[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Goenkale

Wikipedia, Entziklopedia askea
Goenkale
Jatorria
Sortzailea(k)Anjel Lertxundi
IzenburuaGoenkale
Jatorrizko hizkuntzaeuskara
Jatorrizko herrialdeaEuskal Herria
Sasoi kopurua22
Atalak3.708
Ezaugarriak
Genero artistikoasoap opera
Iraupena30 minutu
Deskribapena
OinarrituaPobol y Cwm
Grabazio lekua(k)EITB Donostia, Orio eta Tolosa
Antzezlea(k)
Ekoizpena
Konpainia ekoizleaPausoka Entertainment
Emanaldia
Jatorrizko igorlea ETB 1
Hasiera-data1994ko urriaren 3a
Amaiera-data2015eko abenduaren 28a
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaArralde

IMDB: tt0241105 Filmaffinity: 894715 Edit the value on Wikidata
kronologia
Goenkale Hasiberriak

Goenkale ETB 1eko euskarazko telesail bat da, Pausoka Entertainment ekoiztetxeak eta Euskal Telebistak ekoitzia. Arralde izeneko fikziozko herri batean gertatzen diren gorabeherak kontatzen dira bertan. Arraldeko kale nagusiak ematen dio telesailari izena: Goenkale.

Hasierako helburua hiru hileko iraupeneko telesaila egitea zen, baina, saioak izan zuen harrera ona eta audientzia-datu apartak ikusita, aurrera jarraitu zuen. Azkenean, guztira 22 denboraldi eta 3.708 atal emititu ziren 1994ko urriaren 3tik 2015eko abenduaren 28ra bitartean. Euskal Herriko historian inoiz izan den telesailik luzeena izan da, eta, Europan, bigarrena.[1] Garai horretako ETB 1eko saiorik arrakastatsuena izan zen eta gizarte sareetan ere jarraipen zabala izan zuen. ETBren inoizko saiorik garrantzitsuenetakoa da.

1994tik 2004ra astelehenetik ostiraleta emititzen zen (astean 5 atal). 2004ko irailetik aurrera berriz, astelehenetik ostegunera (astean 4 atal). 2006ko urtarrilaren 9an astelehenetan eta asteartetan ematen hasi ziren, egun bakoitzean bi atal (astean 4 beraz). Eta 2014-2015 denboraldian ordutegiak aldatzen hasi ziren: batzuetan astelehen eta astearte eta beste batzuetan astelehenetan bakarrik (astean beraz 2 edo 4 atal). Azkenik 2015ko urtarriletik aurrera, astelehenetan bakarrik ematen hasi ziren (astean 2 atal).

Goenkaleren 22 denboraldietan aro ezberdinak izan dira pertsonaia eta trama berrien joan etorriekin:

1. aroa: Lasatarrak eta Joxe Mari (1994-2002)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesaila Lasa anaien gorabehekin hasi zen. Joxe Mari eta Martin izan ziren lehenengo denboraldiko protagonistak. Lehenengoa Boga-Boga ostatuaren jabea zen, eta, bigarrena, herriko bideoklubarena. Bi anaiez gain, Lasatarren familia gailendu zen: Maria Luisa (Joxe Mariren emaztea), Gaizka eta Xabier (Joxe Mariren eta Maria Luisaren semeak), Gregorio (Maria Luisaren aita), Petra (Maria Luisaren ahizpa), Amaia eta Felix (Petraren alaba eta Maria Luisaren iloba eta bere mutil-laguna), Begoña (Martinen emazte ohia), Pilar (Martinen bikotekidea), Karlos eta Ane (Martinen eta Begoñaren seme-alabak).

Bi anaien arteko liskarrek familia osoa banatzen zuten. Ezinikusia areagotzen joan zen eta Kattalinen (Martinen eta Joxe Mariren amaren) heriotzaren ondoren, testamentuaren irakurketarekin, bi anaiak urruntzen joan ziren. Martin, ordea, lehenengo denboraldiaren erdialdean hil zen, 1994ko abenduan. Beraz, hortik aurrera Joxe Marik eta familia osoak hartu zuen pisua traman.

5. denboraldian Mattin Lasa jaio zen, Ane eta Gaizkaren semea eta Joxe Mariren eta Maria Luisaren biloba. Hala ere, Lasatarren familia pixkanaka desagertzen joan zen: Karlos, Petra, Amaia, Felix eta Pilar Arraldetik joan egin ziren eta Begoña eta Gregorio, berriz, hil egin ziren. 8. denboraldian joan ziren azkeneko lasatarrak. Joxe Mari koman geratu zen, Gaizka psikiatrikoan sartu zuten eta Anek ere Arraldetik alde egin zuen. Lehenengo aroaren amaiera izan zen hura.

2. aroa: Maria Luisa Galardi (2002-2008)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasatarren artetik Maria Luisa eta bere seme Xabier bakarrik geratu ziren. Beraz, aro berri honetako protagonista Maria Luisa izan zen eta trama berriak hasi ziren, bere lagunekin, ingurukoekin eta iritsi ziren pertsonaia berriekin. 9. denboraldian Hortentsi (Maria Luisaren laguna) Arraldera itzuli zen. Maria Luisak sekulako liskarrak izan zituen Estefaniarekin (Xabierren neska-lagun berria) eta Leonorrekin (Joxe Mariren ligea izan zena). Eta, gainera, Maria Luisa ere psikiatrikora sartu eta bertako tramak agertu ziren.

10. denboraldian, berriz, Xabier Lasa hil zen auto istripu batean, Maria Luisa psikiatrikotik atera zen era Leonorrekin adiskidetu eta gerora oso lagunak egin ziren. 11. denboraldian Joxe Mari hil zen eta Arraldera Jesus iritsi zen (Ane Lasaren senarra izan zen Koldoren aita), Maria Luisarekin maitemindu eta ezkondu egin ziren. 12. denboraldian, ordea, Jesus hil egin zen. Denboraldi berean, Maria Luisak ezagutzen ez zuen alaba bat zuela jakin zuen eta Julia iritsi zen Arraldera (Maria Luisari lapurtu zioten haurra). Aro honen amaiera 14. denboraldian iritsi zen. Gaizka psikiatrikotik atera eta Arraldera itzuli zen, baina Juliak hil egin zuen. Hortik astebetera Maria Luisa hil zen semearen heriotzaren ondorioz, tronbosi batez.

3. aroa: Madariagatarrak (2008-2014)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

15. denboraldian sekulako aldaketa jasan zuen telesailak. Lasatarren eta Maria Luisaren garaia bukatu eta familia protagonista berri bat iritsi zen Arraldera: Madariaga familia. Abel Madariaga (familia burua), German eta Kandido (Abelen semeak), Alizia (Kandidoren emaztea eta Germanen maitalea), Joana eta Ikerne (Kandido eta Aliziaren alabak), Naia (Germanen eta Aliziaren alaba) eta Lukas eta Unai (Germanen semeak).

Hasieran, German, Kandido eta Aliziaren maitasun istorioa izan zen istorioaren ardatz. Gerora, ordea, Germanek eta Aliziak erlazioa utzi zuten eta Alizia Kandidorekin hasi zen. German, berriz, Mimirekin ezkondu zen. Beranduago, Olga iritsi zen (Germanen emaztea eta Lukas eta Unaien ama, hilda zegoela uste zutena). Germanek Ines ezagutu zuen aurrerago, eta haur bat izan zuen berarekin.

Lukas eta Ikerne ere maitemindu egin ziren. Baina lehengusuak zirenez, familiak ez zuen beraien maitasuna onartzen. Madariagatarrak ere pixkanaka desagertzen joan ziren. 16. denboraldian Unai hil egin zuten. 17. denboraldian Ikerne Australiara joan zen lanera eta bertan mutil-laguna ezagutu eta ama izan zen. 18.ean Olga hil zen istripu batean. 19. denboraldian Ikerne Italiara joan zen ikastera eta Lukasek Arraldetik alde egin zuen (gero, 21.ean itzuli zen). 20. denboraldian, berriz, Naia, German eta Ines Angolara joan ziren bizitzera eta Abel hil egin zuten. Alizia eta Kandido bakarrik geratu ziren.

4. aroa: Etxegaraitarrak (2014-2015)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

21. denboraldian hasi zen Goenkaleko azkeneko aroa. Etxegaraitarrak agertu ziren. Bizitza osoa Arralden daraman familia zen, herriko farmaziaren jabeak. Baina ikusleak 21. denboraldian ezagutu zituen lehenengo aldiz: Amalia Lizardi (familia burua), Arantza eta Paskal Etxegarai (Amaliaren alaba eta semea), Jagoba (Arantzaren senarra), Tania, Hodei eta Alazne (Arantzaren eta Jagobaren seme-alabak), Lander (Paskalen semea), Joelle (Arantzaren eta Paskalen izeba), Olaia (Jagobaren arreba) eta Izaskun (Jagobaren maitalea).

Hodeiri leuzemia atzeman zioten. Amalia koman geratu zen, eta, farmazia aurrera ateratzeko dirua behar zutenez, Arantzak eta Jagobak hil egin zuten herentzia jasotzeko. Bestetik, Paskalek eta Arantzak jakin zuten beraien benetako ama Joelle zela, ordurarte izebatzat zutena. Gainera Etxegaraitarren lorategian, beraien farmaziako langile baten gorpua ere aurkitu zuten.

Aro berri honek ez zuen askorik iraun. Aro berri honek ez zuen harrera ona izan ikusleen artean, eta audientziak asko jaitsi ziren denbora gutxian. Etapa honekin amaitu zen Goenkale, 22 denboraldi eta gero.

Atalak eta audientziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo denboraldiak sekulako audientziak izan zituen, eta, arrakasta hori ikusita, ikerketa soziologiko bat egin zuten Euskadin. 700 pertsoneko lagina hartuta, ondorioztatu zuten euskal hiztunen %70ak ikusten zuela Goenkale lehenengo denboraldian. Ikusleen artean gehiengoa emakumeak ziren, eta pertsonaia ezagunenak Joxe Mari, Maria Luisa eta Txapas aipatu zituzten.

Hurrengo denboraldietan ere audientziari eutsi zioten. Hala ere, pixkanaka jaisten joan zen, baina betiere ETB 1eko audientziaren bataz bestekoaren gainetik ibili zen. 2009-2010 denboraldian 84.000 ikusleko audientzia metatua izan zuen bataz beste (uneren batean ikusi zutenak telesaila); 2010-2011 denboraldian 68.000 ikuslekoa; 2011-2012an berriz 71.000 ikuslekoa eta 2013-2014 ikasturtean 54.000 ikuslekoa.

19. denboraldian esaterako, atal batzuetan (esaterako urtarrilaren 8an eta urtarrilaren 22an) programa liderra izan zen 13-24 urte bitarteko gazteen artean. 2013ko urtarrilean %12ko kuota lortu zuen adin tarte horretako ikusleekin.[2]

Azken bi denboraldietan datu kaskarragoak eman eta Euskal Telebistak telesaila bukatzea erabaki zuen arte.

22 denboraldi emititu ziren 1994tik 2015era bitartean ETB1en. Guztira 3.708 atal eta 1.854 emisio ordu.


Atal guztien datuak ikusteko, hemen zerrenda:

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Goenkaleko atalak»
Denboraldia Atalak Atal tartea Emisio hasiera Emisio amaiera Bataz besteko audientzia
Ikusleak Kuota Eusk.
1. denboraldia 189 1 - 189 1994ko urriaren 3a 1995ko ekainaren 30a 105.000 ikusle %12,9[3]
2. denboraldia 200 190 - 389 1995eko irailaren 18a 1996 106.000 ikusle ≈ %12,7
3. denboraldia 200 390 - 589 1996 1997 98.000 ikusle ≈ %11,9
4. denboraldia 190 590 - 779 1997 1998ko uztailaren 16a 107.000 ikusle ≈ %11,4
5. denboraldia 206 780 - 985 1998ko iraila 1999ko uztaila ≈ %10,2
6. denboraldia 209 986 - 1.194 1999ko iraila 2000ko uztaila %9,6
7. denboraldia 198 1.195 - 1.392 2000 2001 %11,3
8. denboraldia 200 1.393 - 1.592 2001eko irailaren 11a 2002ko uztailaren 26a %7,5
9. denboraldia 200 1.593 - 1.792 2002ko irailaren 9a 2003ko uztailaren 25a %9,8
10. denboraldia 200 1.793 - 1.992 2003ko irailaren 9a 2004ko uztailaren 23a ≈ %6,9
11. denboraldia 160 1.993 - 2.152 2004ko irailaren 27a 2005eko uztailaren 28a ≈ %6,0
12. denboraldia 160 2.153 - 2.312 2005eko irailaren 19a 2006ko ekainaren 27a 55.000 ikusle ≈ %6,0
13. denboraldia 172 2.313 - 2.484 2006ko irailaren 25a 2007ko uztailaren 17a ≈ %5,6
14. denboraldia 172 2.485 - 2.656 2007ko irailaren 24a 2008ko uztailaren 22a 50.000 ikusle %5,4
15. denboraldia 174 2.657 - 2.830 2008ko irailaren 22a 2009ko uztailaren 21a %5,6 %14,2
16. denboraldia 180 2.831 - 3.010 2009ko irailaren 14a 2010eko uztailaren 20a %5,3[4] %13,6
17. denboraldia 156 3.011 - 3.166 2010eko irailaren 27a 2011ko uztailaren 5a %4,4[5] %12,2
18. denboraldia 156 3.167 - 3.322 2011ko irailaren 26a 2012ko ekainaren 19a ≈ %4,3
19. denboraldia 142 3.323 - 3.464 2012ko irailaren 17a 2013ko ekainaren 17a ≈ %3,8
20. denboraldia 118 3.465 - 3.582 2013ko irailaren 17a 2014ko ekainaren 9a 28.000 ikusle %2,9 %6,8
21. denboraldia 102 3.583 - 3.684 2014ko irailaren 29a 2015eko ekainaren 29a 18.000 ikusle %1,9
22. denboraldia 24 3.685 - 3.708 2015eko urriaren 5a 2015eko abenduaren 28a 12.000 ikusle %1,3
Guztira 3.708 1 - 3.708 1994ko urriaren 3a 2015eko abenduaren 28a ----- ≈ %7,8 -----

Audientziaren bilakaera denboraldiz denboraldi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Beherakadaren arrazoi posibleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 6. denboraldia (1999) ETB 1en etengabeko ikusle beherakada.
  • 11. denboraldia (2004) Ostiraletan emititzeari utzi (astelehenetik ostegunera).
  • 12. denboraldia (2005) Protagonista aldaketa (Txapas, Eusebio, Margari... kendu).
  • 13. denboraldia (2006) Astean bitan emititzen hasi (astelehen eta asteartetan).
  • 13. denboraldia (2006) Arraldeko irudiak Orion grabatzetik Tolosan grabatzera pasa.
  • 14. denboraldia (2008) Maria Luisa hil (Kontxuk utzi zuen, baldintzekin haserre).
  • 16. denboraldia (2010) Itzaltze analogikoa hasi martxoan.
  • 20. denboraldia (2013) Etengabe orgutegi aldaketak (astearteetan bai edo ez).
  • 21. denboraldia (2015) Kalean grabatzeari utzi (aurrekontu jaitsieragatik).
  • 21. denboraldia (2015) Protagonista aldaketa (Tania, Alazne, Jagoba, Arantza... sartu).
  • 21. denboraldia (2015) Astean behin emititzen hasi (astelehenetan).
  • ...

Aktoreak eta pertsonaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

22 denboralditan 400 aktoretik gora pasa Goenkaletik. Denboraldiz denboraldi aritu direnak ikusteko, hemen zerrenda:

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Goenkaleko aktoreak»

Urte gehien eman dituzten pertsonaiak.

22 denboraldietan urte gehien eutsi dioten pertsonaiak hurrengo hauek dira:

Zenb. Aktorea Pertsonaia Denboraldiak
1. Iñaki Perurena Imanol Mendizabal Artetxe 20
2. Iñigo Larrinaga Koldo Agirre 18
3. Ainhoa Aierbe Leonor Cardenas 18
4. Pepi Aranburu Igone 18
5. Felix Arkarazo Andoni Murua Aldai 16
6. Itziar Ituño Nekane Beitia 15
7. Kontxu Odriozola Maria Luisa Galardi Ibarretxe 14
8. Maite Bastos Margarita "Margari" 14
9. Kiko Jauregi Joseba Zubeldia 13
10. Pedro Otaegi Eusebio Galarraga 12
11. David Errasti Don Luis Labairu 12
  •      = Pertsonaia nagusia.
  •      = Pertsonaia gonbidatua (denboraldiko atal gutxitan agertzen da, gonbidatuta).
  •      = Ez da agertu denboraldian.
  • = Fikzioan hildako pertsonaia.
Aktorea Pertsonaia Denb. Denboraldia
01 02 03 04 05 06 07 08 09 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22
Mikel Garmendia Joxe Mari Lasa Agirre 10
Kontxu Odriozola Maria Luisa Galardi Ibarretxe 14
Paul Zubillaga Xabier Lasa Galardi 7
Niko Lizeaga Gaizka Lasa Galardi 11
Jose Kruz Gurrutxaga Karlos Lasa Perez de Rozas 9
Anuska Lasa Ane Lasa Perez de Rozas 9
Maite Bastos Margarita "Margari" 14
Arantxa Gurmendi Hortensia Madariaga "Hortentsi" 11
Pedro Otaegi Eusebio Galarraga 12
Abelin Linazisoro Saturnino "Xatur" 8
David Errasti Don Luis Labairu 12
Iñigo Larrinaga Koldo Agirre 18
Iñaki Beraetxe Mikel Mendiaraz "Pelos" 10
Jose Maria Berasategi Kepa Amutxastegi "Txapas" 11
Anabel Arraiza Sara Garmendia 9
Felix Arkarazo Andoni Murua Aldai 16
Iñaki Perurena Imanol Mendizabal Artetxe 20
Iñaki Bergara Kaxkurrio 10
Ainhoa Aierbe Leonor Cardenas 18
Kiko Jauregi Joseba Zubeldia 13
Mañu Elizondo Agustin Iturtzaeta Lertxundi 7
Itziar Ituño Nekane Beitia 15
Pepi Aranburu Igone 18
Joxe Mari Garmendia Anttonio 7
Sara Cozar Miriam "Mimi" 11
Joseba Usabiaga Luis Garcia "Tximista" 10
Naroa Agirre Naroa Etxeberria Garmendia 10
Ana Araujo Estitxu 7
Luna Cuesta / Maria Cruickshank Itxaso Al Wahid 10
Asier Oruesagasti Kevin Iturriaga 9
Asier Hernandez German Madariaga 7
Martxelo Rubio Kandido Urkijo 8
Tessa Andonegi Alizia Egiguren 8
Miriam Gomez Naia Urkijo Egiguren 7
Mikel Martinez Lukas Madariaga 7
Xabier Perurena Ibon Petralanda 7

Bi protagonista egin dituzten aktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesailean parte hartu zuten aktore batzuk bi protagonista egin zituzten. Lehendabizi bat eta urte batzuk pasata, beste bat guztiz ezberdina:

Aktorea 1. pertsonaia 2. pertsonaia
Izena Denboraldiak Izena Denboraldiak
Teresa Lopez de Munain Gina Sinatra 1, 2 Maria Sinatra 2, 7
Jose Ramon Soroiz Martin Lasa Agirre / Zendoia 1 Gaston Lasa 8, 9
Dorleta Urretabizkaia Leire 1, 2 Anna Popescu 13, 14
Martxelo Rubio John Kepa Perez de Rozas 1, 2 Kandido Urkijo 15, 16, 17, 18, 19, 20, 21, 22
Tessa Andonegi Idoia 2 Alizia Egiguren 15, 16, 17, 18, 19, 20, 21, 22
Kandido Uranga Iñigo 3 Abel Madariaga 15, 16, 17, 18, 19, 20
Asier Hernandez Gorka 4, 5 German Madariaga 15, 16, 17, 18, 19, 20, 21
Loli Astoreka Begoña Perez de Rozas 1, 3, 5 Pilar 16
Miren Gojenola Amaia 1, 2, 3, 4, 5, 7, 9, 14 Ama Paresi 18, 19, 21
Isidoro Fernández Ibon 9, 10 Julian Miranda 19, 20, 21, 22
Josu Manterola Alberto 5, 6 Jagoba 19, 20
Patxi Santamaria Txus 6 Gontzal Elgezabal 19, 20
Ione Irazabal Kontxi 5 Dorothy Perkins 19, 20
Joseba Apaolaza Sisto Totorika 8 Kepa Manterola 20, 21
Iñigo Ortega Mauro 12 Paskal Etxegarai Lizardi 21, 22

Telesailetik pasatako aktore ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goenkaleren 22 denboraldietan, Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo ezagunak diren aktore asko pasatu dira telesailetik. Hauetako asko, gainera, bertan hasi ziren aktore lanetan. Besteak beste:


2009ko 'Goenkale'ko aktoreak.
Sakontzeko, irakurri: «Arralde (Goenkale)»
Arralde.

Arralden gertatzen ziren Goenkale telesaileko gorabeherak, Euskal Herriko kostaldeko fikziozko herri arrantzale txikian. Barrualdeko sekuentziak Miramongo estudioetan grabatzen ziren eta kanpoaldekoak, hainbat herritan, gehienbat Orion eta Tolosan. Arralde ondoko fikziozko herria Amaru da, askotan protagonistek izendatzen zutena.

Arraldeko kale nagusia da Goenkale, eta bertan topa ditzakegu hainbat agerleku. 22 denboraldietan anitz dekoratu agertu dira: Udaletxea, Sobia taberna, Muñagorri hotela, Madariaga ontziola, eta hainbat pertsonaiaren bizileku eta lantokiak. Guztietan aipagarriena Boga taberna da, ezbairik gabe, lehen denboralditik azkeneraino. Arraldeko tokirik mitikoena izan bada ere, 19. denboraldian ikusi zen lehenengoz bertako sukaldea. Hona erabili diren dekoratuetako batzuk:

  • Boga taberna, bere sukaldea eta logelak
  • Kofradia
  • Bar Sobia
  • Parrokia
  • Bideo-kluba
  • Medikuaren kontsulta
  • Goenkale kalea
  • Maitiena hotela
  • Mendiarrain enpresa
  • Gazte-kluba
  • Koldoren paperdenda
  • Komisaldegia
  • Maria Luisaren txakolindegia
  • Elkartea
  • Hortentsiren ile-apaindegia
  • Udaletxea
  • Lutxiren botika
  • Atxuri taberna
  • Muñagorri hotela
  • Eduardo Zaldua eta Agurtzane Etxabururen etxea
  • Madariaga ontziola
  • Abel eta Germanen pisuak
  • Sabin eta Axunen baserria
  • Mirandatarren txalet handia
  • Etxegaraitarren botika
  • ...

Hasierako kantak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1-7. denboraldiak (1994-2001)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da giro Goenkalen
Lasa anaiak liskarturik daude
Goenkalek oilategia dirudi
eta Lasa anaiak elkarri mokoka bizi dira

Egunetik egunera
Lasatarren itzalera
Hemen bilduko gera
bi oilar harroen legera

Ziriak ziri Goenkalen
adarjotze benetan mundialak
Goenkalen maiseaketa da lege
eta Lasa anaiak matraka ta ziri dabiltza

Egunetik egunera
Lasatarren itzalera
Hemen bilduko gera
bi oilar zaputzen legera

8-13. denboraldiak (2001-2007)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leihotik begira
plazaren erdira
Arraldeko grinak
eguzki argira lehiatilatik
eguzki argira

Goenkaletik sortutako formatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goenkalek izandako arrakasta ikusita Euskal Telebista telesailarekin lotutako formato gehiago sortu zituen 22 denboraldietan zehar:

Atal bereziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goenkaleren historian zehar, saio eta atal bereziak egin izan dira atal kopuruak, denboraldiak edota urteurrenak ospatzeko.

Saio horiek ez dute zenbatzen ohiko kapituluek bezala eta 3.707 ataletatik apartekoak dira:

  • Goenkale denon plaza (1995ean, erreportajea)
  • Goenkale 500 (1997an, 500 atalen gala)
  • Goenkale esker 1000 (1999-10-02; 1.000. atalen gala)
  • Aupa Arralde! (2004ko urtarrilean, 10. urteurreneko dokumentala)
  • Goenkale 10 urte (2004an, 10. urteurreneko dokumentala)
  • Goenkale 10 urte (2004an, 10. urteurreneko gala)
  • 3000 egun elkarrekin (2010ean, 3.000. atalen dokumentala)
  • Goenkale 18 (2012-06-26; 18. urteko gala)
  • Egiak ezkutatzen duena (2013-09-30 / 2013-10-01; 20. urteko TV moviea)
  • Help! Socorro! Ezkondu? (2013-12-09 / 2013-12-16; 20. urteko TV moviea)
  • Heriok zure begiak ditu (2014-05-27 / 2014-06-02; 20. urteko TV moviea)

Telesailak 20 urte bete zituen urtean, antzezlan bat sortu zuten Euskal Herrian barrera eramateko.

  • Goenkale: Kondesaren erretratua (2013an)

Jokin Oregik zuzendu zuen antzezlana eta telesailean azken urteetan agertutako sei aktorek antzeztu zuten: Xabier Perurenak (Ibon), Ylenia Bagliettok (Eider), Felix Arkarazok (Andoni), Maria Cruickshankek (Itxaso), Yannick Vergarak (Rakel) eta Carlos Nguemak (Nelson).

Antzezlaneko protagonistak nekazal etxe batera joango dira asteburupasa eta bertan, balio handiko erretratu bat desagertuko da. Abiaputu honekin, Goenkaleren osagai nagusiak izango ditu obrak: intriga, maitasuna eta umorea. Gainera, telebistan aspaldi agertu ez ziren pertsonaia batzuk agertuko dira eta telesailaren hasierako sekreturen bat edo beste ere aireratuko da.[6]

Goenkaleko pertsonaia batzuekin spin-offa egin zen, alegia beste telesail berri bat.

  • Hasiberriak (2001-2002)

Denboraldi bat izan zuen telesail horrek. Donostiara ikastera edo lanera joan diren hamar gazteren gorabeherak kontatzen dira bertan. Pertsonaia batzuk Goenkalekoak dira eta beste batzuk, berriak.

Sakontzeko, irakurri: «Hasiberriak»

Denboraldia hasi aurretik, Hasiberriak abian izeneko saio bat emititu zen ETB 1en. Bertan Hasiberriak telesailerako pertsonaia berrientzako kastinak erakusten ziren. Protagonista izateko hiru neska eta bi mutil behar ziren eta guztira 2.000 pertsona aurkeztu ziren probetara. Kastinak Donostiako Kursaalen eta Bilboko Euskalduna jauregian egin ziren.

  • (!) Mikel, Txapas eta Lutxi (2005)

Hamaikagarren denboraldia bukatu zenean Euskal Telebistak spin-off berri bat egitea erabaki zuen. Bertako protagonistak Mikel (Iñaki Beraetxe), Txapas (Jose Maria Berasategi) eta Lutxi (Itziar Urretabizkaia) izango ziren. Horregatik Goenkaleko 12. denboraldian ez ziren agertu pertsonaia hauek.

Azkeneko momentuan ordea, ETB spin-off hau ez egitea erabaki zuen. Beraz, hiru pertsonaia hauek Goenkaletik eta spin-offetik kanpo geratu ziren.

Telesailak izan zuen arrakasta aprobetxatuta, Goenkalen oinarritutako programa batzuk ere egin ziren:

  • Arralde (1995-1996)

Goenkaleren bigarren denboraldian Arralde saioa hasi zen ETB 1en. Maite Bastosek (Margari), Arantxa Gurmendik (Hortentsi) eta Iñaki Beraetxek (Mikel) aurkezten zuten. Astean behin ematen zen saioa Goenkaleko atalaren ondoren eta telesailari buruz aritzen ziren bertan. Zer gertatuko zen asmatzen saiatzen ziren, Goenkaleren inguruko eztabaidak egiten zituzten, telesaieko pertsonaiekin umorezko sketchak, gonbidatuak eta telesailaren jarraitzaileak joaten ziren...

Kaleko jendearen iritzia biltzeko erreportari bat ere bazegoen: Klaudio Landa.

  • Goenkale esker 1000 (1999)

Telesailak 1000. atalera iritsi behar zuenean, Izaro Iraetak eta Xabier Euzkitzek "Goenkale esker 1000" saioa estreinatu zuten, 1999ko maiatzaren 23an. Guztira 10 atal izan zituen eta igande gauero eman zuten abuztuaren 1era arte. Programa honetan "Goenkale"n 5 urtetan eta 1000 ataletan gertatutako istorioak abiapuntu bezala hartuta, gaiak lantzen zituzten eta saioa osatu. Jende ospetsua, anonimoa, aktoreak, haurrak... gonbidatu ezberdinak izaten zituzten platoan. Bakoitzak beraien esperientziei buruz hitz egiten zuen. Gai hauetaz gain, ikuskizunak, showa eta aktuazioa ere izaten zituzten platoan. Saio honen helburua "Goenkale"ri babes handiagoa ematea zen eta horrela telesaila 1000. atalera inoiz baino indartsuago iristea.

  • Goenkalez blai (2012)

Telesailak 18 urte bete zituenean, 2012ko udan, Goenkalez blai saioa ematen hasi ziren ETB 1en. Guztira hemezortzi atal izan ziren. Bat denboraldi bakoitzeko. Banaka-banaka denboraldi bakoitzaren laburpena egiten zuten astero. Horrela, telesailaren historia gogoratuz.

  • Goenzale (2013)

Hemeretzigarren denboraldian berriz, Goenzale hasi zen. Asteartetan, Goenkaleren atala eta gero, 23:30etan ETB3n ematen zuten saioa. Astero telesailako bi pertsonaia gonbidatzen zituzten eta aste hartan telesailean gertatu zena errepasatzen zuten, txutxumutxuak kontatu eta ikusleek zuzenean galderak egin zitzaketen twitter bidez.

Programak lau atal bakarrik izan zituen. Lehenengoan Xabi Hoo (Enkoreko abeslaria) izan zen aurkezlea eta beste hiruretan Ugaitz Alegria (aurretik Goenkaleko aktorea, 'Txus' izandakoa).

Gonbidatuak berriz, lehenengo atalean Maitena Salinas (Mireia) eta Joanes Passicot (Manex) izan ziren. Bigarrenean Eneko Sagardoy (Said) eta Ylenia Baglietto (Eider). Hirugarrenean Eriz Alberdi (Sabin) eta Karmele Larrinaga (Axun). Eta laugarrenean Tessa Andonegi (Alizia) eta Miren Gaztañaga (Ines).

Goenkalen, cameo modura, hainbat eta hainbat pertsona ezagun agertu dira. Hona horietako batzuk:

Oihartzun gehien izan zuen cameoa 2004. urtean izan zen. Hain zuzen ere, Athleticeko eta Real Sociedadeko lehendakari izandako Fernando Lamikiz eta Jose Luis Astiazaran agertu ziren Goenkalen. Agerpen haren berri Espainako prentsan zabaldu zen.

Telesailetik pasatako idazleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goenkaleko gidoietan idazle asko pasatu dira. Esate baterako: Juan Garzia, Inazio Mujika Iraola, Josean Muñoz...

Elkarrizketak idazten: Andoni Egaña, Arantxa Iturbe, Harkaitz Cano, Eskarne Mujika...[7]

  • Goenkalek sekulako eragina izan du gizartean. Duela urte batzuk, Harakin Elkarteak, adulteratutako haragiaren inguruko trama bat kentzeko eskatu zuen. Auzia Parlamentura ere iritsi zen ia.
  • Goenkalen ume bat bahitu zuten batean, ETB-n dei zaparrada jaso zen umea Gernikan ikusi zutela esanez (umea Gernikakoa zen, berez). Gainera, Ertzaintzaren inkonpetentziaz kexatzen ziren, telesailean emandako "pista faltsuak" jarraitzen zituelako.
  • Maria Luisaren papera egiten zuen Kontxu Odriozola aktoreari[8][9] errieta egiten zion jendeak kalean bere gaiztakeriengatik. Behin gizon baten eskutitz bat jaso zuen, hainbat pertsonaiak gezurra esaten ari zitzaizkiola ohartaraziz. Gizon hark kartazalean zera jarri zuen: Maria Luisa Galardi. Boga-Boga taberna. Arralde. Gipuzkoa. Posta zerbitzuko langile bizkor eta telesailaren jarraitzaile batek gutuna ikusi eta EITBko helbidea gehitu zion. Horrela heldu zen eskutitza Maria Luisaren eskuetara.
  • Behin Mediterraneora joan ziren grabatzera. Erroman, Maltan, Monakon eta beste hiri batzuetan ibili ziren. Zenbait tokitan ez zeukaten grabatzeko baimenik eta erdi ezkutuan egin behar izan zuten. Maite Bastosi (Margari) Fontana di Trevin eroarena egiteko eta koskara igotzeko esan zioten. Hark horixe egin zuen eta jaitsiarazi egin zuten. Koliseoan ere soldadu baten alboan jolasteko esan zioten eta ia ezpata atera zion soldaduak. Gero, telesailean guztia emititu zuten 1.762. atalean[10].
  • Abelin Linazisorok iritzi-artikulu bat idatzi zuen Berriarako eta Gararako. Bertan salatu zuen terrorismoa salatzen zutenek besteena ez zutela salatzen. Orduan Euskal Telebistako buruek hura irakurri eta Xaturren pertsonaia kentzea erabaki zuten, zazpi denboraldi eta gero. Abelini jarri zioten aitzakia izan zen, gidoilariek ez zekitela zer asmatu haren pertsonaiarentzat. Abelinek zuzendariari erantzun zion: "Hi ez haiz tontoa, ni ere ez, eta badakik eta bazekiat gidoilariengatik balitz, ni egunero egongo nintzatekeela hemen". Eta erantzun zion: "Gerenteak esan dit ezin duzula segitu".
  • Benidormera grabatzera joan zirenean, Kontxu Odriozola (Maria Luisa), Maite Bastos (Margari), Arantxa Gurmendi (Hortentsi) hondartzan ari ziren sekuentzia bat grabatzen. Orduan, emakume bat Kontxurengana gerturatu eta 5.000 pezetako biletea jarri zion bular gainean. Gauero eguna pozten ziotela eta bere kontura gastatzeko esan zion.
  • Goenkalen beti egon izan da oso giro ona aktoreen artean, familia bat osatzen zuten denek. Hala ere, Iñaki Perurenak (Imanol Mendizabal) dioenez, azken urteetan ez zegoen hasierako urteetako giro hori.
  • Pedro Otaegik (Eusebio), Maite Bastosek (Margari) eta Abelin Linazisorok (Xatur) diote asko aldatu zela Goenkale azkeneko denboraldietan. Bukaeran gangster hiria ematen omen zuen, thriller bat. Horrenbeste tiroketa, pistola, polizia... Azken urteetan gertatzen zena New Yorkengertatzen zen. Hasieran, ordea, Euskal Herriko herri txiki bateko istorioak kontatzen ziren. Hemengo errealitatea zen eta jendea errazago identifikatzen zen.

Datu teknikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Telesaila sortzeko, garai hartako EITBko zuzendariak ziren Joxe Mari Otermineketa Luis Aranberri 'Amatiño'k Galesabidaiatu zuten, eta oinarritzat hartu zuten galesera hutsez eginiko Pobol y Cwm (Haraneko jendea) telesaila.[11] Telesail hura 1974tik 1982tabitartean BBC Wales kateak emititu zuen, aldiz 1982. urtetik aurrera S4C kateak emititu zuen. Gaur egun ere, emititzen jarraitzen dute. Bestalde, Erresuma Batuko EastEnders telesail luze eta ospetsuan ere oinarritu ziren. Hizkuntza aldetik, telesaioak euskara eredu hurbil eta natural bat eskaintzea zuen helburu.[12] Ahozko euskara estandar bat, euskara estandarretik abiatuta, edozein herrialdetan ulertzeko modukoa.[13]

Lokalizazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
22 urtez EITB Miramoneko egoitzan grabatu zen Goenkale. Bertan zeuden barrualdeko dekoratuak: pertsonaien etxeak, hotelak, tabernak, komisaria, 'Goenkale' kalea... Lehen denboraldian 7 dekoratu zituzten. Azken denboraldietan, berriz, 15 inguru. Lehen bi denboraldietan (1994-1996) dekoratuetan grabatzen ziren sekuentzia guztiak. Hirugarren denboraldian, ordea, kanpoaldean grabatzen hasi ziren. Asteko lau egunetan EiTBko Miramongo dekoratuetan egiten zuten lan eta beste batean kalean. Hirugarren denboralditik hamahirugarrenera arte (1996-2007), Orion grabatzen zituzten kaleko eszenak. Bertan aritu ziren hamar urtez, 13. denboraldiaren erdialdera arte. Gero, aldiz, 2007ko urtarrilaren 31tik aurrera Tolosan grabatzen hasi ziren eta han eman zituzten beste zazpi urte, 20. denboraldira arte (2007-2014). Azken bi denboraldietan (2014-2015), berriz, ETBk telesailaren aurrekontua jaitsi eta kanpoko sekuentziak kentzea erabaki zuen ekoiztetxeak. Beraz, 21. eta 22. denboraldiak EiTBko Miramongo egoitzan grabatu ziren oso-osorik, sekuentzia bereziak izan ezik.
Orioko eta Tolosako grabaketez gain, sekuentzia berezietarako, Euskal Herriko beste hainbat herritan aritu izan ziren. Gainera, Arralderen irudia sortzeko, euskal kostaldeko herri gehiagotako irudiak tartekatzen ziren telesailean. Esaterako: Bermeo, Getaria, Lekeitio, Mutriku, Zumaia, Zarautz, Hendaia, Donostia, Bilbo...
Euskal Herriaz gain, kanpoan ere grabatu izan du Goenkalek. Adibidez, 2001ean Benidorma joan ziren, 2003an Mediterraneoan zehar bidaia egin zuten, 2004an La Manga del Mar Menor inguruan grabatu zuten, eta 2007an, Marbellan.[14]
Goenkale astelehenetik ostiralera grabatzen zen, goizeko 7:30etatik 14:45etara bitartean. Egunero atal bat ekoizten zuten. Lehen denboraldian 12 sekuentziakoak izaten ziren atalak, 16. denboraldian ordea 17 sekuentziakoak. Hortaz, egunean 25 minutu grabatzetik 35 grabatzera pasa ziren. Astean, beraz, bost atal edo bi ordu eta erdi inguru.

Emisio egunak eta atalen iraupena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Goenkaleko atal bakoitzak 25-35 minutu inguru irauten du (denboraldiaren arabera). Lehen hamar denboralditan (1994-2004) astelehenetik ostiralera emititzen zen saioa, egunero atal bat. Denbora igaro ahala, ordea, 2004ko irailetik aurrera, ostiraleko atala kendu eta astelehenetik ostegunera emititzen hasi ziren. Horrela egin zituzten hamaikagarren eta hamabigarren denboraldiak (2004-2006). Aurrerago berriz, 2006ko urtarrilaren 9tik aurrera, astean bitan ematen hasi ziren, astelehen eta asteartetan. Horrela segitu zuten 13. denboraldiaren erdialdetik 21. denboraldira arte (2006-2015).[15] Astean emititzen zen atal kopurua, ordea, ez zen jaitsi. Astean bi egunetan ematen zuten telesaila, baina egun bakoitzean bi atal. Guztira ordubeteko iraupena izaten zuen emankizunak.
20. eta 21. denboraldietan ETBk Goenkaleren emisio egunak aldatzen zituen. Denbora batean astelehenetan bakarrik ematen zuten eta besteetan, astean bitan, katearen irizpideen arabera. Azkenik, 2015eko urtarrilaren 5etik aurrera telesaila astean behin ematen hasi ziren. Astelehenetan bakarrik emititu ziren 21. denboraldiaren bigarren erdia eta 22. denboraldia (2015).
Telesailaren aurrekontua aldatuz joan da denboraldiz denboraldi. Lehen denboraldian, 15.000 euroko kostua zuen 25 minutuko atal bakoitzak. Hamaseigarren denboraldian, berriz, 28.000 eurokoa 35 minutuko atalak (astelehen eta asteartetan atal bikoitzak ematen zituztenez, 56.000€ emisioko.[16] Azken denboraldietan 25.000€ inguru balio zuen atal bakoitzak. Lehen denboraldian, beraz, Goenkaleko minutu baten kostua 600€koa zen, eta hamasaigarrenean, 800€koa.

Telesailaren amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ETBko zuzendaritza eta ETB1eko telesaila ekoizten zuen Pausoka ekoiztetxeak adostu zutenez, telesaila 2015eko abendura arte ikusgai izan zen ETB1en. "Oraindik goiz da 2016ko programazioaren ardatzak zehazteko, baina egia da bultzada eman nahi diegula fikziozko telesailei datorren udazkenean, proiektu berriak estreinatuz eta aztertuz", adierazi zuen Euskal Telebistako zuzendaritzak.

"Lehen mailako ikus-entzunezko fenomenoa da Goenkale. Estatuko telesailik zaharrena da, eta urte guztian zehar ikusgai izango dugu Euskal Telebistako lehen katean", azpimarratu zuten hitzaldian.

Goenkaleren azken grabaketak Donostian, EiTBko Miramongo estudioetan egin ziren otsailaren 2an, baina telesaila 2015eko abenduaren 28ra arte izan zen ikusgai.[17] Oraindik ere ETB1en saio ikusienetakoa da; horregatik, telesailaren ekoizleak lanean aritu ziren Goenkale berreskuratu nahian. Azkenean, EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek aurreratu zuenez, 2016an Goenkale ordezkatu zuen telesaila egin zuten eta bertako hainbat aktorek hartu zuten parte bertan: Aitaren etxea.[18]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]