[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/

UZEI

Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea

UZEI (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea) terminologia eta lexikografia zentro bat da. Euskara berritu eta mundu modernora egokitzeko helburuarekin 1977an sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, edozein euskal hiztunek edozein lan-eremutan egokitasunez eta zehaztasunez erabil dezan. 1987an, 226/1987 Dekretuaren arabera eta berariazko lankidetza-hitzarmena izenpetuz, Eusko Jaurlaritzaren Babespeko Elkarte bihurtu zen hizkuntza-plangintzako ikerlanean aritzeko.

UZEI
Datuak
Izen ofiziala
Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea eta Escola Basca de Serveis Universitaris
Motagoi mailako hezkuntza-erakundea eta irabazteko asmorik gabeko erakundea
HerrialdeaGipuzkoa
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1977
webgune ofiziala
Mastodon: UZEI@mastodon.eus Inguma: uzei-00

1989an, Onura Publikoko aitorpena eman zion Eusko Jaurlaritzak hizkuntzaren ikerketan eskaintzen dituen zerbitzuengatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorreko lanak sustatzen dituelako.

Produktuak

aldatu

Euskalterm

aldatu
 
UZEI eta HAEE terminologia-biltzar baten antolatzailea 1997an.

Urtetan egindako hiztegi terminologiko guztiak banku terminologiko batean sartu ziren. Honela, 1986an Euskalterm terminologia-bankua sortu zen bere baitan.

 
Andoni Sagarna XX. menedeko euskararen corpus estatistikoaren diseinatzailea izan zen, UZEIn lan egiten zuela

XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa

aldatu

XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa sortzeko sustatzaile nagusia UZEI izan zen Andoni Sagarnaren zuzendaritzapean.[1][2] Metodo oso zehatzak definitu zituen orduan, batetik hizkuntzaren erabileraren inbentarioa lortzeko, eta bestetik testu guzti horien "argazki ona" izan beharko zen lagin estatistikoa definitzeko. Ildo horretatik,

Lexikoaren Behatokia

aldatu
 
Lexikoaren Behatokiko pantaila bat

Lexikoaren Behatokia proiektua Euskaltzaindiaren ekimenez abiatu zen, 2007an, Hiztegi Batuko Lantaldeak egindako proposamen bati erantzunez, eta lankidetzan Ixa Taldearekin, UZEIrekin eta Elhuyarrekin. Proiektuaren emaitza da izen bera duen corpusa, zeina web bidez kontsultatu baitaiteke. 60 milioi hitzeko testu-corpus bat eratu du 2017ra arte. Corpusa automatikoki prozesatuta dago, eta linguistikoki etiketatuta, eta hizkuntza-corpusek ohikoa duten kontsulta-funtzionalitatea eskaintzen dio erabiltzaileari.[3][4]

Hiztegi terminologikoak

aldatu
 
UZEI hiztegiak UEUren liburutegian Eibarren.

1977an hasita UZEIk 24tik gora hiztegi terminologiko sortu ditu: Fisika, Estatistika, Informatika eta Internet ... Hauek dira hiztegi terminologiko horietako batzuk:[5]

  • Natur Zientziak 1976
  • Ura eta Lurra    1978
  • Fisika hiztegia 1979
  • Hizkuntzalaritza/1: hiztegia    1982
  • Hizkuntzalaritza/2: hiztegia    1982
  • Maileguzko hitzak: ebakera eta idazkera    1982
  • Termino estatistikoen hiztegia    1985
  • Azokan hiztegia    1986
  • Jatetxean hiztegia    1986
  • Medikuarekin hiztegia    1986
  • Udaletxean hiztegia    1986
  • Aurrezki-kutxan hiztegia    1987
  • Glotodidaktika hiztegia    1987
  • Laburtzapenen gidaliburua: siglak, ikurrak, laburdurak. Erizpideak eta zerrendak    1988
  • Euskara-irakaslearen eskuliburua    1989
  • Banaketa eta kontsumoko hiztegia. 1. Janari edariak    1994
  • Nekazaritza hiztegia    1995
  • Banaketa eta kontsumoko hiztegia. 2. Bazarra, ehunkiak, oinetakoak eta drogeria    1997
  • Arrantza hiztegia    1998
  • Lan harremanen hiztegia    1999
  • Banaketa eta kontsumoko hiztegia. 3. Etxetresna elektrikoak    1999
  • Informatika eta internet hiztegia    2001
  • Terminologia hiztegia    2002
  • Farmazia hiztegia    2002

Jarduerak

aldatu

Egun hauek dira UZEIren jarduera-lerro nagusiak:

  • Hiztegi Orokorra: UZEIko Lexikografia Sailak Euskaltzaindiaren Hiztegi Baturako ikerketa-lana egiten du. Hiztegi osagarriak ere lantzen ditu sail honek (Sinonimoen Hiztegia adibidez).
  • Corpusgintza: Euskarazko testu-corpusen diseinuan, egituratzean eta lematizazioan aitzindaria da UZEI. Emaitzarik aipagarriena XX. Mendeko Euskararen Corpusa da. Egun, itzulpen-corpusak kudeatzeko sistemen garapenean ari da UZEI.
  • Hiztegi teknikoak: Hastapenetik ari da UZEI hiztegigintzan. Hiztegiak UZEIk sortu zuen EUSKALTERM banku terminologiko publikoan integratzen dira. UZEI, terminologiaren normalkuntzarako erabakiak hartzen dituen Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeko kide da.
  • Itzulpengintza teknikoa: Lan terminologikoarekin lotura izanik, UZEIk arlo berezietako itzulpen eta lokalizazioak egiten ditu, besteak beste informatikan, medikuntzan, zuzenbidean, arkitekturan eta enpresa-kudeaketan.
  • Trebakuntza: Bere lanaren hedapenari garrantzia ematen dio UZEIk. Horrela jardunaldiak eta kongresuak antolatzeaz gain, trebakuntza eskaintzen du bere ezagutza-esparrutan, unibertsitatean eta graduondokoetan.
  • Hizkuntza-teknologiak: Hobelex lexiko-zuzentzailea sortu zuen 2014an. UZEI INNOBASQUEko kide da eta hainbat ikerketa-lerro ditu irekiak bere ezagutza-esparruetan (terminologian eta lexikografian).

Ibilbidea

aldatu
 
Euskarazko hiztegi teknikoak eta terminologia lanaren bilakaera.[6]

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean euskararen aldeko mugimendua indartzen ari zen, eta irakaskuntza-sistema propioaren aldarrikapenarekin batera euskara arlo guztietara egokitzeko ahalegina azpiegitura linguistikoa finkatzera bideratuta zegoen. Une hartan proiektu ezin erakargarriago bat gidatu zuen Joseba Intxaustik: UZEI sortu zuen 1977an, hau da, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea izeneko irabazi-asmorik gabeko elkartea.[7][8] Orduko lehen lehendakaria Joxe Migel Zumalabe izan zen, kultur eragile ezagun eta euskaltzain urgazlea zen bera. Hasera hartan zuzendaria Joseba Intxausti izan zen.

UZEIren lehenengo proiektu handia jakintza-arlo nagusietako hiztegi teknikoak prestatzea izan zen, euskarazko terminologia-lanari bultzada emateko asmoz. UZEIk Jakinek 1976 argitaraturiko Natur Zientziak hiztegia hartu zuen eredutzat, eta arlo bakoitzeko aditu espezialista euskaldunak elkartu zituen lankidetzan beren arloko hiztegi teknikoak osatzeko, terminoak lau mailatan antolaturik: lehen mailan, arloko enborrezko atalei buruzko artikulu entziklopediko luzeak; bigarrenean, kontzeptu nagusiei buruzko azalpenezko artikulu konkretuak; hirugarrenean, arloko termino giltzarrien definizioak; eta laugarrenean arloko terminoen zerrenda eleaniztuna, euskarazko terminoarekin batera gaztelania, frantses eta ingelesezko termino baliokideak bilduz. Egitura berbera izan zuten hiztegi guztiek.[8]

Sortutako hiztegiok funtsezkoak izan ziren euskaldunen komunitate akademikoa sortu eta finkatzeko. Lankide-sareak sortu ziren espezialitate bakoitzean; emaitza ez zen izan izan hiztegiak egoitea besterik gabe, jendea trebatzea ere lortu zen. Fisika hiztegian, adibidez, egile guzti hauen artean sortu zen sare bat: I. Añon, L.M. Bandres, J.M. Bujanda, M.J. Erkizia, J.R. Etxebarria, X. Intxausti, J. Iturbe, X. Larrea, A. Sagarna, J. Sukia, I. Tapia, K. Zalbide eta M. Zalbide.[8]

Gerora, hasierako hiztegi haiek garatuz eta osatuz joan ziren, baita datu-base terminologiko bihurtuz ere. Fisikaren arloaren adibidearekin jarraituz, beste bi hiztegi sortu dira geroago: Energiaren hiztegi entziklopedikoa (2000)[9] eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa (2009). Bigarren horretan berrehundik gora espezialistak hartu zuten parte, zientzia eta teknologiako 23.000 kontzeptu landuz eta 607 artikulu entziklopediko idatziz; bistan denez, hasierako UZEIko hiztegiek komunitate zientifiko euskalduna sortu ahal izateko hazia izan ziren.[8]

Erreferentziak

aldatu
  1. «Egungo euskararen bilketa-lan sistematikoa (EEBS)». Jakin, 54. zenbakia, 213-226, 1989.
  2. Euskaltzaindia. XX. mendeko Euskararen Corpus estadistikoa. (Noiz kontsultatua: 2017-12-11).
  3. Xabier Artola, Andoni Sagarna, Miriam Urkia, Nerea Ezeiza eta Antton Gurrutxaga. (2017). Lexikoaren Behatokia: leiho bat XXI. mendeko hedabideetako euskarari - IXA Taldea (Atal berezia: Besterena nuen neuregana) - EIZIE. SENEZ aldizkaria, 48. zk., 201-209 or. ISBN ISSN:1132-2152. (Noiz kontsultatua: 2017-12-11).
  4. UZEI, Euskaltzaindia, Elhuyar Fundazioa, IXA Taldea,. Lexikoaren Behatokiaren Corpusa. (Noiz kontsultatua: 2017-12-11).
  5. «UZEI :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-05).
  6. lkontratua90. (2019-06-20). UEU-JRE-ekainaren 21eko hitzaldia_aurkezpena_20. (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  7. #LarretikNoranahi dokumentala. (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  8. a b c d «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  9. Antton, Gurrutxaga. (2002-01-07). «Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa on line» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu