Willem de Kooning
Willem de Kooning (Rotterdam, Herbehereak, 1904ko apirilaren 24a - Long Island, Ameriketako Estatu Batuak, 1997ko martxoaren 19a) margolaria eta eskultorea izan zen. Sortzez herbeheretarra, estatubatuar herritartasuna hartu zuen. Estilo espresionista abstraktua landu zuen, eta eragin handia izan zuen ondorengo margolariengan eta margolaritza estiloetan.
1934 aldera hasi zen estilo abstraktuan margotzen, eta, handik hamar bat urtera, abangoardiako pintore garrantzitsuenetako bat zen, espresionismo abstraktuaren barruan. 1930 eta 1940ko hamarraldietako De Kooningen margolanetako gaiak gizona, emakumea eta abstrakzioak izan ziren. 1946an, zuri-beltzezko abstrakzio-sail luzeak margotu zituen. Haren lanak geroz eta bortitzagoak bilakatu ziren, eta, 1953an egin zituen erakusketetan, eztabaida handiak piztu ziren emakume-irudi gordinak zirela eta. Gerora, buztinezko eskulturak egiten hasi zen, eta estilo txukunagoan pintatu zuen. Azken urteak Alzheimer gaixotasunaren mendean egin zituen. De Kooningen margolan aipagarrienetakoak dira Bi gizon zutik (1938), Emakumea (1940), Aingeru arrosak (1945), Ostiral beltza (1948), Postontzia (1947-48), Asheville (1948-49), Hondeaketa (1950), Emakumea II-VI (1952-53), Bi emakume landan (1954), Pastorala (1963), Emakumea eta haurra (1967), Ikustaldia (1967).
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1916an, hamabi urte zituela, eskola utzita, aprendiz sartu zen merkataritza-artean aritzen zen enpresa batean. Arratsaldeetan, Rotterdamgo Akademian arteko eskolak hartu zituen.
1926an New Yorka (Ameriketako Estatu Batuak) joan zen, eta merkataritza-artista gisa lan egin zuen hainbat urtez. Hurrengo hamarraldian muralak egin zituen administrazio federalaren arte-programaren barruan, eta agerian utzi zuen oso ongi ezaguna zuela Picassoren lana. 1935etik 1937ra, Works Progress Administration (WPA) erakunderako lan egin zuen, eta, 1939an, mural bat diseinatu zuen New Yorkeko Mundu Erakusketarako.
1948an, New Yorken, zuri-beltzeko obra abstraktuen erakusketa bat egin zuen, eta New Yorkeko eskolako espresionismo abstraktuaren buruzagietako bat bihurtu zen. Action painting esapidea Willem de Kooningen lana definitzeko erabili zen lehen aldiz, hark egiten zituenak bezalako marra indartsu, zabal eta oso markatuak adierazteko. Garai hartako obra onenetakoak dira bere bi margolan: Asheville (1948, Phillips Bilduma, Washington) eta Hondalana (1950, Chicagoko Arte Institutua). 1948an bertan, Ipar Carolinako Black Mountain College izenekoan arte-irakasle izan zen, eta, orobat, Yale Unibertsitatean, 1950etik 1951ra bitartean.
1953an Emakumea izeneko sei obren erakusketa egin zuen; deabruak bezalako irudiak ziren, kolore bortitzez eta ore lodiz eginak. Irudi-sail berritzailea zen, pintura figuratiboa arte abstraktuarekin lotzen zuelako.
1950eko hamarraldiaren bukaeran, estilo abstraktuagoa erabili zuen, paisaiak iradokitzen zituzten irudiak eginez, eta harrezkero, estilo figuratiboa eta abstraktua txandakatu zituen, edo nahastu, zenbaitetan. Aldi berean, litografiak egin zituen, eta 1969tik aurrera, brontzezko eskultura figuratiboak.
1980an, Andrew W. Hellon saria irabazi zuen, Pittsburgh Internationalen, Eduardo Txillida eskultorearekin batera.
Azken urteak Alzheimer gaixotasunaren mendean egin zituen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Willem de Kooning |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.