Charles Doolittle Walcott
Charles Doolittle Walcott (New York Mills, 1850eko martxoaren 31 – 1927ko otsailaren 9a), paleontologo eta naturalista estatubatuarra, Smithsonian Instituzioko idazkaria eta Burgess Shale aztarnategia aurkitzeagatik geologia munduan oso ezaguna[1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Charles Doolittle Walcott New York estatuaren erdialdean dagoen New York Mills herrixkan jaio zen 1850 urtean. Lau anai arrebetan gazteena zen eta txikitatik mineralak, txorien arraultzak eta fosilak biltzen aritu zen[2]. Ikasketetarako interesik ez zuen eta Utica hiriko hainbat ikastetxe pasa ondoren 18 urterekin bertan behera utzi zuen eskola, ikasketak amaitu gabe[3]. Fosil biltzaile profesionala bihurtu zen, bizimodua fosilak saltzetik atereaz[3]. 1872ko urtarrilaren 9an etxalde baten jabearen alaba zen Lura Ann Rust-ekin ezkondu zen. Etxaldean bertan aurkikuntza izugarria egin zuten, egoera bikainean zeuden trilobite andana aurkitu baitzituzten. Eremuari Walcott–Rust quarry ("Walcott–Rust harrobia") izena eman zioten[4]. Bertan bildutako aleak Yale Unibertsitateari saldu zizkioten. 1976an emaztea hil zen.
1888an berriz ezkondu zen, oraingoan Helena Breese Stevens-ekin, eta lau haur izan zituzten 1889 eta 1896 artean. 1911 urtean Helena tren istripu batean hil zen eta 1914an Mary Morris Vauxekin ezkondu zen. Artista amateurra eta naturalista asegabea zen eta espedizio guztietan lagun izan zuen.
Paleontologo ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elkarteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Walcott–Rust harrobia izan zen Walcotten ibilbide zientifikoa abiatu zuen gertakizuna. Walcottek fosilekiko zeukan interesa hain zen handia Louis Agassiz geologo ezagunak paleontologian lan egitera animatu zuela. James Hall paleontologoarekin aritu zen bi urtez lanean eta 1879 urtean US Geological Survey sortu berrian sartu zen. 1894an elkarteko zuzendari izendatu zuten[3].
1896an National Academy of Sciences elkarterako aukeratua izan zen eta 1901 urtean Geological Society of America elkarteko lehendakaria bihurtu zen[5]. 1907an Smithsonian Instituzioko idazkari izendatu zuten eta hogei urtez izan zen karguan, 1927an hil zen arte[3]. 1909an Charles Darwinen mendeurrenean Cambridgeko Unibertsitateko ohorezko doktoretzaz saritu zuten[6].
1923 urtean American Association for the Advancement of Science elkarteko presidentea izan zen eta Estatu Batuetako presidentea zen Theodore Roosevelt-en aholkulari izendatu zuten[3].
Burgess Shale
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Walcottek bere lana Kanbriar garaiko estratuetan zentratu zuen eta Estatu Batuetako eta Kanadako hainbat eremu ikuskatu zituen. 1909an Kanada mendebaldeko Columbia Britainiarrera espedizioa egin zuen eta abuztuaren 30ean, espedizioaren amaieran, Burgess Shale aztarnategia aurkitu zuen. Berehala konturatu zen aztarnategi honek zuen garrantziaz eta 1910 urtean Helena emaztearekin eta alabarekin itzuli zen fosilak biltzera. 1924 artean urtero izan zen Burgess Shalen eta 65.000 fosiletik gora bildu zituen. Ordurako 74 urte zituen[7].
Fosilak deskribatu eta sailkatzea lan handia zen eta horretan aritzen zen aztarnategian ez zegoen sasoietan. Garai hartan Walcotten fosilak bitxikeritzat hartu ziren ordea, ez baitziren bizidun modernoen taxoietan sailkatzeko errazak.
Aintzatespena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Charles Doolittle Walcott ez zen ezaguna izango Stephen Jay Goulden Wonderful Life liburuarengatik izan ez balitz[8]. Bertan Gouldek Walcotten fosilei sinesgarritasuna eman zien eta iraungitako hainbat filumen ordezkariak zirela esan zuen[9].
Walcottek Ordoviziar garaiko trilobiteen inguruan ere lan ugari egin zuen[10] eta 1990. hamarkadan Thomas Whiteley paleontologoak Walcotten ikerketak azaleratu eta Walcott-Rust harrobia berriz ireki zuen.
Kanadako Burgess mendiko tontor bati Walcotten izena ipini zitzaion eta National Academy of Sciences elkarteak bost urtean behin "Charles Doolittle Walcott Award" saria ematen dio Kanbriar eta Kanbriaraurreko garaietako aurkikuntza onenari.
Argitaraturiko lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Cambrian Geology and Paleontology, 5 vv. Smithsonian Institution 1910-1928, vv. 1
- Geology of the Eureka District, Nevada, with an Atlas, Monographs US Geological Survey 20, 1884
- Paleontology of the Eureka District, Monographs of the US Geological Survey 8, 1884
- Cambrians faunas of North America, Bull. US Geological Survey 1884
- The Fauna of the Lower Cambrian or Olenellus Zone, Washington D. C. 1890
- Correlation Papers on the Cambrian, Washington D. C. Bull. US Geological Survey 81, 1890
- Fossil Medusae, Monographs US Geological Survey 30, 1898
- Cambrian Brachiopoda, Washington D. C. Gov. Printinc Office, 2 vv. 1912
- Cambrian Fauna of India, Washington D. C. 1905
- Cambrian Faunas of China, Proc. of the United States National Museum 30, 1905
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Who's Who in the World, 1912. International Who's Who Publishing Company 1911 (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
- ↑ «Biodiversity Heritage Library» www.biodiversitylibrary.org (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
- ↑ a b c d e Yochelson, E. L.. (1996). Discovery, Collection, and Description of the Middle Cambrian Burgess Shale Biota by Charles Doolittle Walcott. Proceedings of the American Philosophical Society, Vol. 140, No. 4. 140 (4):, 469–545 or. ISBN 0003-049X..
- ↑ Brett, Carlton E.; Whiteley, Thomas E.; Allison, Peter A.; Yochelson, Ellis L.. (1999). The Walcott–Rust quarry: Middle Ordovician trilobite Konservat-Lagerstatten. Journal of Paleontology. Paleontological Society. 73 (2):, 288–305 or..
- ↑ Eckel, Edwin. (1982). GSA Memoir 155, The Geological Society of America — Life History of a Learned Society,. ISBN 0-8137-1155-X..
- ↑ (Ingelesez) Collins, Desmond. (2009-08-19). «Misadventures in the Burgess Shale» Nature 460: 952–953. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
- ↑ Briggs, D.E.G.; Erwin, D.H.; Collier, F.J.. (1995). Fossils of the Burgess Shale. Washington: Smithsonian Inst Press ISBN 1-56098-659-X..
- ↑ Briggs, Derek E. G.; Fortey, Richard A.. (2005-06). «Wonderful strife: systematics, stem groups, and the phylogenetic signal of the Cambrian radiation» Paleobiology 31 (sp5): 94–112. doi: . ISSN 0094-8373. (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
- ↑ «Wonderful Life (1989)» www.stephenjaygould.org (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
- ↑ (Ingelesez) Walcott, Charles D.. (1892-01-01). «Preliminary Notes on the Discovery of a Vertebrate Fauna in Silurian (Ordovician) Strata» GSA Bulletin 3 (1): 153–172. doi: . ISSN 0016-7606. (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charles Doolittle Walcott |
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Charles Doolittle Walcott |