[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Axera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Axera
feniziar mitologia, Ugaritic religion (en) Itzuli eta Canaanite religion (en) Itzuli
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
BaliokideakNinhursag
Familia
Ezkontidea(k)El eta Amurru (en) Itzuli
Seme-alabakShalim (en) Itzuli eta Shapshu (en) Itzuli

Axera ({hebreeraz: אֲשֵׁרָה‎ʾĂšērā; ugariteraz: 𐎀𐎘𐎗𐎚‎ʾAṯiratu; akaderaz: 𒀀𒅆𒋥Aširat;[1] qatabanieraz: 𐩱𐩻𐩧𐩩 ʾṯrt)[2]; pl. Astarot) antzinako erlijio semitako jainkosa izan zen. Hititar idazkunetan Ašerdu(s) edo Ašertu(s) (hititeraz: 𒀀𒊺𒅕𒌈‎a-še-ir-tu4),[3] eta Ugariten Athirat zioten. Aditu batzuen arabera, Yahweh eta Axera antzinako Israel eta Judeako jainko-bikote nagusia izan zen,[4][5][6] besteek kontrakoa izanda ere.[7]

Izena eta epitetoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Axera jainkosari "jainko guztien ama" deitu zioten. Babiloniarren artean Ixtar bezala ezagutzen zuten, jatorrian Athirat (edo Afdirad) deitua. Ugalkortasunaren jainkosa semita handia izan zen. Antzinako egiptoarrentzat Sopdet zen. Biblian Astoret izena hartzen du, jatorrizko 'Astart-en ahoskera desitxuratua, errabinoen ohituraren arabera, jainko paganoei izen ona kentzeko hebreerazko boset (lotsa) hitzaren bokalak sartuz. Emankortasunaren feniziar jainkosatzat ere hartzen da.

The Early History of God liburuaren arabera, Astarte Brontze Aroko Axera Burdin Aroko jainkosari zegokion izendapena izango litzateke (k.a. 1200. urtea baino lehen). Astarte da greziar forma. Astarte "sidoniarren jainkosatzat" hartzen zen (1 Erg 11:5).

Amarnako tauletan Ashirtu eta Ashratu izaten zen.

Ugaritar testuek Axera (‘atrt = atirat) Elen emazte-jainkosarekin identifikatzen dute; «itsasoko Axera andrea» eta «jainkoen ama» deitzen diote (beraz, Baalen ama izango litzateke).[8] Hala ere, jainkosa honen funtzioak askotarikoak izan behar zuten, baalismoaren hiru jainkosekin- Anath, Axera, Astoret- antzekotasunak erakutsiz (Epa 3:7; Epa 6:25; izenak pluralean agertzeak herri bakoitzak bere Baal eta Axera zituela adieraz dezake).[1]

Landare-emankortasunaren jainkosa gisa, tenpluen patioan sartutako hesola edo zuhaitz-enbor bat zen haren irudikapena, Mari hirian k.a. XVIII. mendean jada aipatzen direnak. Beraz, Axera hitzak hesola sakratu horiek izendatzeko ere balio du.

El eta Axeraren gurtza antzinakoenetako bat zen Mesopotamian, eta hiksoek Antzinako Egiptora zabaldu zuten.

Kanaanen, Astoreten gurtza, kanaandarren (israeldarren bizilagunak) artean oso ohikoa zen, ezen israeldar askoren artean ere aurkituko bailitzateke (Epa 2:13; Epa 3:7; 1 Sm 7:3-4). Bibliak kultu horren xehetasun zehatzak ematen ditu: Astoret «zeruetako erregina» izenarekin gurtzen zuten (Jr 44:17). Haurrek egurra biltzen zuten kaleetan zehar eta gurasoek sua pizten zuten harekin; emakumeek opil sakramentalak egiten zituzten beren irudiarekin; eskaintzak egiteko, intsentsua erretzen zuten, eta libazioak egiten zituzten aldekoa izan zedin, uste baitzen horrela gauzak hobeto joango zirela. Horrela, familia osoak idolatrian parte hartzen zuen, praktika hori herri osora zabaldu zen, eta, ondorioz, Israelgo Jainkoa sutan piztu zen eta herrimina bota zuen herriaren aurka higuin horiengatik (Jr 7:18-20).

Jahvismoarekin batera, israeldar buruzagiek eta herriak hainbat praktika komertzial eta erlijioso izan zituzten. El jainkoaren eta Axera emaztearen gurtzak luzaroan iraun zuen bertan. Bibliaren arabera, Yahwehk Salomoni bere semearen belaunaldian, Israeli buruzko zorigaitzak ekarriko zituen atzerriko ohituren adopzioagatik erresumaz gabetua izango zela ohartarazi zion (1 Erg 11:1, 1 Erg 12:33). Geroago, Josiahen erreformarekin, Astoret eta beste jainko batzuekin zerikusia zuen guztia gurtza jahvista formaletik erauzi zen, nortasun propio bat eratzeko lehen urrats gisa, Israelgo nazioaren funtsezko puntu batean hasiko zena: tenpluan (2 Erg 23:4-7).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) Day, John. (1986). «Asherah in the Hebrew Bible and Northwest Semitic Literature» Journal of Biblical Literature 105 (3): 385–408..
  2. (Ingelesez) «DASI: Digital Archive for the Study of pre-islamic arabian Inscriptions: Word list occurrences» dasi.cnr.it.
  3. 'Asertu, tablet concordance KUB XXXVI 35 - CTH 342 Artxibatua 5 abuztua 2021 hemen: Wayback Machine', Hittite Collection, Hatice Gonnet-Bağana; Koç University.
  4. (Ingelesez) «BBC Two - Bible's Buried Secrets, Did God Have a Wife?» BBC 2011-12-21.
  5. (Ingelesez) Wesler, Kit W.. (2012). An Archaeology of Religion. University Press of America, 193 or. ISBN 978-0761858454..
  6. (Ingelesez) Mills, Watson, ed. (1999-12-31). Mercer Dictionary of the Bible. (Reprint. argitaraldia) Mercer University Press, 494 or. ISBN 978-0865543737..
  7. (Frantsesez) Puech, Émile. (2015). «L'inscription 3 de Khirbet el-Qôm revisitée et l' 'Ashérah» Revue Biblique 122 (1): 5–25.  doi:10.2143/RBI.122.1.3149557. ISSN 2466-8583..
  8. Del Olmo Lete, G.. (1984). Interpretación de la mitología cananea. Valentzia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]