberts (itzultzailea), Ernest Rhys (argitaratzaile); (1905) London: J. M. Dent & Sons, Ltd.
  • PERRY, Walter Copland: Sicily in Fable, History, Art, and Song, Macmillan and Co., Limited. London. 1908.
  • POMPONIUS MELA: De situ orbis
  • PAUSANIAS, Description of Greece. W. H. S. Jones (translator). Loeb Classical Library. Cambridge, MA: Harvard University Press; London, William Heinemann Ltd. (1918). Vol. 2. Books III–V: ISBN 0-674-99207-5.
  • PLINIO ZAHARRA: The Natural History (eds. John Bostock, M.D., F.R.S. H.T. Riley, Esq., B.A.) London. Taylor and Francis, Red Lion Court, Fleet Street. (1855). Online version at the Perseus Digital Library.
  • PLUTARKO: Plutarch's Lives: Volume II, Arthur Hugh Clough (editor), John Dryden (translator). Modern Library; Modern Library Paperback Ed edition (April 10, 2001). ISBN 0-375-75677-9.
  • POLIBIO: Histories, Evelyn S. Shuckburgh (translator); London, New York. Macmillan (1889); Reprint Bloomington (1962).
  • PTOLOMEO: Geographia
  • SMITH, William: Dictionary of Greek and Roman Geography: "Heracleia", London (1867)
  • ESTRABON: Geography, Horace Leonard Jonesel itzulirik; Cambridge, Massachusetts: Harvard University Press; London: William Heinemann, Ltd. (1924). Vol. 3, Books 6–7 ISBN 0-674-99201-6.
  • WILSON, R.J.A. eta LEONARD, A. Jr., Field Survey at Heraclea Mino (Agrigento), Sicily, Journal of Field Archaeology, Vol. 7, 2. zbk. (uda, 1980), 219–239 orriak.
  • ZONARAS: Extracts of History.
  • CHISHOLM, Hugh, ed. (1911). Heraclea. Encyclopædia Britannica. 13 (11th ed.). Cambridge University Press. p. 308. 
  • SMITH, William, ed. (1854–1857). Dictionary of Greek and Roman Geography. London: John Murray. 

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]