Aktinia gorri
Aktinia gorri | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Cnidaria |
Klasea | Anthozoa |
Ordena | Actiniaria |
Familia | Actiniidae |
Generoa | Actinia |
Espeziea | Actinia equina Linnaeus, 1758 |
Genomaren kokapena | metazoa.ensembl.org… |
Aktinia gorria[1] edo itsas tomatea[2] (Actinia equina) Actiniidae familiako anemona da, Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean eta Mediterraneoan bizi dena.
Marearteko eremuak kolonizatzen ditu eta anemona gorria da. Itsasbeheran garroak biltzen ditu eta tomate baten itxura hartzen du, hortik haren izena.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lineok deskribatu zuen lehenengoz 1758. urtean Systema Naturae liburuaren hamargarren edizioan. Priapus equina izena eman zion hark, baina gaur egun ez da izen hori onartzen[3].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko kostaldetan kolore gorria du baina beste toki batzuetan marroia, laranja edo berdea ere izan daiteke[1].
Zilindro itxurako gorputza du, 6 cm-ko diametroa duena eta 5-7 cm arteko altuera hartzen duena[4]. Inguruan duen elikagaien eskuragarritasunaren eta uretako baldintza fisiko-kimikoen arabera handiagoa edo txikiagoa izango da[5]. Gorputza biguna da, ez du inolako eskeleto egiturarik[6].
Gorputzaren oinarriko diskoak bentosa bat du substratuaren gainean finkatzeko[1] eta jariakin itsaskor bat ere sortzen du. Goiko diskoaren erdigunean ahoa du eta inguruan 192 garro sei zirkulu kontzentrikotan antolatuta. Garroen azpialdean kolore urdin biziko zakuz osaturiko eraztun bat du[7]. Zaku horiek ziztatzen duten knidozisto izeneko zelula espezializatuz beteta daude. Haien bidez elikagaiak eskuratzen ditu eta lurraldeagatik borrokatzen du[6].
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdeko kostaldetan aurkitzen da Britainiar uharteetatik Mauritania alderaino. Azoreetan, Madeiran eta Kanarietan ere ikusten da. Bestalde Mediterraneo itsaso guztian hedaturik dago[8].
Marearteko eremuetan ohikoa bada ere 1.600 metrotako sakoneran ere aurki daiteke. 10-25 ºC arteko tenperatura duten urak atsegin ditu[8] baina Atlantiko iparraldeko uretan ere aurkitzen da 2ºC izan arren, bai eta 28ºC-tik gorako ur tropikalak ere.
Azkenik gazitasun mailarekiko tolerantzia handia erakusten du, itsasoan ez ezik estuarioetan ere aurki baitaiteke.
Biologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koloniarik eratzen ez duen espezie bakartia da. Marearteko eremuetan aurkitzen dituen arroketako arrakaletan kokatzen da. Itsasbehera gertatzen denean garroak biltzen ditu eta itsasoko ura pilatzen du barnean. Bola gorri baten itxura hartzen du orduan, tomate gelatinotsu baten antzekoa. Horrela egoten da harik eta itsasgoran urak estali egiten duen arte[6].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aktinia gorria haragijalea da. Garroekin harrapatzen dituen arrain txiki, krustazeo eta moluskuetaz elikatzen da. Garroetan dituen knidozistoen bidez harrapakina paralizatu egiten dute eta ondoren ahora eramaten dute[6]. Marearteko gunearen azpialdean dauden aktiniek denbora gehiago dute elikatzeko eta goiko aldean daudenak baino handiagoak izaten dira. Orokorrean egunsentiko argitasunarekin izaten dira aktiboen[5]. Janaria urria denean tokiz mugitzen da leku hobearen bila[1].
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sexuak bereizita dituzte aktinia gorriek. Ar helduek espermatozooak askatzen dituzte ur zutabean eta eme helduen digestio aparatuaren barnera sartzen dira eta obuluak ernaltzen dituzte. Enbrioia barruan garatzen da eta ondoren ahotik kanporatzen ditu emeak[1]. 12 garro dituzten aktinia txikiak dira kanporatzen direnak eta inguruan finkatzen dira[6].
Ugalketa asexuala ere badute eta zatiketa bidez sortzen dituzte ale berriak[6].
Akuarioetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akuarioetara ongi moldatzen den espeziea da, gazitasun eta tenperaturarekiko tolerantzia handia erakusten baitu. Bi edo hiru egun bakoitzean janaria eman behar zaio, muskuilu edo ganba zatiak edo arrain zatiak. Kontu handiz ibili behar da animalia ez kaltetzeko[9].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e (Indonesieraz) Yumpu.com. «Donostiako Itsas Ornogabeak - adeve.es» yumpu.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ Zulaika, Asier Aldalur. (2015(e)ko ekainaren 15(a), astelehena). «Arkamurka natur taldea: Getarian Gaztetapeko arroketan bizidun ugari aurkitu genituen» Arkamurka natur taldea (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ «WoRMS - World Register of Marine Species - Priapus equinus Linnaeus, 1758» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Actinia equina Linnaeus, 1758» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ a b Carling, B., Gentle, L.K. & Ray, N.D.. (2019). Several parameters that influence body size in the sea anemone Actinia equina in rock pools on the Yorkshire coast. .
- ↑ a b c d e f «Tomate marino - Actinia equina : WAZA: World Association of Zoos & Aquariums» web.archive.org 2016-03-05 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Tomate de mar» L'Aquàrium (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ a b (Ingelesez) «Beadlet anemone • Actinia equina • Cnidarian sheet» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Actinia equina, tomate de mar – Aquanovel. 2013-02-09 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).