Zanzibarko iraultza 1964an gertatu zen eta elite arabiarraren 200 urteko dominazioaren amaiera suposatu zuen. Jamshid ben Abdullah sultana kendua izan zen eta haren tokia populazioaren multzorik txiroenak hartu zuen, hizkuntzaren aldetik Bantutik gertu zegoena. Gertakari honen ondorioz, Tanzania sortu zen, Tanganyikaren eta Zanzibarren arteko elkarketatik.
Zanzibar etnia askotako uhartedia da, Tanganyikako ekialdeko kostaldean zegoena. Nahiz eta Erresuma Batuak independentzia 1963an eman, herrialdea arabiar gutxiengo baten esku egoten jarraitzen zuen. Arabiarren dominazio hori aspaldikoa zen, Maskate eta Oman sultanerrien garaitik zetorrena. [5]. Hauteskundeak bozen %54arekin irabazi arren parlamentuan pareko ordezkaritza ez izateagatik frustraturik, Afroshirazi alderdiak (ASP), muinean afrikarra zena, Umma ezkerreko alderdiarekin bat egin zuen.
1964ko urtarrilaren 12ko goizean, John Okellok, ASP alderdiko kideak, iraultzaren aldeko 600 eta 800 partisano mobilizatu zituen Unguja uharte nagusian. Poliziaren indarren gainetik pasa ondoren eta haien armak hartu ondoren, matxinatuok Zanzibar Cityra joan ziren eta sultana eta haren gobernu arabiarra boteretik kendu zuten. Errepresalia gogorrak gertatu ziren zibil arabiar eta asiarren aurka. Azken hauek, Persia eta India aldekoak ziren gehien bat. Hildakoen kopurua zalantza jartzen da baina estimazioek 20.000 inguru izan zirela diote. Afro-shirazi alderdiko burua, Abeid Karume, Zanzibarko gobernu iraultzailearen presidente bilakatu zen eta joera marxista-leninistako junta bat sortu zuen.