Lipogenesi
Lipogenesia lipidoen sintesia ahalbidetzen duen prozesu metabolikoari deritzo. Prozesu anaboliko honen bidez gantz-azidoak eta glizerola sortzen dira, bat egiterakoan lipidoak osatzen dituztenak.
Ugaztunengan, lipogenesia zelularen zitoplasman burutzen da (batez ere gibelean, gantz ehunetan eta ugatz-guruinetan). Lipidoen katabolismoa eta beta oxidazioa, aldiz, mitokondrioetan osatzen dira.
Animaliengan gantzak edo lipidoak kanpotik hartzen dira, dietaren bidez. Hala ere, lipidoak ere gluzidoetatik sor daitezke: jakina da abeltzaintzan animalia asko gizentzen direla gluzido ugari ematean, hauek gantzak baino merkeagoak direlako (patatak, ezkurrak, zerealak...). Gluzido horiek gantzak bihurtzen dira, animalien loditzea eraginez.
Dietaren bidez hartutako glukosa hiru bide hauetatik doa:
- %50a katabolizatzen da, CO2 , H2O eta energia emanez
- %5a glukogeno bihurtzen da
- %45a gantzak bihurtzen da
Gantzak sortzeko glizerola eta gantz-azidoak sortu behar dira lehenik:
- glizerola glizeraldehido-3-fosfato molekulatik sintetizatzen da. Molekula hori glukosatik eratorria da, glukolisiaren metabolito bat baita.
- gantz-azidoak azetil-CoAtik sintetizatzen dira. Azetil-CoA hori ere glukosaren katabolismoan sortzen da. Molekula horretatik gantz-azidoak sortzen dira beta oxidazioaren alderantzizko prozesu baten bidez.
Lipogenesia hormona batzuen kontrolpean dago. Intsulinak, esaterako, lipogenesia bultzatzen du. Adrenalinak eta glukagoiak, aldiz, inhibitu egiten dute.