Itoizko urtegia
- Artikulu hau urtegiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Itoitz».
Itoizko urtegia | |
---|---|
Mota | urtegi |
Bolumena | 418 hm³ |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°48′40″N 1°22′06″W / 42.81103801°N 1.36833263°W |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Hidrografia | |
Betebidea | ikusi
|
Hustubidea | Irati |
Arro hidrografikoa | Ebroren arro hidrografikoa |
Itoizko urtegia Nafarroa Garaiko Artzibar eta Longida ibarretan, Agoiztik hurbil, Urrobi eta Irati ibaietako urak biltzeko eraiki den urtegia da. Izena bere gain hartu duen herri bati zor zaio. Luzera 125 m eta zabalera 600 m ditu. Hori dela eta Nafarroan dagoen urtegirik handiena da. Urtegiaren ezinbesteko osagarri da ura bertatik Nafarroako Foru Erkidegoko nekazaritza lur lehorretara eramateko Nafarroako ubidea, eraikitze lanetan dena. Azken urteotan Euskal Herrian liskar gehien sortu duen azpiegituretako bat da Itoizko urtegia, ingurumenaren aldeko talde guztiak bat etorri baitira horren eragin kaltegarria eta arriskuak nabarmentzean. Aurkako ekintza ugari eragiteaz gain, prozedura judizial nahasietan korapilatu da hainbat urtez urtegiaren ingurukoa.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtegiaren helburuak betetzeko, Nafarroako ubidea ere eraiki behar izan zen. Horrela, 177 km dituen azpiegitura horrek ura Nafarroako hegoaldera eraman ahalko du.
Urtegiaren eta ubidearen gaineko eskumenak Ebroko Ur Konfederazioak ditu, Espainiako Eraikuntza Publika eta Hirigintza Ministerioaren azpian, nahiz eta legearen aldetik nortasun bereiziko erakundea izan.
Itoizko urtegiaren helburuak hauek dira:
- Irati ibaiaren emaria (2,3 m3 / s) kontrolpean edukitzea.
- Industrialdeak urez hornitzea (650 ha eta 10 Hm3 / urte).
- Eremu urbanizatuak urez hornitzea (50 Hm3 / urte, Nafarroako biztanleen % 70entzat)
- Nekazaritza lurrak urez hornitzea, haien uzta aldatzeko (340 Hm3 / urte, eta 57.713 ha)
Eraikitzeko proiektuaren historia gorabeheratsua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtegiaren aurreproiektua 1985eko maiatzean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, eta handik gutxira sortu zen urtegiaren aurkako borrokan aitzindari eta eragile nagusi den Itoizko Koordinakundea. Aurreproiektua aurkeztu zenetik egitasmoaren ezaugarriren batzuk aldatu badira ere, funtsezkoek hasierakoan diraute. Proiektuak bi osagarri nagusi ditu, Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea. Urtegiari dagokionez, Agoiztik Nagorera doan lepoan eraiki zuten, Itoizko lepoan. Urek estali zituzten hainbat herri (horietako lau, Itoiz barne, bizilagunak zituztenak) eta hiru naturagune babestu (saien bizileku diren Iñarbe, Gaztelu eta Txintxurreneko arroilak, hain zuzen).
Proiektuak 590 metroko kuota gorena aurreikusten bazuen ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten arabera 510 metrora mugatu zen hori, naturagune babestuak gutxiago kaltetzeko. Presak, berriz, 135 metroko garaiera du, horietako 122 agerian, eta 525 metroko zabalera. 30.000 milioitik gorako kostua izan du, Espainiako Sustapen Ministerioak ordainduak. Urtegian bilduko den ura Nafarroako ubideak eramango du hegoaldeko nekazaritza lurretara, eta jarduera industrialak kokatzeko abagunea ere eskainiko du. Ubideak 177 kilometro ditu guztira. Ia 60.000 hektarea ureztatzeko adina ur eramango omen du, Nafarroako 350.000 lagun urez hornituz. Hamabost urtean ordaintzekoak diren 1.200 milioi euroren aurrekontua du, baina dagoeneko gertatu dira gehikuntzak aurrekontu horretan, eta ikusteke dago azken kostua zein izango den.
Urtegiaren proiektu teknikoa 1990ean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, aurreproiektua aurkeztu eta bost urtera, eta ingurumenean izango zuen eraginari buruzko ikerketarik egin gabe. Urtegiaren aurkako errekurtsoa 1991ko urtarrilean aurkeztu zuen Koordinakundeak Auzitegi Nazionalean, eta handik urte eta erdira Europar Batasunean. Urtegiko lanak 1993ko maiatzean hasi ziren, eta 1995ean Nafarroako ubideari zegozkionak. Artean, atzera bota zuen 1994an Europar Batasunak Koordinakundearen kexua. 1995eko irailean Auzitegi Nazionalak urtegia legez kanpokoa zela esan zuen, sententzia batean. Epaiaren arabera, ez zuen justifikaziorik ezta egitasmoa babesten zuen plan hidrologikoak ere, eta hiru naturagune babestu urez estaltzen zituen. Egun gutxira jo zuten epaiaren kontra urtegiaren aldekoek, eta lanak geldiaraztekotan fidantza ezar zedila eskatu zuten. Hala egin zuen Auzitegi Nazionalak, eta 145 milioi euroko bermea eskatu zien urtegiaren aurkako errekurtsoa jarri zutenei 1996ko urtarrilean. Une berean, Itoizko urtegia bere osotasunean betetzea ahalbidetzen zuen Naturaguneak Babesteko Lege berria onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Lege hori epaia saihesteko trikimailua zelakoan, bi hilabeteren buruan Auzitegi Nazionalak legearen konstituzionaltasunari buruzko iritzia eman zezan eskatu zion Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Horrez gain, 78 milioi eurotara murriztu zuen fidantza, eta debekatu egin zuen urtegia betetzen hastea.
Auzitegi Gorenak, bestalde, interpretazio ugari izan dituen sententzia eman zuen 1997ko uztailean. Sententzia hark, nolanahi, asko murriztu zuen urtegiak har zezakeen ur kopurua inguruko naturaguneak babestearren.
2000ko urtarrilean, Auzitegi Konstituzionalak Naturaguneak Babesteko Legearen gaineko epaia eman gabe zeukanez, gelditu egin zituen lanak Nafarroako Gobernuak. Azkenik, 2000ko martxoan, konstituzionaltzat jo zuen Auzitegi Konstituzionalak Itoizko urtegia ureztatzea ahalbidetzen zuen Nafarroako legea. Itoizko Koordinakundeak epaia Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztuzko zuela iragarri zuen, eta borroka judiziala luzatu.
Bitartean, urtegiaren arriskuen inguruko txosten eta azterketa kezkagarriak plazaratu ziren, eta presaren aurkako mugimenduak ekintza ugari bideratu zituen. Itoitzekiko Elkartasun Taldeak nazioarteko foro askotara eraman zuen bere kanpaina, nahiz eta ekintzarik deigarriena 1996ko apirilean egin zuten sabotajea izan. Orduko hartan, porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten presaren inguruan, eta eragindako kalteen ondorioz bederatzi hilabetez egon ziren lanak geldirik. Nafarroako Probintzia Auzitegiak lau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien ekintza hura egin zuten Elkartasun Taldeko zazpi kideei, eta 1999an sententzia berretsi zuen errekurtso gehiagorako bideak itxita, Auzitegi Gorenak.
Protestak protesta urtegia eraiki zen eta ubidea egiten ari dira, lehenengo fasea amaituta. Urtegia betetzeko prozesuarekin batera gero eta lurrikara gehiago sumatu dira Nafarroako ekialde osoan, 2004ko Lizoaingo lurrikara esaterako. Aditu batzuek kontuz ibiltzeko gomendioa eman arren, Espainiako Ingurumen Ministerioak urtegia betetzearen eta lurrikaren artean erlaziorik ez zegoela zioen txostena kaleratu zuen.
Kritikak eta protestak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liskar ugari sortu zen, urtegiaren eraikuntzak hiru natura-erreserben (Iñarbe, Gaztelu eta Txintxurrenea) zein Europar Batasunak izendatutako bi Hegaztien Babes Bereziko Zonalderen gainean eragin kaltegarria izan zuelako.
Gainera, urari emango zitzaizkion erabilerak ez ziren aski izan aipatutako gune naturalak eta zenbait herri urpean uztea justifikatzeko. Urtegiaren eraikuntza eteteko beste argudio bat ezkerreko malda ezegonkorra izan da. Izan ere, zenbait adituren ustez, urtegiko ezkerreko malda ez da oso egonkorra, eta zalantzan jartzen dute urtegia betetzekotan uraren pisua jasango ote duen. Kritika horietaz baliatuta, Itoizko Koordinakundea osatu zen urtegiaren eraikuntza eten zedin.
Itoitzekiko Elkartasun Taldeak, bere aldetik, obren aurkako protestaldi eta ekintza zuzen baina armarik gabekoak eraman zituen aurrera. Haien artean sonatuena izan zen uharka altxatzeko materiala garraiatzeko erabiltzen ziren kableak moztea.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- Itoitzekiko Elkartasun Taldearen webgunea
- Edurne Elizondo: Itoitz: porlanezko gezurra[Betiko hautsitako esteka]. Txalaparta, 2004. ISBN 84-8136-370-7.
Euskal Herriko urtegi eta aintzirak | ||
---|---|---|
Allotz • Aixola • Albina • Añarbe • Araotz • Arriaran • Arritzulegi (Mendaur) • Arrokes • Artaxoa • Artikutza • Barañain • Barrendiola • Domiko • Elo • Endara • Esa • Eugi • Ezkoritz • Ibai-Eder • Ibiur • Irabia • Itoitz • Lareo • Leurtza • Lor • Mairaga • Marion • Maroño • Muriskot • Oleta • Ordunte • Pitillas • Mendillorri • Salburua • Sarriguren • Senpere • Sobron • Urdalur • Uribarri Ganboa • Urkulu • Urrunaga • Urtatza • Xiberta • Xoldokogaina |