[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/

Garai helenistikoa, helenismoa edo garai alexandrinoa Antzinako historiaren aro bat izan zen eta Grezia, Mazedonia, Trazia, Mediterraneo ekialdeko irletan, Asia mendebaldean eta Egipton garatu ziren estatuei aplikatzen zaie[1]. Aro honen muga kronologikoa bi gertaera politiko esanguratsuk zehazten dute: alde batetik, Alexandro Handiaren heriotza (K.a. 323) eta beste aldetik, Kleopatra VII.aren eta bere maitale Marko Antonioren suizidio Aktiumgo gudako porrotaren ostean.[2]

Samotraziako Garaipena, arte helenistikoaren maisulanetako bat.

Greziar garai klasikoaren gainbeheraren eta Erromatar boterearen gorakadaren arteko trantsizio unea da.[3]

Alexandro Handiaren ondarea

aldatu

K.a. 336. urtean igo zen Mazedoniako tronura Alexandro Handia. Hamabi urte eskasetan, bere konkistekin, Antzinateko inperio handienetako bat sortu zen, Mendebaldea eta Ekialdea bateratzen zituena, Danubiotik hasi eta Induseraino.[4]

Alexandrok hogei urte zituen bere aita Filipo hil zutenean eta orduantxe izendatu berri zuten Alexandro Mazedoniako errege. Hiri grekoak menderaturik, eta erresumaren iparraldeko mugak baketurik, K.a. 334. urtean gerra panhelenikoa jarri zuen abian grekoen aspaldiko arerioen kontra, hots, une hartan Dario III.a Kodomano buruzagi zuen Persiar Inperio erraldoiaren kontra. Alexandrok Helesponto gurutzatu zuen, 30.000 gizoneko armadaren buru; Graniko eta Issosko guduen ondoren, feniziar kostaldeko hiriez jabeturik, Egipton sartu zen; han, Alexandria fundatu zuen, eta faraoi eta jainkotzat ezagutu zuten.

 
Alexandro eta Dario aurrez-aurre Issosen, Alexandroren mosaikoa

Gaugamelako guduak, Tigris ibaiaren ondoan, Persiar Inperioko hiriburuen ateak –Susa eta Persepolis– zabaldu zizkion. Handik abiatuta, inperioaren ekialdeko probintzien konkista hasi zuen –gaurko Uzbekistan eta Afganistan–, eta hiri asko fundatu zituen. K.a. 327. urtean, Indiaren konkista hasi zuen, eta Indus ibaiaren ertzeraino heldu zen. Armadak behartu zuelarik, 7.000 kilometro egin ondoren lehertuta baitzeuden soldaduak, eten egin behar izan zituen konkistak, eta Babiloniara itzuli zen. Inperio berriaren hiriburutik, grekoak eta ekialdetarrak bateratuz antolatu zituen Alexandrok lur konkistatuak, baina oso gazte hil zen, K.a. 323an, eta antolamendu hura behera etorri zen. Hil zenean, erreinu desberdinetan zatikatu zuten inperioa haren jeneralek (diadokoek).

Horrela hasi zen helenismoaren aroa, kultura grekoa Mediterraneo ekialdera zabaldu izana ezaugarri duena. K.a. III. mendean zehar, halako oreka bat lortu zuten Mazedonia, Siria eta Egiptoko hiru erresuma handiek, beste erakunde politikoei gailendurik, eta horrek zibilizazio helenistikoaren garapena erraztu zuen. Baina hurrengo mendearen amaieran, oreka hori hautsi egin zuen Erromaren eragin gero eta handiagoak, oreka sistema hori pixkana-pixkana bere hegemoniaz ordeztu baitzuen.

Bestalde, Alexandroren inperio zaharraren ekialdea, Eufratestik Indusera, iraniar potentzia berriaren eskuetan erori zen, partiarren eskuetan alegia. Augustok Egipto hartu zuenean, K.a. 30ean, desagertu zen Alexandroren konkistekin sorturiko azken erreinua, eta Erromak beretu zuen helenismoaren ondarea, Ekialdean Partiar Inperioaren kontra defenditu behar izan zuena.

Erresuma helenistikoak

aldatu
 
Diadokoen erresumak K.a. 301ean

Alexandro hil zenean, haren jeneralek, diadokoek, urteak eta urteak eman zituzten borroka gogorrean, inperioko lurrak beretu nahian, eta borroka haietatik erresuma sail bat sortu zen. Errege berriek dinastiak fundatu zituzten. Nagusiak hauek izan ziren: Antigonidak Mazedonian; Seleukotarrak Persiar Inperio zaharrean, Asia Txikitik Induseraino; Lagidak edo Ptolomeotarrak Egipton, eta Atalidak Pergamon, Asia Txikiko erdiko kostaldean. Erregeek, konkista eskubidez baitziren beren erresumen jabe, aginpide erabatekoa zuten, jainkozkoa izateak are sendoagotzen zuena, eta horrek gurtza ofiziala ekarri zuen berekin.

Erregeen inguruan sortu ziren gorteak, erresumako hiriburuen egoitza zirenak, monumentu bikainez edertu zituzten eta, hala, kultura grekoaren gune garrantzitsuak bihurtu ziren. Baina gorte horietan, aldi berean, etengabeak ziren azpikeriak, erregearen begikoek edo ahaideek –emazteek batez ere–, eragin handia eta, zenbaitetan, kezkagarria, izaten baitzuten erregearen beraren gainean.

Mediterraneoko ekialde osoan ekonomia eta kultura batasuna sortu zen, askatasunez garatu ahal izan zena, eremu politikoa menderatzen zuten potentzien arteko orekari esker. Greko eta mazedoniarrak lur konkistatu berrietara joan izanak, hirien fundazioak, arrazen bateratzeak, mertzenarioek, salgaien zirkulazioak eta esklaboen etorrerak, horrek guztiak arraza eta zibilizazio homogeneo bat sorrarazi zuen, hizkuntza batua zuena, lekuan lekuko hizkuntza ordeztu zuen koiné grekoa.

Hiri helenistikoa

aldatu
 
Pergamoko hiri zaharraren maketa, Staatliche Museen, Berlin

Alexandroren politikagintzari jarraituz, errege helenistikoek hiri ugariz hornitu zituzten beren estatuak. Era askotakoak ziren hiriak. Batzuk, hainbat arrazoirengatik, berritik egin ziren: ekonomia bultzatzeko, osagai grekoak erakartzeko, helenizazio politikagatik, defentsa edo administrazio interesengatik… Hala sortu ziren Alexandria Egipton, Antiokia, Laodizea eta Seleuzia Sirian, harresiez eta eraikin handiez horniturik, bertan hartzeko greko-mazedoniar, indigena libre eta esklaboez osaturiko hiritarren biztanleria. Benetako polisak ziren, baina hiriko gobernariak erregearen ordezkari baten agintea onartu behar izaten zuen. Beste batzuetan, lehendik eraikitako hiriak ziren, kolono grekoak jasotzen zituztenak, funtzionarioak edo soldaduak gehienetan, hiria babesteko eginkizuna zutenak. Horixe da Pergamo, Tarso eta Sardesen kasua, zeinek, denborarekin, hiri grekoen itxura hartu zuten, polisen ohiko erakundeekin.

Hiri helenistikoaren eredu argiena Alexandria da, Ptolomeotar dinastiaren hiriburua, Mediterraneoko gune intelektual nagusi bihurtu zena. Dinastiaren sortzaileak berak, Ptolomeo I.ak, fundatu zuen Museoa, irakaskuntza eta ikerketako erakunde ofiziala, Antzinateko antzeko guneen eredu izan zena. Zientzialariek nahiz artistek, erregearen babespean eta haren laguntza materialarekin, baldintza ezin hobeak zeuzkaten Museoan, bestelako kezkarik gabe beren eginkizun intelektualetan jarduteko. Museoari loturik, baziren beste instalazio batzuk ere: behatoki astronomikoa, anatomiako institutua eta parke zoologiko bat, eta, nagusia, Liburutegi famatua, milioi erdi liburu pasa zeuzkana.

Lagidek bezala, beste erregeek ere heldu zioten, arrakasta gehiagoz edo gutxiagoz, prestigio kulturalean oinarritutako politika bati. Atalidek gune intelektual aski interesgarria bihurtu zuten Pergamo, beren hiriburua, jakintsu asko erakarri zituena. Kultura guneak ziren halaber Antiokia, Esmirna, Rodas, Kos uhartea eta Atenas zaharra, orduan lehen bezala, jakintza filosofikoaren hiri nagusia.

Eraikin publikoak

aldatu
 
Deloseko agora gaur egun

Agora merkatu plaza soil bat izatetik garrantzi handiko espazio publiko izatera pasa zen. Leku eroso eta zabala zenez bertan batzen ziren merkataritza jarduera ezberdinak. Hiri bakoitzak bat izaten zuen gutxienez, bere beharretara egokiturik. Deloseko portuaren inguruan hainbat agora eraiki ziren. Atenaseko agorak, aldiz, moldatu egin ziren hiru arkupe jarriz eta arkupe horietako bat Atalo II.ari eskaini zitzaion.

Arkupea

aldatu

Arkupeak eraikitzea hiri guztietan zehar zabaldu zen moda izan zen. Obra hauek eskaintzen zuten handitasun eta bikaintasun sentsazioak hiri hauei edertasuna eta harmonia ematen zien gainerako hiriekin alderatuz. Gainera, euritik eta eguzkitik babesteko leku aproposak ziren. Hiri garrantzitsuetako aterpeek berehala erakarri zuten erromatarren arreta elkarrekin harremana izan zutenean Ekialdeko konkistetan.

Antzokia

aldatu
 
Prieneko antzokia

Antzoki kopurua ere areagotu egin zen. Ohitura zaharren arabera eraiki ziren, normalean mendi magalen ondoan. Garai honetan egokitzapen batzuk izan ziren; esate batera, aktoreak antzezteko antzeztoki iraunkorrak jarri ziren. Honi buruzko informazio gehien duen antzokia K.a. 150. urteko Priene antzokia da.

Gimnasioa

aldatu

Mundu helenistikoan gehien zabaldu zein eraikuntza arkitektonikoa izan zen. Hiri guzti-guztiek zuten haien gimnasio propioa nahiz eta hiri apalak izan. Aldi honetan, ariketa fisikoarekiko zaletasuna orokorra izan zen baita gazteen heziketaren parte ere. Gainera, gimnasioetan ariketa fisikoez gain, ikaskuntza anitz, konferentziak eta kultur ekintzak ematen ziren. Eraikinak lorategi handiz inguratuta egon ohi ziren eta bertan ikasleak haien maisu filosofoen hitzaldiak entzuten zituzten. Ez zuten gai erlijiosoa ahaztu, gimnasioak jainkoei edota heroiei eskaintzen zizkieten, Hermes eta Herakles esaterako.

Negozioak

aldatu

Merkatarien munduak eta negozioenak kokapen bereziak behar izan zituen. Komertzio kamarekin aldera daitezkeen eraikinak sortu zituzten eta hain garrantzitsuak ez ziren beste batzuk ere bai. Deloseko indusketek eraikin hauen inguruko informazio asko eman dute.

Kultura helenistikoa

aldatu

Kulturaren ikuspuntutik, zibilizazio grekoa Alexandroren inperioa osatzen zuten ekialdeko herrietara eramatea suposatu zuen helenismoak. Emigrazio oldeak erakarri zituzten Greziatik errege greko-mazedoniarrek; aldez aurretik zeudenen gainean, sortu zituzten erresumak eta, hala, Ekialde osora zabaldu ziren hizkuntza, bizimodu, politika eta erakunde grekoak. Hiriak, antzina izan zuen esanahi politikoa galdurik, kultura horren gertaleku izaten jarraitu zuen. Baina, hiritarren bizitza politikoan parte hartzea ezabaturik, monarkiaren antolamendu zorrotzaren baitan mendeko bihurtu zen gizabanakoa. Filosofia eskola berriak sortu ziren, estoizismoa eta epikureismoa adibidez, gizonaren patuari buruzko erantzunak eman beharrak bultzatuta.

Hiri handien eraikuntzarekin espazio urbanoaren neurriak aldatu ziren, eta zientziek, arteek eta letrek aurrera egin zuten, prestigiozko arrazoiengatik erregeek sustaturik. Helenismoan, hirietako kultura zenez gero, indar handia izan zuen hirigintzak. Hirien plangintza egiterakoan, marrazki hipodamikoa deritzana erabili zen, lauki zuzenez osatua, kaleek eremu oso antzekoak mugatzen zituztela. Auzuneak funtzionalak ziren, eta osagai monumentalak izaten zituzten apaingarri: sarrera ateak, agora, antzokia, gimnasioa, tenpluak, zutabediak eta atariak.

Arkitekturan, handikeria eta arrandia dira ezaugarri nagusiak, Alexandriako itsasargian edo Rodasko Heliosen estatuan ikusten den bezala. Arte apaingarriak, eskultura eta pintura, aldendu egin ziren klasikoen neurrizkotasunetik, eta soiltasunak forma barrokoei utzi zien lekua, beti ere efektu dramatiko bat eragin nahian, mugarik eta baretasunik gabe. Aipagarria da, bestalde, gizabanakoaren gorestea, erretratugintzan gauzatu zena. Eskulturagintzan, Rodas eta Pergamo izan ziren bi eskola aipagarrienak. Rodasek, Lisiporen eragina baztertu gabe, gizonezkoen eredu atletikoak eta oinazetuak sortu zituen, adibide baterako Laokoon eta Farnese Zezena. Pergamoko antze aberatsak asko zor dio Eskopasi: Zeusen aldareko friso erraldoia du obra nagusia, Berlinen dagoena gaur egun. Baina, dudarik gabe, Samotraziako Garaipena, mugimendu zoragarrikoa, helenismoaren obrarik adierazgarriena da.

Erlijio helenistikoa

aldatu
 
Serapis jainkoa, K.a. IV. mendeko irudiaren kopia

Helenismoa erlijio kezka eta asalduren garaia izan zen. Grekoen eta ekialdekoen nahasketak jainko-jainkosa grekoen eta indigenen ezaugarrien nahastura ekarri zuen. Grekoen hiri erlijio usadiozkoak, beraz, gainditu egin zuen hiri-estatuen gainbehera politikoa eta erregearen gurtzarekin aberastu zen, dinastiarekiko leialtasunaren adierazgarri gisa.

Alabaina, erlijio ofizialaren aurrez aurre, bazegoen norbanakoaren erlijioa ere, gizabanakoaren erlijio sentimendu baitaratu baten moduan, gurtza bakartian nahiz talde txikitan, mundu honetako larritasun eta estutasunetatik libratzea bilatzen zuena, salbamen pertsonala helburu obsesiboa bihurturik. Horrela loratu ziren misteriozko gurtzak, jainkoarekiko harreman zuzena bideratzen eta gizonaren erosketa agintzen zutenak, hala adibidez misterio zahar asko: Demeter Eleusisen, Kabiriarrak Samotrazian, eta batez ere Dionisorenak.

Bestalde, Ekialdeko lekuan lekuko jainko zaharrak, ezaugarri berriak hartuta, jainko unibertsal bihurtu ziren, salbamen eta misteriozko tasunez jantzirik. Era horretan, Zibele Ama Handiaren eta haren lagun Atisen gurtzak sinestun asko beretu zituen, eta orobat Sabazio, Atargatis, Baal, Adonis eta Mitrarenak. Baina, dudarik gabe, Isis eta helenismoak sortutako Serapis, Egiptotik zetozenak, ziren bi jainko nagusiak, eta horiek, bikote modura, Mediterraneo osora zabaldu zituzten beren gurtzari loturiko misterioak.

Eskolak eta akademiak

aldatu

K.a. IV. mendeko eskola gehienek garai helenistikoan bizirik iraun zuten. Platonen eskolak lan filosofikoa jarraitu zuen eta akademiak K. a. I. mendera arte luzatu ziren garai ezberdinetan izen ezberdinak hartuz.

Gainbehera

aldatu

Erromatarren etorrerarekin eta antzinaroko herriengan zuten nagusitasuna zela eta, garai helenistikoaren amaiera iritsi zen. Hala ere, bi kulturen kontaktua dela eta, greziar kulturak eragina izan zuen Erroman eta beraz, garai helenistikoa luzatu egin zela esan daiteke.

Erreferentziak

aldatu

Gehiago irakurtzeko

aldatu
  • Austin, M. M. The Hellenistic World From Alexander to the Roman Conquest: A Selection of Ancient Sources In Translation. Cambridge: Cambridge University Press, 1981.
  • Bugh, Glenn Richard (arg.). The Cambridge Companion to the Hellenistic World. Cambridge: Cambridge University Press, 2006.
  • Börm, Henning and Nino Luraghi (arg.). The Polis in the Hellenistic World. Stuttgart: Franz Steiner Verlag, 2018.
  • Cary, M. A History of the Greek World, From 323 to 146 B.C. London: Methuen, 1963.
  • Chamoux, François. Hellenistic Civilization. Malden, MA: Blackwell Pub., 2003.
  • Champion, Michael and Lara O'Sullivan. Cultural Perceptions of Violence In the Hellenistic World. New York: Routledge, 2017.
  • Erskine, Andrew (arg.). A Companion to the Hellenistic World. Hoboken: Wiley, 2008.
  • Goodman, Martin. “Under the influence: Hellenism in ancient Jewish life.” Biblical Archaeology Review 36, 1. zk. (2010), 60.
  • Grainger, John D. Great Power Diplomacy In the Hellenistic World. New York: Routledge, 2017.
  • Green, Peter. Alexander to Actium: The Historical Evolution of the Hellenistic Age. Berkeley: University of California Press, 1990.
  • Kralli, Ioanna. The Hellenistic Peloponnese: Interstate Relations: a Narrative and Analytic History, From the Fourth Century to 146 BC. Swansea: The Classical Press of Wales, 2017.
  • Lewis, D. M., John Boardman, and Simon Hornblower. Cambridge Ancient History Vol. 6: The Fourth Century BC. 2nd ed. Cambridge: Cambridge University Press, 1994.
  • Rimell, Victoria eta Markus Asper. Imagining Empire: Political Space In Hellenistic and Roman Literature. Heidelberg: Universitätsverlag Winter GmbH, 2017.
  • Thonemann, Peter. The Hellenistic Age. First edition. Oxford: Oxford University Press, 2016.
  • Walbank, F. W. The Hellenistic World. Cambridge: Harvard University Press, 1982.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu