[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Antton Valverde

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antton Valverde

Bizitza
JaiotzaDonostia1943ko maiatzaren 21a (81 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
AitaAntonio Valverde
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea
KidetzaOskarbi
Genero artistikoaherri-musika

Badok: antton-valverde Musicbrainz: 54862c20-558f-498c-ba75-8175fa221e75 Discogs: 2010475 Musikasten: antton-valverde Edit the value on Wikidata

Antton Valverde Lamsfus (Donostia, 1943ko maiatzaren 21a) euskal abeslaria da. Urte askoan Xabier Leterekin batera kantatu du eta Julen Lekuonarekin ere aritu da. Hainbat euskal olerkariren hitzak musikatu ditu: Lizardi, Lauaxeta, Xabier Lete...; baita bertso zaharrak ere.[1]

Antton Valverde, Donostiako EUTGn enpresa-zuzendaritzako ikasketak egin eta arte grafikoetako lantegi bateko zuzendaria izan da luzaroan, Graficas Valverden. Musika ikasketak egin zituen gaztetik: solfeo, harmonia, konposizioa eta piano. Azken musika tresna hori izan da Antton Valverderen lagun fidela, ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen poemak. Aita Antonio Valverde Ayalde margolaria zuen, eta Rosa Valverde eta Lola Valverde ditu arreba, aipatu lehenengoa baita ere margolaria, bigarrena berriz historialaria.

60ko hamarkadan hasi zuen Valverdek musika ibilbidea. Hainbat disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen (1972-1975) eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (Herri Gogoa, 1972). Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976), arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek. Bertan zeuden, besteak beste, "Maitasunez hil" eta "Asaba zarren baratza" kantuak. Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkaria beti izan da Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxetaren testuez gain, Xabier Letek, Bitoriano Gandiagak, Joxean Artzek eta Harkaitz Canok idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.

Urte hartan bertan, kantatzeari uztea erabaki zuen Valverdek. Etapa horretako azken kontzertua Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterekin eman zuen. Handik aurrera, enpresa munduan gehiago murgildu eta oso tartekatuak izan dira haren agerraldi musikalak.

1983an Xabier Lizardi poetari Tolosan eta Zarautzen egin zitzaion omenaldian aritu zen, Leterekin batera. Kantaldi hura Lizardiren poema gehiago musikatzeko akuilua izan zen. Horren ondorioz, oso disko berezia argitaratu zuen, Lizardiren obra bakarra eta osoa eskaini baitzuen Urte giroak ene begian diskoan (Elkar, 1986). Lauaxetarekin batera Lizardi beti izan da musikari donostiarraren poeta kutunetakoa. Haiekiko zaletasuna txikitatik datorkio: "Etxean Lizardi betidanik ezagutu izan dut, nire aita zenak euskara ikasten zuen Lizardiren bertsoak irakurriz. Gure aitak bazuen magnetofoi bat eta hantxe grabatzen zuen Lizardiren obra guztia. Grabaketa edo irakurketa horietan gogoan dut beti Brahmsen musika erabiltzen zuela, bigarren sinfonia. Oroimen hori beti grabatua izan dut gogoan, eta horregatik betidanik eduki dut Lizardiganako halako nahikundea edo zerbait berezia. Alde horretatik, disko honen burutzeak asko esan nahi du niretzat".[2][3]

Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte. Urte horietan guztietan musikatutako olerkien bilduma moduko bat izan zen, Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta William Shakespeareren testuekin. Diskoaren izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Larogeitamazazpi (Elkar, 1997). Disko horretan agertzen da Valverdek berak idatzitako kanta bat, "Barberian". "Bitxikeria moduan dago hor, diskoaren amaieran, erdi ezkutuan, baina nahiko txarra da. Horrek bazuen beste letra bat, Xabier Leterena, baina azkenean Leterena jarri beharrean neurea jarri nion. Ez Leterena gaizki iruditzen zitzaidalako, jakina, noizbait nire letraren bat sartzeagatik baizik. Beraz, egina dago, eta ez dut gehiago egingo",[3]

2007an lan berria argitaratu zuen, Hamabi amodio kanta (Elkar, 2007). Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da lana. Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du Valverde zuzeneko emanaldietan.

2013an 3 Eleak (Lauaxeta, Lete, Lizardi) DVDa argitaratu zuen Pamielaren eskutik, Anjel Lertxundirekin batera, zuzenean Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan grabatutakoa. 2020an, Hitzak hots DVDa argitaratu zuen, Pamielarekin, A. Lertxundirekin eta Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiarekin.[4]

Ondoren, bestetik, Gaua. Ausentziaren itzala plazaratu zuen (2020). Orokorrean bere estiloari jo badio ere, bai musika-tresnetan baita ere abestien itxuran, diskoak baditu alde berritzaileak. Agian, bereziena da kantu beraren hiru bertsio egiten dituela. Euskarazko "Sei silabako gauak", ondoren gaztelaniaz zein ingelesez interpretatzen baitu. Harkaitz Cano eta Arkaitz Mendozaren Malgu da gaua disko-liburuak (Etxepare institutua, 2014) inspiratu ditu hiru kanta horiek.[5] Letren aldetik,ohikoak diren Xabier Lete, Lauaxeta eta Bitoriano Gandiagaren poemekin batera, Harkaitz Canoren, Salbatore Mitxelena, Imanol Irigoien eta Juan Kruz Igerabideren presentzia ere badagioela azpimarratu behar da.[6]

Kolaborazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ArratibelGascon, Ainara. (2015). ««Beti egon naiz erosoago bigarren planoan»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  2. «Antton Valverde: 'Gure estiloak ez du jarraitzailerik izan'» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  3. a b Http://euskalmusikakatea.blogspot.com. (2013-12-31). «EUSKAL MUSIKA KATEA: ANTTON VALVERDE» EUSKAL MUSIKA KATEA (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  4. Berria. «Antton Valverderen disko berria» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  5. Berria. «Hamahiru urteren ostean sortutako doinu berriak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  6. https://www.elkar.eus/eu/musika_fitxa/gaua-ausentziaren-itzala/antton-valverde/8436007086433

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]