[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/

Testamentua (latinezko testatio mentis edo nahiaren lekukotasuna), azken-nahia edo ordenua (Ipar.) norbaitek bere azken nahiaz egiten duen adierazpen idatzia da, bera hilez gero bere ondasunez erabakitakoa aditzera ematen duena; adierazpen hori biltzen duen legezko dokumentua.

Aldebakarreko negozio juridikoa da testamentua, kausatzaileak (hildakoa) erabil dezake bere mortis causa oinordetza antolatzeko (oinordekoak izendatu; bakoitzari zenbat utzi adierazi; oinordekoei baldintzak eta epeak ezarri eta abar).

Espainiako Kode Zibilak jasotzen duen borondatezko oinordetza bakarra da eta honela definitzen du 667. artikuluan: “Testamentu deritzo norbaitek, bere heriotza gertatu eta geroko, bere ondasun guztiak edo batzuk xedatzeko gauzatzen duen egintzari.”[1]

Beraz, kausatzaileak ez badu testamentuz oinordetza antolatzen edota soilik bere ondarearen zati bat soilik antolatzen badu, legeak ezarriko du bere ondasunen banaketa (abintestato oinordetza, KZko 668 art.).[2]

Oinordetza Kode Zibilean

aldatu

Oinordetzak: Kode Zibila III. Liburua, III. Titulua (657 - 1087 artikuluak):

  • I. atalburua: Testamentuak
  • II. atalburua: Jaraunspena
  • III. atalburua: Testamenturik gabeko oinordetza
  • IV. atalburua: Oinordeko izateko hurrenkera, lerro desberdinen arabera
  • V. atalburua: Testamentu bidezko eta testamenturik gabeko jaraunspen guztietarako xedapenak
  • VI. atalburua: Kolazioa eta banaketa

Kontzeptu orokorrak. Mortis causa oinordetza

aldatu

Oinordetza, pertsona bat beste baten posizioan jartzea da eta hildakoaren harreman juridikoetan subrogatzea. Bi oinordetza mota nabarmentzen dira:[2]

  • Inter vivos (adibidez, enpresa baten postu bat betetzen duena aldatzea).
  • Mortis causa (pertsona bat hiltzen denean, bere ondarean egiten den ordezkatzea edo  subrogazioa).

Mortis causari dagokionez, testamentugileak/kausatzaileak edo ordenamendu juridikoak arautzen du nork ordezkatuko duen hildakoa bere heriotzarekin iraungi ez diren harreman juridiko guztietan. Batez ere, hildakoaren ondarezko harreman juridikoez arduratzen da eta ondasunak transmitigarriak izan behar dute.

Mortis causa oinordetza motak

aldatu
  • Borondatezko oinordetza: edonork bere erlazio juridikoen xedea eta helburua antolatzeko eskubidea du, hiltzen denerako, ordenamendu juridikoak nahikoa gaitasun aitortzen badio. (KZko 662 art.)

Borondatezko oinordetzaren barnean kokatzen dira testamentua eta oinordetza-ituna edo -kontratua. Azken hau, Kode Zibilak debekatu egiten du, baina badaude Estatuko zenbait Autonomia Erkidegoen ordenamenduek xeheki arautzen dutenak.

  • Legezko oinordetza (abintestato): kausatzaileak ez badu borondatez bere oinordetza antolatzen edota soilik zati batetan bakarrik antolatzen baldin badu, legeak ezarriko du nori egokitu behar zaion hildakoaren oinordetza (KZko 658 art.).

Testamentu bidezko oinordetza

aldatu

Legeak kausatzaileari oinordetza borondatez antolatzeko aukera ematen dio eta Kode Zibilak 667. artikuluan arautzen du: “El acto por el cual una persona dispone para después de su muerte de todos sus bienes o de parte de ellos se llama testamento”. (“Testamentu deritzo norbaitek, bere heriotza gertatu eta geroko, bere ondasun guztiak edo batzuk xedatzeko gauzatzen duen egintzari.”).

Ezaugarriak[2]

aldatu
  • Alde bakarreko egintza edo negozio juridikoa da: testamentugilearekin bakarrik nahiko da, ez da inoren parte hartzerik behar.
  • Indibiduala da: pertsona bakarrak adierazten du bere azken nahia testamentuan.
  • Izaeraz txit pertsonala da: testamentugileak soilik egingo du, ahalmena berea da bakarrik.
  • Ez zaio inori helarazi behar negozioa.
  • Librea da: askatasunez egingo da, hau da, beste pertsona batek ezin du iruzur egin edo mehatxatu.
  • Ezeztatu daiteke: nahi beste alda daiteke, azken testamentuak izango baitu kausatzailearen borondatea.
  • Formala eta solemnea da: legeak zerrendatzen dituen formalitateak jarraitu behar dira; bestela deuseza izango da.

Formalitateak

aldatu

Betekizun batzuk orokorrak dira eta testamentu guztiek bete behar dituzte, eta beste batzuk, aldiz, bereziak dira eta testamentu motaren arabera bete beharko dira.[2]

  • Formalitateak bete behar dira; izan ere, borondate adierazpena bermatzeko dira, eta ez badira errespetatzen, deuseza izango da testamentua.
  • Testamentugileari dagokionez, nortasuna eta gaitasuna ziurtatu behar dira; horretarako lekukoen presentzia baliagarria da.
  • Baimen emailea egon behar da, hau da, eskuduna den notario bat.
  • Lekukoak askotan funtsezkoak dira ziurtatzeko nola egin den. Printzipioz, lekuko izateko adin nagusikoa izan behar da, ezin da itsua[3] edo guztiz mutua edo guztiz gorra izan, hizkuntza ulertu behar du eta ezin da laugarren gradurainoko ahaidea izan.[4]

Testamentua egiteko gaitasuna

aldatu

Kode Zibileko 662. artikuluak arau orokorra adierazten du: “Pueden testar todos aquellos a quienes la ley no lo prohíbe expresamente.” (“ Edonork egin dezake testamentua, baldin eta legeak beren beregi horretarako debekurik ezartzen ez badio.”). Hemen interpretatzen da printzipioz pertsona fisiko guztiek gaitasuna izango dutela, eta horrela ulertuko da kontrakoa frogatzen ez bada. Ezgaia izateko bi motatako kausak egon daitezke:

  • Kausa fisikoak: ezgaitasun fisikoa dutenek ezin dute testamentua egin, baldin eta ezgaitasuna dela eta, aipatutako formalitateak bete ezin badituzte.[3]
  • Kausa juridikoak: KZren 663. artikuluak adierazten du ez dutela gaitasunik 14 urte baino gutxiagoko adingabeek ezta bere senean ez daudenek ere.

Horrez gain, epai baten bidez ezgaitu ahal da. Kasu horretan, testamentua egin nahi izanez gero, notarioaren eta bi adituen parte hartzea behar da.

Kontuan izan behar da gaitasuna izan behar dela testamentua egiten den momentuan, hau da, testamentua egin ostean gaitasuna galdu arren, testamentuak balioa izango du.

Testamentu-motak

aldatu

Kode Zibilak ezartzen du hurrengo sailkapena:

  • Arrunta:
    • Irekia: ezagunena da, erabiliena. Notarioaren aurrean egingo da dena egintza bakar batean, ahoz edo idatziz adieraziko zaio notarioari borondatea eta hark jasoko du; lekukoak ere egongo dira, eta kasuaren arabera, beste pertsonek ere parte hartuko dute.
    • Itxia: testamentugileak testamentua egiten du, baina ez dakite edukian zer adierazten den; beraz, badakite testamentu bat dagoela baina ez zer jartzen duen.
    • Olografoa: norberak testamentua idazten du formalitateak betez, baina ez da notarioaren aurrean egin behar.[5]
  • Berezia:
    • Militarra: hau egiteko gerra-garaian, gerra-lekuan eta inguruabar hauekin zerikusia duten pertsonak izan behar dira testamentugileak (militarrak, boluntarioak, gerrako presoak eta abar).
    • Itsasoan eginikoa: itsas bidaia batean egindakoa.
    • Atzerrian egindakoa: espainiarrek egin dezakete dauden estatuko legeen arabera edo Kode Zibileko arauei jarraituz.

Kasu bereziak dira, baina testamentu arrunt irekiaren barne kokatzen dira. Bereziak dira notariorik behar ez delako eta soilik salbuespenezko egoerak suertatzean egin daitezkeelako testamentu hauek:

  • Hiltzeko arriskuan egindakoa
  • Izurritean egindakoa

Testamentuaren edukia

aldatu

Edukiari dagokionez, testamentuan hiru puntu jorratuko dira. Horietaz aparte, testamentuak Kode Zibilak ezartzen dituen hainbat baldintza bete behar izango ditu.

  • Jaraunslea izendatzea: Espainiako ordenamenduan ez da beharrezkoa jaraunslerik izendatzea testamentua baliozkoa izateko (adibidez, behartsuen aldeko xedapen bat egitean, zeinetan ez da pertsona zehatz bat jaraunsle izango, zehaztu gabe daudelako[6]), eta izendatuz gero, titulu unibertsalez, ez da beharrezkoa izango ondare guztirako izendatzea. Hala ere, jaraunslea izendatzen denean, beharrezkoa da zenbait betebehar betetzea, hala nola  xedapena zehatza eta ziurra izatea.[7]
  • Legatu-hartzailea izendatzea: titulu partikularrez oinordetza jasoko duena izango da legatu-hartzailea eta hau ez da zorren aurrean erantzule izango.[7]
  • Moduzko xedapenak ezartzea: negozio juridiko bat denez, ohiko elementuez gain, elementu osagarriak sartzeko aukera dago eta baldintza, epea eta modua dira.[8]
    • Baldintza: baldintza bat ezartzean datza, ziurra ez den etorkizuneko gertaera edo portaera baten menpe uzten dituena negozio juridikoaren ondorioak.
    • Epea: epe bati lotuta gera daiteke deialdia (jarauntsia onartzeko edo zapuzteko egiten dena), zeinetan deitua epe batetik aurrera jaraunslea edo legatu-hartzailea izateko pentsatuta dagoen.
    • Modua: jaraunsle edo legatu-hartzaileari karga bat ezartzean datza; hark jarauntsia edo legatua jasoko du kausatzaileak ezarritako zerbait egin, ez egin edo ematen baldin badu horren truke.

Erreferentziak

aldatu
  • Espainiako Kode Zibila, 1889ko uztailaren 24koa. https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-1889-4763
  • Jaraunslea eta legatuduna- ALBALADEJO GARCÍA, Manuel (1978): “Sucesor universal o heredero y sucesor particular o legatario”, Revista de Derecho Privado, 737-749.
  • Testamentuaren betekizunak- MARTÍN FERREIRA, María Del Pilar (1993): “La idoneidad de los testigos en los testamentos”, Revista Crítica de Derecho Inmobiliario, 617. zk., 863-902.
  • Testamentu olografoa- RUIZ VADILLO, Enrique (1972): “El testamento ológrafo”, Revista de Derecho Privado, 615-648.
  • Itsuek testamentua egitea- ROCA DE LAQUÉ, Mª Encarnación (1970): “El testamento del ciego”, Revista Jurídica de Cataluña, 309-321.
  • Testamentuaren edukia- ALBALADEJO GARCÍA, Manuel (1957): “Condición, término y modo”, Revista de Derecho Notarial, 45-95.
  • Izendapenak- COBACHO GÓMEZ, José Antonio (1988): “La institución a favor de los pobres”, Actualidad Civil, 717.
  • IMAZ ZUBIAUR, Leire (2007): “Oinordetza-Zuzenbidea”, (Euskara Errektoreordetzaren sare argitalpena) https://ikasmaterialak.ehu.eus/zuzenbidea/oinordetza-zuzenbidea
  1. Espainiako Kode Zibila, 1889ko uztailaren 24koa.
  2. a b c d IMAZ ZUBIAUR, Leire (2007): “Oinordetza-Zuzenbidea”, (Euskara Errektoreordetzaren sare argitalpena).
  3. a b ROCA DE LAQUÉ, Mª Encarnación (1970): “El testamento del ciego”, Revista Jurídica de Cataluña, 309-321.
  4. MARTÍN FERREIRA, María Del Pilar (1993): “La idoneidad de los testigos en los testamentos”, Revista Crítica de Derecho Inmobiliario, 617. zk., 863-902.
  5. RUIZ VADILLO, Enrique (1972): “El testamento ológrafo”, Revista de Derecho Privado, 615-648.
  6. COBACHO GÓMEZ, José Antonio (1988): “La institución a favor de los pobres”, Actualidad Civil, 717.
  7. a b ALBALADEJO GARCÍA, Manuel (1978): “Sucesor universal o heredero y sucesor particular o legatario”, Revista de Derecho Privado, 737-749.
  8. ALBALADEJO GARCÍA, Manuel (1957): “Condición, término y modo”, Revista de Derecho Notarial, 45-95.

Kanpo estekak

aldatu