Kristo
Kristo kristauek Jesus izendatzeko erabiltzen duten izen eta titulua da.[1][2][3] Latinezko christus hitzetik dator, eta hau, era berean, grezierazko christós (χριστός) hitzetik. Χριστoς hebreerazko meshia hitzaren itzulpena da. Bere esanahia, hizkuntza guzti hauetan, olioztatua da.
Kristautasuneko Kristoren kontzeptua judaismoko mesiasaren kontzeptutik sortu zen. Meshia izenarekin juduek euren apaiz, errege eta profetak izendatzen zituzten, Jainkoaren izenean hitz egiteko olioz igurtzi behar baitziren. Jesus Nazaretekoaren jarraitzaileek hari ere titulu hau eman zioten, Jesu Kristo deituz. Denborarekin Kristo izena Jesusen baliokide bilakatu zen.
Tradizio hebraikoan, olioztatzea tradizio erlijiosoen gai garrantzitsu bat zen. Kasu askotan erabiltzen ziren materialak ere olioz igurzten ziren zeremonia hasi aurretik. Hebrear Biblian askotan agertzen dira olioztatzearen inguruko esaldiak.
Juduen ustez apaiz, errege eta profetaren paperak aldi berean beteko dituen norbait etortzear dago Lurrera, eta eurek Meshia deitzen dute, berez izen propio bat izan daitekeena. Meshia honek gaur egungo mesiasaren balio bera du, baina literalki olioztatua esan nahi zuen, beraz bi terminoak sinonimoak dira. Salmoetan aipatzen denez Jainkoak eta haren olioztatuak salbatuko dute Lurra, eta beraz kristauek hau profezia baten gisa hartu dute.
II. mendetik aurrera Jesus Nazaretekoaren jarraitzaileei kristau deitzen hasi ziren Antiokian, kristoa jarraitzen zutela esaten baitzuten. Antza denez aurretik Bidearen sekta deitzen omen zituzten Erroman.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) Prager, Edward. (2005). A Dictionary of Jewish-Christian Relations. Cambridge University Press ISBN 0-521-82692-6..
- ↑ (Ingelesez) Zanzig, Thomas. (1999). Jesus of History, Christ of Faith. Saint Mary's Press ISBN 978-0-88489-530-5. (Noiz kontsultatua: 2024-02-26).
- ↑ (Ingelesez) Espin, Orlando. (2007). Introductory Dictionary of Theology and Religious Studies. Liturgical Press ISBN 978-0-8146-5856-7..