Tenisa sare baten alde bietan jartzen diren bi edo lau lagunen arteko joko edo kirola da, erraketak erabiliz, pilota elkarri txandaka jaurtitzean datzana. Kantxa estali edo estaligabean jokatzen da. Puntuak lortzeko, aurkariaren irismenetik kanpo jaurti behar dute pilota.
Jokalekua eta ekipamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kantxa laukizuzen batean jokatzen da tenisean. Luzean, kantxak 23’8 metro ditu, baina zabaleraren neurria jokalari kopuruaren araberakoa da: bi jokalari badira (banakako jokoa), 8’2 metro zabal izango da kantxa, eta lau badira (binakako jokoa), 11 metro zabal. Kantxa belarrezkoa, lurrezkoa edo material gogorrago batez egina izan daiteke, hormigoizkoa adibidez. Kantxaren erdian, 0.9 metroko altuera duen sare bat dago, jokalekua bi zatitan banatzeko.
Tenisean aritzeko behar den ekipamendu bakarra erraketa bat eta pilota bat dira. Teniseko erraketak marko edo armazoi bat du, eta sare bat osatzen duten plastikozko hariak, pilota jotzeko. Armazoi gehienak material arinez daude eginda, grafitoz esaterako. Teniseko pilotak gomazkoak izaten dira, feltroz estaliak, txikiak, eta arinak eta saltariak dira. Horiak edo zuriak izan ohi dira.
Joko-arauak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tenis-partida sake batekin hasten da. Jokalarietako bat, sakea egiten duena, bere kantxa-zatiaren iskina batean kokatzen da. Pilota airera bota eta erraketaz sarearen beste aldera jaurtitzen saiatzen da. Aurkaria sakeari erantzuten saiatuko da, hau da, sarearen beste aldera jaurtitzen bueltan, aurkaria erraz iritsiko ez den leku batera. Jokalariek aurrera eta atzera jaurtitzen dute pilota, norbaitek huts egin arte, pilota marretatik kanpora edo sarearen kontra botatzen duelako. Orduan, beste jokalariak edo bikoteak puntu bat irabazten du.
Sakea da kolperik garrantzitsuena tenisean. Kolpe horren ondoren, pilotak aurkariaren aldean erori behar du derrigor, karratu baten bidez markatuta dagoen lekuaren barruan. Horrela ez bada eta pilota karratuaren marretatik kanpo ateratzen bada falta deitzen zaio. Sakatzaileak bi aukera bat dauzka sakea egiteko. Bietan huts egiten badu, aurkariak irabazten du puntua. Bestalde, sakatzaileak puntu bat irabazi dezake, aurkaria sakeari erantzuteko gai ez bada. Horri “ace” deitzen zaio.
Jokalari batek lau puntu behar ditu joko bat irabazteko. Puntuak lau zatitan kontatzen dira: 15 lehen puntuan, 30 bigarrenean, 40 hirugarrenean, eta jokorako tantoa. Sakatzailearen puntuazioa ematen da lehenago. Adibidez, puntuazioa 30-0 bada, sakatzaileak bi puntu ditu, eta aurkariak bat ere ez. Bi jokalariak 40 puntura iristen badira, deuce deitzen zaio. Deuce egin ostean puntu bat lortzen duen jokalariak beste puntu bat ere lortu behar du jokoa irabazteko. Bestela esanda, bi puntuko aldearekin irabazi behar du jokoa.
Jokoek hainbat set osatzen dute. Sei joko irabazten dituen lehen jokalariak irabazten du set-a normalean; hala ere, bi puntuko aldearekin irabazi behar du; hau da, gutxienez 6-4 irabazi behar du. Aldiz, 6-5 puntuazioarekin ezin da partida irabazi, eta jokoak aurrera jarraitu behar du jokalarietako edo bikoteetako batek bi puntuko aldea lortu arte (7-5 edo 8-6, esaterako). Partidua irabazteko, jokalariek normalean hiru set-etik bi edo bostetik hiru irabazi behar izaten dituzte.
Partidaren iraupena ez da denboraz neurtzen, jokalariek lortu behar duten set kopuru jakin batez baizik. Normalean gizonezkoek bost set egin behar dituzte partida bakoitzean; emakumeek, berriz, hiru. Jokalarietako batek hiru (gizonezkoek) edo bi (emakumeek) set irabaztean bukatzen da partida.