Zimbabwe
Zimbabwe[1], ofizialki Zimbabweko Errepublika, hegoaldeko Afrikako estatua da, itsasbazterrik gabekoa. Afrikar Batasuneko (AB) eta NBEko kidea da. Hiriburua Harare da.
Zimbabwek, 15 milioi biztanle inguruko herrialdeak, 16 hizkuntza ofizial ditu: ingeles, shonera, ndebelera (ipar-ndebelera); chewera, chibarwe (sena), kalangera, koisan (tsoa), nambyera, ndauera, shangani (tsongera), hego-sothoera (sothoera), tongera, tswanera, vendera, xhosera eta zimbabwetar keinu-hizkuntza. Ingelesa, shonera eta ndebelera dira gehien hitz egiten direnak, eta hizkuntza ofizial gehien dituen hirugarren herrialdea da munduan.[2]
2010ean, Zimbabweko Giza Garapenaren Indizea (GGI) munduko baxuena izan zen,[3] baina harrezkero herrialdearen egoerak hobera egin du. 2020an, 189 herrialdetako 150etan kokatu zen.[4] Zimbabwen lehorteak eta uholdeak maiz gertatzen dira.[5]
Geografia
aldatuMendebaldean Botswanarekin muga egiten du, iparraldean Zambiarekin, hegoaldean Hegoafrikarekin eta ekialdean Mozambikerekin, muga naturalak Zambezi eta Limpopo ibaiak izanda. Victoria ur-jauziak partekatzen ditu geografikoki Zambiarekin.
Ehun bat kilometro zabaleko eta 1.200-1.500 m garaierako mendilerro batek (Highveld) zeharkatzen du lurraldea hego-mendebaldetik ipar-ekialdera; Inyangani mendian du gailurra (2.593 m), ipar-ekialdean, Mozambiketik hurbil. Lurraldeko ardatz horren bi aldeak 900-1.200 m bitarteko garaiera duen goi-lautada zabala da (Middle Veld), lurraldearen erdia hartzen duena. Goi-lautadaren ipar-mendebaldeko eta hego-ekialdeko muturreko alderdiek (Lowveld) 300 m-ko garaiera dute, eta lurraldearen laurdena hartzen dute. Zambezi ibaiak ipar-mendebaldeko muga egiten du Zambiarekin. 1959an ibai horretan egin zen urtegi handiak munduko aintzira artifizial handienetako bat eratu du, Kariba aintzira (5.200 km2). Highveld ura Zambezi ibaiaren arrora edo Limpopo eta Sabi ibaienetara isurtzen duten ibaien banalerro da. Lurraldeko ur gehiena hiru ibai horiek daramate, Mozambiken zehar, Indiako ozeanoraino.
Klima eta landaredia
aldatuKlima subtropikal epela du Zimbabwek. Uztaila hilabeterik hotzena da (14 °C) eta urria, beroena (22 °C). Urritik apirilera Indiako ozeanoko montzoiak euria ekartzen du; euri gehiago egiten du ipar-ekialdean (1.400 mm) hego-mendebaldean (400 mm) baino. Sabanak estaltzen du ia lurralde osoa.
Demografia
aldatu2005ean, 12.160.172 biztanle ziren. Erlijioei zegokienez, hona ehunekoak: protestanteak, % 17,5; bertako Eliza kristaua, % 13,6; katolikoak, % 11,7; animismoa, % 40,4; besteak, % 14,8. Etnietan, shona hizkuntzako bantuak % 70,8 ziren; ndebelera hizkuntzakoak, % 15,8; europarrak, % 2; asiarrak, % 0,1; besteak, % 0,3.
Zimbabweko lehen biztanleak san herrikoak ziren, eta ehizan eta fruituak biltzen aritzen ziren. Mendeetan zehar bantuak nagusitu zitzaizkien, iparraldetik etorriak, eta haiek burdinaren erabilera eta nekazaritza ekarri zuten berekin. Bi etnia nagusi daude gaur egun Zimbabwen, shona (% 70) eta ndebele (% 16). Zuriak biztanleriaren % 2 dira. Lau biztanletik hiru herrixketan bizi dira. Ingelesa da hizkuntza ofiziala; shona eta ndebele hizkuntzak bantu familiakoak dira. Erlijioz, biztanleriaren erdia, gutxi gorabehera, kristaua da; gainerakoak, animistak zein musulmanak. Heriotza-tasa handia izanik ere (% 10,3), biztanleria bizkor ari da ugaltzen eta 23 urte barru bikoiztu egingo da, jaiotza-tasa ere oso handia baita. Osasun-egoera eta gizarte-laguntzaren babesa garapen bidean dagoen herrialde batenak dira. Haurren heriotza-tasa oso handia da. Zimbabwetarren batez besteko bizi-itxaropena 58 urtekoa da gizonezkoentzat eta 61 urtekoa emakumezkoentzat. Irakaskuntza hiru mailatan banatuta dago eta doakoa da, baina lehen mailako ikasketak ez dira nahitaezkoak eta biztanleen % 25, gutxi gorabehera, alfabetatu gabe dago.
Historia
aldatuGaur egungo Zimbabweko lehenengo biztanleak boskimanoak ziren. Dirudienez, VIII. mendearen inguruan, bantu etniako shonak sartu ziren, eta lurraldeko kobrea eta urrea ustiatu zituzten. IX. mendean Zimbabwe edo Zimbabwe Handia deituaren harrizko lehen eraikinak egin ziren. Hura izan zen XV. mendean shona etniakoek sortu zuten Monomotapako Inperio handiaren erdigunea, kostaldeko portugaldarrekin merkataritza-harremanak izan zituena. Urre, boli eta kotoiaren salerosketaren bitartez portugaldarrak inperioko nagusi izatera iritsi ziren, baina XVII. mendearen bukaeran rozwi etniak shonen inperioa menderatu eta portugaldarrak handik kanpora bidali zituen.
Kostaldeko europarrekin merkataritza-harremanak izaten jarraitu bazuten ere, urre-meategi asko itxi zituzten, portugaldarren hedapena metal bitxi hari egozten baitzioten. XIX. mendearen hasieran zuluen buruzagi Shakarengandik ihes zihoazen leinu batzuk iritsi ziren Zimbabwera. Haien artean boerrek Transvaaletik egotzi zituzten ndebeleak, gudari eta abeltzainak, nagusitu ziren. Ndebeleek zuluena bezalako estatua antolatu zuten, mea-ustiaketaren ordez nekazaritza bultzatu zuten, eta erasoak eta lapurretak egin zituzten lurraldean barrena.
Bien bitartean, mende horretan zehar, britainiar eta holandar esploratzaileak, ehiztariak eta abenturazaleak ibili ziren lurraldean, Hegoafrikatik abiatuta gehienak. 1889an Cecil Rhodes kolonizatzaileak Afrikako Hegoaldeko Britainiar Konpainia sortu zuen lurraldearen kolonizazioa eta baliabide ekonomikoen ustiaketa bideratzeko. Hurrengo urtean konpainia horretako espedizio batek Salisbury (gaur egun Harare) sortu zuen. 1895ean konpainiaren administraziopeko lurraldeari Rhodesia deitu zitzaion, eta 1897an konpainia lurraldearen jabe egin zen. Urte horietan ndebeleak, shonen laguntzarekin, britainiarren aurka matxinatu ziren, baina menderatuak izan ziren. Jende asko joan zen Europatik Rhodesiara, urre-hobiek erakarrita hasieran, eta, geroago, etxalde handiak sortzera. Kolono zuriek Afrikako Hegoaldeko Batasunari lotzeari uko egin ondoren, 1923ko irailean Britainia Handiko kolonia bihurtu zen Hego Rhodesia, nolabaiteko autogobernuarekin. Hurrengo urteetan, herrialdeak aurrerapen ekonomiko handia egin zuen, eta, Bigarren Mundu Gerran batez ere, europar gehiago iritsi ziren.
1953-1963 urteetan, Hego Rhodesia federazio batean elkartu zen Ipar Rhodesia (Zambia) eta Nyasalandiarekin (Malawi). Bien bitartean, afrikarren abertzaletasuna gero eta sendoagoa egin zen, bi alderditan banatua egon arren: Zimbabweko Afrikar Nazioaren Batasuna (ZANU, Robert Mugabe buruzagiaren gidaritzapean) eta Zimbabweko Afrikar Herri Batasuna (ZAPU, Joshua Nkomo buruzagiaren gidaritzapean). 1963an, federazioa desegin zenean, Britainia Handiak Nyasalandiaren eta Ipar Rhodesiaren burujabetasuna onartu zuen, baina ez Hego Rhodesiarena, han zurien eskubideak baizik ez zirelako aitortzen.
Horren aurrean, 1965ean, Ian Smith koloniako lehen ministroak lurraldearen burujabetasuna aldarrikatu zuen. 1970eko konstituzioak Rhodesiako Errepublika onartu zuen, baina Nazio Batuek eta Britainia Handiak ez zuten errepublika onetsi eta inguruko estatuek, Hegoafrikak izan ezik, blokeoa ezarri zioten. Blokeoak eta gerrillarien erasoek beltzekin negoziatzera behartu zuten Ian Smith. 1979an zuriez eta beltzez osatutako gobernua eratu zuen, eta hauteskundeak antolatu zituen 1980an. 1980ko otsaileko hauteskundeetan, ZANUko Mugabek botoen % 63,9 izan zituen, eta Nkomok botoen % 24. Smithen alderdiak eskuratu zituen zuriek Legebiltzarrean zituzten 20 aulkiak. Urte bereko apirilaren 18an, herrialdeak, Zimbabweko Errepublika izendapen berriaz, burujabetasuna erdietsi zuen.
Koalizio-gobernu bat egin zen, Mugabe lehen ministro eta Nkomo barne-ministro zituena. Mugabe herrialdea aurrera bidean jartzeko eta baketzeko politika egiten eta bertako kultura suspertzen ahalegindu zen. Hala ere, arazo handiak izan ziren alderdi politiko nagusien artean, 1982an Nkomo gobernua uztera behartu zutenak. Bien bitartean, gerrillak, ndebeleak gehienak eta shonen aurkakoak, sortu ziren Matabelelanden, eta lehenagoko gudaroste zuriko talde batzuk ere, Hegoafrikaren laguntzarekin, gobernuaren aurkako gerrilla antolatu zuten. Egoera horrek, eta urte haietako lehorteek, jende asko Botswanara joatera behartu zuen. Zuri askok ere alde egin zuten (1979-1984 bitartean zurien erdiak joan zirela uste da), baina, hala ere, herrialdeko baliabide ekonomiko gehienak gorde zituzten. 1984an ZANU alderdiko bigarren biltzarrak «iraultza sozialista» eta alderdi bakarreko estatua bideratzea onartu zuen. 1985eko hauteskundeetan Mugabe atera zen irabazle berriro. Hauteskunde ostean Matabelelandeko gatazka indar handiagoaz piztu zen. Urtearen bukaeran, ZANU eta ZAPU alderdiek batasunerako aurrehitzarmen bat egin zuten, 1988ko apirilean gauzatu zena. Hala ere, hitzarmenak ez zuen bakea ekarri Matabeleland-era. Alderdien batasuna bideratzeko, Legebiltzarrak zuriei gordetako aulkiak kentzea erabaki zuen Mugabek, eta lehen ministroak ordu arte ohorezkoa zen lehendakariaren ahalak eta legegintzako aginpidea ere eskuratu zituen. Mugabe hautagai bakarra izendatu zuten, eta 1988ko abenduan Zimbabweko lehendakari hautatu.
1989. urtearen amaieran legedi berria egin zen, senatua deuseztatu eta ganbera bakarreko Legebiltzarra onartzen zuena, 150 legebiltzarkidez osatua. 1990eko lehendakaritzako hauteskundeetan, Mugabek (ZANU-PF alderdiko buruzagia) botoen % 80 eskuratu zuen, baina alderdiko batzorde nagusiak uko egin zion alderdi bakarreko erregimena ezartzeari. Abenduan, Legebiltzarrak zurien lursailak erosi ahal izateko zuzenketa egin zion konstituzioari. 1991n ZANU-PF alderdiak ideologia marxista-leninista uztea erabaki zuen. Hala ere, alderdiak ez zuen baztertu bere proiektu sozialista. Mugabek erabateko sozialismoa alde batera utzi, eta sozialdemokraziari eta ekonomia mistoari ekitea aipatu zuen. ZANU-PF alderdian zatiketa bat izan zen; haren ondorioz, Alderdi Demokratikoa sortu zen, Emmanuel Magoche buru zela. Zimbabwek alderdien aniztasunean oinarritutako sistema badu ere, egiaz alderdi bakarreko erregimena da nagusi. Hala, urteetan oposizioko alderdi sendorik egon ez denez, gobernuko alderdiak Estatuaren mekanismo guztiak menderatu ditu, baita polizia eta burokrazia ere.
Angola, Hegoafrika, Namibia, Mozambike eta Zambian pluraltasun politikoaren alde sortu ziren mugimenduek eragin handia izan zuten Zimbabwen eta hainbat alderdi sortu ziren. 1991 urtearen bukaeran Mugabe presidenteak adierazi zuen BPGa % 3,5 igo zela, baina inflazioa % 25era iritsi zen urte horretan bertan. 1992an gobernuak hainbat erreformaren berri eman zuen ekonomia liberalizatzeko asmoarekin. Hartu zuen lehenengo neurrietako bat 32.000 lanpostu kentzea izan zen. Gastuen murrizketak zirela-eta, gobernuak ikasleentzako bekak kendu zituen, eta goi-mailako irakaskuntza ez zen jadanik doakoa. Horren ondorioz, ikasleak, neurri haien kontra egiteko, kalera irten ziren; azkenik, 10.000 ikasle unibertsitatetik bota zituzten. Harare ekialdeko urrezko meategietan bizi-kalitatea hobetzeko eskakizuna egiteko, ikasle, emakume eta haurrez osatutako manifestazio bat antolatu zen, eta soldaduek hiru lagun hil zituzten. 1993an Nekazarien Batasunak eta gutxiengo zurien alderdiek lur emankorren jabetza kentzeaz salatu zuten gobernua. Mugabek deportatuko zituelako mehatxua egin zien. 1995ean Zimbabweren atzerriko zorra BPGaren berdina zen; beraz, aurrekontuen % 23 zorrak ordaintzeko zen. 1996ko hauteskundeetan, Mugabek botoen % 93 lortu zuen, baina, hala ere, abstentzioa % 63koa izan zen. 1998an oinarrizko elikagaien prezioak igo ziren, eta hiriburuko aldirietako milaka biztanle kalera irten ziren dendak lapurtzera; gudarosteak indarkeriaz eten zuen egoera hori.
Azken bi hamarraldietan, Afrikako herrialderik aberatsenetako bat zena munduko herrialderik behartsuenetako bat da gaur egun. Hiperinflazioak jota egon da XXI. mendearen lehen hamarraldian, neurriz kanpo; industria-, nekazaritza- eta turismo-sare osoa suntsitu egin zen; ospitaleak eta eskolak ezin erabilirik zeuden; kolera-epidemia bat zabaldu zen gobernuak ur-horniduraren mantentze-lanetan izan zuen utzikeriagatik; biztanleen % 90 oinarrizko ondasunak kalean salerostera behartuta dago. Aditu askoren arabera, ekonomiak 2000. urtean egin zuen behera, Mugabek hartutako neurri baten ondorioz: nekazari zuriei lurrak desjabetu eta askapen-gerrako beteranoei ematea, nahiz ez zekiten nekazaritzaz ezer. Beste aditu batzuen ustez, ordea, ekonomiaren beheraldia lehenago hasi zen; 1990eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, gobernuak neurriz kanpo gastatzen ari zelako diru publikoa.
1997ko azaroaren 14ari Ostiral Beltza deritza, Zimbabweko diruaren balioak lur jo baitzuen eta geroztik ez du gora egin. Gainera, Zimbabwek Kongoko Errepublika Demokratikoko gerran parte hartzeak areagotu egin zuen estatuaren diru-galera. Gaur egun, azken urteotan Zimbabwetik alde egindako milioika herritarrek bidalitako dibisak dira ia diru-iturri ofizial bakarra. Herritarren % 72 pobreziaren mailatik behera bizi da, eta, lehendakariaren inguruko funtzionario, militar eta alderdikide gutxi batzuk luxuan eta aberaskerian. Porrot ekonomiko horrek behartu du Mugabe 2009ko hasieran oposizioarekin batera batasun nazionaleko gobernu bat osatzera. Hori dena gutxi balitz, osasunaren aldetik hondamena erabatekoa da, HIESaren pandemia aspalditik errotua dago. Eskolak itxita egon dira. Ez zegoen irakaslerik, edo zeudenak greban zeuden. Zabalik zeuden ospitaleek dibisatan ordaintzea eskatzen diete gaixoei. NBEn arabera, langabezia % 94 zen. 2010. urtea ezkero, ordea, egoera ekonomikoak hobera egin zuen.
2014ko urriaren 31n jakin zenez, 2014 eta 2020 bitartean, Europako Batasunak 234 milioi euroko diru laguntza eman behar zion Zimbabweri, osasun sistemarako[6].
Banaketa administratiboa
aldatuHerrialdea zortzi probintziatan eta probintzia estatusa duten bi hiritan banatuta dago:
Probintzia | Hiriburua |
---|---|
Bulawayo | Bulawayo |
Harare | Harare |
Manicaland | Mutare |
Erdialdeko Mashonaland | Bindura |
Ekialdeko Mashonaland | Marondera |
Mendebaldeko Mashonaland | Chinhoyi |
Masvingo | Masvingo city |
Iparraldeko Matabeleland | Lupane |
Hegoaldeko Matabeleland | Gwanda |
Midlands | Gweru |
Ekonomia
aldatuZimbabwe aberatsa da nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokienez, baita mea-baliabideei dagokienez ere, baina lurpean ez du ez petroliorik ez gas naturalik. Merkataritzarako, auzokoen eta itsas portuen mende dagoen herrialdea da. Urrearen aurkikuntzaren ondorioz hasi zen kolonizazioa, XIX. mendean. Zimbabweko nekazaritzaren garapena lurraren jabetzak baldintzatu du. 1969an, afrikar erreserbetan biztanle beltzen % 60 bizi zen 176.000 km2-tan; europarren 6.000 etxaldeek, berriz, 168.000 km2 hartzen zituzten. 1980an Robert Mugabe presidenteak nekazaritza-erreformak jarri zituen abian lurrak afrikarren artean banatzeko. Erreforma horiek, ordea, aurrez aurre izan zituzten europar jatorriko zuri lurjabeak, eta, gainera, beldurra zegoen nekazaritzaren ekoizpena jaitsiko ote zen, nahiz eta egin ziren hainbat ikerketaren arabera etxalde txikietako ekoizpena lau aldiz handiagoa izango zen. 1990ean 52.000 afrikar familia zeuden europar lurjabeei lurra erosita.
Gobernuak, ordea, aurreikusita zuen 1985erako 162.000 familia izango zirela lur haien jabe. 1997an gobernuak azaldu zuen 1.500 lurjabe zuriren lurrak nazionalizatzeko asmoa zuela afrikar nekazarien mesedetan. Mugabe presidentearen iritziz, Britainia Handiko gobernuak eman behar zien europar jabeei lur haien ordaina. Berrikuntza haien aldeko apustua izugarria zen; izan ere, 1990eko hamarraldiaren hasiera arte Zimbabweko ekoizpenaren % 60 zurien eskuetan zeuden 4.500 etxaldetan sortzen baitzen. 1994an nekazaritzak langileen % 68 hartzen zuen, baina lehorte handiak izan ziren, eta ekoizpenak gorabehera handiak izan zituen, 1992an batez ere. Gai nagusiak artoa (biztanleen elikagai nagusia) eta tabakoa (gehiena esportatu egiten da) dira. Beste nekazaritza-gaiak kotoia (27.000 tona esportatu ziren 1995ean) eta azukre-kanabera dira (160.000 tona azukre esportatu ziren 1995ean). Abeltzaintzak ere garrantzi handia du: 4 milioi behi eta 2,5 milioi ahuntz ziren 1993an. Zimbabwe, 1985az geroztik, Europara haragia esporta dezakeen afrikar herrialde bakarretakoa da. Mea-baliabideei dagokienez, munduko kromo-ekoizle nagusietako bat da. Hala ere, kromo-mearen ekoizpena asko jaitsi da, batez ere errusiar mearen prezioaren jaitsieragatik.
Gaur egun, urrea da mea-baliabide nagusia. Nikela, ikatza, kobrea eta burdina ere ustiatzen dira. Meatzaritzaren sektorea nazioarteko konpainien mende dago erabat. Zimbabwen industriak garrantzi handia du, eta errenta nazionalean nekazaritzaren eta meatzaritzaren aurretik dago. Industria ekonomia-zigorren garaian garatu zen batez ere, NBEk Ian Smith-en erregimen errebeldeari 1965etik 1970ra bitartean jarri zizkien zigorren garaian. Industriak (ehungintza, elikagaiak, metalurgia, garraiorako materiala eta armak) BPGaren % 30 hartzen zuen 1992 eta 1993. urteetan; urte horietan, nekazaritzak % 15 hartzen zuen, eta meatzaritzak % 6. 1993an 185.000 lagun ziharduten industrian lanean, nekazaritzan 317.000 eta meatzaritzan 47.000. Rhodesia-Nyassaland federazioaren garaian (1953-1963), urtegi izugarri bat eraiki zen Victoria ur-jauzien azpian, Zambezi ibaian. Ibaiaren bi aldeetara zentral hidroelektrikoak eraiki ziren, bat Zambian eta beste bat Zimbabwen. 1989. urtea arte Zambiak elektrizitatea esportatzen zuen Zimbabwera. 1991n hitzarmen bat izenpetu zuten bi herrialdeek beren energia-politikak koordinatzeko. Zimbabweko ekonomiaren egoerak beherantz egin zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran. 1993an inflazioa % 50ekoa izan zen, 1994an, berriz, % 21ekoa. Emaitza horietara iristeko, gobernuak zergak igo behar izan zituen eta dirua debaluatu.
Egoera hori Nazioarteko Diru Funtsaren erantzukizuna zela azaldu zuen estatuburuak, erakunde hark ezarri zituen neurriak zirela-eta; neurri haiek prezioen kontrolaren liberalizazioa eta funtzionario-kopuruaren murrizketa lortzera bideratuak ziren. 1995eko irailean, Zimbabwek hartu zituen neurriak aski ez zirela iritzirik, Nazioarteko Diru Funtsak erabaki zuen diru-laguntzak bertan behera uztea. 1995. urtearen hasieran, inflazioa % 23koa zen. 1996an, aurrekontuaren defizitak BPGaren % 10 hartzen zuen, eta 1996-1997 bitarteko aurrekontuan hainbat enpresaren pribatizazioa bizkortzea aurreikusi zen. 1997. urtearen amaieran, Zimbabweko dolarra jaitsi egin zen, eta horrek oinarrizko gaien igoera ekarri zuen; kapitalak herrialdetik atera ez zitezen, finantza-ministroak interes-tasa % 28,5ean jarri zuen. 1998an langabezia tasa % 45ekoa zen. Zailtasun ekonomiko horiek guztiek gizarte tirabira ugari sortu zituzten. 1996an funtzionarioek hainbat asteko greba egin zuten, eta gobernuak % 29 igo zizkien soldatak, baina neurri hori gobernuaren asmoen erabat bestelakoa zen. Bestalde, hainbat eskandalu ekonomiko gertatu ziren bata bestearen atzetik, eta giroa erabat nahastu zen. Inflazioa % 32koa izan zen 1998an, % 586koa 2005ean eta % 100.000koa 2008an.
Zimbabwetar ezagunak
aldatu- Joshua Nkomo (1917-1999), sindikalista.
- Doris Lessing (1919-2013), idazlea.
- Robert Mugabe (1924-2019), politikaria eta estatuko presidentea 1987tik 2017ra.
- Abel Muzorewa (1925-2010), politikari subiranista.
- Nick Price (1957-), golflaria.
- Paula Newby-Fraser (1962-), atleta.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindiaren 38. araua
- ↑ (Ingelesez) WorldAtlas. (2017-04-25). What Languages Are Spoken In Zimbabwe?. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Programa de las Naciones Unidas para el Desarrollo (PNUD). (2010). Índice de Desarrollo Humano (IDH)-Clasificación de 2010. in: Informe de Desarrollo Humano 2010..
- ↑ (Ingelesez) United Nations Development Programme. (2020-12-15). Human Development Report 2020 The Next Frontier: Human Development and the Anthropocene. , 343–346 or. ISBN 978-92-1-126442-5..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Contraste extremo de Zimbabue: inundaciones en el este, sequía en la capital» iAgua 2019-4-8.
- ↑ «234», Berria, 2014-11-01
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
- (Ingelesez)(Gaztelaniaz)(Frantsesez)Herrialdeari buruzko erreportaia "Amnesty International"en webgunean