Mario Scelba
Mario Scelba (Caltagirone, Sizilia, Italia, 1901eko irailaren 5a - Erroma, Italia, 1991ko urriaren 29a) italiar politikaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Siziliako nekazari familia bateko semea zen. Apaiz-ikasketak hasi zituen, baina 1921ean bertan behera utzi zituen, politikaren munduan sartzeko. Faxismoaren aurka agertu zen, eta 1941ean Demokrazia Kristaua alderdia ezkutuan bizirik iraunarazten lagundu zuen, De Gasperiren laguntzaile gisa.
Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, De Gasperi gobernuburuak Komunikazioetarako ministro izendatu zuen 1945-1947 bitartean. 1947-1953 epean, berriz, Barne ministro zela, sindikatu eta komunisten gizarte asaldura zapaldu zuen, eta bere alderdiko ultraeskuindarren buru bihurtu zen. 1954-1955 urteetan gobernuburu kargua izan zuen, baina Siziliako mafiarekiko lotura egozten zioten alderdi ezkertiarren presioen eraginez, dimisioa aurkeztu behar izan zuen, nahiz eta salaketa horiek ezin izan ziren sekula frogatu.
Berriz ere Barne ministro izendatu zuten 1960-1962 artean, eta 1966tik 1974ra, Demokrazia Kristauko Kontseilu Nagusiko presidente izan zen. 1969-1971 epean, berriz, Europako Parlamentuko presidente kargua izan zuen bere gain, eta 1974an politikaren mundutik ia erretiraturik zegoen arren, ohorezko senatari izaten jarraitu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.