Autoantigorputz
Autoantigorputzak gaixotasun autoimmuneekin zerikusia duten antigorputzak dira, sortu dituen organismo beraren antigenoen aurka jarduten dutenak. Ondorioz, autoantigorputzek gorputzaren ehunak eta organoak kaltetzen dituzte.
Gizabanako osasuntsu batean, B linfozitoek sortzen dituzten antigorputzek kanpoko antigenoen aurka (mikrobio patogenoen aurka, alegia) edo zelula tumoralen aurka soilik jarduten dute. Gaixotasun autoimmunea duten gizabanakoengan, aldiz, autoantigorputzak daude, organismoaren zelulak kaltetzen dituztenak. Artritis erreumatoidea edo lupus eritematoso bezalako gaitzak, besteak beste, autoantigorputzek eragindakoak dira.
Autoantigorputzen sorrera eragiten duten kausak ezezagunak dira. Antza, joera genetikoak pisu handia dauka autoantigorputzen ekoizpenean eta gaixotasun autoimmuneen agerpenean, gaitza piztuko lukeen ingurugiroko faktore ezezagun batekin konbinatuta.
Autoantigorputzak dira, besteak beste, hainbat gaitz autoimmuneen atzean dauden molekula hauek: faktore erreumatoidea, antigorputz antimitokondrialak, antigorputz antinuklearrak, antigorputz antimuskulu leuna, etab.