Elezahar
Elezaharra edo kondaira ahozko edo idatzizko narrazio bat da, irudimen elementu gehiago edo gutxiago dituena eta, oro har, egiatzat pasarazi nahi dena edo, behintzat, egian edo egiazko konturen batean edo bestean oinarritua. Belaunaldiz belaunaldi igortzen da, ia beti ahoz eta, sarri, osagaiak aldatzen dira, zerbait kendu edo gehitu delako.
Etimologia eta ezaugarriak
aldatuLatinez, elezaharrari legenda esaten zaio eta "irakurri behar dena" esan nahi du. Jatorrian, idatzizko narrazio bat da, ozen irakurtzekoa, eta jende artean, monasterioen barruan, jangelako bazkari-afarietan edo eliza barnean, fededunak onbideratzeko, santu baten jaieguna ospatzean. Elezaharretan, zehaztasun historikoa alde batera uzten da, asmo morala zein izpiritualaren onerako, hagiografia edo elezahar hagiografiko edo pietatetsuetan bezala: horren adibide ezagunena Jacopo della Voragineren Urrezko Elezaharra da.
Hori da Gonzalo de Berceok hitzari eman zion esanahia, Andre Mariari mirariak bere idazlanean, Jaungoikoarenak diren elezahar guztiak dioenean, eta beste pasadizo batzuetan, noizbehinka elezaharrak modu orokorragoan ere hartu zituen arren. Beste idazle batzuen artean, hitzaren esanahia ez da irakurketa pietatetsuetan bakarrik geratzen: aurrerago izan zuen esanahia, zehazki historiarekin bat ez datorren eta balio poetikodun irakurketa da. XIX. mendean, Erromantizismo garaian, "herri tradizio" gisan ezagutzen denarekin bateratu zen.
Literaturan, elezaharra fikziozko narrazio bat da, ia beti ahoz aho igorritakoa eta gauza miragarriekin zerikusia duena. Ipuina ez bezala, elezaharra beti elementu zehatz batekin lotuta egoten da (tokia, objektua, pertsonaia historikoa...) eta elementu hori eguneroko munduan, edo elezaharrak jatorria duen komunitateko historian barneratzean jartzen du arreta; halaber, garai eta toki ez errealetan oinarritzen denez, elezaharra benetako toki eta garai zehatzetan garatzen da. Mitoak bezala, elezaharrak kultura zehatz bat azaltzeko eginbeharra dauka, eta maiz fantasiazko izakiak agertzen ditu (uhandreak, adibidez). Erromantizismo garaian, idazle ezagunek gaia landu zuten, hitz lauan edo hitz neurtuan, bilduma frankotan. Mende horretako espainiar idazlerik ezagunenak Angel de Saavedra, José Zorrilla, Gustavo Adolfo Bécquer eta José Joaquín de Mora izan ziren.
Deskribapena
aldatuElezaharra, oro har, pertsonaia, monumentu, komunitate, toki nahiz gertaeraren batekin lotuta egoten da eta haren jatorria azaltzen saiatzen da. Askotan, pertsonaia baten inguruko zikloetan biltzen dira. Errolan, Teodosio Goñikoa, Robin Hood, Cid Campeador edo Bernardo del Carpiorekin gertatzen den bezala. Ia beti, oinarrian gune historiko bat izaten dute, irudimenak zabaldutako atalekin. Horien agerpena borondatez aurkako asmoekin, akatsak, interpretazio okerrak edo gehiegikeriak edo, halaber, pertsona bat edo gehiagoren borondatezko ekintzarekin ere zerikusia du inoiz. Horiek, arrazoi interesatu edo estetikoengatik, hasierako istorioa garatzen dute.
Beste elezahar bateko elementuak hartzen baditu, "kutsatutako elezaharra" esaten zaio.
Elezaharra edo kondaira ahozko edo idatzizko narrazio bat da, inoiz irudimen elementu gehiago edo gutxiago dituena eta beharbada egiazko gertakizunetan oinarrituta dagoena. Belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira eta, ia beti, aurreko bertsioari gauza batzuk kendu egiten dira eta beste batzuk erantsi.
Elezaharrek sinesgarritasuna izateko ezaugarri jakin batzuk izaten dituzte, aldatuz joaten dira denboraz eta fantasiazko istorioekin gehiago nahasten. Kontatzen gabiltzan hori, benetako gertaera bat dela pentsaraztea da narratzailearen helburua eta mundua azaltzea.
XIX. mendetik aurrera, elezaharrek fikziozko izaera izan dute eta jatorriz ahozko narraziotzat jo izan dira. Elezaharrek fikziozko istorioak eta maitagarriak izaten dituzten arren, errealitatean oinarritzen dira.
Ipuinak ez bezala, elezaharrak elementu jakin batera lotuta egoten dira eta elementu hori integratzen saiatzen dira. Horrez gain, ipuinak leku eta momentu edo irudimenezko denbora batean gertatzen dira ("Bazen behin…"); elezaharrak, ostera, denbora eta toki erreal eta jakin batean garatzen dira, fikziozko elementuak agertzen diren arren. Horrez gain, funtzio etiologikoa dute, hau da, zerbait azaltzen saiatzen dira, batez ere, kultura baten ezaugarrien berri ematen dute. Adibidez, Teodosio Goñikoa.
Elezahar batzuk herri eta lurralde jakin batean ezagunak diren arren, beste asko mundu guztian zehar zabaltzen dira. Elezahar batzuei esker, hainbat aurkikuntza arkeologiko egin dira (hala nola, Troia): horregatik eta arbasoen pentsaeraren berri ekartzen digutelako, haiek mantentzeak garrantzia handia du.
Elezaharrak Euskal Herrian
aldatuErdi Aroko Europan jatorria duten elezahar batzuek Euskal Herriarekin lotuta zuzena dute, hala nola Teodosio Goñikoaren istorioa, edo Errolanen Kantoria. Testuinguru europar batean ulertzen diren istorioak dira, bertsio lokalak dituztenak, kasu askotan. Esate baterako, Teodosioren historiaren parte bat da nola hil zituen gurasoak, sinisturik (Deabruak engainatu zuelako) bere ohean zeutzan pertsonak bere emaztea eta maitale bat zirela: hil zituen ezpataz Teodosiok eta ez ziren emaztea eta maitalea, gurasoak baizik, bisitan joan zitzaikionak Istorio hori, hain zuzen, Julian Ospitalegilearen istorio kristau mendebaldetarren bertsio bat da[1].
Elezaharren gai unibertsalak euskal ahozko literaturan ere agertzen direla ikusi dute euskal kulturaren ikerleek, hala nola Arturo Kanpionek, Joan Iturraldek, Azkuek, Juan Manuel Etxeberriak, Barandiaranek...[2]
Horiek baino lehenago, beste idazle batzuek (euskaraz zein erdaraz) euskal tradizioak eta elezahar arketipikoak batzeko ahaleginak egin zituzten. Alegia eta parabolekin lan egin zuen Felix Maria Sanmaniego arabarrak XVIII. mendean, adibidez[2]. Erromantizismoaren aroan, XIX. mendean, Agosti Xaho idazle zuberoarrak Aitorren elezaharra idatzi zuen. Navarro Villosladaren Amaia edo euskaldunak VIII. mendean nobela erromantikoan ere euskal elezaharren elementu batzuk erabili zituen egileak.
Euskal elezahar batzuk XIX. mendetik aurrera Euskal Herritik kanpo ere hedatu ziren. Frantzian, esate baterako, Julien Vinsonek eta Francisque Michelek aipatu zituzten euskal elezahar batzuk. Urrutiago ere, esate baterako, Mariana Monteirok, bere Legends and Poular Tales of the Basque People (Londres, 1887), hainbat ipuin zahar, balada eta elezaharren berri eman zuen: Akelarre (Zugarramurdiko sorginen kontu zaharrak), Argiduna, Maitagarri, Errolanen turuta-adarra, Jaun Zuria, Lamina...[3]
Elezaharrak Espainian
aldatuEspainia arragoa izan zen elezaharrentzat. Iberiar Penintsulan, jatorri askotako tradizioak nahastu ziren: zeltak, iberiarrak, erromatarrak, bisigodoak, juduak, arabiarrak (eta, haien bitartez, indiar tradizioak), anitz hizkuntzatan.
Elezahar mordoa agertzen da Erromantze bilduman eta, horren bidez, espainiar antzerki klasikoan. Askoren jatorria Cristóbal Lozanoren lana eta Barroko garaiko eleberri gortetarra da. Eliz idazle askok, hainbat bildumatan, elezahar pietatetsuak bildu zituzten: ezagunena, baina ez bakarra, Flos Sanctorum izenburukoa da. Hala ere, bakarrik XIX. mendean hasi ziren erromantikoak halakoak biltzeko, aztertzeko eta imitatzeko interesa agertzen. 1838an, Elezahar eta eleberri jereztarrak argitaratu ziren; 1869, 1872 eta 1874an, segidako edizioak agertu ziren izenburu horrekin: Andre Maria Birjina Santuari buruzko nazio guztietako elezahar eta herri tradizioak, elkarte erlijiotsu batek bildu eta ordenatutakoak. 1853an, Agustín Duránek —jada Erromantze bilduma orokorra edo gaztelar erromantze bilduma izeneko bere idazlan handiaren bi liburukiak argitaratu zituena—, Maitasunaren baratzeko hiru arabisagarren elezaharra argitaratu zuen. Angel de Saavedra, Rivaseko dukeak, elezaharrak hitz neurtuetan idatzi zuen eta Fernán Caballerok elezahar alemaniarrak gaztelaniara itzuli zituen. Gustavo Adolfo Bécquerrenak, bai bizian argitaratuak, bai hil ondoren bildutakoak, espresiboenetakoak dira hitz lauan idatzitakoen artean, baina José Zorrillak eta José Joaquín de Morak hitz neurtuan idatzitakoak ere bikainak dira. Washington Irvingen ondoren, Francisco Javier Simonet arabistak 1858an Alhambra, arabiar elezahar historikoak argitaratu zuen, José Lamarque de Novoak, Elezahar historikoak eta tradizioak (Sevilla, 1867), Antonia Díaz Fernández de Lamarquek, Ihartutako loreak: elezaharrak eta baladak (Sevilla, 1877), Manuel Cano y Cueto, Miguel de Mañarari buruzko elezaharrez arduratu zen (1873) eta horiei guztiei, oraindik gehiago gehitu behar zaizkie, garrantzi handia baitute: Maria Coronel, Josefa Ugarte y Casanz, Teodomiro Ramírez de Arellano, Jose Maria Goizueta eta beste hainbat.
1914an, Sevilla, ikasketa folklorikoen gune garrantzitsua zen eta Arnold van Gennepek idatzitako Elezaharren eraketaren itzulpena sustatu zuen. 1953an, gertaera garrantzitsua izan zen Vicente Garcia de Diegok idatzitako Literatura unibertsalaren elezaharren antologiaren agerpena, hasierako azterketa sakon eta zabal bat eginez eta lurraldez lurralde sailkatutako elezahar espainiar hoberenen aukeraketa batekin, baita beste herrialde batzuetakoak ere. Azterketa horiei egindako azken ekarpen garrantzitsua Julio Caro Barojarena da, harizko literaturaz, Arketipo eta elezaharrei buruz (Bartzelona, Círculo de Lectores, 1989).
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) «El parricida Teodosio de Goñi al que salvó el arcángel San Miguel» abc 2015-04-13 (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
- ↑ a b «Euskal Elezaharrak» elezaharrak.amaroa.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
- ↑ Monteiro, Mariana. (1887). Legends and popular tales of the Basque people. London, T.F. Unwin (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).