[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/

Euskal Herriko Unibertsitatea

unibertsitate publikoa
EHU» orritik birbideratua)

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoa da, 1980an sortua eta hiru kanpusetan banatua, erkidegoko hirulurralde historikoetan: Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa. Bilboko Unibertsitatearen oinordeko, hasieran, hurrengo fakultateek osatzen zuten unibertsitatea: Sarrikoko Zientzia Ekonomiko eta Enpresarialen fakultatea (1955), Medikuntzako fakultatea (1968) eta Zientzia fakultatea (1968). Hiru fakultate horiei, Hezkuntzaren Lege Orokorrarekin, Eskola Nautikoa (1739), Bilboko Enpresa-ikasketen Eskola Unibertsitarioa (1818) eta Ingeniarien Eskola Teknikoak (1897) gehitu zitzaizkien, gaur egun EHUko fakultate kopurura iristeraino (hogei bat).[1]

Euskal Herriko Unibertsitatea
Eman ta zabal zazu
Datuak
Izen laburraUPV/EHU, EHU, UPV eta UPV/EHU
Motaunibertsitatea, argitaletxea eta sarbide irekiko argitaletxea
HerrialdeaEuskal Herria
Jarduera
KidetzaORCID, European University Association (en) Itzuli, Conference of Rectors of Spanish Universities (en) Itzuli, Unión de Editoriales Universitarias Españolas eta Coalition for Advancing Research Assessment (en) Itzuli
Eskumendekoak
Erabilitako hizkuntzagaztelania
Agintea
ErrektoreaEva Ferreira García
Osatuta
Historia
Sorrera1980ko otsailaren 25a
AurrekoakBilboko Unibertsitatea
webgune ofiziala
Twitter: upvehu Instagram: upvehu_gara Edit the value on Wikidata

«Eman ta zabal zazu» goiburua du, Gernikako arbola abestitik hartua (XIX. mendeko euskal ereserkia), eta unibertsitatearen ikurra Eduardo Txillidak diseinatu zuen, 1970eko hamarkadan, askok Espainiako trantsizioaren ikur aldarrikatzaile kontsideratua.

2010eko urrian Nazioarteko Bikaintasun Campus izendapena jaso zuen EHUk.[2]

2014ko azaroaren 19an, EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak Euskadi-Akitania euroeskualderako campusa sortzeko hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horrek Eusko Jaurlaritzaren eta Akitaniako Kontseiluaren babesa zuen.[3] 2014o azaroaren 28an, EHUk 31tik 20ra gutxitu zituen zentroak.[4]

2021ean Eva Ferreira García errektore hautatu zuten.

Aurrekariak

aldatu

1540−1897

aldatu
 
Oñatiko Unibertsitatea, 1918. urtean

Euskal Herrian, unibertsitate-mailako irakasketaren hasiera Oñatiko Unibertsitatearen sorrerarekin dugu, Rodrigo Mercado de Zuazolak sortua, 1540an. Bi urteren ostean, 1542an, Hernanin, unibertsitate horrek bere jarduna hasi zuen, 1548an unibertsitatea Oñatira lekualdatu baino lehen. 1548rako, hainbat ziren eskaintzen ziren ikasketa-eremuak: Teologia, Legeak, Kanonak, Arteak eta Medikuntza. Gorabehera batzuen ostean, 1901ean ateak behin betiko itxi zituen.

Aipagarria da oso Bergarako Errege Mintegia ere, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sorturikoa. Zentro horrek, Ilustrazioaren korronteek gidatua, Europako zientifiko eta materialak erantsi zituen, bai eta ikasle bikainak Europako beste herrialdeetara eraman ere. Zentro horren aro gorena 1779 eta 1793. urteen artean gertatu zen, Euskal Herriari hezkuntza-zentro aurrerakoi moduan. Halere, XIX. mende hasierako afera politikoek egitasmo horren lana bertan behera utzi zuten.

 
Bergarako Errege Mintegia hezkuntza eta ikerketa zientifikoaren esparruan ikastegi garrantzitsua izan zen, Europan. Adibidez, Elhuyar anaiek wolframa bakartu zuten bertan, 1783an

Bizkaian, Eskola Nautikoak, 1511n Merkataritza-Kontsulatuaren babespean sortua, 1784an aintzatespen ofiziala lortu zuen. 1800ean, Merkataritza Eskolaren proiektuari hasiera eman zitzaion, aktiboa bihurtu zena 1818rako.

Nafarroako Diputazioari dagokionez, 1866an euskal-nafar Unibertsitate bat sortzeko proposamena aurkeztu zuten, EAEko Diputazioei unibertsitate ofizial bakarra sortzeko eskaera eginez, baina ez zuen aurrera segitu. Unibertsitateen batzea, maila nazionalean porrot egin ostean eta bi urtetako tira-biren ostean, batze hori lurralde historikoen mailan egiten saiatu zen.

Hala, Gipuzkoako Diputazioak Oñatiko Unibertsitate Zaharra berrezartzen saiatu zen, alferrik. Arabako Diputazioak ere Gasteizko Unibertsitate Literarioa sortzen saiatu zen, 4 urtez iraun zuena (1869-1873). Bizkaiko Batzar Nagusiak ere Bizkaiko Unibertsitate Katolikoa sortzen saiatu zen 1870ean, berriro ere alferrik.

Bestalde, Bilbon, 1883an sorturiko Irakaskuntza Katoliko zeritzon sozietate anonimoa, hamahiru bizkaitarrek sortua, Goi-Hezkuntzako Zentro bat Bilbon eraikitzeko helburuarekin eta aita Manuel Isasi-k iradokita, bestelako etorkizun bat izan zuen. Izan ere, zentro horretako irakasketa 1886an hasi eta gaur egungo Deustuko Unibertsitatea izatera iritsi arte dirauen egitasmoa da.

Azkenik, 1897ko apirilaren 2ko Errege Dekretuaren bidez, Bilboko Ingeniari Industrialen Eskola sortu zen, gaur egun Bilboko Ingeniaritza Eskola edo Ingeniaritza Goi Eskola Tekniko modura ezagutzen dena.

1918-1955

aldatu

1918ko urtarrilaren 5ean, Estetika katedratiko Ángel Apraiz Buesak, Bilbon, Euskal Unibertsitatearen Alde izeneko hitzaldia eman zuen, Espainiako Gerra Zibila gertatu arte Bilbon garaturiko Euskal Unibertsitatearen aldeko mugimendu aldarrikatzailearen hasiera izan zena.

Goiburu horrekin, Eusko Ikaskuntzak mugimendu garrantzitsua bultzatu zuen 1918 eta 1923. urteen artean, Euskal Unibertsitate horren estatutuak idazten, herrialdea mobilizatzen eta Madrileko senatarien ekintzak sustatzen. Hala, 1923an, "unibertsitate-arazoa"ri aurre egiteko ebazpena Diputazioei zein Gobernuari aurkeztu zitzaien. Primo de Riveraren diktadurak mugimendua isilarazi bazuen ere, 1931n Bilboko Udalak Euskal Unibertsitatearen Aldeko Batzar handi bat antolatu zuenean, mugimendua erabat berpiztu zen.

Euzko Ikasle Batza 1932an jeltzaleen ekimenez sortutako euskal Ikasleen federazioa izan zen. Garai hartan ez zegoen euskarazko unibertsitaterik eta erdaraz ere oso aukera gutxi zegoen Euskal Herrian unibertsitate mailako ikasketak egiteko. Gehienek Bartzelona, Madril, Valladolid, Salamanca, Zaragoza, Bordele edo Parisera joan behar izaten zuten.[5][6] 1932an, Gipuzkoa, Bartzelona, Bizkaia, Madril, Valladolid eta Zaragozako ikasle-elkarteen ordezkariek osatu zuten Euzko ikasle Batzaren zuzendaritza. Urte bereko abuztuaren 7an Euskal Ikasleen I. Biltzarra antolatu zuen, Bergaran. [5]

1936an, Leizaola buru zeneko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eginiko lehen Dekretuen Ángel Apraizek eginikoaren ingurukoaren batzorde bat sortu zen. Hala, 1936ko urtarrilaren lehenean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Jose Antonio Agirrek Euskal Unibertsitateari eman zion Bilboko Ospitale Zibilean. Dena den, Gerra Zibilaren testuinguruan, Euskal Unibertsitatearen bizitza, erakunde modura, oso laburra izatea eragin zuen, Bilboko hiriaren 1937ko hartzearekin amaitu zena.

1952an, Nafarroako Unibertsitatea sortu zen, Opus Dei-ren hegalpean eta 1961etik aurrera Nafarroatik kanpo zabaltzen hasi ze: adibidez, Donostian hainbat zentro sortu ziren. Gaur egun, zentro bat dute gipuzkoar hiriburuan: Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa.

Garai horretan, egungo EAEa osatzen duten hiru probintziak Valladolideko Unibertsitatearen Barrutiaren zati kontsideratzen ziren. Hala, 1955eko Zientzia Ekonomiko eta Komertzialen fakultatearen sorreraraino (Bilbon), antzinako Komertzio-Eskolaren oinordeko, ez zen Euskal Unibertsitatearen aldarrikapena berriro ere berpiztu, bereziki Bizkaia inguruan.

1963-1980

aldatu

Ekainaren 6ko 5/1968 Lege Dekretua, unibertsitate-birmoldaketarako premiazko neurrien ingurukoa, hirietan agertzen hasia zen hezkuntza-eskaerei erantzuteko modu bat izan zen, bai eta hezkuntzaren masifikazioari erantzuteko modua ere. Testuinguru horretan, 1970ean Hezkuntzaren Lege Orokorra onetsiko da, Bartzelonan, Bilbon zein Madrilen unibertsitate berriak sortzeko aukera eman zuen.[7] Bilboko Unibertsitatearen hasierako urteetan Ekonomia eta Zientzia zein Medikuntza fakultatea hasi zen, betiere oraindik berezko barrutirik gabe eta Juan Etxebarria Gangoiti lehen errektorea izanik.

Gipuzkoan, 1963tik aurrera koordinazio-batzorde batek, ostera patronatu izan zena, Ignacio Barriolaren hitzetan, "Goi-mailako Ikasketa Ofizialen Aldeko" kudeaketak egiten zituen. 5/1968 Lege Dekretuan oinarriturik, bestalde, unibertsitate-fakultate bat sortu zen Donostian, ostera, 1968ko uztailaren 27ko Dekretuaren bidez, Donostian, Zuzenbide fakultatea finkatuz, nahiz eta Valladolideko Barrutian egon oraindik ere.

Hezkuntzaren Lege Orokorraren bitartez, 1972an, lehen aditu-eskolak sortuko dira, bai eta unibertsitate bakoitza bere lurraldeko barruti propioa eskuratzeko ere. Hala, garai hartan sorturiko Arte Ederretako Goi Eskola, adibidez, Bilboko Unibertsitatera esleitua izango da, bai eta jada aipaturiko Ingeniarien Eskola ere.

Euskal Herriko jendarte zibilak, garai hartako Euskal Unibertsitateak berezkoak zituen mugatzeez nazkaturik eta kontuan harturik 1918ko, 1922ko eta 1936ko gatazkek 60ko hamarkadan zehar Euskal Unibertsitatearen defentsaren aldeko mugimendu garrantzitsu bat sortu zuten, Eduardo Txillidaren Eman ta zabal zazu goiburupean. Gaur egun, goiburu horixe du EHUk, horregatik. Mugimendu haren energiaren ondorioz, Euskal Unibertsitate sortu berrira izen handiko edota diru-sarrera handiko ikasleak barneratzen hasi ziren. Dena den, 1977 arte ez zen EAE osoko barruti bakar bat osatu, Bilboko Unibertsitatea Arabako eta Gipuzkoako bestelako zentro unibertsitarioekin barruti bakarra osatu arte, alegia.

Azkenean, 1980ko otsailaren 25ean, Bilboko Unibertsitatea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea bilakatu zen, Euskal Herriko autonomia-erkidegoko unibertsitate-sistema publikoa. EHUan, momentu hartan, hiru probintzietako hiru unibertsitate nagusien zein haiei loturiko zentroek osatuko zuten EHUa.

Egun hartatik aurrera, EHUren garapenak Espainiako unibertsitate gorenetarikoa izatera iristea ahalbidetu dio, bai titulazio-kopuruaren zein ikasle-kopuruaren aldetik.

Arabako campusa

aldatu

Arabako campusak ikastegi hauek ditu:

Bizkaiko campusa

aldatu

Bizkaiko campusak gune bat baino gehiago du: Leioa-Erandioko gunea, Bilbo-Barakaldo eta Portugalete. Honakoak dira Bizkaiko zentroak:

 
EHUren Leioa-Erandioko campusaren urruneko ikuspegia
 
Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, Sarrikoko campusean, Bilbo

Gipuzkoako campusa

aldatu
 
Gipuzkoako campuseko gelategiaren ikuspegia, Donostia
 
Industria Ingeniaritza Teknikorako Unibertsitate Eskola, Eibar

Gipuzkoako campusak ikastegi hauek ditu:

Ikastegi atxikiak

aldatu

Ikerketa-zentroak

aldatu

Udako kurtsoak

aldatu

Euskal Herriko Unibertsitateak 1981etik aurrera udako kurtsoak eskaintzen ditu, Donostiako Miramar Jauregian. Kurtso horietan, hitzaldi, ikastaro eta ikastordu magistralen bidez jakintza-esparru anitz jorratzen dira. Udako ikastaro horien ospeak urtero gora egiten du. 2006ko edizioan (XXV. urteurrenarekin bat egin zuena), adibidez, Noam Chomsky izan zen hizlarietako bat.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak

aldatu

Bilboko Unibertsitate Autonomoko errektoreak (1968-1980)

aldatu

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak (1980-)

aldatu

Honoris Causa doktoreak

aldatu

Ikasle mugimendua

aldatu

Hasieratik ikasle mugimendu bizia sortu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Euskal Herriko gatazkako borrokekin estu loturik hasiera batean. Euskararen aldeko aldarrikapena izan zen nagusi hastapenetan. 1988an Ikasle Abertzaleak ikasle erakundea sortu zen, ezker abertzalearen inguruan kokatua, gerotztik presentzia etengabea izan duena. Bereziki, euskararen alde, ikasle presoen alde, irakasle espainolisten aurka, unibertsitateko agintarien nagusikeriaren aurka, errepresioaren aurka aritu da. Gerora beste erakunde batzuk sortu dira: Lurgorri (abertzale moderatua, EAJren ingurukoa) eta Eraldatu (komunista).

Mugimendu feminista bizia ere badago. Neska Borrokalariak taldeak sexu-jazarpenaren eta bazterkeriaren aurka borrokatzen du eta mobilizazio ugari egin ditu kanpusetan, irakasle batzuek egindako jazarpen sexuala eta jarrera sexista gaitzetsiz.

Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen sariak

aldatu

Berdintasunerako sariak

aldatu

Euskal Herriko Unibertsitatea eta Wikipedia

aldatu

Euskal Herriko Unibertsitateak Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak antolatutako Hezkuntza Programan hartzen du parte 2017tik aurrera.

Erreferentziak

aldatu
  1. Pablo, Santiago de; Rubio Pobes, Coro. (2006). Historia de la UPV/EHU, 1980-2005 : eman ta zabal zazu. Universidad del País vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 84-8373-840-6. PMC 434242529. (Noiz kontsultatua: 2023-03-31).
  2. berria.info[Betiko hautsitako esteka] (2010-10-22)
  3. Goikoetxea, Garikoitz. «"Mugarik gabeko campusa"» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  4. «EHU | Zentroen berrantolaketa plana onartu dute» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  5. a b Bernardo, Estornés Lasa, Bernardo; Anaut, Bernardo. «EUZKO IKASLE BATZA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-08).
  6. (Gaztelaniaz) Mujika, Jon. (2021-03-14). «Sabin Etxea , el futuro sobre la huella del pasado» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-10-08).
  7. Ekainaren 6ko 5/1968 Lege Dekretua, unibertsitate-bermoldaketarako premiazko neurrien ingurukoa.
  8. «Echevarría Gangoiti, Juan - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  9. «Bilbaopedia - Vicente Lozano López» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  10. «Bilbaopedia - Justo Pastor Rupérez» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  11. «Bilbaopedia - Universidad Autónoma de Bilbao» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  12. «Barberá Guillem, Emilio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  13. «Goiriena de Gandarias y Gandarias, Juan José - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  14. Urdalleta Lete, Irati. «Eva Ferreira izango da EHUko errektorea» Berria 2020-11-26 (Noiz kontsultatua: 2024-09-14).
  15. «UPV/EHUko Honoris Causa doktorea izendatu du Sansar C. Sharma» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2022-10-14).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu