[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Diego Lazkano

Wikipedia, Entziklopedia askea
Diego Lazkano
Bizitza
JaiotzaTolosa, 1736
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonibane Lohizune, 1810 (73/74 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaAnaia Txikien Ordena

Diego Lazkano (Tolosa, 1736-Donibane Lohizune, 1810) elizgizon frantziskotarra eta idazlea izan zen[1].

Tolosan jaio zen 1736an. Herriko eskribauaren semea, garai hartan ohikoa zen baina heziketa zabalagoa izanik. Fraide frantziskotarra ordenatu zen Bastidan.[argitu] Eliz-ikasketetan zehar jatorrizko elizaren defendatzaile agertu zen. Elizaren aberastasun eta hierarki egiturarekin kritiko azaldu zen, kontzilioetan hartzen ziren erabakiak zalantzan jartzeraino.

1789an Lasarteko Brigiden komentuko kapilau izendatu zuten. Garai honetan Usurbilgo parrokoak salatu zuen Inkisiziora "kanpotik zetozen berrikuntzei erakutsitako zaletasunagatik", hau da, Frantziako Errepublikak onartutako Apaizen Konstituzio Zibila kristau fedearen kontrakoa ez zela defendatzeagatik. Honen ondorioz, Donostiako San Frantziskoko komentuan hilabete batez kartzeleratua, ondoren, 1792an, Logroñora erbesteratu zuten.

Baina bi urte barru, frantziarren inbasiopean Lasarten zegoen berriro ere, iraultzaileekin lankidetza estuan, burges ilustratuen talde bateko partaide, Romero eta Aldamar buru zirela. Lasarten ospatu ziren ezkontza zibilak bedeinkatzea izan zen bere deliturik handiena, bere ustez, ezkontza hitzarmen soila besterik ez baitzen, agintari zibilei zegokiena eta ez elizari.

Frantsesek alde egin zutenean 1795ean erbesteratu behar izan zuen eta urte bat beranduago Godoyri bere kapeilantza berreskuratzeko instantzia eskatu zion, erantzunik jasoko ez zuena. Frantziar inbasiopean izandako jarrera defendatuz zenbait liburuxka argitaratu zituen Baionan. Ebanjelioa eta jatorrizko eliza aldarrikatuz, ezkontza zibilak bedeinkatuz bere jarrera defendatu zuen. Espainiar agintarien asmoak ezagutzen zituelako ihes egin zuela eta bere adinagatik berriz kartzelatik pasatzeko prest ez zegoela adierazi zuen. Berak idatzitako lehen liburuxkak Zizurkilgo bikarioa zen Jose Antonio de Olanoren erantzuna jaso zuen. Lazkanok berriz ihardetsi zuen kontzilioetan hartutako erabakiak Jaungoikoaren hitzetatik bereiztuz. 1800an Jose Antonio Carrerak Donostian beste liburuxka bat argitaratu zuen "Reparos de un anonimo contra lo que ha escrito el presbitero Lazcano sobre el matrimonio". Lazkanok berehala erantzun zuen beste foileto batekin, bere jarrerak azpimarratuz. Donibane Lohizunen bizi izan zen 1810ean hil zen arte.

Haren idazlanak Inkisizioaren zentsura jasan zuen bere heriotzaren ondoren ere. Marcelino Menendez Pelayok "espainiar heterodoxo"tzat hartu zuen "XVIII. mendeko seme desorekatua" zela esanez.

Lazkanok egindako itzulpenak ez dira nabarmendu, nahiz eta interesa izan. Aipagarriena 1786an Tolosan argitaratutako "Ensayo sobre la nobleza de los bascongados para que sirva de introducción a la Historia general de aquellos pueblos", Dom Sanadon frantzes benediktinoak Pauen urte bat lehenago argitaratutako lanaren itzulpena[2].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]