[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Doñana

Koordenatuak: 37°01′N 6°26′W / 37.02°N 6.44°W / 37.02; -6.44
Wikipedia, Entziklopedia askea
Doñana
Gizateriaren Ondare
II. maila: parke nazional
Datu orokorrak
MotaEspainiako parke nazional, Batasuneko garrantzizko leku, kontserbazio bereziko eremu, hegaztientzako babes bereziko eremu, European Diploma of Protected Areas (en) Itzuli, Biosfera erreserba, Ramsar gune eta naturagune babestua
Azalera54.252 ha
EponimoaAna Gómez de Silva y de Mendoza (en) Itzuli
Geografia
Map
Koordenatuak37°01′N 6°26′W / 37.02°N 6.44°W / 37.02; -6.44
Honen parte daNetwork of National Parks of Spain (en) Itzuli
Natura 2000
Natura 2000 in Spain (en) Itzuli
KokapenaHuelvako probintzia
Sevillako probintzia
Cádizko probintzia
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Andaluzia
Ur-gorputzaCádizko golkoa
Guadalquivir

Doñana (gaztelaniazko Doña Ana —«Ana andrea»— izenetik eratorria) Espainiako hegoaldeko naturagune babestu bat da, Andaluzia erkidego autonomoan kokatua. Guztira 108.086 hektarea ditu: 1969an eratutako Doñanako parke nazionalaren 54.251 hektareak, gehi 1989an sortu eta 1997an handitutako Doñanako parke naturalaren 53.835 hektareak. Doñanako espezie babestu ezagunena iberiar katamotza da.

Paduraz osaturiko azalera zabal batez osatuta dago, eta han, negu aldera, guztira 200.000 ur hegazti biltzera iristen dira. Medina-Sidoniako VII. dukearen emaztea zen Ana de Silva y Mendoza du aipagai Doñana izenak, doña Ana («Ana andrea») hitzetatik eratorria baita. 1994an UNESCO erakundeak gizateriaren ondare izendatu zuen. 2007. urtean parkeak 392.958 bisitari jaso zituen.

Gaur egun egoera larrian dago, gizakiak ura neurriz gain ateratzen duelako Doñanatik, eremu hori babesten duten legeak bete gabe. Horregatik, 2021ean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako Erresuma kondenatu zuen.

Parke nazionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doñana, parke nazionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako parke nazionalik zabalena da. 1969an izendatu zuen Espainiako Gobernuak parke nazional, eta 1994. urtean Nazio Batuen Erakundeak gizateriaren ondare egin zuen. Europa osoko hezegunerik garrantzitsuenetako bat da.

Doñana hezea deituriko aldean, padura eta aintzira ugari dago. Horien artean nagusiak Charco del Toro, Dulce, Taraje, Zahillo eta Santa Olalla dira, azken hori handiena. Padurak udan lehortu egiten dira, eta neguan milaka hegazti migratzaileren bizigune dira, besteren artean zikoinena, ahate arruntena, ahate mokozabalena eta zertzetena. Lehorreko landaredian, basobera, txilarrak, estrepak, pinazi pinuak, artelatzak eta 10 metrora ere iristen diren hareazko dunak daude. Faunari dagokionez, Espainiako naturagune babestu garrantzitsuena da; besteak beste, iberiar katamotzak, azeri arruntak, basurdeak eta orein arruntak bizi dira. Hegaztien artean, berriz, badira arranoak, zapelatzak, miru beltzak eta flamenkoak. Hain zuzen ere, gobernuak ekosistema ahul horiek babesteko sortu zuen parke naturala.

Zatirik handiena gidari batekin bakarrik bisita daiteke. 1964az geroztik Espainiako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) ikergune ekologiko bat du han. Espainiako bigarren hezegunerik zabalena da. Hareatza eta dunez gainera, aintzira ugari ditu: Encanyissada eta Estella, besteak beste. Paisaian nagusi dira lezkadi, baratze, fruitu eta arroz soroak.

Boliden enpresaren meatzaritza hondakinen hondamendia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998ko apirilaren 25ean, hondamendi izugarria gertatu zen Doñanan. Boliden AB Suediako meatzaritza enpresak handik hainbat kilometrora zuen urtegiko hondakin ur azidoa isuri zen, eta ibaiaren bidez Doñanaraino iritsi zen, dikeko horma hautsirik. Uhin pozoitsua sortu zen, aurrealdea 500 metro luze zuena. Bidean aurkitzen zuen guztia, landareak nahiz animaliak, hil eta Guadimar ibaira iritsi zen, Cadizko golkoaren aldera eginez. Kutsatutako urak azidotasun handia zuen: beruna, kobrea, zinka, kadmioa eta beste metal batzuk zituen, sufreaz gainera. Hondamendi hark kalte handia egin zion parkeari, hegaztiei bereziki. Bestalde, hondatutako inguruan 500 bat familia bizi dira, nekazariak eta arrantzaleak, beren lanpostua arriskuan dutenak. Hondamendi hura talde batek baino gehiagok iragarri zuen, meatzeetako hondakinak arriskutsuak zirenez eta ondo zainduta ez zeudenez. Jabeek, ordea, ez zuten jaramonik egin. Bestalde, garbiketa lanak atzeratu egin ziren, erantzulea nor zen erabaki arte (Andaluziako Autonomia Erkidegoko Gobernua, Espainiako Gobernua edo Boliden), errua eta garbiketaren kostua beste norbaiti leporatu nahian.

Gehiegizko ur ustiaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legez kanpoko ureztatzeak egiten dira Doñanan, nekazaritza ustiaketarako. Ureztatutako azalera hazten aritu da urtez urte. Euria eta lurrazaleko ekarpenak urritu direnez, Doñanako parke nazionalaren barruko iparraldeko padura lehortu da; eta naturaguneko aintzira peridunarrek azalera galtzen dute etengabe. Akuiferoa narriatuz doa, uren kantitatearen eta kalitatearen aldetik. Eta berotze globalaren inpaktu nabariak kalteak areagotzen ditu.[1]

Horren aurrean, Espainiako Erresumako administrazio publikoek ez dituzte Doñana babesten duten legeak betearazi. Horregatik, 2021ean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako Erresuma kondenatu zuen. Auzitegiak ondorioztatu zuen Doñanako naturagunean «lurrazpiko uren neurriz gaineko ateratzeak» ez duela betetzen Europako Erkidegoko zuzenbidea —zehazki, Uraren eta Habitaten Esparru Zuzentarauak— eta, beraz, Espainiako Erresuma zigortu zuen.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «Histórica condena de la UE a España por destruir Doñana» www.wwf.es 2021-06-24 (Noiz kontsultatua: 2021-07-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]