Cao Pi
Cao Pi —txinera tradizionalez: 曹丕; pinyinez: Cáo Pī— (Bozhou, 187ko maiatzaren 29a - Luoyang, 226ko ekainaren 29a) txinatar poeta eta enperadorea izan zen, Wei dinastiaren sortzailea.
Biografia
Cao Caoren bigarren semea. Cao Ang haurriderdiaren heriotzaren ondoren, Cao Caoren oinordeko bihurtu zen. Bere aitari lagundu zion Ji probintziaren inbasioan, eta Weien errege izendatu zutenean, bere anaia Cao Zhirekin ondorengotza-gerra izan zuen. Cao Pi, maltzurra zena, bere aitaren oinordekoa izan zen, eta Handarren lehen ministro, Weitarren errege eta Ji probintziako Babesle Inperial izendatu zuen bere burua. Bere ondorengotza gertatu eta gutxira, Cao Pik Weitarren erresuma ezarri zuen, Xian enperadorea tronutik kendu eta Weitarren lehen enperadore bihurtuz. 221ean, Cao Pik Wuko errege titulua eman zion Sun Quani, eta haren erresumatik inbasioa agindu zuen, Shu erresumaren inbasioa agindu baino pixka bat lehenago. Bi inbasioetan porrot egin zuen.
223an, Cao Zhang anaiak tronua usurpatu nahi ziola susmatu, eta weiqi jokatzen ari zirela, anaia pozoitu egin zuen.[1] Bere konkista porroten ondoren, Cao Pi Wutarrei eraso egiten tematu zen eta inbasioan pertsonalki parte hartu zuen, baina berriro garaitua izan zen. Zazpi urteko erregealdiaren ondoren, gaixotu egin zen, eta Cao Rui bere ondorengoaren boterea finkatzeko asmotan bere ohera Sima Yi, Chen Qun, Cao Zhen eta Cao Xiu deitu zituen. Cao Pi berrogei urte zituela hil zen,[2] eta historian arrasto garrantzitsua utzi zuen poeta gisa, militarren porrot sonatuak gorabehera.
Erreferentziak
- ↑ (Ingelesez) Cao Pi, Cao Zhang and Cao Zhi
- ↑ de Crespigny, Rafe. (2007). A biographical dictionary of Later Han to the Three Kingdoms (23–220 AD). Brill, 45 or. ISBN 978-90-04-15605-0..