Pertsona-izenordain
Pertsona-izenordaina[1] pertsona gramatikalak azaltzen dituen izenordaina da. Euskaraz, arruntak (ni, hi, zu, etab.) edo indartuak (neu / nihaur / nerau; hi / hihaur / herori; etab.) dira.[2] Sintaktikoki, izenordaina beti izen-sintagma edo adjektibo-sintagma (pertsona-izenordain posesiboen kasuan) da. Sintagma determinatzailearen azterketa onartzen bada, pertsona-izenordainak sintagma horren nukleotzat har daitezke.
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pertsona-izenordain zehaztuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenordain zehaztuek erreferente zehatza dute, eta solasean parte hartzen duten pertsonak hartzen dituzte kontuan. Lehen pertsona singularra hizketan ari dena da. Bigarren pertsona singularra lehendabizikoaren solaskidea izan ohi da. Lehen pertsona plurala, berriz, hiztuna barnean duen pertsona-multzoa da. Bigarrena, berriz, solaskidea eta beste zenbait biltzen dituen multzoari dagokio. Horregatik deitzen zaie «zehaztuak». Bi multzotan banatzen dira pertsona-izenordain zehaztuak: a) arruntak eta b) indartuak:
Pertsona | Pertsona-izenordain arruntak | Pertsona-izenordain indartuak |
---|---|---|
Singularreko 1. pertsona | NI | NEU, NIHAUR, NERAU |
Singularreko 2. pertsona | HI | HEU, HIHAUR, HERORI |
Pluraleko 1. pertsona | GU | GEU, GUHAUR, GEROK |
Singularreko 2. pertsona | ZU | ZEU, ZUHAUR, ZERORI |
Pluraleko 2. pertsona | ZUEK | ZEUEK, ZUHAUEK, ZEROK |
Laukiari erreparatuz gero, berehala ikusten da 2. pertsona singularrekotzat bi izenordain eman direla: hi eta zu. Baina hori erdiegia da. Esanahiari begira, argi dago hala direla, baina ohartu behar da aditz-jokoan zu izenordainak, gu izenordainak bezala, plural-marka eskatzen duela:
- Gu ez gaitu ikusi
esaten den bezala, hau ere esaten da:
- Zu ez zaitu ikusi.
Eta, alderantziz,
- Ni ikusi nau.
(-it- gabe) eaten den bezala,
- Hi ikusi hau.
Horrek esan nahi du antzina, euskara zaharrean, zu izenordaina 2. pertsona pluralekoa zela. Hain zuzen, zu-k singularraren balioa hartu zuenean, euskarak pluralerako izenordain berri bat sortu behar izan zuen: zuek.
Izenordain indartuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenordain indartuez bi ohar egin behar dira:
- Izenordain indartuen sailean forma bat baino gehiago ageri da, euskalkietan forma bat baino gehiago ageri baita.
- Erabilerari dagokionez, arauren bat eman behar eta, esan beharrekoa da forma indartuak galdegaiaren lekuan erabil daitezkeela.
Arruntak ere bai, jakina:
- NEU etorri nintzen lehena. ( = NI etorri nintzen lehena).
- GEURI esan zigun Pellok. ( = GURI esan zigun Pellok).
Hortaz aparte, mintzagaiaren lekuan ere ager daitezke, batez ere ere, behintzat eta horrelakoen lagun: Neuk ere esango nizuke zertxobait.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2013]
- ↑ Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa: izenordain
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |