[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Jesus Galindez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jesus Galindez
Bizitza
JaiotzaMadril1915eko urriaren 12a
Herrialdea Espainia
HeriotzaSanto Domingo1956ko abuztuaren 30a (40 urte)
Heriotza moduagiza hilketa
Hezkuntza
HeziketaColumbia Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, politikaria, espioia eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)Columbia Unibertsitatea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Jesus Galindez Suarez (Madril, Espainia, 1915eko urriaren 12Santo Domingo?, 1956ko martxoaren 12an desagertua) zuzenbide-irakaslea, idazlea, politikaria, diplomazialaria eta espioia izan zen. EAJko kidea, Eusko Jaurlaritzaren Estatu Batuetako ordezkaria, eta Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen kolaboratzailea.

Jesus Galindezen aita, Jesus Galindez Ribero, Amurrion (Araba) jaioa zen, eta Madrilen mediku okulista ari zen lanean; ama, Maria Suarez Erromarate, Madrilgoa zen.[1] Madrilen jaio zen Jesus Galindez Suarez, eta handik 11 egunera hil zitzaion ama. Beraz, Jesus Amurrion hazi zen, Larrabeobe baserrian, aitona-amonekin, eta aitak Madrilen lan egiten jarraitu zuen. Gero, Jesus ere Madrila joan zen ikasketak egitera, josulagunetan; ondoren, hiriburu hartan zuzenbideko goi-ikasketak egin zituen, eta 1936ko ekainaren 20an graduatu zen Universidad Central delakoan, gaurko Complutense Unibertsitatean. Doktoretza tesia, El Caserio Vasco izan behar zuena, bertan behera gelditu zen. Euskal Herritik urrun izanagatik, sorterriarekiko zaletasuna garai hartan piztu zitzaion.

1932an EAJ alderdiko bazkide egin zen. Euzko Ikasle Batzan parte hartu zuen, orduan ere. 1936an zuzenbideko ikasketak bukatu zituen, Euskal Herriko baserriari buruzko tesia eginda.

Espainiako Gerra Zibila piztuta, 1937ko maiatzean, Manuel Irujo jeltzalea Espainiako Justiziako ministro izendatu zuten, eta hainbat hilabetez Jesus Galindez Presondegietako buru aritu zen. 1937ko irailean Aragoiko frontean borrokatzen ari zen Eusko Brigadan sartu zen, eta teniente maila erdietsi. Kataluniako frontean borrokatu zen gero; eta, gerra galtzean, 1939ko otsailaren 19an, Ipar Kataluniara igaro zen Errepublikako soldaduekin batera, eta handik Bordelera. Frantsesek preso hartu zuten, eta Verneteko errefuxiatu eremuan sartu; hantxe eman zituen zortzi hilabete, ihes egin zuen arte. Landetan, euskal herritar apaiz batek aterpetu zuen bere etxean. Dominikar Errepublikako diplomazialariekin harremanetan jarri zen; eta, Bigarren Mundu Gerra piztu berria zela, errepublika hartara erbesteratu zen.[1]

1940-1946 urte bitartean Dominikar Errepublikako Santo Domingon bizi izan zen erbesteratuta, eta han Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria eta Zuzenbideko irakaslea izan zen. Eusko Jaurlaritzak horrela eskaturik, Galindez espioitzan aritu zen FBIarentzat, Domimikar Errepublikan ziren agente pronazien eta espainiar falangisten berri ematen; bai eta espainiar komunista erbesteratuen berri ere, nahiz eta azken lan hori gogoz kontra egiten zuen.[1][2] Estatubatuar gobernuaren agenteek eusko abertzaletasunaren kausaren alde egiteko hitza emana zuten, eta horretan sinetsirik, eusko abertzale asko estatubatuarrentzat espioi aritu ziren luzaroan.[1]

1946an New Yorkera bizitzera joan zen. Filosofia ikasketak egin zituen Columbiako Unibertsitatean. Bertako irakaslea izatera ailegatu zen. New Yorken zelarik, Dominikar Errepublikako erregimenaren aurkako kritika gogorrak idatzi zituen La era de Trujillo liburuan.[3]

1956ko martxoaren 12an New Yorkeko metroan desagertu zen, eta oraindik ez da argitu zer gertatu zitzaion. Ustez, Santo Domingora hegazkinez eraman zuten, eta han torturatu ondoren erail, Rafael Trujillo diktadoreak aginduta.[4]

Columbia Unibertsitateak Filosofiako honoris causa in absentia doktore izendatu zuen.[5]

  • Jesus Galindez kalea (Begoña, Bilbao)
    La Tierra de Ayala y su Fuero (1932)
  • La aportación vasca al derecho internacional (1942)
  • Euzkadi, el país de los vascos dinámicos
  • Iberoamérica, Su evolución política, socio-económica, cultural e internacional
  • Cinco leyendas del trópico (1944)
  • El derecho vasco. Buenos Aires: Ekin, 1947.
  • Los vascos en el Madrid sitiado (1951)
  • La era de Trujillo: un estudio casuístico de dictadura hispanoamericana (bere doktore-tesia, 1956an onartua)
  • Artículos políticos (1943-1956). Iñaki Anasagatik prestatutako edizioa. Bilbo: Alderdi Argitaldaria, 1985.
  • Artículos históricos. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1987.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Pedro Basaldua: Jesús de Galíndez. El delegado vasco víctima de Trujillo. Bilbo: Ereintza, 1981.
  • Iñaki Torre Fika: "Jesús de Galíndez: entre la historia y la ficción". X. Apaolaza, J.A. Ascunce eta Iratxe Momoitio: 60 años después. Euskal Erbestearen Kultura, II.tomoa. Donostia: Saturraran, 2000, 115-124. ISBN 84-931339-2-2.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]