[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

KV20

Koordenatuak: 25°44′N 32°36′E / 25.73°N 32.6°E / 25.73; 32.6
Wikipedia, Entziklopedia askea
KV20
Kokapena
Estatu burujabe Egipto
Egiptoko gobernadore-herria Luxor Governorate
HiriaLuxor
Koordenatuak25°44′N 32°36′E / 25.73°N 32.6°E / 25.73; 32.6
Map
ErabiltzaileaTutmosis I.a
Hatshepsut
Arkitektura
Dimentsioak210,32 (luzera) m
Azalera513,29 m²

KV20, Egiptoko Luxor hiritik gertu dagoen Erregeen Haranean dagoen hilobi bat da. Ofizialki, haran honetan zulatutako lehen hilobitzat hartzen da, eta XVIII. dinastiako bi faraoirentzako lurperaketa leku bezala balio izan zuena, Tutmosis I.a eta bere alaba Hatshepsutentzako, alegia.

Testuinguru historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Tutmosistarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoko erregea K. a. 1506 eta K. a. 1493 bitartean, Aajeperkara Thutmose (Tutmosis I.a)k, kanpaina asko egin zituen atzerrian, bere tropekin, aurretik ezezagunak ziren tokietara iritsiz, Asian zein Afrikan. Baina ez zen bakarrik errege gerlari eta estratega bikain bat izan, baizik eta herrialdea edertu eta hankaz gora zegoen administrazioa berritzeaz ere arduratu zen, hiksoen konkistaren urruneko lorratza. Ondoren, faraoi handienetako bat bezala gogoratua, Tutmosis I.a, Inperio Berriko errege nekropoli ezaguna den Erregeen Haranaren sortzailetzat hartzen da.

Bere eta bere bigarren emazte baten seme zen Tutmosis II.aren garrantzi handirik gabeko erregealdi laburraren ondoren, tronua [[Tutmosis III.a]rentzat izan zen, aurrekoen biloba eta semea, baina oraindik oso gaztea zenez, bere amaorde zen Hatshepsutek erregeordetza hartu behar izan zuen. Emakume hau zen errege odola zuen bakarra, Tutmosis I.a eta bere erreginaren ezkontzatik jaio baitzen, eta bere harrotasuna eta handinahikeria hain izan ziren handiak, erregina-faraoi bezala izendatu zuela bere burua, Tutmosis III.a gaztea eta ezgaiaren maila berean, Maatkara Hatshepsut-Jenemetamon izenpean.

Jauzi handi hau eman ahal izateko, Hatshepsut ausartak, aurretik, lagunduko zion jende talde bat bilatu behar izan zuen. Horien artean, Amonen Apaiz Goren zen Hapuseneb zegoen. Emate mamitsu eta pribilegio handien truke, hierarkia erlijiosoa, Hatsehpsuti leial agertu zen, eta, berarekin, nazio osoa. Honela, tronuan mantendu zen bere semeordearen ondoan 22 urtez, denbora horretan, ekintza militar urriak eta merkataritza eta arkitektura ekintza ugariak egin zituelarik. Beharbada, guzti hauetan nabarmenena, Deir el-Baharin erreginaren hil tenpluaren eraikuntza izango zen, toki eder bat eta fintasun handikoa.

Ondoren, Hatshepsuten irudia Tutmosis III.a jeloskorrak eta bere ondorengoek jazarria izango zen arren, egia esan, bere erreegealdiak ez zuen arazorik ekarri, guztiz kontrakoa baizik. Nabarmen aberastu zuen kleroa, eta, erabat, jainkoen loriarako tenpluak eta obeliskoak eraikitzen ibili zen, baina ez zen arduragabe bat izan, eta nazioa mehatxu guztietatik babsten jakin zuen, barnekoak zein kanpokoak. Tutmosis I.a eta Hatshepsuten erregealdiengatik izan ez balitz, ezingo ziren Egiptoren garai gailena izan zen Inperio Berriko oinarriak jarri.

Erregeen Haranaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekropoliko lehen hilobia KV39a dela uste duenik badagoen arren, eta Erregeen Haranaren sortzailea ez zela Tutmosis I.a izan, baizik eta bere aurreko faraoia, Amenofis I.a alegia, egia esan, orain arte, ezerk ez du halakorik berresten, eta KV20a hartzen da toki hartan eraikitako hirurogei hilobi baino gehiagoren aitzindaria. Tutmosis I.a errege bihurtu aurretik, uste denez, erregeak Dra Abu el-Nagan lurperarazten ziren, XVII. dinastiako erregeen nekropoli pribatua zena, baina, ezagutzen ez diren arrazoiengatik, faraoi berriak, bere hilobiaren eraikuntzarako tokia, mendebalderago eramatea erabaki zuen, gaur egungo Biban el Molukera. Egia esan, Dra Abu el-Naga, Erregeen Harana baino toki txikiagoa zen, eta ez hain ziurra, eta toki berriko harriak, antzinako errege hilerrikoak baino kalitate hobekoak ziren.

Tutmosis I.a faraoiaren hilobiaren eraikuntza, ia estatu sekretua balitz bezala hartu zen, edo behintzat, horretaz harrotzen da eraiki zuena, Ineni boteretsua, nazioko gizon indartsua garai dizdiratsu hartan. Berak, bere hilobi propioko hormetan dioen bezala:

Erregearen amildegiko hilobiaren eraikuntza, neuk bakarrik gainbegiratu nuen, ez ninduen inork ikusi, ez ninduen inork entzun.

Asko eztabaidatu dira Ineniren hitz hauek, hitzez hitz hartu izateraino. Akaso Inenik edo Tutmosis I.ak, eraikitzaileak akabaraziko zituzten, kokapena sekretupean mantentzeko? Ala, agian, belarriak moztu eta begiak atera zizkieten? Beharbada, guzti hauetako ezer ez da hitzez hitz hartu behar. Jakina da, garai hartan, Deir el-Medinako artisau kofradia jada existitzen zela, hain zuzen ere, Tebaseko nekropolian hilobiak eraikitzeaz arduratzen zena, eta, hilobi bat eraikitzen zen bakoitzean, langileak hil behar baziren, Erregeen Haraneko hilobien erdia baino gehiago ezingo ziren zulatu, leundu, margotu eta eraikiak izan, langile faltagatik.

Garaiko beste hilobiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tutmosis I.a zein bere alaba Hatshepsutek, arrazoi ezberdinengatik, eurentzako bi hilobi edo gehiago dituzte Tebaseko nekropolian, eta, salbuespenezko gertaera honengatik, zailtasunak egon dira toki bakoitza zehazki datatu eta noizbat erabilia izan ote zen jakiteko. Eta, bitxia badirudi ere, aita eta alabarentzako hilobi ugari egoteak, Tutmosis II.arentzako hilobirik ez egotearekin tupust egiten du, honi buruz, Erregeen Haranean lurperatua izan ote zen ere ez dakigularik.

Gaur egun, KV20 hilobia Tutmosis I.a lurperatzeko erabili zen jatorrizko hilobia izateari buruz ez dago inongo zalantzarik, Inenik hilobian dioen bezala. Bere aldetik, Hatshepsutek gutxienez bi hilobi izan zituen (edo hiru), bakoitza, bere bizitzako garai baterako, eta izan zuen jarraikako igoera berresten duena.. Honela, Tutmosis I.aren printzesa oinordeko zenean, eta, ondoren, Tutmosis II.aren Errege Emazte Handia, WA D hilobia zulatu zen, Sikket Taqa el-Zaid wadiko amildegi malkartsu batean. Baina, bere burua faraoi izendatzea lortu zuenean, toki hartako lanak alde batera utzi zituen, eta KV20 zabaltzea agindu zuen, behin hil ondoren, beti bere aitaren ondoan atseden hartzeko.

WA D eta KV20aren arteko okupazioen artean, badago Hatshepsutentzako beste hilobi bat eraiki zela aipatzen duenik ere, Tutmosis III.aren erregeorde bezala eman zuen garaiari dagokiona. Hilobi hau, gaur egun KV60 bezala ezagutzen da, KV20tik nahiko gertu dagoena, eta, inongo zalantzarik gabe, garai bereko hilobi bat da. Baina, lehen aipatu den bezala, Hatshepsut koroatua izan eta behin betiko hilobi aldaketa egin zenean, KV60 Sitrak hartuko zuen, erreginaren inudeak, nor asko maite zuen. Toki hau lehenik Hatshepsut erregeordeari eta ondoren Sitrari ematea, aditu guztiak bat ez datozen kontua da, beste askok, KV60, hasiera-hasieratik, inudearentzat zela pentsatzen dutelarik. Edonola ere, litekeena da hilobi honek, paper garrantzitsu bat izatea erregina-faraoiarentzat berau hil eta handik urte batzuetara, beranduago kontatuko den bezala.

Hilobi ezberdin multzo hau ez da hemen amaitzen. Hatshepsut hil eta Tutmosis III.a errege bakar geratu eta handik gutxira, nekropolian, beste errege hilobi bat eraikitzea agindu zen, jada eraikitzen ari zirenez gain, gutxienez, Tutmosis III.a eta Hatshepsut Meritra erreginarentzako. Hilobi berri hau, gaur egun KV38 bezala katalogatua, erregearen aitona zen Tutmosis I.aren bigarren eta behin betiko atseden toki bezala diseinatua izan zen, Tutmosis III.aren ustez, bere aitonak, bakarrik atseden hartzea merezi baitzuen, Hatshepsut usurpatzailearen presentzia kaltegarritik urruti. KV38, neurri txikiko hilobi bat da, KV20tik oso urruti eraikia, eta, azkenik, Tutmosis I.ak hartu zuena. Hatshepsuten gorpuak, denbora luzez, aita eta alabarentzako pentsaturiko hilobian berak bakarrik atseden hartu behar izan zuen.

Urrutiko KV41 hilobia kontutan hartu gabe, KV20a da haranean ekialderen dagoena, nekropoliko hilobiak altxatuta dauden batez besteko altueratik hogei metro inguru gorago. KV20a zulatua dagoen amildegiaren oinean, KV19a dago, eta KV43 eta lehen aipaturiko KV60tik ere oso hurbil dago.

Hilobiaren profila, XVIII. dinastiako ondorengo hilobien aitzindaritzat har daiteke, argi eta garbi, bere ondorengoak baino lakar eta primitiboagoa den arren. Hilobiak, bira zentzu bitxi bat jarraitzen du: sarrera (A) eta beherantz doan arrapala luze baten ondoren (B), ekialderantz zuzendutako ardatzak hegoalderantz biratzen du, eta norantza honetan hedatzen da hilobiaren luzera gehiena, zenbait korridoretik igaroz (C1 eta D1 eskailerak eta C2 arrapala eta D2 arrapalaren erdia)

Oso modu baldar eta ez erregularrean tailaturik dauden arren, amaigabeko korridore estuek, KV20 hilobia, nekropoli osoko luzeenean bihurtzen dute, KV5 erraldoia salbu. Hain neurri ikaragarrien arrazoia, sekula berdindu ez direnak errege hilobi batean, Haranaren larehun urteko historian, Hatshepsutek, ahal bezain beste Deir el-Baharira eta bertako hil tenplura hurbiltze nahiagatik azal daiteke, KV20 dagoen amildegiaren beste aldean dagoena.

Ehun metro hegoalderantz jeitsiz egin ondoren, ardatzak berriz biratzen du, kasu honetan mendebaldera, hilobiaren profila, bere alde nagusietako bat falta zaion errege kartutxo erraldoi batean bihurtuz. Hilobiaren azken zatian, D2 pasabideak, J1 bezala ezagutzen den gela bati tokia uzten dio, eta Tutmosis I.aren hilobi kamera izan zena Hatshepsuten erregealdian eginiko hedapen lanetararte. Beragandik, ondoren, aurrekoak baino txikiagoa zen korridore berri bat zulatu zen (G), azkenik, behin betiko kriptara iristen dena, J2. Laukiluze formako gela honetan, erdian zutabe bat duena, aurkitzen ziren Tutmosis I.a eta Hatshepsuten hilobiak, erantsitako hiru kamera txikiek (J2a, J2b eta J2c), hilobi erraldoiaren alboko biltegi bezala balioko zuten bitartean.

XVII. dinastian eta XVIII. dinastiaren hasieran, ez zegoen hilobi bateko hilobi kamera apaintzeko ohiturarik, ezta errege hilobia bazen ere. Ideia hau, Deir el-Medinako margolari eta eraikitzaile gremioaren sorreratik aurrera galtzen hasi zen, baina ez zen askoz beranduago arte, Seti I.aren erregealdian, margoekin hilobi osoa beteko, eta ez bakarrik hil putzua, kripta, eta, agian, aurrekamera. Honi, KV20 hilobian hainbeste eta hain sakon zulatu izanagatik, eskisto geruza batera iritsi izana gehitzen zaio. Izan ere, eskistoak, bere ezaugarriekin, erabat ezinezko egiten zuen hilobi kamera apaintzea.

Honela, ez da harritzekoa, Howard Carterrek eginiko indusketan, kareharrizko hamabost bloke handi aurkitu izana, hauen gainean, Amduateko Liburuko eskenak inskribatuak zeudelarik, ondoren, Tutmosis III.ak eta bere ondorengoek ere erabili zituzten gehiegi liraindutako irudi bereizgarriekin. Ziurrena, eskistoak eskaintzen zituen aukera urriak zirela eta, bloke hauek, hilobi kameraren estalki bezala jarri izana da, apaindura moduan.

Ez da ezagutzen KV20 hilobia aurkitu zen data, baina, jada, B korridorerarte irekita zegoen 1799ko napoleondar espedizioan. Beharbada, antzinatetik ezagutua izango zen, baina bere kokapenak eta hondakin mordoek, ez zuten greziar eta erromatar bisitarien interesik piztuko, beste lurperaketa batzuengatik bai interesatu zirelarik. 1825 arte, eta James Burtonen aldetik, ez zen tokia garbitzen saiatuko, bertan porrot eginez. Beranduago idatzita utzi zuen bezala, hilobiaren baldintza kaxkarrak, bere estutasunak, aire zikinak eta kontaezinbesteko hondakinek, baliabide hobeak eta pazientzia eta denbora handia behar zituzten. Bere espedizioak, utzi egin zuen D1 eskailerara iritsi ondoren.

Howard Carterrek berriz hartu zuen lana laurogei urte beranduago, 1904tik 1905 arteko denboraldian, objektu zati ugari lortuz. Adibidez: bi erregeen kuartzita horizko sarkofagoak, Hatshepsuten ontzi kanopo kutxa, eta erregina, bere guraso (Tutmosis I.a eta Ahmose eta bere amona Ahmose-Nefertariren) izenak zituzten puskatutako pitxerrak. Erregina-faraoiaren izena zuten sortze gordailuak aurkitu zirenean, Tutmosis I.aren jatorrizko hilobia KV38 zela, eta, ondoren, Hatshepsuten aginduz, KV20ra eramana izan zenaren ideia mantendu zen. John Romerrek 1974an eginiko behar bezalako azterketararte ez zen kontrako ondoriora iritsi: Inenik bere faraoiarentzat zulatu zuen hilobia KV20 izan zen, eta bakarrik beranduago erabiliko zen KV38a, Tutmosis III.aren erregealdian. Teoria hau, gaur egun, arkeologo guztiek gehien jarraitzen dutena da, askogatik gainera.

Orain arte, ez da KV20 hilobiaren berritze edo kontserbatze lanik egin, eta 1994an gertatutako uholde bortitzaren ondorioz, berriz hondakinez betetzea eragin du. Gaur egun, hilobi kamerara iristea erabat ezinezkoa da, eta zaila da gainontzeko geletan sartzea, egitura osoaren egoera kaxkarrari ere lotuta.

Errege momiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen esan den bezala, Tutmosis I.a, KV38 hilobira eramana izan zen bere biloba Tutmosis III.a faraoi bakar bezala geratu zenean, eta, ustez, bertan atseden hartu zuen hilobia arpilatua izan zen arte. Dirudienez, bere gorpua izan zen, XXI. dinastian Deir el-Baharin salbu jarri zenetako bat, DB320an, baina zalantza handiak daude bere identifikazioari buruz.

Inperio Berriko zenbait faraoiren gorpuen aurkikuntza miraritsuaren ondoren, Tutmosis I.aren gorpua, pertsona ospetsuen galeria sinestezinaren artean aurkitzen zela frogatu zen. Hala ere, tradizionalki eman izan zaion gorpua, dirudienez, ez da berea, eta Egiptoko autoritateen errezeloak dira, beharrezko ADN azterketa egiteko oztopo. Hala eta guztiz ere, momiak, ez du garai hartako errege familiaren gainontzeko gorpuen inongo antzik, eta, bere bilketa eta kontserbazio motagatik, XXI. dinastian datatua dagoela dirudi. Pertsonaren ustezko adinak ere ez du laguntzen, hogeitamar urte ingurukoa -gazteegia Tutmosis I.a izateko-. Gaur egun, aipaturiko gorpu hori, Amonen Apaiz Goren izan zen Pinediem I.arena dela pentsatzen ohi da, baina honek, lehen ondo identifikatuta zeudela uste zen zenbait momia berrizendatu beharko liratekeela esan nahi du, eta egiptoarrak ez daude honetaz oso konbentzituta.

Hatshepsuten momia, publikoari, 2007ko ekainean aurkeztua izan zen, benetan ondo identifikatua izan ote zen edo ez zalantzan urte asko eman ondoren. Zahi Hawass, Egiptoko Antigoaleko Gauzen Kontseilu Goreneko Idazkari Nagusiak, 1922an Tutankamonen momia aurkitu zenetik, aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuena zela esan zuen. Momia, bere hagin baten azterketaren bidez identifikatu ahal izan zen. Honela, Zahi Hawass beraren teoria berretsia zen, hau da, aurkitutako momia hori Hatshepsut erregina-faraoiarena zela, hasiera batean, bere inudearenarekin nahastu zelarik, bere ondoan lurperatua izan zena.

Aipaturiko bi momiak, Erregeen Haraneko KV60 hilobian aurkituak izan ziren. Hilobi hau, Hatshepsutek berak eraiki zuen, bere inudearentzako, nor asko maite zuen, Sitra dama, eta bertan, berrogei edo berrogeitabost urte inguruko emakume baten eta hirurogei urte baino gehiagoko atso gizen baten gorpuak aurkitu ziren, ezkerreko besoa, argi eta garbi, erregina batena zen posizio batean tolestua izatearen berezitasuna zuena. Orduan pentsatzen hasi zen momia hura Hatshepsutena izan zitekeela, besoaren ez ohiko posizioa dela eta. Horrek, galdera ugari sorrarazten zituen. Nola lurperatu nahi zuen emakume honek? Errege emazte handi bat bezala ala faraoi bat bezala, bi besoak papar gainean gurutzatuta? Tutmosis IIIak, bere amaordea, erregeen ohiko posizioan lurperatua izateko baimenik emango ote zuen?

Momiaren egiaztatzearen aurretik, jada aurkitu zen momifikatutako gibela, inongo zalantzarik gabe, Hatshepsutena zena, gibelaren ondoan, hesteak eta erro bakarreko hagin bat zeuden, azken atal hau funtsezkoa izan zen behar bezala identifikatzeko, ontzi kanopoen kutxa, DB320 hilobiko errege momien ezkutalekuan aurkitua izan zen. Honek, hasiera batean, Hatshepsuten gorpua, DB320ko izengabeko momien artean zegoela pentsarazi zuen.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]