[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/

Cymbopogon

landare-generoa

Cymbopogon Poaceae familiako landare genero bat da, Poales ordenean. Bi espezie oso ezagunak dira, Cymbopogon nardus, zitronela gisa ere ezaguna eta Cymbopogon citratus, limoi-belar gisa ere ezaguna, Hego-ekialdeko Asiako gastronomian erruz erabiltzen den belarra.

Cymbopogon
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaPoales
FamiliaPoaceae
SubfamiliaPanicoideae
Generoa Cymbopogon
Sprengel, 1815
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuaklemon grass oil (en) Itzuli eta lemongrass oil (en) Itzuli

Antzina-antzinatik Erdialdeko Amerikan eta, batez ere, Asia tropikalean, landare jangarri izateaz gainera, ohiko sendabelar izan dute digestioa errazteko, lasaitzeko, mina eta depresioak arintzeko, zauriak ixteko, eztula sendatzeko, etab. Genero honetako belar gehienen usain-zaporea zitriko peto-petoak dira; limoi aroma eta zapore gazi-gozo atseginekoa da. Fresko baliatzen da edo, bestela, lehortu eta hauts bihurturik, espezia gisara, infusioak, zopak, entsaladak eta currydun saltsak apailatu edo osatzeko, arrain-itsaskiak lurrintzeko, okela zurien (untxi, oilasko, indioilarra) marinatuak nabarmentzeko, etab.

Limoi-belarra, Poaceae familiako landare-genero horietako bat da, eta Asiako eskualde epeletan 55 espezie inguru ditu belar iraunkor mota honek. Planetan zehar biziki hedatua egoteaz gainera, sukaldaritzan eta farmakologian baliagarri denez, izen asko-asko ditu. Euskal Herriko profesionalak goi-sukaldaritzan aspaldi hasi ziren erabiltzen eta lemmongrass (limoi belar) deritzote.[1]

Taxonomia

aldatu

Generoa Curt Polycarp Joachim Sprengel zientzialariak deskribatu zuen eta Plantarum Minus Cognitarum Pugillus obran 2: 14. plazaratu zen, 1815 urtean. Espezie tipoa hau da: Cymbopogon schoenanthus Spreng.

Etimologia

aldatu

“Limoi-belar” terminoaren etimologiak ez du sekreturik. Cymbopogon hitzaren grezierazko sustraiak, berriz, kymbe = (itsasontzia) eta pogon = (bizarra) dira, hots, ontzi barnealdeko zuaker edo “saihetsak”.

Hizkuntza batera eroan, bestera ekarri, horixe da izenaren osaketa ohikoena: limoi + belarra, baina bestelako eragin onuragarriak ere agertzen dira, hara: mal [de] ojillo, caña santa, yerba de calentura. limoi-tea, limoi-larrea, lemongrass, citronella… gehienetan "limoia" ardatz.

Cymbopogon generoko espezieak

aldatu

Historia

aldatu

Landare hauen bereizgarriak Europan duela bost mende bakarrik ezagutu baziren ere (antiespasmodiko, antitusibo, karminatibo, malariaren kontrako, diaforetiko, "oinaze alkoholikoren” aringarri, bizigarri eta "larruazala gorritzeko” bide zen limoi-belarra), XX. mendera arte arrastoa galdu zitzaion. Orduantxe ezagutarazi zuen Mexikoko Historia Naturaleko Elkarteak eta antiespasmodiko gisa gomendatu zuen, Mexikoko Farmazia Elkartearen onarpenarekin, honek antiespasmodiko eta eupeptikotzat aholkatzen zuelarik.

Hazkuntza

aldatu

Limoi-belarra Asiako parte zabal bateko (Thailandia, Laos, Kanbodia, Indonesia, Filipinak, Vietnam...) eta Karibeko sukaldaritzan erabiltzen da, tokian tokikoan, belar gisa. Limoiaren antzeko usain eta zaporekoa da eta fresko edo lehorturik, hautsetan, kontsumi daiteke. Landare freskoaren zurtoina, osorik, ez da jangarria, baina ehotu egin daiteke eta, horrela, zitrala osagai nagusi duen olio aromatikoa gordeko du.

Zitronella lorategi txikietan landatzen da eskuarki, euli zuria uxatzeko. Limoi-belarra ipintzen den lekuan pestizidarik erabili gabe etorriko dira tomatea, brokolia eta gainerako barazki gehienak. Beste ortuari batzuekin uztartu nahi bada, oztopo fisikoak jarri behar zaizkio (sarea, zangak, etab), bestela belar hau ortu osoan zehar hedatuko da-eta.

Landarea aldatu eta, lehen urteko etekina urria izan ohi da. Bigarren urtetik aurrera, hosto freskoen ekoizpena 9 tonakoa da hektareako, hots, 5 tona hosto lehor. Deshidratatzean, limoi-belarrak galdu egingo du: freskotan 20 edo 25 tona zena, lehortutakoan 4 - 5eraino jaitsiko da.

Gaitzak

aldatu

Lurzoruaren gehiegizko hezetasunak eragindako sustraien usteldura; hori saihesteko metodorik egokiena lurzorua ondo drainatzea da.

Udazkeneko lehen euriteek sustatzen duten onddo jakin batek eragindako herdoil edo gorrina. Horren aurka egiteko, fungizida espezifiko bat erabiltzen da, bizpahiru astez, erabat akabatzeko.

Erabilera, kontsumoa

aldatu

Eskualde tropikal eta subtropikaletako herri medikuntzan ohikoa da limoi-belarra. Farmakologian hostoak erabiltzen dira, infusioan, sukarraren, gehiegizko izerditzearen, minen, antsietatearen, depresioaren kontra, diuretiko, espektoratzaile modura...

Limoi-belarraren erraboil samurra eta erraboilaren gertueneko zain-partea (lauzpabost cm) kontsumitzen dira, ongi zuriturik. Zaina berez jangarria ez denez, lehortutakoan, eho edo birrindu egiten da, hauts bihurturik kontsumitu ahal izateko.

Bestela, estraktu edo olio esentziala bakterizida gisa baliatzen da (baita Helicobacter pylori bakterioen aurkako tratamenduan ere), gibelaren babesle, antiespasmodiko, zirkulazio periferikoaren sustatzaile, urdail estimulatzaile eta beste hainbatetan.

Te-infusio (Afrikako herrialdeetan, ia erabilera bakarra da hori), zopa eta currydun jakietan kontsumitzen delarik, arrain eta itsaskientzako ongailu gisa ere baliatzen da.

Indiar Ekialdeko limoi-belarrak (Cymbopogon flexuosus) Kanbodia, India, Sri Lanka, Birmania eta Thailandian du jatorria. Mendebaldekoa (Cymbopogon citratus), berriz, Malaysia aldetik zabaldu omen zen. Bata zein bestea sukaldaritzan erabiltzen dira, aroma handiko eta mami jangarri gutxikoak izaki, lurringarri modura. Indian, C. citratus sendabelar eta lurringarritzat erabiltzen da.

Espezie gehientsuenak citronella-olioa ekoizteko erabiltzen dira, xaboietan, kandeletan eta aerosoletan erabiltzeko, intsektizida gisa; aromaterapian ere baliatzen da. Limoi-belarraren printzipio kimiko aktiboak (geraniol eta citronelol) antiseptikoak dira: horregatik baliatzen da etxeko desinfektatzaile gisa eta xaboiak eratzeko.

Euskal Herriko saltokietan limoi belarra fresko, izozturik, kontserban edota lehorturik (motelena berau) eskura daiteke, teorian, baina bera topatzea ez da beti kontu erraza. Horregatik komeni da, fresko erosiz gero, etxean hermetikoki bildurik izoztea eta, premia izan ahala, ebaki eta kontsumitzea.

Kimika

aldatu

Landarearen aireko atalek olio esentzial jakin bat dute: bertan atzeman dira: borneol, fentxon, geranial, geraniol, kamfeno, kanfor, 6-metil hep-5-en-on, limoneno, linalol, mentol, menton, mirtzeno, neral, nerol azetato, ozimeno, alfa-pineno, terpineol, terpinoleno, zineal, zitral, zitronelal eta zitronelol monoterpenoak, eta alfa-oxobisabolon, ​​beta-kadineno eta humuleno seskiterpenoak. Hostoetan, berriz, beta-sitosterola eta zinbopogenol, zinbopogon eta zinbopogonol triterpenoak atzeman dira.

Farmakologia

aldatu

Hainbat ikerketek erakutsi dute olio esentzialak hiru aktibitate mota dituela:

- antibiotikoa, Staphylococcus aureus, Bacillus subtilis, Escherichia coli, Pseudomonas aeruginosa edo Mycobacterium smegmatis bakterioen aurka;

- onddoen aurkakoa, Candida albicans, C. pseudotropicalis eta beste batzuen aurka;

- eta antimutagenikoa.

Hostoen ur-estraktuak eragin hipotermikoa izan zuen arratoietan, bide peritonealetik 0,05 g/kg-ko dosian administratzean. Estraktu horrek berak aktibitate antiinflamatorio eta diuretikoa erakutsi zuen arratoietan bide intragastrikoan hartutakoan, eta, gainera, hesteetako mugikortasunaren jarduera inhibitzailea saguetan bide intraperitonealetik administratzean; efektua untxiaren ileonean ere gertatu zen, hostoaren zati saponifikaezin batez, eta arratoiaren ileonean, hostoen ur-estraktu batekin.

Gizakiari dagokionez, 16 boluntario osasuntsuekin probatzean, hostoaren ur-estraktu horrek antsietate egoera eragin zien, Stroop Colour-word proba erabiliz, aho-bidez 2-10 gramoko dosian ematen zenean. Pertsona bakoitzari 4 gramoko dosia emanik, nerbio-sistema zentralean aktibitate depresiboa agertu zuen helduengan. Kapsuletan, 22 boluntariori 60 egunez, eguneko 140 mg dosian emandako olio esentzialak kolesterol-mailak apur bat jaitsi zituen.

Erreferentziak

aldatu
  1. Agirre, Edorta. «Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa 141003» calameo.com: 555-556. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).

Kanpo estekak

aldatu