Kilimanjaro
Kilimanjaro | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Kibo |
Garaiera | 5.895 m |
Prominentzia | 5.895 m |
Mota | mendigune, turismo-atrakzioa eta dormant volcano (en) |
Geografia | |
Koordenatuak | 3°04′00″S 37°21′33″E / 3.0667°S 37.3592°E |
Honen parte da | Rift Haran Handia Zazpi Gailurrak Volcanic Seven Summits (en) Highest mountain peaks of Africa (en) ultra-prominent peak (en) Seven Third Summits (en) |
Mendikatea | East African mountains (en) |
Herrialdea | Tanzania |
Tanzaniako eskualde | Kilimanjaro Region |
Babestutako-eremua | Kilimanjaro Parke Nazionala |
Leku geografikoa | Rift Haran Handia |
Geologia | |
Material nagusia | Riolita |
Garaia | Pliozeno |
Kilimanjaro[1] mendia izen bereko parke nazionalean kokatzen da, Tanzanian, 5.895 metroko altuera du, eta Afrikako gailurrik altuena eta munduko sumendirik altuenetako bat da.
Hiru krater dituen estratu-sumendia da, eta elur iraunkorrak ditu, bere gailurrean dagoen glaziarraren ondorioz. Azken urteotan, kezka handia sortu du glaziarraren lodierak eta hedadurak jasan duen murrizketak, klima-aldaketa dela eta.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izena enigma bat da oraindik. Swahiliko kilima (mendixka) eta njaro (hotzaren deabrua) hitzetatik etor daiteke, baita njaros (karabanak) esamoldetik ere, Zanzibarreko arabiarren esklabo konboien aipuz. Izan ere, horiek, garai batean, Kilimanjaro inguruan geldialdia egiteko ohitura zuten. Beste batzuen ustez, njare (ur iturria) hitza dago jatorrian. Masaiek Ngage Ngai (jainkoaren egoitza) deitzen dute.
Chaggek ez diote inoiz izenik eman mendi honi.[2] Sumendi zuri handia bakarrik bereizten dute, Kibo (itxaropena) izenez; zorionaren eta betikotasunaren ikurra da, ekialdean dagoen Mawenzi (5.149 m) gailur beltza gaitzarekin lotzen duten bitartean. Mendebaldean dagoen Shira gailurrak 3.962 metro besterik ez ditu. Gailur nagusia, Kibo, 2.500 metro diametroko galdara da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen aurretik, kronika bitxi batzuek —hala nola Ptolomeo egiptoar geografoarenak— esaten digute Afrikaren hegoaldean «mendi zuri» bat dagoela. 1845ean, William Cooley britainiar geografoak esaten digu Afrika Ekialdeko mendirik ezagunena, Kilimanjara, arroka gorriz estalita dagoela.
1848ko maiatzean, misiolari batek, Joseph Rebmannek, chagga lurraldea aztertzen du, eta mendira gerturatzen da: «Goizeko 10ak aldera, mendi handi baten gailurrean zerbait zuria ikusi nuen, eta lainoak zirela uste izan nuen, baina nire gidariak hotza zela esan zidan, orduan ezagutu nuen atsegin handiz europarrok elur izenez ezagutzen dugun adiskide zaharra».
Aurkikuntza hura, 1849ko apirilean Church Missionary Intelligencer-en kontatua, Londresen eztabaidatu zen.
Gaur egungo Kilimanjaro
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kilimanjaro Kilimanjaro National Park deritzonak babestua dago.
Gailurreko glaziarrak urtzen ari dira, eta, 1900ean, 12 km² bazituzten ere, gaur egun ez dituzte 2 km² besterik estaltzen. Erritmo honekin jarraituz gero, 2020 ingururako desagertuko dira. Berotze globala ez da aski fenomeno hau azaltzeko, baliteke arrazoietako bat aktibitate bolkanikoaren berraktibazio motela izatea, fumarolen bidez ikus daitekeena.
Igoera, teknikoki, erraza da, baina luzea eta nekeza, hotzaren eta altueraren ondorioz. Biderik arruntena, Marangu izenekoa da. Honez gain, Machame, Mweka eta Shira bideak ere badaude. Urtero, 20.000 pertsona inguru saiatzen da gailurrera iristen. Kopuru hau Tanzaniako agintariek kontrolatzen dute. Parkean sartzeko, 500 $ inguru ordaindu behar da.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mapa topografikoak, Tanzania (ezkerrean), Kilimanjaro eta Meru mendia (eskuinean). |
Rift haranaren ekialdeko ertzean egoteagatik, Kilimanjaro mendia, Pleistozeno garaian aktibitate handia izan zuena, ez dago afrikar lautadan guztiz isolatua, ekialdetik hego-ekialdera hedatzen den ardatz batean kokatutako beste hiru kono bolkanikoz inguratua baizik. Hauetariko zaharrena mendebaldean dagoen Shira (3.962 m) da, Mawenzi (5.149 m) ekialdean dago, eta bien tartean, Kibo, berriena, oraindik aktibitatea duena, fumarola moduan. Mawenzi eta Kibo artean, 3.600 ha inguruko lautada bat dago, «aulkia» izenez ezagutua (the Saddle, ingelesez). Afrikako altuerako tundra eskualderik handiena da.
Kilimanjaro mendia Tanzaniako ipar-ekialdean dago, 5.891,8 m altu delarik 2008an GPS kokapenaz eta grabimetriaz egindako neurketen arabera, eta 1952an ekipo britainiar batek lortutako 5.895 m-ak ordezten ditu[3][4]. 1889az geroztik, hainbat neurketa egin zaizkio haren altitudeari (emaitzen aldeak ehun metroraino iristen zirelarik)[5], eta horrek Afrikako punturik garaiena egiten du; beraz, «Zazpi Gailurrak» deritzenen parte da. Tanzania eta Kenyaren arteko mugatik gertu dago, mendiaren ipar eta ekialdeko isurialdeen oinetik igarotzen baita. Inguratzen duen sabanatik agertzen da, bakartua, 4.800 eta 5.200 m arteko desnibelarekin nabarmenduz; horrek munduko mendi isolatu altuena bihurtzen du[6][7]. 388.500 ha-ko azalera hartzen du[8].
Mendia forma obaleko sumendi-konplexua da, 70 km ipar-mendebaldetik hego-ekialdera eta 50 km-ko ipar-ekialdetik hego-mendebaldera duena eta ekuatoretik 340 km-ra dagoena[9]. Meru mendia 75 km hego-mendebaldera dago, eta Kenya mendia, Afrikako bigarren gailurrik altuena, 300 km iparralderago. Hurbilen dagoen hiria, Moshi, Tanzanian dago, mendiaren hegoaldean, eta hura igotzeko abiapuntu nagusia da. 1971tik dago martxan Kilimanjaroko Nazioarteko Aireportua, gailurretik berrogeita hamar kilometro hego-mendebaldera, eta eskualde osoa eta parkeak lotzen ditu. Dodoma hiriburua eta Dar es Salaam 380 km hego-mendebaldera eta 450 km hego-ekialdera daude, hurrenez hurren, eta Nairobi, Kenyan, 200 km ipar-mendebaldera dago. Indiako ozeanoaren kostaldea 270 km ekialdera dago (nahiz eta distantzia handia izan, gailurretik ozeanoa ikus daiteke baldintza klimatiko onekin)[10].
Administratiboki, mendia Kilimanjaro eskualdearen parte da, Hai, Moshi Rural eta Rombo barrutien artean, non punturik garaiena eta mendiaren zatirik handiena aurkitzen den. Kilimanjaro parke nazionalean sartuta dago osorik.
Topografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kilimanjaro kono formadun geruza-sumendia da. Hiru gailur ditu, eta horietako bi sumendi itzaliak dira: Shira, mendebaldean, 3.962 m altu dena, eta Mawenzi, ekialdean, 5.149 m altu, eta erdian, Kibo, atsedenean dagoen sumendia, 5.891,8 m altu.
Kibo gailurrean, galdara eliptiko bat dago, 2,4 km luze eta 3,6 km zabal, eta Reusch krater izeneko krater bat, 900 m diametrokoa. Haren erdian, errauts-kono bat dago, 200 m diametrokoa, Ash Pit izenekoa[6][11]. Gailur nagusiak, kanpoko kraterraren hegoaldeko ertzean dagoenak, Uhuru gailurra du izen; Kiboren beste puntu aipagarri batzuk hauek dira: Barruko konoa, 5.835 m altu; Hans Meyer puntua; Gilman puntua; Leopardo puntua, eta Yohanas arrakala, horrela bataiatua mendiko lehen igoeran lagundu zuen gidariaren omenez. Gailurraren hego-mendebaldean, duela 100.000 urte inguru, luizi handi batek mendebaldeko irekidura (Western Breach) eragin zuen, Amildegi harana (Barranco Valley) menperatzen duena[12].
Batzuetan, Mawenzi Afrikako hirugarren gailurrik altuentzat jotzen da, Kenya mendiaren ostean[11]. Oso higatuta dago, eta, gaur egun, dike baten itxura du, non Hans Meyer, Purtscheller, Hego eta Nordecke gailurrak nabarmentzen diren. Oinarrian, hainbat amildegi abiatzen dira ekialderantz, batez ere Amildegi Handia (Great Barranco) eta Amildegi Txikia (Lesser Barranco). The Saddle Mawenzi eta Kibo artean dagoen 3.600 ha-ko lautada bat da[13].
Shira, non Johnsell puntua nabarmentzen den, erdi-krater desitxuratu batez osatuta dago, hegoaldeko eta mendebaldeko ertzak baino ez gelditzen ez direnak. Ipar-ekialdean, 6.200 ha inguruan, mendiak plaka formako azalera aurkezten du. 250 kono-satelite inguru daude hiru gailur horien bi aldeetan, ipar-mendebalde/hego-ekialde ardatz batean.
Hidrologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kilimanjaroren kasko glaziarra Kibon dago; 2003an, bi km2-ko azalera zuen. Honako hauek osatzen dute: Furtwängler glaziarra gailurrean, Drygalski, Great Penck, Little Penck, Pengalski, Lörtscher Notch eta Credner glaziarrak ipar izotz eremuan (ingelesez Northern Icefield); Amildegi (edo Little eta Big Breach), Arrow, eta Uhlig glaziarrak mendebaldean; Balletto, Diamond, Heim, Kersten, Decken, Rebmann eta Ratzel glaziarrak hego izotz eremuan (Southern Icefield), eta, azkenik, ekialdeko izotz eremua (Eastern Icefield). Euriteen eta eguzkiaren aldakortasun geografikoak azaltzen du izotz-eremuen arteko tamaina-desberdintasuna[14].
Kasko glaziar hori argi ikusten zen garai batean, baina izugarri murrizten ari da[15]. 12,1 km2-ko azalera zuen 1912an; 6,7 km2-koa 1953an; 4,2 km2-koa 1976an, eta 3,3 km2-koa 1996an. XX. mendean, gainazalaren % 82 galdu zuen[14]; batez beste, hamazazpi metroko lodiera 1962tik 2000ra bitartean[16]. Gero eta ahulagoa da, eta, gaur egungo baldintza klimatologikoek jarraituz gero, hemendik 2020ra erabat desagertuko dela kalkulatzen da, NASAko adituen eta Lonnie Thompson paleoklimatologoaren arabera (Ohioko Estatuko Unibertsitateko irakaslea)[17][18], edo 2040ra, Innsbruckeko Unibertsitateko Austriako zientzia-talde baten arabera[19], edo 2050era arte, Kaliforniako Zientzia Akademiaren arabera. Zenbait isurialdetako izotzek urte batzuk gehiago iraun lezakete, tokiko baldintza klimatiko desberdinen ondorioz[19]. Egungo egoera, orain dela 11.000 urte zegoenaren parekoa izango litzateke, zenbait izotz guneren erauzketen emaitzen arabera[16].
Kasko glaziarra, gutxi gorabehera, 1850etik gutxitzen ari da prezipitazioen jaitsiera naturalaren ondorioz, 150 mm inguru, baina joera hori nabarmen bizkortu da XX. mendean. Gaur egungo klima-berotzea aipatzen da, oro har, desagertze azkar horren arrazoi gisa[20], eta izotz-geruzaren egungo gainbehera larria bereziki nabarmena dela adierazten da, kontuan izanik gutxienez 11.000 urtez iraun zuela eta 300 urte baino gehiago iraun zuen lehorte luze baten ondoren, duela 4.000 urte inguru, bizirik iraun zuela[17][16]. Hala, Lyamungu-n, batez besteko tenperatura, eguneko, 3 °C igo da azken hogeita hamar urteotan, 1.230 m altueran hegoaldeko isurialdean23= [21]. Hala ere, glaziarrak dauden altueran, tenperaturak 0 °C-tik behera jarraitzen du etengabe, eta, horregatik, Innsbruckeko Unibertsitateko Georg Kaserrek eta Washingtongo Unibertsitateko Philip Motek adierazi zuten glaziarraren atzerakada indartsua batez ere prezipitazioen jaitsierak eragin zuela[22][23]. Horri gehitu beharko litzaioke baso-soiltzearen ondorioz gertatutako tokiko bilakaera, zeinak baso-landare estalkiaren murriztea eta inguruneko hezetasuna gutxitzea dakarren. Paralelismoa nabari da kasko glaziarraren beherakadaren eta basoaren erregresio-tasaren artean, batez ere XX. mendearen hasieran eta egonkortze bidean dagoena[14][21]. Gailurreko izotzen ertz bertikalen itxura bereziak erakusten du glaziarra eguzki-erradiazioak sublimatzen duela XIX. mendean hamarkada heze batzuk igaro ondoren; Egoera hori, ziur aski, azkartzen da XX. mendean, albedoa pixka bat murriztearen ondorioz, bereziki 1920ko eta 1930eko hamarkadetan. Izotz-geruza txikiagotzea dakarren beste fenomeno bat da sostengatzen dituen arroka bolkanikoaren beroa xurgatzea eta glaziarren oinarrian barreiatzea; urtu, ezegonkor bihurtu eta hautsi egiten dira, eta eguzki-erradiazioaren eraginpean dagoen azalera handitu egiten da[24].
Izotza urtzearen ondorioz sortzen diren ur-ibilguek eskualdeko bi ibai elikatzen dituzte modu esanguratsuan, baina prezipitazioen % 90 tokiko basoek xurgatzen dituzte. Beraz, glaziarrak desagertzeak ez luke eragin zuzen iraunkorrik izan behar tokiko hidrologian, deforestazio eta presio antropikoak ez bezala, izan ere, presio antropikoa laukoiztu egin baita XX. mendearen amaieratik aurrera ureztatze uraren desbideratzearen ondorioz. Kilimanjaroko basoek 1.600 milioi metro kubiko ur jasotzen dituzte urtean, laino hodeiek basoarekin izandako kontaktuagatik sortutako prezipitazioengatik % 5 barne. Bi heren atmosferara itzultzen dira ebapotranspirazioaren ondorioz. Basoak, beraz, erreserba-rol hirukoitza jokatzen du: lurrean, biomasan eta airean. 1976az geroztik, laino-hodeien ukipenak eragindako prezipitazioak urtean hogei milioi metro kubiko gutxitu ziren, batez beste, hau da, gaur egungo kasko glaziarraren bolumena hiru urtero, gutxi gorabehera. Horrek esan nahi du hogeita hamar urtean ur-ekarpena % 25 txikiagoa dela, hau da, milioi bat chagg-en edateko uraren urteko kontsumoaren baliokidea[20].
Geologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tektonikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jurasikoan eta Kretazeoan, higadura handia gertatu zen egungo Kilimanjaro dagoen eskualdean, eta, ondoren, Kanbriarraurreko gneiss eta granulitaz osatutako goi-lautada bat eratu zen. Erliebea, apurka-apurka, lautuz joan zen Paleozenotik aurrera: iparraldean eta ekialdean lautadak sortu ziren; ipar-mendebaldean eta hego-ekialdean inselbergak agertu ziren; eta hegoaldera kristal-alubioiak ireki ziren[25].
Rift Haran Handia, Afrika ekialdean iparraldetik hegoaldera igarotzen dena, Miozenoan sortzen da Somaliar plakaren Afrikako plakarengandik zatitzearen hasierarekin. Rift horren ekialdeko adar bati dagokion eskualdean, failak agertzen dira Pliozenoan, eta alubioiak pilatzen dira inselberg gehienak estaliz. Failek graben irekiera, eta magma handitzea sustatzen dute. Kilimanjaro eta Meru mendia azaleratzen dira mendebalde ipar-mendebalde/ekialde hego-ekialde norabidea hartzen duen graben baten mailan, Amboseli atalasea osatuz[25].
Orogenesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kilimanjaroren bulkanismoa Pliozeno garaian hasi zen, eta bere eraikinaren sorrera (eraikin bolkaniko izenez sumendi baten egitura duena ezagutzen da) lau fase handitan garatu zen, guztira 5.000 km³ harri bolkaniko isuriz[25]. Azken hirurek Shira, Kibo eta Mawenzi osatzen duten Geruza-sumendi teilakatuak[26] osatu zituzten. MIM/EHE orientazioa duen riftak kono satelite ugari ere sortu zituen, zortzi bat gunetan banatuta. Gailurrean dauden erupzio-aho batzuk Holozenoan aktibo egon direla dirudi[14].
- Kilema paleo-sumendiaren jaiotza
Fase hori, ziurrenik duela 2,5 milioi urte baino gehiagokoa, ez da oso ezaguna, sumendian datazio erradiometriko gutxi egin direlako eta koladak berriagoen azpian lurperatu direlako. Hala ere, zenbait zantzu geomorfologikok haren existentzia baieztatzen dute[25].
Erliebe alderantzikatuak sortutako estratuak Kilemaren dortsalen mailan daude hegoaldean, Kibongotoren mailan hego-mendebaldean eta Ol Mologen mailan ipar-mendebaldean. Aurrekoaren erantzulea izango litzatekeen eraikinaren modelizazioari esker, koladak riftetatik datozela eta Graben faila nagusiak kolkoratu zituztela zehaztu daiteke[25].
Mendebaldean, Ol Molog eta Kibongoto dortsalen artean, galdara desegin edo zirku natural itxurako erliebe bereziak Shira hartu zuen, eta, zati batean, bete zuen. Higaduraren ondorioz, mendebaldera hustu zuten, eta, ondoren, Meru mendiak estali zuen. Eskualdean, riftak duen orientazio bereziaren arduraduna da[25].
Antzeko erliebe bat, Raren sakonuneak markatua, hegoaldean aurki daiteke, Kibongoto eta Kilema dortsalen artean. Iparraldeko muturrean dagoen Kiboko produktuek betetzen dute, neurri batean. Hala ere, hegoalderago, Nyumba eta Mungu urtegien ertzetan, sumendien metaketek paleo-sumendiaren hegoaldeko isurialdea deszentralizatu egin dela baieztatu lezakete[25].
Paleo-sumendi horrek igorritako bolumena egungo bolumenaren bi heren inguru izan liteke[14].
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iraganeko klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orokortasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iraganeko klima zehazteko, hainbat metodo erabiltzen dira, hala nola aintziren maila, ibaien emaria, duna-sistemak, glaziarren hedadura eta baita polenaren azterketa ere[27]. Denboran zenbat eta atzerago egin, seinaleak gero eta gutxi gorabeherako bihurtzen dira. Leku jakin baterako, klima duela 20.000 urte inguru arte[28] deduzi daitekeen arren, Afrikako ia kontinente osoko klima hartu behar da kontuan, eta, gero, analogiak erabiliz, emaitzak egokitu behar dira duela bost milioi urte arteko klima arakatzeko. Hain aldi luzeen atzera egiteak dituen zailtasunen artean daude: erregistroen banaketa desorekatua eta landare fosilen gabezia baldintza txarren ondorioz[27].
Denbora-eskala handietan, aldaketa orbitalek eraentzen dute klima. Aldaketa horiek Lurrera iristen den eguzki-erradiazioaren kantitatearen aldaketa adierazten dute, eta zeregin garrantzitsua dute montzoiaren ahultze edo indartzean. Zenbait ikertzailek, F. Sirocho eta bere taldeak esaterako, iradokitzen dute montzoien indarrak Himalaiako albedoarekin lotura duela. Ipar hemisferioko neguko tenperatura hotzenek izpien islapen handiagoa eragiten dute elurraren eta izotzaren gainean eta udako montzoi ahulagoak eta, azkenik, klima lehorragoa Ekialdeko Afrikan[29]. Montzoien indarra 8.000 urte inguruko desfasea duten aldaketa orbitalekin lotuta dago. Oro har, montzoien maximoa gertatzen da glaziar minimo bat izan eta 2.500 urtera, eta bat dator ozeanoaren azaleko tenperatura minimo batekin[30].
Kuaternarioaren hasieratik, Ipar hemisferioak hogeita bat glaziazio garrantzitsu izan ditu, Ekialdeko Afrikan ere susmatu direnak[27]. Ekialdeko Afrikako klimaren hozte horien aztarnak daude: Kilimanjaron, Kenya mendian, Rwenzori mendikatean eta Elgon mendian. Guztiak antzeko ekosistema alpetarren foku isolatuak dira, eta fauna eta flora berdinak dituzte. Horrek esan nahi du ekosistema zabalagoa izan dela, altuera txikikoa, eta mendi horietako bakoitza estali behar izan zuela[31]. Hala ere, lautadetako egungo ekosistemako poltsek bizirik iraun beharko lukete, bestela espezieak desagertu egingo lirateke ingurumen horretan[32]. Beste azalpen batek iradokitzen duenez, hainbat milioi urteko denbora-eskala horretan, tornadoek flora eta fauna mendietara eramateko aukera handia da[33].
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2012-03-30). 167. araua: Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia. .
- ↑ (Ingelesez) How was Kilimanjaro Mountain Named?. Kilimanjaro (Noiz kontsultatua: 2023-2-17).
- ↑ (Ingelesez) Rui M. S. Fernandes y John Msemwa - Team KILI2008. (2009). Precise Determination of the Orthometric Height of Mt. Kilimanjaro. International Federation of Surveyors, FIG.
- ↑ (Portugesez) . (Ingelesez) How hard is it to climb Mount Kilimanjaro?. BBC News Magazine 2 de marzo de 2009.
- ↑ (Ingelesez) «African geodetic reference» AFREF newsletter 7 septiembre de 2008.
- ↑ a b (Ingelesez) «Kilimanjaro» Williamson Adventures.
- ↑ «Kilimanjaro geology» web.archive.org 2010-05-28 (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ (Ingelesez) Climbing Mount Kilimanjaro. Jerry Tanzania Tours.
- ↑ (Ingelesez) A. L. Wielochowski. (1998). Kilimanjaro: map and guide. (4.. argitaraldia) Goring, Reading, Inglaterra: West Col Productions ISBN 0-906227-66-6..
- ↑ (Ingelesez) Robert Finlays. (13 de junio de 2012). Marangu Route Climbing Mt Kilimanjaro: Most Popular Kilimanjaro Mountain Hiking Track. GoArticles.
- ↑ a b (Frantsesez) Philippe Nonnotte. (2007). Etude volcano-tectonique de la zone de Divergence Nord Tanzanienne (Terminaison Sud du Rift Kenyan). Caractérisation pétrologique et géochimique du volcanisme récent (8 Ma – Actuel) et du manteau source. Contraintes de mise en place. Tesis doctoral de la Universidad de Bretaña Occidental, especialidad: Geociencias marinas.
- ↑ «Kilimanjaro geology» web.archive.org 2010-05-28 (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ «Climbing Mount Kilimanjaro – Ultimate Guide For 5 Kilimanjaro Routes» web.archive.org 2020-05-16 (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ a b c d e Simon Pomel, Guilène Réaud-Thomas, Kilimandjaro : montagne, mémoire, modernité, op. cit., pp. 58-64
- ↑ (Ingelesez) Stefan Hastenrath. (2008). Recession of equatorial glaciers: a photo documentation. Sundog Publishing ISBN 978-0-9729033-3-2..
- ↑ a b c (Ingelesez) «Tanzania - Mt. Kilimanjaro - Glacier retreat» National Science Foundation's Earth System History Program (Byrd Polar Research Center - Ohio State University).
- ↑ a b (Ingelesez) «Snow and Ice on Kilimanjaro» Earth Observatory (NASA) 20 de diciembre de 2002.
- ↑ (Ingelesez) Lonnie G. Thompson et ál. (2002). «Kilimanjaro Ice Core Records: Evidence of Holocene Climate Change in Tropical Africa» Science 2985593: 589-593. doi: ..
- ↑ a b (Ingelesez) Jonathan Amos. (17 de abril de 2007). Kilimanjaro's ice set to linger. Viena: BBC News.
- ↑ a b (Frantsesez) OECD. (2005-11-24). Contre vents et marées: Les politiques de développement face au changement climatique. OECD Publishing ISBN 978-92-64-01378-0. (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ a b Jacques Blot, Kilimandjaro : montagne, mémoire, modernité, op. cit., pp. 67-79
- ↑ Kaser y Mote (diciembre de 2007). «Les glaces du Kilimandjaro : Pourquoi elles ont régressé». Pour la science (en francés) (362): 72-78.
- ↑ (Ingelesez) «The Shrinking Glaciers of Kilimanjaro: Can Global Warming Be Blamed?» American Scientist 2017-02-06 doi: . (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ «http://www.climbmountkilimanjaro.com/about-the-mountain/kilimanjaro-glaciers/» web.archive.org 2010-03-15 (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ a b c d e f g Simon Pomel, Guilène Réaud-Thomas, Kilimandjaro : montagne, mémoire, modernité, op. cit., pp. 39-55
- ↑ Euskaltzaindiaren hiztegia, teilakatu, Euskaltzaindia
- ↑ a b c (Ingelesez) Climatic Change 1991-02: Vol 18 Iss 1. Springer Science & Business Media 1991-02 (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ (Ingelesez) Coetzee, J. A.. (1964-11). «Evidence for a Considerable Depression of the Vegetation Belts during the Upper Pleistocene on the East African Mountains» Nature 204 (4958): 564–566. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ (Ingelesez) Sirocko, F.; Sarnthein, M.; Erlenkeuser, H.; Lange, H.; Arnold, M.; Duplessy, J. C.. (1993-07). «Century-scale events in monsoonal climate over the past 24,000 years» Nature 364 (6435): 322–324. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ (Ingelesez) Clemens, Steven; Prell, Warren; Murray, David; Shimmield, Graham; Weedon, Graham. (1991-10). «Forcing mechanisms of the Indian Ocean monsoon» Nature 353 (6346): 720–725. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ E. A. T. Dutton, J. W. Gregory (1926). Kenya Mountain - Appendix 3: The Geology of Mount Kenya (en inglés). Londres: Jonathan Cape.
- ↑ (Ingelesez) Journal of Bio Geography 1991-07: Vol 18 Iss 4. John Wiley & Sons, Inc. 1991-07 (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
- ↑ HEDBERG, OLOV. (1969-04). «Evolution and speciation in a tropical high mountain flora» Biological Journal of the Linnean Society 1 (1-2): 135–148. doi: . ISSN 0024-4066. (Noiz kontsultatua: 2024-09-09).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) A. Le Roy. (1890). Au Kilima Njaro, histoire de la fondation d'une mission catholique (Afrique Occidentale). .
- (Frantsesez) François Bart, Milline J. Mbonile, François Devenne. (2003). Kilimandjaro : montagne, mémoire, modernité. Presses Universitaires de Bordeaux ISBN 2867813093..
- (Frantsesez) François Bart, Serge Morin, Jean-Nöel Salomon. (1998). Les montagnes tropicales: identités, mutations, développement. Bordeaux-Pessac: Presses Universitaires de Bordeaux ISBN 2906621307..
- (Ingelesez) Alexander Stewart,. (2004). Kilimanjaro: a complete trekker's guide : preparation, practicalities and trekking routes to the "Roof of Africa". Cicerone Press Limited ISBN 1852844132..
- (Ingelesez) Henry Stedman. (2006). Kilimanjaro: The Trekking Guide to Africa's Highest Mountain. Trailblazer Guides ISBN 1873756917..
- (Ingelesez) Page, et al, Willie F.. (2005). Encyclopedia of African history and culture. Nueva York: Facts On File ISBN 9780816052707. OCLC .647901896.
- (Ingelesez) Cameron M. Burns. (2006). Kilimanjaro & East Africa: a climbing and trekking guide. The Mountaineers Books ISBN 0898866049..
- (Ingelesez) William Dubois Newmark. (1991). The Conservation of Mount Kilimanjaro. IUCN Tropical Forest Programme ISBN 2831700701..
Gainerako bibiografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Henry Stedman. (2003). Kilimanjaro: A Guide to Climbing Africa's Highest Mountain, Includes City Guides to Arusha, Moshi, Marangu, Nairobi and Dar Es Salaam. Trailblazer Publications ISBN 1-873756-65-8..
- (Ingelesez) Ernest Hemingway, Robert W. Lewis, Robert E. Fleming. (2005). Under Kilimanjaro. Kent State University Press ISBN 0-87338-845-3..
- (Ingelesez) Rick Ridgeway. (1999). The Shadow of Kilimanjaro. Owl Books ISBN 0-8050-5390-5..
- (Ingelesez) Audrey Salkeld, David Breashears. (2002). Kilimanjaro: Mountain at the Crossroads. National Geographic ISBN 0-7922-6466-5..
- (Ingelesez) Ernest Hemingway. (1995). The Snows of Kilimanjaro and Other Stories. Scribner ISBN 0-684-80444-1..
- (Ingelesez) Rick Ridgeway, Neville Shulma, Robert M., Jr. Moore (Foreword), Stephen Carmichael, Susan Stoddard. (2002). Climbing Mount Kilimanjaro. Medi-Ed Press ISBN 0-936741-16-3..
- Hernan S. Lanvers. (2002). Monte Kilimanjaro: Gigante de África. Guía médica para su ascenso. Ediciones del Boulevard ISBN 9879234871..