[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Sare-neutraltasun

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sare-neutraltasuna da erabiltzaileek Interneten dituzten eskubideak bermatzea bilatzen duen printzipioa. Zentzu horretan, erabiltzaileek edozein eduki, aplikazio edota zerbitzurako atzipena izatea bilatzen du, beti ere gobernu, enpresa edo administrazioen zentsurarik gabe, baita hornitzaileen filtratze, blokeatze, birbidaltze edo faboratzerik gabe ere.

Printzipio honen arabera, nabigatzaile edota operadore batek ezin dizkio sekula sareko eduki zehatz bati trabak jarri, ezta zerbitzu bati fabore-traturik eskaini beste batzuen kalterako. Neutraltasuna babestea ezinbestekoa da Internet aske eta ireki bat lortzeko; izan ere, horren aurka joateak zerbitzu eta webgune berrien hazkuntza oztopa lezake eta aldi berean, monopolioa indartuko luke.

Era berean, sare-neutraltasuna aurkako norabidean ere errespetatu behar da. Webgune batean informazioa jartzen duen edonork ezin dio inoiz informazio horretarako sarbidea inori oztopatu, nabigatzaile, Internet-hornitzaile, sistema eragile… bat edo beste erabiltzeagatik.

Sare-neutraltasunaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarearen neutraltasunaren alde egin zuen lehenengo herrialdea Txile izan zen, 2010ean hain zuzen. Txileko telekomunikazioen idazkariordeak dekretu bat atera zuen esanez aplikazio zehatz batzuei sarbidea dohain eskaintzea sarearen neutraltasunaren legediaren aurka zihoala; hortaz, praktika hura debekatu zuen. Horrekin batera, lege hartan, erabiltzaileen Interneterako sarbidearekin lotutako beste hainbat eskubide ere babestu ziren.

Herbehereak izan ziren sarearen neutraltasuna babesteko ahaleginak egin zituzten hurrengoak. Arau bat sinatu zuten non debekatzen baitzieten telefonia mugikorren operadoreei zerbitzu zehatz batzuen gaineko tarifa gehigarririk kobratzea.

Bestetik, 2012an, Telekomunikazio Komisio Nazionalak araudi bat aurkeztu zuen Ekuadorren, edukiak ausaz faboratzearen aurka, eta handik gutxira, Brasilek berdin egin zuen. Orduz geroztik, azken urte hauetan eztabaida zabalduz joan zen hainbat herrialdetara, eta azkenean Europar Batasunak ere erabaki zuen nolabait erregulatu behar zuela sarearen neutraltasuna.

Sare-neutraltasuna Europar Batasunean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Komisioak sarearen neutraltasuna babesteko araudi bat onartu zuen 2015eko udan, eta 2016ko apirilean sartu zen indarrean. Araudi hartako testua oso anbiguoa zenez, BERECek (Europako komunikazio elektronikoen erakunde erregulatzaileak) estatu bakoitzeko erakunde erregulatzaileek legedia nola interpretatu behar duten deskribatzen duen testua kaleratu zuen uda hartan bertan. Testu hura idazteko, BERECek 480.000 ekarpen baino gehiago jaso zituen. Ekarpen horiek sarearen neutraltasunaren eztabaidan parte hartzen duten talde guztietatik jaso zituzten, hala nola kontsumitzaileen elkarteetatik, telekomunikazio-hornitzaileetatik, eduki-konpainietatik (Netflix, YouTube, …) edota telefonia mezularitzetatik.

Sare-neutraltasunari buruzko eztabaida

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sare-neutraltasunaren aurrean bi jarrera daude: batetik, horren babesa bilatzen duena, eta bestetik, babes hori ahultzen saiatzen dena.

Neutraltasuna defenditzen dutenek sarearen neutraltasunaren aldeko arauak onartu behar direla diote, erabiltzaileen eskubideak babesteko eta Internet libre, berriztatzaile, ez-diskriminatzaile eta monopoliorik gabekoa izateko. Sare-neutraltasunaren alde daudenen artean, hainbat plataforma eta erakunde daude, baita aro digitalean sortutako hainbat enpresa, hala nola Twitter, Amazon, Netflix edota Tumblr.

Beste aldean, aldiz, hornitzaileak eta telekomunikazio-konpainiak daude, horiek baitira sarearen neutraltasun-ezetik probetxu gehien ateratzen dutenak; adibidez, AT&T, Comcast edota Verizon. Halaber, eduki edo mezularitza-zerbitzu handiak ere multzo honetan sailka daitezke, WhatsApp esaterako, erabateko monopolioa finkatu nahian baitabiltza. Argudiatzen dutenez, sareen eguneratzeak eta belaunaldi berrietako zerbitzuen sustapenak oztopaturik egoten dira sare-neutraltasunaren eraginez, eta gainera, eduki eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da horiek desberdintzea. Hau da, erabiltzaile batek zerbitzu batengatik ordaintzen badu, zerbitzu horren kalitatea bermatuta izan beharko du.

Sare-neutraltasunaren atal aipagarrienak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hornitzaileek erabiltzaileei aplikazio edo aplikazio multzo zehatz batzuk erabiltzeagatik ez kobratzean datza. Honek, jakina, aplikazio batzuk ekonomikoki beste batzuk baino erakargarriagoak egiten ditu, eta itxuran erabiltzaileentzat ona izan litekeela dirudien arren, merkatu irekiaren aurka doa.

Zentzu horretan, BERECek hainbat irizpide jarri zituen eskaintza horiek telekomunikazio-merkatuan eta erabiltzaileengan duten eragina neurtzeko; baina ez du modu argi batean debekatzen. Toki bakoitzeko agintariek banan-banan ebaluatu beharko dituzte zero motako eskaintzak, bakoitzarentzako erabakia hartzeko.

Dena den, hornitzaileen jokabidea ikusita, badirudi maiz aurkeztuko dituztela hartutako erabakiok baliogabetzeko errekurtsoak. Eta errekurtsoak argitu bitartean, eskaintzak legezkoak izaten jarraituko dute hilabete edo urte batzuetan zehar. Hori dela eta, Start-Up enpresak ez dira merkatuan sartuko, lehiakortasuna lortzeko zailtasunak bultzatuta, beldurrez.

BERECek argi utzi zuen erabiltzaileen eskubideak ukatzen dituzten praktika komertzialak debekatuta daudela; hortaz, webgune guztietara sartzea baimentzen ez dituzten eskaintzak legez kanpokoak izango dira.

Erabiltzaileak hornitzaile batekin kontratu bat sinatu edota zerbitzu bat kontratatu aurretik, edozein muga edo zerbitzutarako murrizketek zein diren jakiteko eskubidea du. Hortaz, erabiltzaileak argi eta garbi jakin beharko du zer sarbide-abiadura duen Interneten, baita kargu gehigarri edota abiadura-moteltzerik izango duen.

BERECek horren alde egiten du, sare baten neutraltasuna lortzeko hornitzaileen artean konpetentzia egotea oinarrizkoa delako, eta hori lortzeko, ezinbestekoa delako eskaintzetan gardentasuna izatea, bezeroei informazio nahikoa emanez, behar izanez gero operadorez aldatzeko erraztasunak izateko.

Online trafikoaren kudeaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal hau kongestio-egoeran gertatzen den trafikoaren kudeaketan datza. BERECek jasotako dokumentuan zehazten denez, aplikazio batek ezin du jaso besteek baino fabore-tratu handiagoarik. Zentzu horretan, estatu bakoitzeko erakunde erregulatzaileen eskuetan utzi zuen ISPek sare barnean zer kongestio-kontroleko mekanismo erabiliko duten erabakia hartzeko, beti ere baliabide hau trafikoaren banaketa berdintsua lortzeko erabiltzen den bitartean.

Baina zein dira mekanismo horiek? Erakunde erregulatzaile estatalek erabaki beharko dute, eta horretaz interpretazioan dago, hain zuzen ere, eztabaida; alegia, ISPek kongestio-kontroleko hutsunea sareko trafikoa akordio komertzialen bat duten eduki-hornitzaileen alde aldatzeko erabiliko ote duten edo ez.

Sare-neutraltasuna ez betetzearen adibideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresa askok ez dute sare-neutraltasunaren printzipioa behar den moduan betetzen; batez ere, operadoreek. Three operadorea, adibidez, iragarkiak blokeatzen hasi da sare mailatik. Nahiz eta erabiltzaile batzuentzako erabaki ezin hobea izan, sare-neutraltasunaren aurkako ekintza bat da; izan ere, nahiz eta iragarkiak askotan oso gogaikarriak izan, erabiltzailearen eskubide bat da iragarki horiek ikusi edo blokeatu nahi dituen erabakitzea; horregatik, operadoreak ez luke erabaki hori hartu beharko. Batek daki horrelako aitzakiak direla-eta egunen batean haiei komeni ez zaien edukia ere blokeatzen duten edo ez.

Operadoreek sare-neutraltasuna aipatutako moduan hausteaz gain, zerbitzu batzuei lasterbideak esleituz ere hausten dute. Lasterbide horiek zerbitzu jakin batzuei beste batzuekiko abantaila ematean dautza. Movistar operadoreak, adibidez, bere enpresako streaming-zerbitzuari (Yomvi) lehentasunak ematen dizkio, eta kanpoko streaming-zerbitzuei (Netflix esaterako) trabak jartzen dizkie ordaindu ezean. Horrela, ba, operadore hori erabiltzen dutenek arazoak dituzte Netflix erabiltzerakoan; operadorearen zerbitzua erabiltzean, ordea, ez.

Azken aldian, operadoreek gero eta gehiago erabiltzen duten sare-neutraltasunaren aurka doan beste praktika bat lehen aipatutako zero ratinga da. Orange operadoreak, adibidez, tarifa jakin batean hilabetean 1 GB eskaintzeaz gain, Facebook eta Twittererako konexioak eskaintzen ditu, kontsumoan eraginik izan gabe. Hori lortzeko, enpresa horiek ordaindun egiten diote operadoreari, beste enpresekiko lehentasunak izateko. Era horretan, erabiltzaile gehienak zerbitzu horiek erabiltzera ohituko dira, beste zerbitzuekiko lehia deuseztatuz eta neutraltasuna galduz.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]