[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/

Aurkezpena

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean euskararen gaineko ikerketa aplikatua da gure xede nagusia, baina beste hizkuntzen inguruko ikerketa eta produktuen garapena ere sartzen dira gure eginkizunen artean. Lan horretan, diziplinarteko taldea osatzen dugu: 42 informatikari, 12 hizkuntzalari, 2 ikerkuntzarako teknikari eta administrari laguntzaile batek.

Unibertsitate publikoan egonik enpresekin eta bestelako agenteekin kolaboratzeko joera dugu, euskalgintzan aritzen direnekin bereziki, gure helburuekin bat datozen heinean. Horrela sortu dira lankidetzak hainbat enpresa eta erakunderekin : Aholab ikertaldea, Eleka, Elhuyar, Vicomtech, Robotiker, Plazagune, UZEI, UEU, Euskaltzaindia, Berria...

Ixa taldea 1987an sortu zenetik kide kopurua eta zereginak ugarituz joan dira. Lan horren fruitu izan dira dira webgunean azaltzen diren 60tik gorako proiektu finantzatuak, 20tik gorako tresna eta aplikazioak, 23 tesiak, eta hirurehun bat artikulu jakintza-arloko kongresu eta aldizkari garrantzitsuenetan argitaratuak.

Azken helburua euskararako hain beharrezkoak eta onuragarriak izan daitezkeen sistema (erdi)automatikoak garatzea da. Alegia, teknologia berriak hizkuntzaren eremua zabaltzeko ari gara lanean. Gure lanaren funtsa talde-lana da. Izan ere, taldea sortu zenetik,80 antzezle baino gehiago aritu gara elkarlanean antzezlan honetan, ixakideen zerrendan ikus daitezkenez. Indartzeko eta lankidetza sendotzeko horixe izan baita gure tresnarik onena: taldea.

Azken bosturtekoan dozena bat sari baina gehiago jaso ditugu ixakideok (hemen ikus ditzakezue), horien artean Google Research Award (2016 eta 2019), Anton Abadia saria (2013) eta enpresak sortzeko Manuel Laborde Werlinden Saria (2001).

APLIKAZIO ETA TRESNA ERABILGARRIAK

Taldeak garaturiko produktuen artean aipagarrienak ditugu beharbada Xuxen zuzentzaile ortografikoa, OpenTrad itzultzaile automatikoa, Euskal Wordnet, Zientzia eta Teknologiako Corpusa (ZT corpus) edo sintaktikoki etiketatutako corpusa (EPEC).
Baina sortutako beste baliabide, tresna, eta produktuak kontsultatzeko edo demoak ikusteko jo ezazu proiektuen orrira.