[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/

Jakue I.a Estuardo

Eskoziarren erregea

Jakue I.a Estuardo (eskozieraz: James I of Scotland, Eskoziako gaeleraz: Seumas I, Rìgh Alba), (Dunfermlineko jauregia, Eskozia, 1394ko uztailaren 25a (?) - Blackfriars, Perth, Eskozia, 1437ko otsailaren 21a) Eskoziako Erresumako errege bat izan zen.

Jakue I.a Estuardo

Eskoziako erregea

1406ko apirilaren 4a - 1437ko otsailaren 21a
Roberto III.a Estuardo - Jakue II.a Estuardo
Bizitza
JaiotzaDunfermlineko jauregia1394ko uztailaren 25a
Herrialdea Eskoziako Erresuma
HeriotzaBlackfriars, Perth (en) Itzuli1437ko otsailaren 21a (42 urte)
Hobiratze lekuaPerth Charterhouse (en) Itzuli
Heriotza moduagiza hilketa: labankada
Familia
AitaRoberto III.a Estuardo
AmaAnabella Drummond
Ezkontidea(k)Joan Beaufort
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaEstuardo etxea
Hezkuntza
HizkuntzakMiddle Scots (en) Itzuli
ingeles ertaina
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, idazlea eta aristokrata
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna

Musicbrainz: 6730a34c-fc85-4bd9-9219-e4b5aff224ca Find a Grave: 9393967 Edit the value on Wikidata

Gaztaroa

aldatu

Roberto III.aren bigarren semea zen Jakue. David zuen anaia nagusia eta erregetzaren oinordekoa, baina 1402an Roberto osabak, Albanyko dukeak, hil egin zuen.[1] Era horretan, bera geratu zen lehendabizi erregetzarako. Ordurako, Albanyko Estuardotar senideekin etsaigoan hazia zen, eta horrek, aldi berean, aurka jarri zion Eskoziako Mugerriko (Borders) Douglas leinua. Hain zuzen, horiekin 1406an izandako borrokaldi batean, Sinclair haren zaindaria hilik atera zen. Aita, artean, bizirik zuen, baina egun batzuen buruan hura ere hil egin zelako berria heldu zitzaion Jakueri, eta haurra errege bihurtu zen.[2]

 
Jakueren armarria

Haren segurtasunaz kezkatuta, familiak Frantziara bidali zuen erregea, baina Ingalaterrako kostaldean piratek harrapatu zuten eta Henrike IV.a Ingalaterrakoaren eskutan utzi zuten. Hasieran zenbait dorretan preso eduki zuten arren, adibidez, Londresko Dorrean eta Windsorren, luze gabe Ingalaterrako gortean tokia egin zioten, bertan hezi zen, eta ingelesen aristokraziaren manerak hartu, betiko.[2] Albaniko dukea, Estuardotarra ere, geratu zen Eskoziako gobernari lanetan, baina horrek ere Murdoch semea Ingalaterran zuen gatibu, eta ahalegin txikiak egin zituen Jakue askatzeko. Ingalaterrako erregeek Eskoziaren gaineko nagusitza aitortzea eskatzen zieten eskoziarrei Jakue askatzearen trukean.[2]

Erregealdiaren bilakaera

aldatu

Frantsesen kontra

aldatu

1420-21 urteetan, Ingalaterrako armadan Henrike V.ari lagundu zion Frantziako erregearen aurkako kanpainan. Melungo hiribildu estrategikoaren kontrako oldarraldian parte hartu zuen errege ingelesarekin batera. Egoera hori erronka bat bilakatu zen eskoziar errege gaztearentzat: Albanyko dukearen agindupean, aurrez aurre zituen ehunka eskoziarreko armada, frantsesen aldeko Auld Alliance hitzarmen zaharra berritzen.[2][oh 1] Ingelesen erregeak hala esanda, Jakuek errenditzeko agindu zien bere menpeko eskoziarrei, obedituko ziotelakoan, ingelesen erara.[2]

Hori, baina, ez zen eskoziarren manera: haiek itun bat zuten Frantziarekin, eta haien arteko laguntza bermatzen zuen, eta ezin zuen bere gogo hutsez haren subjektuei men egin zezaten agindu; ezagutu ere ez zuten beren erregea ezagutzen. Eskoziarrek ez zioten kasurik egin, eta 700 frantsesek zein eskoziarrek, elkar hartuta, lau hilabetez eutsi zioten Melungo setioari (1420), azkenean ingelesek gosetez garaitu zituzten arte. Hiribildura sartu zirenean, bizirik zirauten eskoziarrak bereizi egin zituzten eta, erregeari 'traizio' egitea leporatuta, exekutatu egin zituzten. Hala ere, Jakuerentzat, umiliagarria izan zen: errege izanik ere, batere kasurik ez zioten egin.[2]

Erregetza mota berri bat

aldatu

Eskozian, Ingalaterran ez bezala, herriak sostengatzen zuen erregea, eta haren babesa behar zuen agintzeko: erresuma eta erregea gauza desberdinak ziren, baten leialtasunak ez zuen bestearena esan nahi.[2] Melunen gertatutakoa inoiz ez bide zen Ingalaterran gertatuko, bertan erregeak, agindu ez ezik, berezko pisua baitzuen, eta lezio hori atera zuen erregegai gazteak Melundik, Neil Oliverren irudiko: urduria, zurruna, eta intolerantea bihurtu zen. Are, 1421ean, Henrike V.ak Sir izendatu zuen, eta era horretan bere 'ingelestasuna' berretsi.[3]

1424an, Joan Beaufort ingelesarekin ezkondu zen, ingeles erregetzako senide bat. 1422an Henrike V.a hildakoan, ingelesek arrazoiak aurkitu zituzten diru-sari baten truke Jakue Eskoziara errege askatzeko. 1424an, 40.000 liberaren truke, Jakue bueltan zen Eskoziara, errege koroatua izateko. Aldiz, arrotz bat zen lurralde arrotz batean. Etsai ugari zituen zain, Murdoch Estuardotik hasi eta Alexandro MacDonald Uharteetako Jaun indartsuraino, baita Douglastarrak ere.[3] Sconen koroatu zuten maiatzaren 21ean.

Ia aldi berean, zortea aldeko izan zuen: Frantzian, berarekin etsaitutako jaun eskoziarren tropek porrot handia jasan zuten, eta Douglastarrak zein Albanyko Estuardoak zeharo ahulduta geratu ziren. Hori probestuz, Albanyko Estuardoen leinua desegin zuen hainbat urratsetan, horretarako Uharteetako Alexandrori haren lurrak esleituz eta gero buruzagiak erailez; Murdoch espetxera bidali zuen, eta gero hil egin zuen Stirlingo jauregian bertan.[3] Oraingoz, Uharteetako MacDonaldtarrak onik atera ziren.

 
Estuardotarren lurrak eta Carrick Behe Erdi Aroan

Mendekua baino gehiago, ordea, Jakuek beste ideia bat zekarren. Haren ustez, bera kanpoan izandako denboran, Eskozia 'utzikerian' erori zen. Nobleei erakutsi nahi zien bera, gogorra ez ezik, kultura handiko gizona eta europar errege sofisfikatua zela. Era horretan, egitasmo kutun bat umotu zuen: Linlithgow jauregi dotorea, inoiz ordu arte Eskozian ikusi ez bezalakoa, guztia ere erregetza goresteko. Era horretan, atzean utzi nahi zuen 1320ko Arbroatheko Adierazpenean, besteak beste, baieztatutako erregea primus inter pares izatearen ideia;[oh 2] izan ere, Jakuek Ingalaterran ikasitakoa ekarri zuen.[4]

Eskoziako buruzagitzaren bila

aldatu

Pizkundearen modura Linlithgow jauregia eta beste batzuk eraikiz, Jakue zorpetuta atera zen, eta zerga berriak jarri zituen martxan, baina bere garai bateko bahitzaileei, Ingalaterrari, dirua ordaintzeari ere muzin egin zion. Uharteetako Alexandro MacDonald, berriz, aberatsa zen, eta hari erreparatu zion bere asmoa asetzeko, ez baitzuen nahikoa izan zergak igotzearekin.[5]

Jakuek Alexandro eta hainbat jaun gonbidatu zituen Invernesseko gaztelura, baita Uharteetako jauna bertaratu ere. Aldiz, barruan zirela, Jakuek ingurarazi zituen, eta atzeman. Iparraldeko beste buruzagi batzuk ere preso hartu zituen, eta horietako asko exekutatu. Alexandro umiliatuta atera zen, baina bizitza salbatu zuen. Jakuek, ordea, askatzea erabaki zuen hilabete batzuen buruan, errukiorra zela erakutsi nahirik. Alexandrok, berriz, hainbat gizon gerlari bildu eta Inverness suntsiarazi zuen ordainetan. Amorruaren amorruz, Jakuek armada handi bat aldean hartu, iparraldera abiatu, eta izua zabaldu zuen lurralde horretan: Alexandrok amore eman eta men egitea beste aukerarik ez zuen izan, Holyrood abadian eszenaratua.[6]

 
Jakue I.a eta Joan Beaufort erregina

Horrek, baina, Alexandroren herrikideak harrotu zituen, otzandu beharrean. Mendebaldeko gaeldarrek beren independentzia mehatxatuta ikusi zuten eta, Inverlochyko gaztelutik gertu Jakue erregearen armada pausatuta zegoela, Donald Balloch eta Alisdair Carrachek gidatutako gaeldarrak erregearen tropen kontra oldartu eta bertan sarraskitu zituzten: 900 utzi zituzten hilda. Jakue umiliatuta atera zen, eta bere ospea kaltetuta, diruz eskas egoteaz gain. Alexandro aske utzi zuen, preso edukita atarramentu onik ez zuela ikusita.[6]

1436an ingelesen eskutan zegoen Roxburgh gaztelua setiatu zuen baina ez zuen eskuratzerik lortu. Ingeles armada handi bat hurreratzen ari zela entzunda, Jakuek erretreta egin zuen korrika eta presaka. Jaun askoren iritziz, azken porrot hau gehiegizkoa izan zen, apustu eta inbertsio handi hori ezerezean geratu baitzen. Erregea eta etxekoak atxilotu eta Pertheko dominikarren monasterio batean giltzapetu zuten. 1437ko otsailaren 20 eta 21 arteko gauean, bertan erail zuten, labainkatuta eta ezpataz askotan iltzatuta. Joan Beaufort erreginak ozta ozta alde egitea lortu zuen, eta Edinburgheko gazteluan elkartu zen bere seme Jakuerekin.[7]

Familia

aldatu

Ingalaterrak aske utzi eta gutxira, Joan Beaufortekin ezkondu zen 1424ko udan. Erregina ezkontide berria Henrike Beaufort kardinalaren iloba zen, eta Ingalaterrako Henrike VI.a errege berriaren senitartekoa. Joanak bikiak ekarri zituen 1430ean, baina zaharrena, Alexandro, umetan hil zen, eta bigarrena, Jakue, bihurtu zen premu. Haur zaharrago bat ere bazuen, Margaret alaba; bada, urte horretan bertan, erregeak emaztegai eman zion Frantziako Luis delfinari, Karlos VII.aren semeari. Era horretan, eskoziar-frantses aliantza zaharra berritu zuten.[7]

Hizkuntza eta literatura

aldatu

Pizkundeko joeran eraikin dotoreak egiteko asmoarekin batera, bere burua goi-kulturako gizon gisa agertu nahi izan zuen, sofistikazioz jantzia, eta idazlea ere izan zen. Poema-liburu baten egilea izan zen, The Kingis Quair ('erregearen liburua'), eta bertan emakume batez nola maitemintzen den kontatzen du, ustez Joan erregina izan daitekeena. Gainera, beste zerbait ere uzten du agerian, bere ama-hizkuntza, bere lehen hamabi urteetan ikasitakoa: eskoziera. Artean, baina, bere erresumako herritarrek bi hizkuntza hitz egiten zituzten buruz buru: Eskoziako gaelikoa, artean kultura indartsua, eta eskoziera. Beste 'erresuma' batek, ordea, kultura gaelikodunaren adierazle, itzala egiten zion Eskoziako erregeari, eta hori Uharteetako Jaurerria zen, Alexandro MacDonald buruzagi zuela.[5]

Oharrak

aldatu
  1. Auld Alliance delako itun estrategikoa 1295ean sinatu zuten eskoziar erregeek Frantziako koroarekin.
  2. Adierazpen horretan eta 1309ko Apaizen Adierazpenean, argi uzten zen erregearen boterea herrian oinarritzen zela.

Erreferentziak

aldatu
  1. Oliver, Neil. 2009, 169. or.
  2. a b c d e f g Oliver, Neil. 2009, 169-170. or.
  3. a b c Oliver, Neil. 2009, 169-171. or.
  4. Oliver, Neil. 2009, 172-174. or.
  5. a b Oliver, Neil. 2009, 175-176. or.
  6. a b Oliver, Neil. 2009, 177-178. or.
  7. a b Oliver, Neil. 2009, 179-180. or.

Bibliografia

aldatu


Aurrekoa
Roberto III.a Eskoziakoa
Eskoziako Erresumako erregea
14061437
Ondorengoa
Jakue II.a Estuardo
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jakue I.a Estuardo Aldatu lotura Wikidatan