[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Rosa Luxemburg

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Rosa Luxemburgo» orritik birbideratua)

Rosa Luxemburg

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRozalia Luxenburg, Rozalia Luksenburg
JaiotzaZamość1871ko martxoaren 5a
Herrialdea Alemania
 Errusiar Inperioa
HeriotzaBerlin1919ko urtarrilaren 15a (47 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Familia
Ezkontidea(k)Gustav Lübeck (en) Itzuli  (1889 -  1903)
Julian Marchlewski (en) Itzuli  (1893 -  ezezaguna)
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
HeziketaZuricheko Unibertsitatea
Hezkuntza-mailaDoktor Nauk in Political Science (en) Itzuli
Hizkuntzakalemana
poloniera
Irakaslea(k)Julius Wolf (mul) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, filosofoa, iraultzailea, ekonomialaria, kazetaria, editorea, Politikari teorikoa, landare biltzailea, economist (en) Itzuli, iritzi-kazetaria, editore-laguntzailea eta dozentea
Lantokia(k)Varsovia
Zürich eta Berlin
Lan nabarmenak
KidetzaSocial Democratic Party of the Kingdom of Poland and Lithuania (en) Itzuli
Sozialdemokratie (en) Itzuli
Espartakisten Liga
Izengoitia(k)R. Kruszynska
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa
Alderdi politikoa Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata
Alemaniako Alderdi Komunista
Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata Independentea
Espartakisten Liga
Social Democracy of the Kingdom of Poland and Lithuania (en) Itzuli

IMDB: nm1195391 iTunes: 275316476 Find a Grave: 8113053 Edit the value on Wikidata

Rosa Luxemburg (polonieraz: Róża Luksemburg; Zamość, Kongresuko Polonia, 1870eko edo 1871eko martxoaren 5[oh 1]Berlin, Weimarko Errepublika, 1919ko urtarrilaren 15) poloniar teorilari marxista, filosofo, ekonomialari, gerraren aurkako aktibista eta sozialista iraultzailea izan zen. 28 urterekin alemaniar nazionalitatea eskuratu zuen. Poloniako Erresumako eta Lituaniako Sozialdemokraziako (SDKPiL), Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD), Alderdi Sozialdemokrata Independenteko (USPD) eta Alemaniako Alderdi Komunistako (KPD) kide izan zen bere bizitzako epe ezberdinetan.

1915ean, SPDak Alemaniak Lehen Mundu Gerran parte hartzea defendatu zuenean, Karl Liebknechtekin batera gerraren aurkako Espartakisten Liga (Spartakusbund) sortu zuen, denborarekin KPDa bilakatuko zena. Azaroko Iraultzan zehar Die Rote Fahne («Bandera Gorria») egunkaria sortu zuen, mugimendu espartakistaren organo zentrala.

1919eko urtarrileko Altxamendu Espartakista akatsa zela pentsatzen zuen[1], baina babesa eman zien gertatu ostean. Friedrich Eberten gobernu sozialdemokratak altxamendua eta Spartakusbunda suntsitu zituen Freikorpsak bidaltzen (batez ere Lehen Mundu Gerrako beteranoz osatutako talde paramilitarra). Freikorpsek Luxemburg eta Liebknecht harrapatu eta epaiketarik gabe exekutatu zituzten altxamendua gertatzen ari zela. Luxemburgen gorpua Landwehrkanalera bota zuten Berlinen.

Luxemburgek kritikak egin zizkion Leninismoari eta sozialismoaren eskola sozialdemokratei, eta horregatik iritzi kontrajarriak egon dira bere inguruan ezker politikoaren baitan[2]. Hala ere, Luxemburg eta Liebknecht martiri komunista gisa omendu zituzten Ekialdeko Alemanian, eta gaur egun ere urtarrileko bigarren igandean manifestazioa egiten da euren omenez Berlinen[3].

Lehen urteak Polonian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Róża Luxemburg 1871ko martxoaren 5ean jaio zen Zamośćen[4][5]. Luxemburg familia Errusiaren kontrolpeko Polonian bizi zen poloniar juduak ziren. Bere aita Eliasz Luxemburg metal saltzailea izan zen eta bere ama Line Löwenstein zen. Bosgarren eta azken alaba izan zen familian. Luxemburgen esanetan, bere aitak ideia liberalak transmititu zizkion, bere ama etxean liburu asko irakurtzen zituen erlijiosoa zen bitartean. Familiak alemana eta poloniera hitz egiten zuen, eta Luxemburgek errusiera ere ikasi zuen[6]. 1873an Varsoviara mugitu ziren, hiru urte zituela, bere aitak negozio txar bat izan eta gero[7]. Bost urterekin tuberkulosiarekin lotutako gaixotasun bat izan zuen aldaketan, eta betirako herren geratu zen[8].

1880ean hasita, Luxemburg gimnasioan[oh 2] ikasten hasi zen, nahiz eta juduentzat plaza mugatuak egon. 1881ean pogrom bat izan zen Varsovian, baina bera eta familiak ez zuen kalterik izan[9]. Hala ere, Róża bereziki markatuta geratu zen antisemitismoaren ondorioekin[7]. Rosak inguru monotonoa eta burgesa zuen, eta ez zen bere gurasoengandik gertu sentitzen; bere aita ez zen eredu, eta komunitate juduarekin lotura handirik ez zuen izan[7].

Politikaren hasiera Polonian eta Suitzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rosa Luxemburg 1895 inguruan.
Leo Jogiches 1890ean.

Ez dago argi noiz hasi zen Luxemburg politikarekin interesatzen: Adam Mickiewiczen obrak irakurri eta gero idealismoarekin eta mundua aldatzeko ideiarekin lotu zela ematen du[7]. 1886an Poloniako ezkerreko Alderdi Proletarioaren parte izan zen, 1882an sortua, Errusiako alderdiak baino 20 urte lehenago. Bere lehenengo jarduera politikoak greba orokorra antolatzea izan zen; ondorioz, Alderdi Proletarioko lau kide erail zituzten eta alderdiko kideek ihes egin zuten, nahiz eta herrialdean geratu ziren kideak, Luxemburg barne, alderdia sekretupean mantentzen jarraitu zuten. 1887an Matura azterketak egin gainditu zituen (bigarren hezkuntzako graduazioa), bikaina lortuz 14 ikasgaitan[7].

1889an Suitzara ihes egin zuen atxiloketa ekiditeko, eta bertan Zuricheko Unibertsitatean ikasten hasi zen, besteak beste Anatoli Lunatxarski eta Leo Jogichesekin batera. Oberstrass udalerrian erregistratu zen, eta bertan idatzi zuen lehen aldiz abizena Luxemburg bezala. Unibertsitatean, filosofia, historia, zientzia politikoak, ekonomia eta matematika ikasi zituen. Staatswissenschaftean («Estatu politika»), Erdi Aroan, ekonomian eta burtsaren krisietan espezializatu zen. Suitzan zegoela Georgi Plekhanov teoriko marxistarekin elkartu zen maiz[7].

1890eko udazkenean Rosa Luxemburgek Leo Jogiches ezagutu zuen, jada sozialisten artean ezaguna zen lituaniar jatorriko militantea. Ezagutu eta gutxira harreman batekin hasi ziren, eta Rosak garai horretan militantzia politikoari ekin zion, ikasketak albo batera utzi gabe. 1892an Jogichesek alderdi politiko poloniar bat sortu zuen, errusiar iraultzaileengandik bereiziz, eta Luxemburgek ez zuen ondo ikusi haustura hau. Karl Marxek poloniar burujabetzaren inguruan zuen ideiarekin ez zuen bat egiten Luxemburgek: bere ustez nazio sentimenduak langile klasea bereizten zuen, batu beharrean, eta bere ustez poloniar zein errusiar langileek indarrak batu behar zituzten; pentsamendu honen arabera, poloniar proletargoak ez luke ezer irabaziko euren estatu burges independentea sortuz gero[7].

1893an Jogiches eta Julian Marchlewskirekin batera SDKP alerdia sortu zuen, Poloniako Erresumako Sozialdemokrazia[10]. Alderdia 1900ean berrizendatu zuten, Poloniako Erresumako eta Lituaniako Sozialdemokrazia izena emanez, lituaniar sozialistekin harremanak egin eta gero. Poloniako Alderdi Sozialistak (PPS) ez bezala, ez zuen Poloniaren independentzia babesten[11]. SDKPk 200 berrehun bat kide izan zituen hasieratik. 1893ko Bigarren Internazionalaren kongresuan bere lehenengo diskurtso publikoa egin zuen, SDKPren onarpena eskatuz. Hasiera batean ez zuen lortu,baina 1896an Internazionalak SDKP onartu zuen[7].

PPS eta SDKPren arteko gatazka areagotu zen Rosa Luxemburgek PPSren nazionalismoa kritikatu zuenean Parisen argitaratzen zen poloniar deserriratuen Sprawa Robotnicza («Langileen Kausa») egunkarian. Rosa Luxemburg egunkari honetako editorea zen 1894an R. Kruszyńska ezizenarekin[12]. Luxemburgen artikuluaren arabera, Poloniak bakarrik lor zezakeen bere independentzia Alemaniar Inperioan, Austria-Hungarian eta Errusiako Inperioan iraultza emanez gero. Bere ustez, lehentasuna monarkia eta Europako kapitalismoaren aurkako borrokari ekitea zen; eta iraultza garaile izan ondoren herrien autodeterminazioa posible izango zen[13]. Ideia honetan ez zetorren bat Leninekin, pentsatzen zuena Polonia eta beste nazionalitate batzuetako askapen mugimenduak garrantzitsuak zirela sozialismorako lehen pauso gisa[7]. Artikuluen kalitatea zela eta, Alemaniako SPDren Neue Zeit egunkarian ere argitaratu ziren, eta Georgi Plekhanoven erantzuna izan zuten, PPSren alde lerratuz egunkarian bertan, Karl Kautskyk alemanez Neue Zeiten erantzuten zion bitartean[12].

Rosa Luxemburgek eta Leo Jogichesek militantzia aktiboa izan zuten, baina euren erlazio pertsonalak gora beherak izan zituen: Jogicheseiraultzaren aldeko lanetan murgildu zen, eta Luxemburgi arreta eskasa jarri zion; Rosaren ustez honek ezinezko egiten zuen harreman bat izatea eta, gainera, Jogichesek jarrera autoritarioa zuela pentsatzen zuen. 1896ean SDKPren aurkako sarekadak alderdia ia desegin zuen, eta Sprawa Robotnicza egunkaria argitaratzeari utzi zioten. 1897an Rosa Luxemburgek cum laude doktoretza eskuratu zuen, Poloniako industrializazioari buruzko tesi batekin[14]. Urte horretan bertan bere ama hil zen, eta Rosak pena handiz jaso zuen albistea. 1890eko hamarkadaren amaieran bikotea Alemaniara bizitzera joan zen, Jogichesek uste zuelako bertan aukera gehiago izango zituela bere helburu politikoak lortzeko[7].

Alemaniar sozialdemokrazian parte-hartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiar nazionalitatea edukita, Alemaniatik kanporatua izateko arriskuan zegoen Rosa Luxemburg, arrazoi politikoak zirela eta. Horregatik, Gustav Lübeckekin ezkondu zen, Karl Lübecken semea, alemaniar nazionalitatea eskuratu ahal izateko[15]. Berlinen instalatu zen Rosalia Lübeck izenarekin[7]. Bertan, SPD alderdiarekin azkar harremanetan jarri zen, eta bere indar eta inteligentzia politikoa zela eta, laster nabarmendu zen. 1889an Silesia Garaira bidali zuten, Prusiak XVIII. mendean anexionatutako Poloniaren zatia, bertako langile poloniarren artean sozialismoa hedatzeko helburuarkein. Jogiches eta familiarengandik urrun, bere jarduera politikoan zentratu zen, berlindar bizitza eta bertako antisemitismoari guztiz moldatu gabe[7].

1898ko udan Rosa Luxemburgek Reformismusstreit eztabaidan parte hartu zuen, SPD eta alemaniar sozialdemokrazia zartatu zuen eztabaida handia: Eduard Bernstein teorikoak ideia marxista iraultzaileak errebisatzea proposatu zuen, SPDk jarraitzen zuen ildo iraultzailea albo batera utzi eta klase ertainak ere barneratuko zituen alderdi handi bat sortzea proposatuz[16][17]. 1899an Rosa Luxemburgek zazpi atal zituen artikulu luze bat argitaratu zuen, Sozialreform oder Revolution? (euskaraz, osorik:  Erreforma edo iraultza) Bernsteinek proposaturiko argudio guztiak ezbaian jarriz. Bertan, argudiatu zuen kapitalaren eta lanaren arteko desberdintasun kritikoa bakarrik suntsitu zitekeela proletargoak boterea lortu eta ekoizpen-metodoekin lotutako aldaketa iraultzaileak egiten baziren. Bere nahia zen errebisionistak SPDtik kaleratzea, baina ez zen gertatu, nahiz eta Karl Kautskyren gidaritzapean alderdiak printzipio marxistak mantendu zituen[18]. Erreforma edo iraultza artikuluek ospe handia eman zioten Luxemburgi, eta ondorioz Sächsiche Arbeiterzeitung egunkariko zuzendari egin zuten, horrelako kargua lortzen zuen lehen emakumea. Alemanian lau hilabete egon eta gero, sozialisten artean eragin handia zuen jada[7]. 1899an Hannoverren egindako SPDaren kongresuan Alexandre Parvus eta Karl Kautskyrekin batera Bernsteinen aurkako ofentsiba antolatu zuen, bere tesi guztiak ukatuz, nahiz eta oraindik alderdiaren barruan mantendu[19].

Alemaniako SPDn zuen papera zela eta, laster hasi zen kazetari lanetan prentsa sozialistan, itzultzaile gisa (yiddish, poloniera, errusiera, alemana eta frantsesa hitz egiten zituen) eta SPDren zentralean irakasle gisa, sozialismoaren historia eta ekonomia klaseak ematen. Karl Kautskyrekin eta bere familiarekin harreman handia egin zuen eta Clara Zetkinen lagun-mina izan zen[20][21].

Internazional Sozialistaren kongresua 1904an. Erdian, Rosa Luxemburg.

SPDn egiten zuen lanaz gain, Rosa Luxemburgek SDKPiL alderdiaren ekimenak biderkatu zituen. Europa osoan zehar birak egin zituen garai horretan. 1903an Bureau socialiste internationalera batu zen, Internazionalaren koordinazioko organoa. 1904an, Bigarren Internazionalaren kongresutik bueltan, Gilen II.a Alemaniakoa kritikatzeagatik diskurtso publiko batean atxilotu eta kartzelara bidali zuten: bertan egon zen abuztuan eta urrian, amnistia bat jaso zuen arte. Garai horretan Luxemburgek Leninen ideiaren aurka idatzi zuen: ez zetorren bat «altxamendu armatu» bat egitearekin, pentsatuz langileen kontzientzia zela igo behar zena iraultza egiteko, eta ez langileak armatu. Zentralismoaren eta hierarkiaren kontzeptu leninisten aurka idatzi zuen[7][22].

Igande Odoltsua eta gero, 1905eko urtarrilaren 22an, 1905eko Errusiako Iraultza hasi zen. Leo Jogichesek Berlin utzi zuen otsailean eta Krakoviara joan zen, SDKPiL-ren argitalpen berria sortuz. Ondoren, Varsoviara joan zen, Bundarekin aliantza bat sinatzen saiatzeko, Rosaren aurkakotasunarekin. Luxemburgek ez zuen ondo ikusten alderdi judu horren ideologia nazionalista. Rosa Luxemburg Krakovian bildu zen Jogichesekin udan zehar, ondoren Alemaniara bueltatu zen, eta ondoren berriro ere Varsoviara abenduan, identitate faltsu batekin, Poloniako mugimendu intsurrekzionalean parte hartzeko. Leo Jogichesekin batera atxilotu zuten, eta zorian egon zen heriotza-zigorra jasotzeko. Denbora horretan bere etxean konfinatu zuten, eta fidantzapean libre utzi zuten alemaniar nazionalitatea zuela eta. Berlinera itzuli zen 1906ko irailean eta Jogichesekin zuen harreman apurtu zuen[7][19].

Rosa Luxemburgen mitina 1907an, Stuttgarten.
SPDren eskola politikoa.

SPDren Mannheimeko kongresuan Rosa Luxemburgek ezker politikoa osatzea lortu zuen, alderdiaren eskuma eta zentroaren aurrean, jarrera iraultzailea hauspotuz. Masaren greba izeneko panfletoa idatzi zuen[23], errusiar eta alemaniar esperientziak azalduz, greba orokor batek iraultzarekin zuen harremana argituz: Luxemburgen uste, prozesu iraultzailea mugimendu jarrai bat dela, non alderdiak paper bat izan dezakeen, baina langile klasearen zuzendaritza izan gabe. Alderdiak proletargoaren argitze-paper batera mugatu behar zuen bere burua, eta ekintza egiteko eguna iristen zenean, zuzendaritza eta zuzenduen artean zegoen aldeak ez zuen zentzurik izango. Rosa Luxemburgek sindikatuen burokrazia salatu zuen Alemanian, SPDren eskumako aldetik gertu zegoena eta «errebisionismoa»k janda zegoela uste zuena. Luxemburgen lanak iskanbila handia sortu zuen SPDren egoitzan, eta 1907an August Bebel alderdiaren zuzendariarekin zituen harremanak betirako hautsi ziren[19]. Julius Martov eta Leninekin batera, aldi baterako adostasuna lortu zuen Internazionalaren postura aldatuz eta gerraren aurkako erresoluzio bat lortuz; adostasun horren arabera, mundu gerra egotekotan langileen betebeharra zen altxatzea, gerra ekiditeko lana eginez eta kapitalismoaren amaiera ekarriz[7].

Garai berberean, Jogichesekin zuen harremana guztiz hautsita, Rosa Luxemburgek harremana hasi zuen Costia Zetkinekin, Clara Zetkinen semeetako bat, eta bera baino hamabost urte gazteagoa; euren erlazioak 1912ra arte iraun zuen[24].

Lehen Mundu Gerra hasi zen arte, Rosa Luxemburgen izenak oihartzun geroz eta handiagoa izan zuen mundu politikoan. SPDren eta Bigarren Internazionalaren inguruko hainbat polemikatan hartu zuen parte: 1905eko Errusiako Iraultza behin eta berriz aipatzeak arazoak sortu zizkion lider sozialdemokrata batzuekin, euren herrialdean antzeko egoera bat ematearen beldur zirenak[7]. Luxemburgek, bestetik, jarrera oso kritikoa zuen garai horretan errusiar sozialdemokraziak boltxebike eta mentxebikeen artean zuen bereizketa zela eta. Karl Kautskyk lagunduta, nazioarteko bureau sozialistak Leninen jarrera kondenatzea lortu zuen. 1910ean Kautskyrekin polemika handia izan zuen, bere lagun ona zena, alderdiak langileekiko izan behar zuen jarreraren inguruan: Rosa Luxemburgen ustez langileei euren etorkizuna eskuetan hartzera animatu behar zitzaien, alderdiaren zuzendaritza hartuz; SPDren konpromisoak salatu zituen, Alemaniako errepublika aldarrikatzeari uko egin ziolako, «alderdi burgesen jostailu»an bilakatuz[7]. Kautskyk kalte handiak izan zituen eztabaida honen ondorioz, eta euren arteko harremana zauriturik zegoen[25]. SDKPiLren egoitzan Karl Radeken kaleratzean parte hartu zuen, alderdiak Berlinen zuen egoitzaren aurka hitz egin zuelako[7].

Garai horretan, Rosa Luxemburgek nazionalitateen aferarekiko zuen jarrerari buruz idatzi zuen, ikuspuntu internazionalista absolutua hartuz[26]. Nazionalismo guztien aurkako jarrera hartu zuen, uste zuelako «klase gizarte batean, nazioak, entitate soziopolitiko gisa, ez dela existitzen». Beraren aburuz, nazio auzia bigarren mailako arazoa da, hau da, arazo taktiko bat eta ez printzipiozkoa. Sozialdemokraziak babestu beharreko autodeterminazio eskubide bakarra, bere ustez, langile-klasearena da: bere ikuspuntuaren arabera, nazioarteko iraultza sozialistak dominazio nazionalarekin amaituko du, esplotazioarekin, sexuen arteko desorekarekin eta arrazismoarekin batera[7][19].

Lehen Mundu Gerrari oposizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Lehen Mundu Gerra#Gerrari oposizioa»
Rosa Luxemburg eta Clara Zetkin (ezkerrean).

Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan Rosa Luxemburgek bere aktibitatea eta eztabaida publikoetako parte hartzea biderkatzen du, bitartean Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) baitako zatiketa gero eta nabarmenagoa bilakatzen ari zen. Leo Jogichesekin zuen adiskidetasuna berreskuratu zuen eta honek Die Akkumulation des Kapitals («Kapitalaren metaketa») bere lanik ezagunena zuzentzen lagundu zion. Obra hau 1913an argitaratu zuen, militante sozialistei ematen zizkien ekonomia politikako klaseetan oinarrituta idatzi zuen eta bertan kapitalismoaz egiten duen analisia azaltzen du: bere ustez, kapitalismoa kanpo merkatuetara edo herrialde bereko eremu azpigaratuetara hedatzeari esker soilik lortu daiteke metaketa. Merkatu ez kapitalistak beharrezkoak dira kapitalismoaren funtzionamendurako eta honen biziraupenerako, baina hala ere elementu independente moduan deuseztatuak dira. Gainbalioa izatea baimentzen zion eskaririk gabe, sistema kapitalistaren gainbehera etorriko zen kontraesan horren ondorioz. Kapitalaren metaketaren publikazioak hautsak harrotu zituen SPDren eskuin zein ezkerrean: kapitalismoaren ezinbesteko hondoratzeaz egin zuen teoriak kritika gogorrak izan zituen. Franz Mehring eta Julian Marchlewskik, kontrara, Rosa Luxemburg Marx eta Engelsetik egondako marxistarik argiena zela esan zuten[7].

Rosa Luxemburg 1915ean.

Bestalde, Europako gerra arriskuaren aurkako militante sutsua zen Rosa Luxemburg. 1913ko irailean alemaniar langileei zuzendutako hitzartze indartsu bat egin zuen Frankfurten, beste herrialdeetako langileen aurka armak ez hartzeko eskatu zien. Hitzartze horrengatik epaitu zuten 1914ko otsailaren 20an, «publikoki desobedientzia sustatzea» egotzi zioten. Rosa Luxemburgek pasio eta hitz-jario handiarekin defendatzen zituen bere iritziak, ospe nazionala lortuz, ingurune sozialistetatik harago. Garai berean bere abokatuetako batekin hainbat hilabetetako erlazioa izan zuen, Paul Levi sozialistarekin; aurrerago, Levik bere bizitza eskaini zion Luxemburgek hasitako lan politikoa jarraitzeari eta bere ideiak zabaltzeari. Luxemburgek urtebeteko kartzela zigorra jaso zuen. 1914ko martxoan, apelazioaren erantzunaren zain zegoela, beste hitzaldi bat eman zuen, Alemaniako militarrei soldaduak gaizki tratatzea leporatuz: kasu honetan armadaren aurkako irainak egiteaz akusatu zuten. Milaka babes adierazpen izan zituen eta horri esker epaiketa bertan behera geratu zen[27]. Prozesu hauek irauten duten bitartean Rosak bere ideiak zabaltzen jarraitu zuen eta gerraren aurkako militantzia mantendu zuen[7].

Europan gatazka egoera nabari den bitartean Bigarren Internazionalak ez du lortzen politika amankomun bat zehaztea eta Alemaniako sozialdemokratek, Europako beraien homologo gehienek bezala, gerra-kredituen alde bozkatzen dute. Rosa Luxemburgek kartzela zigorra betetzen hasi behar zuen berez abenduan, baina beste hainbat militanterekin batera Gruppe Internationale izango zenaren nukleoa sortu zuen, militante hauen artean zeuden Karl Liebknecht, Leo Jogiches, Franz Mehring, Julian Marchlewski, Paul Levi eta Clara Zetkin: gerra babestearen kontra egiteko deia bidali zieten hirurehundik gora buruzagi sozialistari baina ez zuten ia erantzunik izan. Abenduan Rosa Luxemburg ospitalean ingresatu zuten akidura fisiko eta nerbiosoagatik eta 1915eko otsailean kartzelaratu zuten[7].

Gizarte burgesa bidegurutzean dago, edo sozialismora transitatzen du edo atzerantz egiten du barbarismora

— Junius panfletoa[28]

Kartzelan zegoela Luxemburg epistola bidezko komunikazioa mantendu zuen kanpokoekin. Kartzelan Die Krise der Sozialdemokratie[28] («Sozialdemokraziaren krisia») idatzi zuen eta modu klandestinoan argitaratu zen 1916an, Junius izengoitiarekin sinatuta. Oposizio erradikal sozialista «gutun politiko» baten bidez azaldu zen, Spartakus izenarekin sinatua eta Leo Jogichesen babes logistikoarekin. Jogichesek operazio klandestinoen zuzendaritza hartu zuen, eta gutunak Spartakusbriefen izenarekin argitaratu zituen, «Espartakoren gutunak»[29]. Luxemburg 1916ko otsailean askatu zuten eta berehala bere egiteko politikoetara itzuli zen. Maiatzaren batean, manifestazio espartakista batean parte hartu zuen Karl Liebknecht-ekin batera, honek soldadu uniformea soinean zuela gerraren eta gobernuaren aurkako leloa bota zuen. Berehala atxilotu zuten, Parlamentuko immunitatea kendu zioten eta lau urtetako kartzela zigorra ezarri zioten; Luxemburg poliziaren zaintzapean jarri zuten[30]. 1916ko uztailaren 6an atxilotu zuten. Kartzelan zegoen bitartean gutun bidezko komunikazioa mantendu zuen berriz ere kanpoko munduarekin[3]. Costia Zetkinen lagun batekin, Hans Diefenbachekin, gutun bidezko harreman erromantiko bat izan zuen. Diefenbach frontean zegoen mediku militarra zen eta 1917ko urrian hil zuten tiroz, bere heriotza kolpe izugarria izan zen Rosarentzat[31][7][oh 3].

1917ko urtarrilean gerraren aurka zeuden sozialistak SPDtik kanporatu zituzten; apirilean USPD sortu zuten, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata Independientea, Liga espartakista ezker muturreko korrontea izanik[19].

Errusiar Iraultzari babesa eta kritika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Errusiar Iraultza»

Askatasuna soilik gobernuaren jarraitzaileentzat, bakarrik alderdiaren kideentzat -dituen jarraitzaileekiko independente- ez da benetako askatasuna. Askatasuna beti da ezberdin pentsatzen dutenen askatasuna. Ez "justiziaren" fanatismoagatik, baizik eta ikasgarri den guztia, osasuntsu den guztia eta purifikatzaile den guztia askatasun politikoan ezaugarri esentzial honen araberakoa delako, eta bere efektuak ez duelako funtzionatzen "askatasuna" pribilegio bilakatzen denean.

— Die russische Revolution. 1920.[32]

Rosa Luxemburgek, kartzelatik, gertakari politikoak jarraitu zituen Errusiar Iraultzaren inguruko testu batzuk idatziz 1917ko martxotik aurrera[33], bere esanetan «mundu gerraren gertakaririk garrantzitsuena». Hala ere, Urriko Iraultzaren ostean boltxebikeen politikaren hainbat faktore kritikatu zituen[34]. Alemaniako sozialdemokraten zuzendarien «oportunismoa» salatu zuen, eta mentxebike errusiarrena, baita zuten inperialismoaren babesa[35]. Testuinguru honetan, alderdi boltxebikearen alde egin zuen, sobieten boterearen alde idatziz[36].

Azken fase horretan jarraitutako politikari kritika egitea oso garrantzitsua zen Rosa Luxemburgentzat. Alde batetik boltxebikeek autodeterminazio eskubideari emandako babesa kritikatu zuen, uste zuelako proletargoa ahultzen zuela eta abertzaletasunak hauspotzen zituela; boltxebikeek egindako lurren banaketa ere kritikatu zuen, bere ustez horrek lur-jabe txikien klase bat sor zezakeelako, iraultzaren etsai izango zirenak eta sozialismoaren arerio. Rosa Luxemburgoren ikuspegian, «Errusiaren zatikatzea» Errusiar inperioaren barruan zeuden nazioen independentzia eskubidea zela eta, «euren buruaren jabe izateko herrien eskubidea» lelopean arazo bat zen, burgesia nazionalen «politika anti-iraultzailearen tresna» izango zirelako[37][38]. Azkenik, boltxebikeek demokraziaren aurka hartutako neurriak kritikatu zituen: Clara Zetkin edo Franz Mehringek bezala Batzar Konstituziogilearen disoluzioa babesten zuen, baina ez zuen gogoko ez deitzea hauteskunde berriak: «Askatasuna beti da ezberdin pentsatzen dutenen askatasuna» leloarekin (ikus eskumako testua) biribildu zuen. Bere esanetan, leninismoa «diktadura bat zen, baina ez proletarioen diktadura, baizik eta politikari gutxi batzuena, hau da, diktadura bat bere esanahi burgesean». «Demokrazia zabalena eta mugagabeena» defendatu zuen, prentsa askatasunarekin, bilera eta asoziazio askatasunarekin eta herritar masaren dominazioarekin[37]. Luxemburgen ustez, leninismoaren deriba honen arazoaren muina alderdiaren osaketan zegoen, Lehen Mundu Gerran egondako posizioen ondorioz nazioartean Errusiak zuen isolamenduarengatik. Jogichesen laguntzarekin, alemaniar iraultzaileak boltxebikeen satelite bilakatzearen aurka idatzi zuen[7]. Bere ustez, hala ere, Errusiar Iraultza kondenatuta zegoen beste munduko herrietako proletarioek ez bazuten boterearen konkistarako iraultzarik egiten[39].

Azaroko Iraultza eta gero

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Azaroko Iraultza» eta «Altxamendu Espartakista»
Barrikada altxamendu espartakistan.

1918ko Azaroko Iraultzaren ondotik Rosa Luxemburgori kalera ateratzeko baimena eman zioten, azaroaren 6an emandako amnistia politikoaren ondorioz; azaroaren 10ean askatu zuten eta Berlinera itzuli zen, hiria eferbeszentzia iraultzailean zegoela. Liga Espartakistak zuzendariek, inpresorea aurkitzeko zailtasun batzuk izanda ere, Die Rote Fahne egunkaria sortu zuten («Bandera Gorria»). Bertatik, Rosa Luxemburgek alemaniar proletarioak iraultzak jarraitu eta zuzendaritza hartzeko deiak idatzi zituzten; hala ere, langileek zuten konpromiso iraultzailea gain-baloratu zuen eta eurengan «burgesiaren» baloreen izan zezaketen erakarpena gutxietsi zuen, hala nola jabetza pribatua, nazionalismoa edo erlijioa. Bizitza nekagarria zeraman, erredakzioaren eta bere etxearen artean zegoen distantzia zela eta, eta askotan hotel batean lo egin zuen garai horretan[7].

Espartakisten Liga, Rosa Luxemburgek eta Karl Liebcknechtek zuzenduta, langileen eta soldaduen kontseiluen erradikalizazioa babesten zuen, boterera heltzeko helburuarekin; helmuga «kontseiluen errepublika» bat sortzea zen. Espartakistentzat, iraultza Europa osoan zehar hedatu behar zen, Sobietar Batasunaren laguntzarekin. Estatu-kolpeen eta alderdiak biolentzia armatua erabiltzearen aurka zeudenez gero, Liebknechtek eta Luxemburgek intelektualen utopismoarengatik eta langileen erradikalsimoagatik gaindituta ikusten zuten euren burua[19]. SPDk alderdia osatu zuen, Friedrich Eberten presidentziapean, eta Alemanian trantsizio moderatu bat bultzatu zuen, errusiar adibidearen aurka. Tentsio politiko horretan, abenduaren 6an gobernuaren tropek Die Rote Fahneren erredakzioa okupatu zuten. Espartakisten manifestazio bat metrailetarekin dispertsatu zuten, hamahiru hildako eta hogeita hamar zauritu sortuz. Abenduaren 16an Langileen eta Soldaduen Kontseiluen Kongresu Nazionala bildu zen, espartakistek onartzen zuten botere bakarra, eta erabaki zuten espartakisten helburuen aurka zeudela, ez zutela Alemania gobernatzeko helbururik eta lan hori sufragio unibertsal bidez hautatutako asanblada konstituziogile baten esku egon behar zela. Luxemburg eta Liebknecht ez ziren kongresuan egon, ez baitzieten baimenik eman horretarako[19][7][40].

Egoera nahasi horretan Alemaniako Alderdi Komunista (KPD) sortu zen: espartakistek USPDtik bereizteko erabakia hartu zuten 1918ko abenduaren 30ean eta 1919eko urtarrilaren 1ean eginiko kongresuan. Rosa Luxemburgek proposatu zuen alderdia «sozialista» izendatzea eta ez «komunista», mendebaldeko erakunde iraultzaileekin harremana errazago izan zedin, baina ez zuen gehiengorik lortu bere proposamenaren alde[19]. Berak, Espartakisten Liga izena erabiltzen jarraitu zuen alderdia izendatzeko[41]. Karl Radek, Luxemburgen arerioa izandakoa, Sobietar batasuneko mezulari politiko gisa sartu zen Alemanian, era klandestinoan: KPDaren kongresuan parte hartu zuen eta berarekin eztabaidatu zuen terrorearen erabileraren inguruan. Radekek, boltxebikeek bezala, terrorismoa iraultza mantentzeko beharrezkoa zela uste zuen eta Luxemburg eszeptikoa zen horren inguruan[42]; alderdi berriaren ideien artean terrorismoaren ezen praktika guztiz alboratu zuen. Luxemburgek eta Paul Levik Batzar Konstituziogilearen hauteskundetan parte hartzearen alde egin zuten, baina gehiengoa hauteskundeen aurkako boikota egitea erabaki zuen.[19] Rosa Luxemburg saiatu zen KPDren kongresuak hauteskunde prozesuan parte ez hartzeak zituen arriskuak uler zitzan[43].

1919ko urtarrilaren hasieran, agitazio politikoa langileen artean gatazka irekian bilakatu zen Emil Eichhorn poliziak, USPDko kidea zena, bere postuari uko egin ez eta langile erradikalei armak banatu zizkienean. Karl Liebknecht, mugimenduak bultzatua, gobernua kenduko zuen iraultza bat posible zela sinistu zuen: KPDak, beste talde batzuekin batera insurrekzioa prestatzeko batzorde iraultzaile bat antolatu zuen. Luxemburgen ustez mugimendu hau guztiz goiztiarra zen, baina Die Rote Fahnen argitaratutako artikuluekin babestea erabaki zuen, leialtasuna zela eta. Altxamendu Espartakista, espontaneoa baina inongo planik gabekoa eta zuzendaritzarik gabekoa porrot hutsa izan zen. Friedrich Ebert lider sozialdemokratak Gustav Noske arduratu zuen errepresioa antolatzeaz, eta honek Freikorpsei eman zien altxamenduaren aurkako mugimenduen ardura. Freikorpsak eskumako mugimendu paramilitarra ziren. Paramilitarrek indarkeria handiarekin ekin zioten insurrekzioa itzaltzeari; bandera zuria zuten espartakistak ere hil zituzten. Laster, Berlin osoa armadaren esku zegoen. Rosa Luxemburgek, 1919ko urtarrilaren 14an azken artikulua argitaratu zuen,  Ordena gailendu da Berlinen[7][44].

Rosa Luxemburg kanalera bota zuten lekuan jarritako eskultura.
Rosa Luxemburgen hileta.

Artikulua argitaratu eta hurrengo egunean militarrak bere etxe klandestinoan agertu ziren[oh 4][45]. Atxilotu eta Wilhelm Pieckekin batera Eden hotelera eraman zuten, guardiako fusilero eta zalditeriaren kuartel probisionala: Waldemar Pabst kapitainak egin zion galdeketa, baina ez zituen galderak erantzun. Militarrak hoteletik atera zuten, kartzelara eramateko. Hoteleko irteeran bertan zegoela, fusil baten atzealdearekin eman zioten buruan eta kotxe batera sartu zuten, preso. Metro batzuk beranduago militarretako batek tiro bat eman zion buruan, ziurrenik vogel tenientea, bere eskolta zena. Gorpua Landwehrkanalera bota zuten. Egun berean Karl Liebknecht atxilotu eta erail zuten[7][46].

Sinbolikoki, hilkutxa huts bat lurperatu zuten urtarrilaren 25ean, Liebcknecht eta errepresioaren beste 31 biktimekin batera. Maiatzaren 31n Rosarena izan zitekeen gorpua aurkitu zuten errekan. Leo Jogiches atxilotu zuten eta martxoan kartzelan erail zuten, ofizialki ihesaldi saiakera baten ondorioz[7][19].

Luxemburg eta Liebcknecht erail zuten militarrak epaitegira eraman zituzten tratu-txarrak zirela eta: prokuradoreak euren zerbitzua bikaina izan zela argudiatuz, libre uztea eskatu zuen. Runge militarrak, buruan kolpea eman zionak, bi urte eta bi asteko kartzela zigorra bete zituen, «erailketa saiakera» leporatuta; Vogel tenientea bi urte eta lau hilabetera kondenatu zuten, gorpua errekara botatzeagatik eta txosten ez-zuzen bat aurkezteagatik. Hala ere, Vogelen laguntzaileek herrialdetik atera eta amnistia baten esperoan denbora eman zuen atzerrian. Runge soldaduak adierazi zuen erru guztia bere gain hartzeko prest zegoela kondena txikia baldin bazen.[7]

Hurrengo urteetan, Paul Levi, KPDko alderdi-burua izan zena Hirugarren Internazionalatik bota zuten arte, Rosa Luxenburgen hiltzaileei amnistia eman ez ziezaioten borrokatu zuen, eta ikerketan egondako akatsak salatu zituen. Rungek Adolf Hitler kantzilerrari konpentsazio ekonomiko bat eskatu zion jasotako kondenaren ordain gisa, eta naziek 6.000 marko eman zizkioten. 1959an Pabst tenienteak egindako elkarrizketa batean adierazi zuen Liebknecht eta Luxemburgen erailketa planifikatuta zegoela[7].

Paul Levik  Ekonomia Politikorako Sarrera argitaratu zuen Luxemburgen heriotza eta gero.

Sozialismo demokratiko iraultzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rosa Luxemburgek demokraziaren aldeko apustua egiten zuen eta iraultzaren beharra azpimarratzen zuen. Luxemburgen demokraziaren ideiak, Stanley Aronowitzek gaur egun «demokrazia orokortua modu ez artikulatuan» deitzen duena, Luxemburgen «komunismo nagusiarekiko» hausturarik handiena irudikatzen du. Izan ere, Alderdi Komunistaren rola nabarmen murrizten baita bertan, nahiz eta Karl Marxen ikuspegiaren oso antzekoa den («Langile klasearen emantzipazioa langile klaseek eurek lortu behar dute»). Aronowitzen arabera, Luxemburgen demokraziaren zehaztasun eza zen hasiera batean hedapen handia lortzeko zailtasunetako bat. Luxemburgek bere demokraziari buruzko posizioa argitu zuen Errusiako Iraultzaren eta Sobietar batasunaren inguruko idazkietan. Hasieratik, Luxemburgek iraultza errusiarrean ageri ziren joera ez-demokratikoak eraso zituen:

« Hauteskunde orokorrik gabe, prentsa eta elkartze askatasun mugagaberik gabe, iritzien arteko borroka librerik gabe, bizitza erakunde publiko guztietan hiltzen da, bizitzaren itxura apur bat bihurtzen da, non soilik burokrazia mantentzen den elementu aktibo gisa. Bizitza publikoa pixkanaka lotan geratzen da, energia agortezineko eta mugagabeko esperientziadun dozena bat alderdiko liderrek zuzentzen eta agintzen duten bitartean. Horien artean, errealitatean, dozena bat buru nabarmengarrik bakarrik egiten dute gidaritza, eta noizean behin langile klasearen elite bat bilkuretara gonbidatzen da, non liderren hitzaldiak txalotu behar dituzten eta proposatutako ebazpenak aho batez onetsi behar dituzten – finean, orduan, talde txiki baten gauza. Diktadura bat, ziur egon, ez proletalgoaren diktadura, baizik eta politikari gutxi batzuen diktadura soilik, zentzu burgesa duen diktaduraren bat da, Jakobinoen agintaritzaren zentzuan (Sobietar kongresuak hiru hilabetero ospatzetik sei hilabetero ospatzera atzeratzea!) Bai, are urrunago joan gaitezke: baldintza horiek bizimodu publikoaren brutalizazioa sortuko dute era saihestezinean: dute: hilketa saiakerak, atxilotuen tirokatzeak... (Leninen diziplina eta ustelkeriaren inguruko hitzaldia).[47] »


Luxemburgek ere demokrazia sozialista azpimarratu zuen:

« Askatasuna soilik gobernuaren aldekoentzat, soilik alderdi bakarreko kideentzat – berdin da alderdi honen tamaina - ez da askatasuna. Askatasuna beti eta esklusiboki ezberdina pentsatzen duenaren askatasuna da. Ez da "justiziaren" kontzeptu fanatiko batengatik, baizik eta askatasun politikoan hezitzaile, osasungarri eta purifikatzailea den guztia funtsezko ezaugarri horren araberakoa delako eta bere eraginkortasuna desagertu egiten da "askatasuna" pribilegio berezia bihurtzen denean (...) Baina demokrazia sozialista ez da ekonomi sozialistaren oinarriak sortu ondoren agindutako lurretan soilik hasten den zerbait; ez da Gabonetako opari moduan datorren zerbait, diktadore sozialistek tartean zintzoki babestu dituztenentzat. Demokrazia sozialista klaseen deuseztapenaren hasierarekin eta sozialismoaren eraikuntzarekin batera hasten da.[47] »


Gerra inperialistaren eta kapitalismoaren aurka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boltxebikeen politikekin kritikoa zen arren, Rosa Luxemburgek Bigarren Internazionaleko sozialdemokraten portaera sozialismoarekiko traizio gisa ikusten zuen. Bere ustez, Lehenengo Mundu Gerra hasieran, mundu osoko alderdi sozial demokratek munduko langile klaseari traizio egin zien haien herrialdeetako burgesen alde jarriz gerran. Kritika honek bera kide zen Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata (SPD) barne hartzen zuen. Izan ere, alderdi honetako Reichstageko ordezkarien gehiengoak gerrako kredituen alde bozkatu zuen.

Rosa Luxemburg herrialde bakoitzeko langile klaseko gazteak gerrara bidaltzearen aurka agertu zen. Bere ustez, gerra bat sarraski bat zen, munduko baliabide eta merkatuak kontrolatzeko burgesia nazional ezberdinek martxan jarritakoa. Bigarren Internazionalarekin hautsi zuen, kapitalistei administrazio lana egiten ari zitzaien alderdi oportunista bat baino gehiago ez zela uste baitzuen. Rosa Luxemburgek, Karl Liebknechtekin, ikuspegi hauek zituen mugimendu sendoa antolatu zuen Alemanian. Baina espetxeratu egin zuten eta askatu ostean, huts egin zuen 1919ko Alemaniako Iraultzan hil egin zuten. Alemaniako alderdi sozial demokrata gogor oldartu zen iraultza honen aurka.

Marxismoa eta Kapitalaren metaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kapital (ekoizpen-faktorea)» eta «Marxismo»

Kapitalaren metaketa Luxemburgen bizitzan zehar ekonomiari buruz argitaratu zuen lan bakarra izan zen[48]. Eztabaidan, kapitalismoak eremu ez-kapitalistetara etengabe zabaltzeko beharra zuela argudiatu zuen, hornidura-iturri berriak, soberakin-baloreen merkatuak eta lan erreserbak lortzeko.[49] Luxemburgen arabera, Marxek akats bat egin zuen Kapitala obran, proletalgoak ez zuela sortzen zituen produktuak erosteko aukerarik izango esan zuenean. Hori hala balitz, bere irizpideen arabera ezinezkoa zitzaien kapitalistei itxitako sisteman kapitalista batean irabaziak lortzea, merkantzien eskaria oso baxua izango litzatekeelako eta merkantzien balioaren zati handi bat ezin izango zelako diru bihurtu. Hori dela eta, Luxemburgen arabera, kapitalistek irabazi bilatzen zituzten merkantzia soberakinak ekonomia ez kapitalistetara bidaliz. Honek sortuko luke inperialismoa, estatu kapitalistek ekonomia ahulagoak menderatu nahi izatean. Globalizazioa heldu baino lehenago, Luxemburgek iragarri zuen merkatu berrien bila munduan zehar hedatzeko kapitalaren ahalmena asegabea dela. Inperialismoa izugarrizko kapital-metaketa zela proposatu zuen[50]. Horrek ekonomia ez kapitalisten suntsipena zekarren, sistema kapitalistak xurgatuak izaten ari baitziren. Ekonomia ez-kapitalistak suntsitzerakoan, ordea, ez lirateke soberakinak merkaturatzeko tokirik egongo, eta kapitalismoa hautsi egingo litzateke.[51]

Kapitalaren metaketa ekonomikari marxista eta ez-marxistek gogor kritikatu zuten. Kritiken arabera, bere logika zirkularra zen itxitako sistema partikular batean irabaziak lortzeko ezintasuna frogatzerakoan, eta bere kontsumo gutxiko teoria gordinegia zela esanez.[51] Sistema kapitalistaren mugak inperialismoa sortzen zuela sinetsita, Luxemburg bere bizitza guztian zehar militarismoaren eta kolonialismoaren aurka borrokatu zen.[49]

Karl Marx hartu zuen eredutzat Rosa Luxemburgek, gehien bat 1848ko iraultza eta 1871ko Parisko Komuna aztertu zituen Marx. Ikuspegi marxista beti presente egon zen bere ahalegin teoriko eta praktikoetan. Ildo horretan, Wronkeko espetxean 1916–1917an idatzitako  ekonomia politikoari sarbide marxista sakona idatzi zuen. Testu horretan Alemaniako alderdi sozialdemokrataren koadroei Berlingo eskola nagusian eskainitako prestakuntza laburtzen da. Hala ere, Karl Marxi egindako kritikan oker batzuk daudela aipatu dute hainbat ikerlari marxistek[50]. Azterketa horretan Marxi leporatzen zaio Kapitala lanaren bigarren liburukian merkatuaren erreprodukzio zabaldua ahaztu izana. Baina hemen errakuntza bat topatzen dugu, Raya Dunayevskayak primeran azaleratu zuen eran. Marxen miaketan gakoa ekoizpenean dago, ez kontsumoan. Bigarren liburukian enfasia ez dago merkatuan, produkzioan baizik. Izan ere, Marxek argi utzi zuen han azaldutako eta hartutako eredua nazio edo herri batena izan zela, kanpo-merkataritzarik gabekoa. Marxek deskribatu gura zuena izan zen nola eraldatzen den kapitala aldakorra (lan bizia) kapital konstantean (lan hilean). Luxemburgek, ordea, jorratu zuen  nola hedatzen den kapitala lurralde azpigaratuetan merkatu inperialistaren bidez. Bi gai ezberdin dira, lotuta dauden arren. Honez gain, desjabetzearen bidezko kasu sinplean erortzeko arriskua dago, Luxemburgen azterketa soilik kontuan hartzen bada, Marxen proposamena ulertu gabe. Kapitalaren metaketa ekoizpenetik hasten da, lurralde azpigaratu ez-kapitalistak espoliatu baino lehen. Inperialismoa aztertzerakoan komeni da gogoan edukitzea.

Bat-batekotasunaren dialektika eta antolakuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumearen emantzipazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume proletarioen emantzipazioa errebindikatu zuen belaunaldi bateko kidea izan zen Rosa Luxemburg. Eleanor Marx, Clara Zetkin, Emma Ihrer, Inessa Armand, Aleksandra Kollontai eta Luxemburg bera dauzkagu sozialismotik eta komunismotik emakumearen garrantzia aldarrikatu zuen tradizioan. 1914an «Emakume proletarioa» lantxoan emakume langilea goraipatu zuen[52]. «Herriko emakumeak betidanik lan egin du», idatzita utzi zuen Luxemburgek. «Emakume burgesa, ordea, gizartearen parasito bat da». Eta jarraian azaldu zuen emakume burgesaren eta emakume proletarioaren arteko ezberdintasuna. «Emakume burgesarentzat bere etxea bere mundua da. Emakume proletarioarentzat bere etxea mundu osoa da». Hori dela eta, emakume burgesen mugimendu sufragista kritikatu zuen, hutsik zegoen ideologia bat zutelako, bere iritziz emakume burgesak ez baitzuen benetako interesik eskubide politikoetan. «Emakumezko proletarioak, ordea, eskubide politikoak behar ditu, gizartean gizon proletarioaren eginkizun ekonomiko bera betetzen duelako»[50].

Emakume proletarioen botoaren aldekoa izan arren, bere aburuz berdintasun erreala konstituzio burgesetik harago aurkitzen zen, oinarri ekonomikoetara heldu behar zelako. Emakumearen auzia ez zen inolaz ere gai idealista bat, klase sozialek zeharkatutako errealitate bat baizik. Emakumea etxeko lanetik atera gura izan zuen, emakumezko proletarioa sindikatuen eta sozialismoaren zati bat zelako. Emakume proletarioa eta langile-klasea elkarrekin joan ziren Luxemburgen filosofian. Charles Fourier sozialista frantsesaren hitzak ekarri zituen gogora 1912ko «Emakumeen sufragioa eta klase borroka» testuan[53]: «Gizarte orotan emakumearen emantzipazioaren mailak emantzipazio orokorraren neurri naturala ematen du». Berba hauek iruzkinduz, emakumearen eta klase proletarioaren arteko lotura argitu zuen: «Emakumearen eskubide politikoen aldeko masen egungo borroka proletalgoaren borroka orokorraren zatia eta adierazpena baizik ez da».[50]

Urriko Iraultzari kritika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Urriko Iraultza»

Azken hitzak: iraultzan sinesten zuen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luxemburgen azken hitzak ezagunak dira, hil aurreko arratsean idatzi zituen, bertan masengan sinesten zuela idatzi zuen eta lehenago ala beranduago iraultzak irabaziko zuela adierazi zuen:

« Zuzendaritzak huts egin du. Baina zuzendaritza berriro sor daiteke eta masek sortu behar dute beren baitatik. Masak dira erabakigarriak, haiek dira iraultzaren azken garaipena oinarritzeko arroka berriz ere. Masek beren maila eman dute, haiek egin dute «porrot» hau porrot historikoen saileko piezetako bat eta nazioarteko sozialismoaren ohorea eta indarra osatu dute. Eta horregatik, «porrot» honen enborretik loratuko da etorkizuneko garaipena.

«Ordena gailendu da Berlinen!». Lekaio madarikatuak! Zuen ordena harearen gainean eraikita dago. Bihar, iraultza «berriz ere zutituko da burrunba eginez» eta aldarrikatuko du, zuei izua eraginez, tronpeta soinuen artean:

Izan nintzen, banaiz eta izango naiz!

»

—Testu osoa:  Ordena gailendu da Berlinen


Kultura eta artean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Die industrielle Entwickelung Polens (1898)[54]
  •  Erreforma edo iraultza (1899)[54]
  • Zur Verteidigung der Nationalität (1900)[54]
  • Die sozialistische Krise in Frankreich (1901)[54]
  • Organizational Questions of the Russian Social Democracy. [Leninism or Marxism?] (1904)[54]
  • Massenstreik, Partei und Gewerkschaften (1906)[54]
  • The National Question (1909)[54]
  • Theory & Practice (1910)[54]
  • Die Akkumulation des Kapitals (1913)[54]
  • Die Akkumulation des Kapitals oder Was die Epigonen aus der Marxschen Theorie gemacht haben. Eine Antikritik (1915)[54]
  • The Junius Pamphlet (1915)[54]
  •  Ekonomia Politikorako Sarrera, 1916-1917
  • Die russische Revolution (1918, hil ondoren argitaratua)[54]
  • Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti (gutunen bilduma)[3]
  •  Ordena gailendu da Berlinen, 1919.

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ez dago guztiz argi Rosa Luxemburgen jaiotza data zein izan zen, bere jaiotza agirian 1870 jartzen baitu, baina, bere adierazpenen arabera, gazteagoa baitzen. Peter Nettlek egindako biografian 1871ko martxoaren 5a aipatzen da data gisa, eta hau da onarpenik handiena duena. Bere hilobian ez dago jaiotza datarik.
  2. Gimnasioak bigarren hezkuntzako ikastetxeak dira.
  3. Honela idatzi zion gertakari honi buruz Rosa Luxemburgek Sophie Liebcknechti:
    «

    ...denbora tarte batez egon naiz zurekin harremanik izan gabe, gutunen bidez gutxienez. Ezin izan dizut idatzi, gutunak bidaltzeko ematen zidaten baimen urria Hans D.rentzat gorde nuelako, bera zain baitzegoen. Orain bukatu da. Nire azkeneko bi gutunak hildako bati zuzenduak zeuden. Jadanik bat itzuli didate. Ezin dut sinetsi. Baina hobe dugu horretaz hitzik ez egitea; nahiago dut neure buruarekin aritu gauza hauei buruz, eta ez dut jasaten norbaitek albiste lazgarri bat jasotzeko prestatzen nauenean eta lantuekin "kontsulatu" nahi nauenean, N.k egin zuen bezala...

    »

    —1917ko azaro erdialdean idatzia.

  4. Militar horiek guztiak Marina Inperialeko ofizialak ziren, Waldemar Pabst kapitainaren gidaritzapean. Taldeko kideak Hermann W. Souchon, Horst von Pflugk-Harrtung, Heinz von Pflugk-Harrtung, Kurt Vogel, Bruno Schulze, Heinrich Stiege, Ulrich von Ritgen eta Wilhelm Canaris ziren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1871-1919., Luxemburg, Rosa,. (1980). Rosa Luxemburg, e. Leben für d. Freiheit : Reden, Schriften, Briefe : e. Lesebuch. (Orig.-Ausg. argitaraldia) Fischer-Taschenbuch-Verlag ISBN 3596237114. PMC 7948287. (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  2. «The Golden Age (Main Currents of Marxism, Vol. 2): Leszek Kolakowski: 9780192851086: Amazon.com: Books» www.amazon.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  3. a b c Etxarte, Hedoi. (2018-09-19). «Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti» Katakrak (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  4. «Glossary of People: L» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  5. «Matrikeledition» www.matrikel.uzh.ch (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  6. www.cddc.vt.edu (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  7. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af Elzbieta., Ettinger,. Rosa luxemburg : a life.. Beacon Press ISBN 0807070076. PMC 233618460. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  8. (Ingelesez) Insdorf, Annette. (1987-05-31). «Rosa Luxemburg: More Than a Revolutionary» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  9. www.tandfonline.com  doi:10.1080/13501674.2010.494045. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  10. «Vereinsnachrichten» Zeitschrift für Elektrotechnik und Elektrochemie 14 (7): 84–84. 1908-02-14  doi:10.1002/bbpc.19080140707. ISSN 0372-8323. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  11. Rosa., Luxemburg,. (1998). La cuestión nacional y la autonomía. (1. ed. argitaraldia) El Viejo Topo ISBN 8495224003. PMC 40759163. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  12. a b (Ingelesez) O'Kane, Rosemary H. T.. (2014-11-20). Rosa Luxemburg in Action: For Revolution and Democracy. Routledge ISBN 9781317693376. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  13. «Rosa Luxemburg: The Polish Question at the International Congress in London (1896)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  14. «Rosa Luxemburg: The Industrial Development of Poland (1898)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  15. (Frantsesez) Larousse, Éditions. «Encyclopédie Larousse en ligne - Rosa Luxemburg» www.larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  16. Axel., Van den Berg,. (2003). The immanent Utopia : from Marxism on the state to the state of Marxism. Transaction Publishers ISBN 0765805170. PMC 52334949. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  17. 1937-, Winock, Michel,. (1992). Le socialisme en France et en Europe : XIXe-XXe siècle. Éditions du Seuil ISBN 2020146584. PMC 299440219. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  18. Eric D. Weitz, "'Rosa Luxemburg Belongs to Us!'" German Communism and the Luxemburg Legacy, Central European History, Vol. 27, No. 1 (1994), pp. 27-64
  19. a b c d e f g h i j Droz, Jacques. (1982). Histoire générale du socialisme. Tome 2, De 1875 à 1918. (2e éd. mise à jour. argitaraldia) Presses Universitaires de France ISBN 2130363695. PMC 34520510. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  20. (Ingelesez) «Rosa Luxemburg» Spartacus Educational (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  21. «Kautsky archives reunited | IISH» socialhistory.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  22. «Rosa Luxemburg: Organizational Questions of the Russian Social Democracy (1904)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  23. «Rosa Luxemburg: The Mass Strike (1906)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  24. (Ingelesez) Harmer, Harry. (2008-04-01). Luxemburg. Haus Publishing ISBN 9781910376812. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  25. ..., McCarthy, Cormac, 1933-. (DL 2008). La route. Le Grand livre du mois ISBN 9782286040697. PMC 470911965. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  26. «Rosa Luxemburg: The National Question (1907)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  27. 1884-1953., Frölich, Paul,. (2010). Rosa Luxembourg : ideas in action. Haymarket ISBN 9781608460748. PMC 601128230. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  28. a b «Rosa Luxemburg: The Junius Pamphlet (1915)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  29. (Alemanez) «GRIN - Von den Spartakusbriefen zum Spartakusaufstand - Rosa Luxemburg und die deutsche Novemberrevolution» www.grin.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  30. (Ingelesez) «Rosa Luxemburg» Spartacus Educational (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  31. (Ingelesez) Frölich, Paul. (2010). Rosa Luxemburg. Haymarket Books ISBN 9781608460748. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  32. «Rosa Luxemburg: Zur russischen Revolution (Teil 4)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  33. «Rosa Luxemburg: The Russian Revolution (1918)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  34. «la Révolution russe (I) - R. Luxemburg» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  35. «R. Luxemburg : La tragédie russe» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  36. «la Révolution russe (II) - R. Luxemburg» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  37. a b «la Révolution russe (I) - R. Luxemburg» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  38. «la Révolution russe (III) - R. Luxemburg» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  39. 1884., Frolich, Paul,. (1976). Rosa Luxemburgo : vida y obra.. Fundamentos ISBN 8424501756. PMC 48282118. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  40. (Frantsesez) «L'Allemagne de 1870 à nos jours» Armand Colin 2018-11-29 (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  41. ..., McCarthy, Cormac, 1933-. (DL 2008). La route. Le Grand livre du mois ISBN 9782286040697. PMC 470911965. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  42. 1943-, Gellately, Robert,. (2008). Lenin, Stalin and Hitler : the age of social catastrophe. (1st Vintage books ed. argitaraldia) Vintage ISBN 9780712603577. PMC 182528069. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  43. Ernst., Nolte,. (1997). Der europäische Bürgerkrieg : 1917-1945 : Nationalsozialismus und Bolschewismus. (5., überarb. u. erw. Aufl. argitaraldia) Herbig ISBN 3776690038. PMC 243871594. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  44. 1940-, Wette, Wolfram,. (2005, ©2002). Die Wehrmacht : Feindbilder, Vernichtungskrieg, Legenden. (Überarbeitete Ausg. argitaraldia) Fischer Taschenbuch ISBN 3596156459. PMC 59160935. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  45. 1940-, Wette, Wolfram,. (2005). Die Wehrmacht : Feindbilder, Vernichtungskrieg, Legenden. (Überarbeitete Ausg. argitaraldia) Fischer Taschenbuch ISBN 3596156459. PMC 59160935. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  46. (Alemanez) Leyenberg, Arne. Des Rätsels Lösung: Die Leiche im Keller ist nicht Rosa Luxemburg. ISSN 0174-4909. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  47. a b «Rosa Luxemburg: The Russian Revolution (Chap.6)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  48. «Rosa Luxemburg: The Accumulation of Capital (1913)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  49. a b (Ingelesez) Luxemburg, Rosa. (2008). The Essential Rosa Luxemburg: Reform Or Revolution & The Mass Strike. Haymarket Books, 18 or. ISBN 9781931859363. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  50. a b c d cc-by-sa lizentziapean: Aiestaran, Ignazio. «Zenbait tesi Rosa Luxemburg espartakistari buruz» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  51. a b «Main Currents of Marxism» www.goodreads.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  52. «„Heroes“ performance / Rosa Luxemburg text» www.merlincarpenter.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  53. «Rosa Luxemburg: Women's Suffrage and Class Struggle (1912)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  54. a b c d e f g h i j k l «Rosa Luxemburg Library» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]