Mendabia
Mendabia[4] ([menðaβi.a]) Nafarroa Garaiko mendebaldeko udalerri bat da, Ebro ibaiaren ertzaren ondoan dagoena, Nafarroako Erriberan, Iruñea hiriburutik 78 kilometrora. 3.616 biztanle ditu.
Mendabia | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
Mendabia udalerriaren ikuspegia. | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Lizarra | ||
Eskualdea | Erribera Garaia | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Mendavia | ||
Alkatea | María José Verano Elvira (PSN) | ||
Posta kodea | 31587 | ||
INE kodea | 31165 | ||
Herritarra | mendabiar | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 42°26′39″N 2°12′01″W / 42.4443°N 2.2004°W | ||
Azalera | 78 km² | ||
Garaiera | 360 metro | ||
Distantzia | 78 km (Iruñetik) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 3.496 (2023: −64) | ||
Dentsitatea | 48,10 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 18,27 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 33,83 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 83,83 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 10,64 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 1,80 (2018: %0,95) | ||
Datu gehigarriak | |||
Webgunea | http://www.mendavia.es/ |
Geografia
aldatuInguru naturala eta kokapena
aldatuLizarrako merindadearen hegoaldean kokatzen da, NA-134 errepidean Mendabia-Lodosarako norabidean.
Mendabiaren herri mugakideak honakoak dira: Iparraldean Elizagorria eta Los Arcos, hegoaldean Errioxako Autonomia Erkidegoa, ekialdean Sesma eta Alcanadre (Errioxa) eta mendebaldean Agoncillo, Viana eta Bargota.
Klima eta landaredia
aldatuMendabiak klima kontinental-mediterraniarra dauka, negu hotz, uda sargori eta lehor, euri eskas eta udaberri eta udazkenean ugariagoak direnak, eta iparreko ziertzo haizearekin. Urteko batez besteko tenperatura 12 eta 13 gradu artekoa eta prezipitazioak 400 eta 500mm bitartekoak dira. Urteroko egun euritsuak 50 eta 80 bitartean izaten dira. Ekaitzak ohikoak izaten dira udaberri eta uda garaian, eta hegoaldean dauden Errioxako mendietan sortzen dira ekaitz hodeiak.
Nekazaritzarako erabiltzen diren lurrez gain, udalerrian ez da apenas zuhaitzik geratzen, eta geratzen direnak ibaiaren ertzean dauden makal eta birlandatutako pinuak dira.
Historia
aldatuMendabiako udalerrian historiaurreko hainbat aztarna aurkitu dira. Aztarnategirik ezagunena "El Castillarrekoa" da. Garai desberdinetako tribu zelta baten aztarnak dira, eta horrez gain, "Cogote Hueco" izeneko herrixka iberiar baten aztarnak ere aurkitu dira Ebro ibaiaren ertzean. Erromatarren eragina nabarmena izan zen Mendabian, Calagurris Iulia Nassica bezalako herri garrantzitsu baten ondoan kokaturik egoteagatik. Horrela, Calagurrisen (gaur egungo Calahorra) ur-beharrak hornitzeko, akueduktu bat eraiki zen Odron ibaitik herrira, Mendabiako herria gaur egun kokatzen den gunetik igaroz.
Erromatar Inperioaren bisigodoen eta musulmanen inbasioak etorri ziren. Mendabiako lurrak Banu Qasi sendi musulman boteretsuaren agintepean izan ziren. 910. urtearen inguruan Antso I.a Gartzeitz erregeak herria konkistatu eta Iruñeko Erresumaren zati bihurtu zuen. Mendabia eta Viana bitartean, zaldun askoren arteko borrokak eman ziren, eta toki hartan bertan ere, "Hiru Antsoen" arteko borroka gertatu zen, Gaztela, Nafarroa eta Aragoiko erresumen artean. Eraso hartan gaztelarrak izan ziren galtzaile. 1507. urtean, Alexandro VI.aren seme Zesar Borgia exekutatu zuten Mendabia eta Viana arteko lurretan.
XII. mendetik aurrera Mendabia Iratxeko monasterioaren jabetzetako bat izan zen, eta XIII. mendearen hasieratik Imasko oinordekotza bere kontrolpean zeukan, "Menda Zaharra" izeneko parrokiarekin batera. Parrokia honen mugak 1383an ezarri zirelarik. 1237aren aurretik ere herriaren defentsarako gotorleku bat bazen, eta 1378. urtean Gaztelatarrek gaztelua hartu eta honi su eman zioten. Karlos III.a Nafarroakoak, lurraldea Estuñigako Diego Lopezi eman zion. 1492an gaztelua berriztu eta hobespen ugari egin zizkioten, Joan II.a eta Blanka Nafarroakoaren erregealdian. Dorre nagusia berriztu, zaintzeko etxola berriak eraiki, eta harresia konpondu zuten.
1430. uretan Stunicako Iñigo Ortizek, gaztelua utzi zuen, Aulki Santuaren enbaxadore izendatu zutenean. Nafarroako erreginak, orduan, Karlos Beaumontekoari utzi zion gaztelua eta Mendabiako jaurerria. XV. mende osoan Gaztelaren aurkako gerrateak amaigabeak izan ziren, eta herriak hainbat kalte jasan zituen. 1450ean Joan II.ak gazteluaren jabetza Stunicako Iñigo Ortizi itzuli zion, baina Leringo kondea gotorlekuaz jabetu zen. 1462an gaztelua beaumontarren esku geratu zen.
1512an Gaztelako Erresumak Nafarroa konkistatu eta okupatzean, Mendabia Leringo konderriko udalerri bihurtu zen. Eta halaxe jarraituko zuen XIX. mendearen amaiera arte, jaurerriak bertan behera geratu zirenean. Orduan, Mendabia udalerri independente bihurtu zen, jaurerri izandako Nafarroako beste udalerri askorekin gertatu bezala. XX. mendetik aurrera, herriaren garapen industriala hasi zen, gehienbat nekazaritzatik eratorritako produktuen transformazio industriak eta kontserba lantegiak.
Gerra Zibila Mendabian
aldatuGerra Zibilaren lehen egunetan Mendabiako 99 pertsona erail zituzten altxatutako falangista eta errekete taldeek. Hildako gehien izan zen herrien artean dago Mendabia beraz.
1936ko urtarrilean, egindako hauteskundeetan, ezkerreko alderdiek garaipena erdietsi zuten Mendabiako udalean, eta aurreko bi urteetan egondako gobernu eskuindarra garaitu zuten. 1936ko uztailaren 18an legezko gobernuaren aurka egondako altxamendu militarraren oihartzuna egun batera heldu zen herrira, uztailaren 19an. Udalak eta herriko langileen elkarteek egoera kontrolpean zuten arren, matxinatuen alde agertutako Guardia Zibilarekin borrokak izan ziren, horietan polizia bat larri zauri zen. Horrez gain, Herriko etxeko atezaina ere larri zauritu zuten.
Egun hartako ilunabarrean, egoera erabat aldatu zen, eta erreketez beteriko kamioiek herria hartu zuten. Hauek, erresistentzia erabat zapaldu zuten, eta 200 mendabiar inguruk ihes egin behar izan zuten matxinadaren lehen momentuetan. Faxistek ihes egindakoei inguruko mendietan zehar jazarri zieten, eta ondoren, herrian bertan ezkutatutakoen bila ere hasi zen. Karlistak herrira sartu ondoren, falangistak etorri ziren ondoren, basakeria itzelaz jokatu zutenak.
Udaleko kargu eta funtzionario guztiak euren karguetatik kendu zituzten eta gehienak fusilatu egin zituzten, hilketek gehien eragin zuten Espainiar estatuko udala izan zen. Lehenik Jesus Pastor Fernandez erail zuten (UGTko zinegotzia), eta aurretik Dionisio Salcedo alkate izandakoa ordezkatu zuena. Ondoren, Bonifacio Angulo Romero eta Pedro Sabada Elvira UGTko zinegotziak hil zituzten. Guillermo Canillas Romero UGTko kidea eta Dionisio Salcedo alkate-ohia hil zituzten jarraian. Dionisio Salcedo kartzelan sartu zuten momentu hartarako eta abuztuko lehen hamabostaldiaren inguruan erail zuten Lizarra aldean.
Kargu politikoez gain, herritar ugari ere fusilatu zituzten, langileen erakundeetakoak edo beste herritarren batek salatuak. Atxiloketa ugari egin ziren, eta fusilatu ez zituztenak, gerrako frontera eraman zituzten, asko bertan hil ziren.
Emakumeei ilea moztu zieten falangistek eta errizino-olioa hartzera eta herriko kaleetan zehar bandera falangista eta "ereserki nazionala" abestera behartu zituzten. 1936ko azaroan, fusilamentuek jarraitu egin zuten.
Ekonomia
aldatuMendabiako udalerriko ekonomia nekazaritzan oinarritzen da, eta horren barruan, industria nekazaritzatik ateratako produktuen transformaziorekin dago erlazionaturik. Mendabia Errioxako ardoaren ekoizle nagusietakoa da "Errioxa Baxua" azpieskualdean.
Lehen sektorea beraz, garrantzitsuena da herrian, eta 3.000 hektarea lur ureztatu daude, hainbat barazki ekoizteko erabiltzen direnak. Produktuen kalitatea dela eta, nazioarte mailan ezagunak diren hainbat jatorri-izen eskaini zaizkie bertako produktuei, basarana, pikillo piperra, ardoa, zainzuriak, Nafarroako bildotsa, Nafarroako txahala, eta abar. Lur komunek 1.265 hektarea hartzen dituzte (erroldaturiko laborantza lurren % 16,4), 385 ha sekain lurrak, 112 ha lur ureztagarriak, 305ha larreek eta 95ha basoak.
1947ko azaroaren 6an, Nafarroa Garaiko nekazarien aurrezki kutxak sustaturiko kooperatiba sortu zen; 1953ko apirilaren 15ean, upategi kooperatiba (gerora desagertua); eta 1960ko ekainaren 17an, Legardako Ama Birjinaren Kontserba Kooperatiba sortu zen.
Industria
aldatuNafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, Mendabiako industrialde berria eraiki zen XXI. mendearen amaieran. Eraikuntza lanak 1997an hasi eta urtebete geroago hiritartzea amaitzean enpresen pabilioiak eraikitzen hasi ziren (1999an). Industrialdea Mendabiako herrigunearen ondoan dago eta Donejakue Bideko autobiderako sarbide zuzena dauka. Azpiegituraren ezaugarriak honakoak dira:
Azalera guztira: 55.315 m2
Lursailen azalera: 39.617 m2
Demografia
aldatuXX. mendearen lehen erdialdean hazkunde esanguratsua izan zuen Mendabiako populazioak, eta 50 urtean % 80 hazi zen. Bigarren erdialdean, berriz, nahiko egonkor mantendu zen.
Mendabiako biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 363 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %9,58 (Nafarroa Garaiko batezbestekoaren azpitik).
Politika
aldatuUdaletxea
aldatuUdaletxea XVIII. mendean eraiki zen eta barrualdea 1984an berriztu. Kanpoalderanzko bi fatxada dituen adreiluzko eraikina da, fatxada nagusian herriaren armarria ageri delarik. Navarro Villoslada kaletik gertu dago, elizaren ondoan. Udala alkatea eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Udaletxe Plaza, 1
Udal hauteskundeak
aldatu2007an Nafarroako Alderdi Sozialista alderdiko Miguel Ángel de Carlos Zúñiga aukeratu zuten alkate. Udaleko hamaika zinegotzietatik bost lortu zituen PSNk. Baliogabeko botoak 28 izan ziren (emandako guztien %1,18a) eta zurizko 97 boto izan ziren (botoen %4,17a). Abstentzioa %23,01koa izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
PSN | 973 | 5 |
UPN | 741 | 4 |
NEB | 193 | 1 |
AIM | 186 | 1 |
CDN | 134 | 0 |
2011ko udal hauteskundeetan ere PSNko alkatea hautatu zuten, urte horretan María José Verano. Alderdi horrek eta UPNk bosna zinegotzi erdietsi zituzten eta NEBek bakarra.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
PSN | 928 | 5 |
UPN | 835 | 5 |
NEB | 247 | 1 |
Hauek dira azken urteetako udal hauteskundeek Mendabian utzi dituzten emaitzak:
Alderdia | 2015 | 2011 | 2007 | 2003 | 1999 | 1995 | ||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bozak % | Zinegotziak | Bozak % | Zinegotziak | Bozak % | Zinegotziak | Bozak % | Zinegotziak | Bozak % | Zinegotziak | Bozak % | Zinegotziak | |
Nafarroako Alderdi Sozialista-PSOE (PSN-PSOE) | 35,72 | 4 | 43,84 | 5 | 41,87 | 5 | 52,52 | 6 | 37,91 | 4 | 31,03 | 4 |
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) | 31,48 | 4 | 39,44 | 5 | 31,88 | 4 | 26,47 | 3 | 31,32 | 4 | 40,95 | 5 |
Mendabiak Erabaki (Mendavia Decide, MD) | 22,74 | 3 | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - |
Izquierda-Ezkerra (I-E) | 6,54 | 0 | 11,67 | 1 | 8,03 | 1 | 7,92 | 1 | 13,14 | 1 | 15,04 | 1 |
Nafarroako Alderdi Popularra (PP) | 0,93 | 0 | - | - | - | - | - | - | - | - | - | - |
Agrupación Independiente de Mendavia (AIM) | - | - | - | - | 8,00 | 1 | 9,78 | 1 | 15,83 | 2 | 11,25 | 1 |
Nafarroako Demokraten Elkargunea (CDN) | - | - | - | - | 5,77 | 0 | - | - | - | - | - | - |
Alkateak
aldatuHauek izan dira Mendabiako azken alkateak:
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia |
Jesus Gonzalez Suberviola[5] | 1979 | 1983 | PSE |
Jesus Gonzalez Suberviola[5] | 1983 | 1987 | PSN |
1987 | 1991 | ||
1991 | 1995 | ||
1995 | 1999 | ||
Samuel Caro Sadaba | 1999 | 2003 | PSN |
Samuel Caro Sadaba | 2003 | 2007 | PSN |
Miguel Angel de Carlos Zuñiga | 2007 | 2011 | PSN |
Maria Jose Verano Elvira | 2011 | 2015 | PSN |
Maria Jose Verano Elvira[6] | 2015 | 2019 | PSN |
Maria Jose Verano Elvira[6] | 2019 | Jardunean | PSN[7] |
Azpiegitura eta garraioak
aldatuErrepideak
aldatuHerriko errepide nagusia NA-134 errepidea da, "Ebroko Ardatza" izenaz ere ezagutua. Errepide honek Logroño eta Castejóngo udalerriak elkartzen ditu, eta bi udalerri hauetatik AP-68 autobiderako sarbide bana eta A-12 autobiderako sarbidea daude.
Mendabia Logroñoko aireportutik 35 kilometrora dago.
Trena
aldatuDuela urte asko, udalerritik lau kilometrora, Ebro ibaiaren hegoaldeko bazterrean, Renferen burdinbidearen geltoki bat zegoen. Geltokira ailegatzeko, metalezko egitura bati loturiko txalupa bat erabiltzen zuten herritarrek. Horrez gain, herria eta geltokiaren arteko garraioa egiten zuen tarrana bat ere bazegoen, "La Barca" izenez ezagutua.
Autobusa
aldatuLa Estellesa autobus konpainiak Mendabia Lizarrarekin batzen du. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:
Kultura
aldatuEuskara
aldatuNafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera, Mendabia eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldan, herritarren % 0,85ek zekien euskaraz.
Jaiak eta ospakizunak
aldatuMendabiako herri-jaiak San Joan bataiatzailearen omenez ospatzen dira abuztuaren 23tik abuztuaren 30ra bitartean. Jaietan, mota ezberdineko ospakizunak antolatzen dira, besteak beste, jota, bigantxa entzierroak eta "gauerdiko kaldotxoa" izenaz ezagutzen den ekitaldia.
Izpiritu Santuaren Pazko astelehen edo Mendekoste egunean, "Las Almendreras" izeneko ospakizuna antolatzen da, Legardako Ama Birjinari eginiko erreguan. Jai hau, inguruko Mues eta Lodosak ere ospatzen dute.
Horrez gain, ardoarekin zerikusia duten hainbat jaialdi eta bestelako ekitaldiak izaten dira urtean zehar, maiatzaren 15ean, esaterako, San Isidro egunez. Urtarrilaren 16an eta 17an "San Antongo suteak", eta abuztuaren 16an, San Rokeren omenezko bazkari bat antolatzen dituzte herritarrek.
Gastronomia
aldatuOndasun nabarmenak
aldatuHerriak dituen monumentuen artean, historiaurreko aztarnak eta ondorengo mendeetako eliza eta jauregiak dira aipagai.
- El Castillarreko aztarnategia, brontzezko arotik burdinarora hartzen du, bertan, buztingintzako, zeramikazko eta adobezko hainbat eraikinen arrastoak aurkitu dira.
- Joan Bataiatzailearen parrokia, XIII. mende hasierakoa da, tenpluari buruzko lehen dokumentua 1048koa den arren. Eliza XVI. mendean birmoldatu zen gaur egungo itxura gotiko-errenazentista hartu arte. Ondoren, XVII. mendean eraikina handitu eta 1783an dorre neoklasikoa altxatu zen. Tamaina desberdineko lau nabez eta aurrealde pentagonalez osaturik dago. Kanpoaldeko harlanduak itxura sendoa ematen du, hormek duten zabalera handia dela eta.
- Legardako Ama Birjinaren baseliza, eraikin honen izateari buruzko lehen erreferentziak XI. mendekoak dira. Dena den, gaur egungo baseliza XIII. mendekoa da, XVIII. mendean eginiko aldaketa batzuekin batera. Nabea bi zatitan banatzen da. Nafarroako Kateen erlikia bat, ustezko Navas de Tolosako 1212ko guduan Nafarroako Antso VII.ak lortutako kate originalen 43 katebegi bertan gordetzen dira.[8]
- Imasko abeletxea, Iratxeko monasterioaren eraginpeko antzinako monasterioa izan zen. XVII. mendeko hainbat eraikinek osatua, denbora labur batez Martin Zurbano izeneko gerrariaren jabetza izan zen, liberalei Gerra Karlistetan emaniko laguntzagatik eskerronez abeletxea opariz jaso eta gero. Gaur egun, ardogintzako enpresa bat da etxaldearen jabea.
Zerbitzuak
aldatuMendabia, "Elizagorria, Lodosa, Mendabia, Sartaguda eta Sesmako zerbitzu sozialen Mankomunitateko" kidea da.
Mendabiar ospetsuak
aldatu- Isabel Bakedano (1929-2018), margolaria.
- Samuel Caro (1971-), politikaria.
- Antonio Otegi (1998-), futbolaria.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
- ↑ Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
- ↑ Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- ↑ a b «MENDAVIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
- ↑ «LIZARRAKO ESKUALDEKO HAUTESKUNDE BATZORDEA Aurkeztutako hautagai-zerrendak» NAO 78. zenbakia, 2019ko apirilaren 24a, asteazkena (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).
- ↑ Asunción, Julio. «Arte, Historia y curiosidades: PUESTA EN VALOR DE LAS CADENAS DE LAS NAVAS DE TOLOSA EN MENDAVIA» Arte, Historia y curiosidades (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- (Gaztelaniaz) Mendabiako udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Mendabiari buruzko artikulua, Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- (Gaztelaniaz) Mendabiari buruzko informazioa, Nafarroa Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunean.
- (Gaztelaniaz) Mendabia posta kodea.