Hitz gurutzatuak
Hitz gurutzatuak hitz batzuk laukitxo batzuetan bertikalki edo horizontalki jartzean datzan denborapasa bat da. Hitzak letrak batean gurutzatzen dira.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1913ko abenduaren 21ean, Arthur Wynne kazetari ingelesak Word-cross izeneko joko berria argitaratu zuen New York World egunkarian. Wynnek berak aitortu zuenez, aitonak txikitan erakutsitako “lauki magikoak” izeneko jokoan oinarritu zen, denbora-pasa berria asmatzeko[1].
Lehenago ere antzeko jokoak ezagunak ziren. St. Nicholas haurrentzako aldizkariak hitzak laukietan idazteko jokoak argitaratu zituen 1873an. Eta 1890ean, Il Secolo Illustrato della Domenica aldizkarirako, Giusseppe Airoldik Per Passare il Tempo jokoa prestatu zuen: lehenengoz, hitz-jokoak definizio bertikalak eta horizontalak elkarrekin gurutzatzen zituen. Baina joko sinple eta mugatua zen, lau hitz bertikal zituen eta beste lau horizontal, eta jakina, hitz guztiak luzera berekoak ziren, lau letrakoak[1].
Hitz gurutzatuen sukarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wynnek, 1913ko Santo Tomas egunean, jokoaren arrakastan funtsezko eragina izan zuen elementua erantsi zuen: hitzak bereizteko hutsuneak. Lauki hutsei esker, edozein luzeratako hitzak sar zitezkeen, eta jokoa nahi adina zabaldu. New York World Wynnen hitz gurutzatuak astero argitaratzen hasi zen, eta beste egunkari batzuek bide hari heldu zioten urte gutxian. Boston Globe, esaterako, 1917an hasi zen irakurleei hitz gurutzatuak eskaintzen. Baina fenomenoak 1920ko hamarkadan egin zuen eztanda. 1921ean New Yorkeko Liburutegi Publikoko arduradunak kexu ziren “hitz gurutzatuen eroaldiak liburutegiak jo” zituelako. Haien esanetan, moda berriaren zaleek liburutegiko hiztegi eta entziklopediak monopolizatu eta liburuen “egiazko” erabiltzaileak uxatzen zituzten[1].
1924an Simon and Schuster argitaletxeak lehen hitz gurutzatu liburua argitaratu zuen. Arrakasta areagotu egin zen. Paradoxikoki, gaur egun hitz gurutzatuengatik ospetsua izan arren, The New York Times jokoaren aurkako gurutzadaren lehen lerroan zegoen. 1924an bertan, jarduerak “garapen mentalean inolako eraginik ez” zuela zioen egunkariak. Hurrengo urtean zera adierazi zuen: “Zorionez, hitz gurutzatuak onuragarriak ala kaltegarriak direneko galderak ez du erantzunik behar. Eroaldia azkar itzaltzen ari da, eta hilabete gutxian erabat ahaztuta egongo da”. Hilabete gutxi horiek joan ziren, baita urteak ere, eta 1929an moda erabat desagertu zela argitaratu arren, Wynneren jokoak aurrera egin zuen. The New York Timesen setakeriak 1942ra arte iraun zuen. Orduan hasi ziren oraindik munduko hitz gurutzatu prestigiodunenetakoak –eta zailenetakoak– direnak argitaratzen[1].
Ordurako Robert Stilgenbauer hasia zen inoizko hitz gurutzatu zabalenak prestatzen. Hamar urteko lana 1949an argitaratu zuen, eta 125.000 kopia saldu. 3.185 definizio bertikal eta beste 3.149 horizontal ditu, eta gaur arte ez du inork osatu[1].
-
Taula amerikarra
-
Taula ingelesa
-
Taula japoniarra
-
Taula hebreeraz
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz)Hitz gurutzatuak on line