[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Luisa Berrondo Iartzabal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luisa Berrondo Iartzabal

Bizitza
JaiotzaOiartzun1916ko urriaren 16a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza2014ko uztailaren 22a (97 urte)
Hezkuntza
Heziketairakaskuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Luisa Berrondo Iartzabal, ezagunagoa Luixa maixtra deituraz, (Oiartzun, 1916ko urriaren 16a - 2014ko uztailaren 22a) maistra izan zen, emakume aitzindaria: gutxi batzuek izaten zuten ikasteko aukera aprobetxatuta, irakasletza ikasi zuen; eta, 1936ko gerrak bere ibilbide profesionala eten bazuen ere, bere eskola eraiki zuen Oiartzungo Ugaldetxo auzoan. Beste eskoletan ez bezala, neska eta mutilei batera eman zien eskola. Oiartzuar asko dira haren ikasle izanak.

Jaiotza eta haurtzaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo Ugaldetxo auzoko Zamora (Xamoa) baserrian jaioa. Aita Samuel Berrondo Roteta zuen, Zamora baserrikoa. Ama, Maria Iartzabal Zinkunegi, Oiartzungo Arraguako Igartza (Yartza) baserrikoa. Luisa sei senidetatik bigarrena zen.

Zamora baserria Oiartzunen bazegoen ere, ondo-ondoan zeukan Errenteriarekiko muga. Hori horrela izanik, Zamalbide auzoko Tolare-Berrin jaso zituen bere lehenengo eskolak. Bost urtetik seira bitarte hasten ziren eskolan. Baserri inguruko haurrek ez zituzten urte asko egiten eskolan: irakurtzen, idazten eta oinarrizko matematikak ikasi ondoren, gutxi ziren ikasketekin jarraitzen zutenak. Eta neskak, gutxiago oraindik.[1]

Luisaren osaba –aitaren anaia– apaiza zen: Luis Berrondo. Berak seme-alabak ez izaki eta bere ilobek ikasten jarrai zezaten nahi izan zuen. Hartara, ilobei ikasketak ordaintzen hasi zen. Senide ia denak ikasi zuten, ohikoa zena baino gehiago. Anai zaharrena, esaterako, seminariora joan eta apaiz egin zen. Eta Luisak ondo aprobetxatu zuen, gutxik izaten zuten aukera hau. Hori bai, ez ziren urte errazak izan.[2]

Bederatzi urterekin, Donostiara eraman zuten, barneko ikasle, Frantzia pasealekuan zegoen Teresianas ikastetxera. Erdaraz ez zekien, eta galarazia zuen euskaraz hitz egitea. Izan ere, euskaraz mintzatuz gero, eraztuna jartzen zioten; eta, eskola bukatu eta gero, zigorra. Ez zuen hitz egiten, beldur horrekin.

Amarekin joan zen lehenengo egunean, moja batek eskola erakutsi zion; eta atera zenerako, ama falta zela ikusi zuen. Negarrez egon zen egunetan. Gero ohitu zen, baina gogorra egin zitzaion: inor ezagutzen ez, eta erdaraz jakin ez. Hilean behin, etxera joateko baimena izaten zuten, baina Luisak ezin izaten zuen baserriraino joan, Donostiatik urrun zegoen, ez baitzeukan bertara joateko modurik.

Lehenengo urteetan, ikasketa orokorrak egin zituen. 11 urtetatik 12ra, batxilergo moduko bat egin zuen; eta 14 urtetik 17ra, irakasletza ikasketak.

Bitarte horretan, lehendabizi, apaiza osaba hil zitzaien; eta gero, berak 13 urte zituenean, aita. Luisaren amak jarraitu zuen seme-alaben ikasketak ordaintzen.[3]

17 urterekin irakasle titulua eskuratu zuen, eta geroztik beti lanean aritu zen. Lehenengo, etxeetara joaten zen, klase partikularrak ematera. Bere ikastetxetik ere deitu zioten, ordezkapenak egiteko. Ez zituen oposizioak egin nahi, etxetik urrun eramango zuen postua lortuko zuen beldur. Inguruan lana egiteko beste aukera Diputazioko eskoletan zegoen, baina horietan lana egiteko 21 urte eduki behar ziren eta berak oraindik ez zituen eginak.

Eskolako irakasleek animatuta, azkenean, 1936ko oposizioetara aurkeztu zen, pentsatuz inguruan posturik ateratzen ez bazitzaion, itxarongo zuela Diputazioko eskoletan lana egiteko adina bete arte. Lehenengo proba gainditu zuen, baina bigarrena egiten ari zela, Espainiako Gerra Zibila hasi zen; eta, horrekin batera, oposizioak bertan behera geratu ziren. Gerran eraginez, gainera, Diputazioko eskolak kendu egin zituzten.[3]

Lanpostu baterako aukera guztiak galduta, berriro ere eskola partikularrak ematen hasi behar izan zuen. Gerra garaian, Oiartzunen bizi ziren kanpoko jende aberatsek deitzen zioten etxeetan irakasteko. Solchaga jeneralaren etxean egon zen, haren alabari irakasten.

Solchagatarrak Iruñera joan zirenean, haiekin joateko aukera izan zuen, baina berak ez zuen nahi izan. Gerra zela eta, baserrira joateko bidea moztuta geratu zen, eta ezin izan zuen familiarekin elkartu. Noraezean geratu zen eta kaleko "Linoneko" familiari eskatu zion laguntza. Eurekin pasa zuen gerra: erreketeei alkandorak jostera derrigortuta zeuden, eta berak ere horretan aritu behar izan zuen.

Garai hartan ezagutu zuen Oiartzungo jendea eta tartean, gero bere senarra izango zena: Inazio Arbelaitz. Txipizar baserrikoa. Ezagutu eta gutxira, Inazio soldadu deitu zuten, eta elkarri idatziz jarraitu zuten harremana.[4]

Ugaldetxoko eskola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ugaldetxoko eskola. Luixa Berrondoren ikasleak. NeskaK. 1940. aldera

1940. urtean eskola jartzea erabaki zuen, Oiartzungo Ugaldetxo auzoan. Tramite zaila zen, baina On Antonio Irigoien apaizak lagundu zion. Eskola partikularra zen, baina legearen barruan jarri zuen. Garai hartan, neskek eta mutilek ezin zuten batera egon eskoletan, baina ikuskatzaileak ezagutzen zuen Luisa, bazekien irakasle titulua zuela, eta utzi egiten zion mutilak eta neskak batera izaten. Hori bai, neskentzat bakarrik eman zezakeen ikasketa ziurtagiria: mutilek Donostiara joan behar izaten zuten hura lortzera.

Hasieran, Parada izeneko etxean jarri zuen eskola. Jangela utzi zioten jabeek. Baina segidan txiki geratu zitzaion, eta Aldabe familiak lokal handiago bat alokatu zion. Udalak lagundu zion alokairuarekin.

Oiartzungo auzo guztietatik etortzen zitzaizkion ikasleak. Batez ere, baserrian eta mendian egin behar zituzten lanetarako oinarrizko ikasketak egitearren. 80 ikasleri batera irakastera iritsi zen. Garai hartan ez zeuden orain adina eskola, ez eta eskolatzeko erraztasunik ere.

1966an, Ugaldetxo auzoan eskola nazionala ireki zutenean, bere eskola ixtea erabaki zuen. 26 urte egin zituen han irakasle. Ugaldetxoko eskola eramaten zuen garaian ezkondu zen, eta hiru seme-alaba hazi zituen.[5]

Gerra garaiko oposizioen errekonozimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

49 urterekin geratu zen lanik gabe. Alaba Donostiako Asunción ikastetxean zuen, ikasle. Luisa hara joan zen batean, aipatu zuen lanik gabe zegoela, eta harako lanera deitu zioten segidan. Ikastetxe horretan 14 urte egin zituen. Gero, eskola partikularrak ematen jarraitu zuen: hiru seme-alaba baitzeuzkan ikasketak egiten.

1980an jakin zuen 1936an bigarren oposizio proba egiteko aukerarik gabe geratu ziren haiek funtzionario gisa onartzen zituztela, eta antzinatasun guztia onartu zietela. Dokumentazio pila bat aurkeztu ondoren, berak nahi zuen lekuan lan egiteko aukera eskaini zioten, eta Luisak Altzibarko eskola aukeratu zuen. 1980tik 1983 arte aritu zen han irakasle, 67 urterekin erretiratu zen arte.[3]

Baserritarrei irakasten

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra ondoren, eskola publiko gutxi zegoen. Oro har, zaila zen eskolatzea. Batetik, diru falta zelako, bestetik, baserrietan eskulan asko behar zelako, haur asko ez ziren eskolatzen, eta eskolatzen ziren haiek, ez zituzten ikasketa guztiak bukatzen.[4]

Luisak, haurren ikasketa beharrak ez ezik, gurasoenak ere ase behar izan zituen. Haurrek, eskolan pasako zituzten urte bakan haietan, ahal zuten guztia ikas zezaten ahalegindu zen. Gurasoek, batez ere, gaztelaniaz ikas zezaten nahi izaten zuten. Dotrinak ere garrantzi handia zuen garai hartan: Elizako ofizioetarako ikasi beharrekoak eskolan irakatsi behar izaten ziren. Behin irakurketa eta idazketa oinarrizkoak ikasi ondoren, matematika eta kalkuluetan jarri behar izaten zuen indarra: baserritarrek kalean saltzeko jakin behar izaten zituzten guztiak irakasten.[2]

Egurra saltzeko, adibidez, ikasleek mendian egin berria zuten egur-metaren neurriak eramaten zizkioten eskolara: luzera, zabalera eta altuera, eta berak, metro kubikotan kalkulatzen erakusten zieten, erosleari prezioa emateko. Behi esnea zenbatean saldu behar zuten kalkulatzen laguntzen zien, gero, galtzen ez ateratzeko: horretarako, behia erosten zenetik, hari jaten emateko pentsuak eta gainontzeko gastu guztiak kontutan hartzen erakusten zien ikasleei. Bera baserrian jaio eta hazi izanak lagundu egiten zion ikaslearen lekuan jartzen.

Ikasleak urrutiko auzoetatik etortzen zitzaizkion, ordubete baino gehiagoz oinez ibili eta gero. Han ez zen jolasteko denbora askorik: atsedenaldirik gabe, dena segidan egiten zuten, handik atera eta lehenbailehen baserrira itzultzeko. Goizetik arratsaldera, koxkorrekin aritzen zen; eta gero, ilunabarrean, nagusiagoekin, haiek lanetik etortzen zitzaizkienean.[3]

Beti irakasten

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia egun osoa ematen zuen, beraz, eskolan lanean. Amaginarrebak lagundu zion seme-alaben zainketan. Erretiratu zenean, ordea, bereak ezin izan zituela hazi, eta bilobak zaintzen aritu zen: zaintzen eta irakasten. Alabak irakasletza aukeratu zuenean, asko poztu zen.

Ikasleekin gogorra izatea egokitu zitzaion. Batetik, gurasoek haurrei gogor egitea eskatzen ziotelako; eta, bestetik, 80 ikaslerekin berak bakarrik moldatu behar zuelako. 1988ko urriaren 2an bere ikasle ohiek omenaldian egin zioten. Denei eskertzearekin batera, barkamena eskatu zien hain gogorra izateagatik. Era berean, ikasle haiek aurrera atera zirela jakiteak asko pozten zuen. Hau irakurri zuen bere omenaldian:

« Denbora ayetako nexka mutillak gaur gazte liraiñ, sasoiko gizon ta emakume ta errespetoko senar emazte ta guraso zerate. Poz aundiyakin gogoratzen zaittuztet nere ikasle izandako denak eta egunero erregutzen diyot zuen alde Jaungoikuari. Eskatzen diyot eskolan ikasitako bide zuzen eta onetik jarrai dezazutela beti aurrera. »

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Berrondo Iartzabal, Luixa (1916 - 2014)» Oiartzuarren Baitan (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
  2. a b «Berrondo Iartzabal, Luixa - Ahotsak.eus» Ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
  3. a b c d Sanzberro-Ugaldebere. (2004). «Maria Luisa Berrondo, Ugaldetxoko maistra» Oiartzun 2004 (Oiartzun: Oiartzungo udala) 34: 10-19. SS-531/77.
  4. a b (Ingelesez) «2011 emakumeen baitan oiartzungo historia zati bat emakumeek kontatuta by Oiartzungo Udala» Issuu.com 2015-10-17 (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
  5. (Ingelesez) «Oiartzun 2017 urtekaria by Oiartzungo Udala» Issuu.com 2017-09-18 (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]