[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Gurdi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gurdia

Gurdia edo orga bi edo lau gurpileko ibilgailua da, zamak eramateko erabiltzen dena eta zaldiek, idiek edo kidekoek higiarazten dutena.[1] Antzinatik landa-eremuan gehien erabilitako garraiobidea izan da, bai Euskal Herrian, bai munduko eskualde askotan.[2]

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa-ren arabera, (e)gur-di zatitu daiteke, egur- > gur- aferesiarekin. Esanahia ‘egurrezko’ edo, hobeki, ‘egurra garraiatzeko zera’ izan liteke.[3] Orga hitzari dagokionez, aitzineuskaraz *organa izanen zela proposatu zuen Koldo Mitxelenak.[4]

Gurdiaren jatorria nekazaritzaren sorrerari eta animalien etxekotzeari loturik dago. Azken arkeologia ikerketen arabera, gurpildun ibilgailuen zantzuak K.a. 4. milurtekoaren erdialdetik aurrera agertzen dira, ia aldi berean, Mesopotamian, Ukraina hegoaldean (Trypilliako berantiar kultura), Kaukaso iparraldean (Maikop kultura) eta Erdialdeko Europan (Badengo kultura).[5]

Kalkolitoko zurezko gurpila eta ardatza (K.a. 3130), Ljubljanako paduretan aurkitutakoak.

Gurpildun ibilgailu baten lehenbiziko irudikapena, lau gurpil eta bi ardatz dituen gurdia, Poloniako hegoaldeko Bronociceko Eltzean dago, K.a. 3500 eta 3350 bitarteko zeramikazko ontzian.[6] K.a 3000 aldean Bulgariatik Estepa pontikora hedatu zen Yamnaya kulturako hilobi batzuetan orgak aurkitu dira.[7] Aipagarria da, bestalde, Ur hiriko behe-erliebe bat ere, K.a. XXV. mendekoa, lau onagro agertzen dituena gurdi batetik tiratzen. K.a. 2400-2300 aldean gurpila Egiptora iritsi zen arren, hasieran ez zen orgak egiteko erabili, setio-makinak baizik.[8]

Gurpildun ibilgailua garrantzi handiko aurrerapena izan zen Historiaurreko gizarteentzat, eta oso denbora txikian hedatu ziren Baltiko eta Ipar itsasotik Alpe eta Itsaso Beltzaraino gurdi mota desberdinak, tokiko ezaugarrietara egokituak. Handik gutxira hasi ziren erabiltzen Ekialde Hurbilean, eta geroago Anatolian eta erdialdeko Asian. Baina, arrazoi desberdinak zirela eta, beste eskualde batzuek uko egin zioten berrikuntzari.[7] Antzinako Egipton, esate baterako, lerak erabiltzen jarraitu zuten eraikuntzako harri bloke handiak garraiatzeko.[9]

K.a. 2. milurtekoan, izpidun gurpila asmatzeak eta zaldia etxekotzeak bultzada handia eman zioten orgaren hedapenari, eta azkar sortu ziren Egipto, Sahara, Mendebaldeko Europa edota Txinako beharretara egokitutako ibilgailuak. Izan ere, gurdia oso erabilgarria zen eguneroko bizitzan, adibidez, uzta biltzeko edo mota askotako gaiak garraiatzeko. Hari esker, urrunagoko alorrak landu zitezkeen, eta soberakin handiagoak erdietsi. Distantzia luzeko garraioan, ordea, ez zuen hobekuntzarik ekarri, bide sare egokia eraiki zen arte.[7]

Bestalde, orga eta hura eramaten zuten animaliak estatusaren ikur bihurtu ziren. Ibiltzeko era berri hori, lurretik apur bat gora eta ia ahalegin fisikorik gabe, boteretsuen ezaugarri bilakatu zen. Horrek denbora luzean iraun zuen, eta Aro Modernoan ere zalgurdi dotorea zen Europako nobleziaren garraiobidea.

Landa-eremua traktoreen bidez mekanizatu aurretik, idi edo behi uztarriak tiratutako gurdia zen ohiko garraiobidea belar ondu, simaur, kare, gari, egur, harri edota beste materia askoren karga handietarako. Euskal Herriaren hegoaldeko eskualdeetan, oro har, zaldiak edo mandoak tiratu ohi zuen gurditik. Kasu horretan, egitura aldatu egiten zen: bi haga izaten zituen, eta animalia bien erdian kokatzen zen.[2]

Euskal gurdia, Zarautz, XX. mende hasiera. Gurpil barne-beteak ditu, eta alboetan brozela, ongarria garraiatzeko.

XX. mendearen hasierara arte, gurpil barne-beteko gurdia erabiltzen zen Euskal Herri atlantikoan. Haritzezko bi gurpil zituen, metro bat inguruko diametrokoak, inguruan burdinezko uztaiez hornituak. Pago, ezpel edo sagarrondo zurez egindako ardatza gurpilekin batera biratzen zen. Gurtetxea laukizuzena zen, 2-2,5 metro luze eta metro bat zabal, eta txinelen bidez lotzen zitzaion ardatzari. Gurdiaren aurrealdean pertika edo timoia zegoen, 2,5 metro inguru luze. Bertan sartzen zen uztarria, eta kabilekin bermatzen.[2][10][11]

Era honetako gurdiari irrintzilaria deitzen zitzaion, gurpilek biratzean ateratzen zuten kirrinka ozena zela-eta. XX. mendean zehar desagertuz joan zen, ardatz finkoko orgak ordezturik. Horren ardatza zurezkoa edo burdinazkoa izan zitekeen, baina ez zen birakaria. Gurpilak, berriz, izpidunak izaten zituen.[10][11]

Zama mota batzuetarako osagarriak paratzen zitzaizkion gurdiari. Ongarria eta bazka garraiatzeko gurtetxearen bazterrak ohol batzuekin (gurtolak edo brozela) ixten ziren. Belar idorra eta iratzea eramateko, berriz, gurtetxearen aurreko eta atzeko muturretan bi makila bertikal (ezpatak) jarri ohi ziren; ezpaten zuloetan haga horizontal bat ezartzen zen zama estutzeko.[10][11]

Euskal Herriaren hegoaldean erabiltzen zen orgak gurtetxe laukizuzena zeukan, ardatz finkoa eta gurpil izpidunak. Gurtetxearen alboetako piezak aurrerantz luzatzen ziren haga konbergenteekin, muturretan zaldia lotzeko burdinak eta kateak zituztenak.[11]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Orga». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-10-16.)
  2. a b c El carro, gurdia. La galera. Atlas Etnográfico de Vasconia, atlasetnografico.labayru.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-18).
  3. Gurdi. Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
  4. Koldo Mitxelena (1976). Fonética histórica vasca. Donostia: Gipuzkoako Aldundia.
  5. Bondar, Maria. Prehistoric innovations: Wheels and wheeled vehicles. Acta Archaeologica 69(2):271-297, researchgate.net (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
  6. The Earliest Images of a Wheeled Vehicle. historyofinformation.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
  7. a b c Klimscha, Florian. Wheeled Vehicles. atlas-innovations.de (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
  8. Amin, Osama Shukir Muhammed. Chariot in the War Scene of the Standard of Ur. worldhistory.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
  9. Transport in Ancient Egypt. exploreluxor.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
  10. a b c Carro vasco. Enciclopedia Auñamendi [en línea], 2024, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
  11. a b c d Carro. Gran Enciclopedia Navarra (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]