[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Babelgo dorrea (Bibliako istorioa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Babelgo dorrea» orritik birbideratua)
Babelgo dorrea, Pieter Brueghel Zaharraren margolana (1563).

Babelgo dorrea[1] (hebreeraz: מִגְדַּל בָּבֶל, Migdal Bavel) Bibliako Genesi liburuan aipatzen den zigurat itxurako eraikina da. Babelgo dorrearen kondairak munduko hizkuntzen aniztasuna azaltzen du.

Bibliaren arabera, uholde handiaren ondorengo belaunaldiek ekialdetik Shinar lurraldera baturik iritsi zen, hizkuntza bakarra hitz egiten zutela. Gizakiaren baitan gero eta handinahi gehiago zegoen. Handinahi horrek bultzatuta, Zeruraino iritsiko zen dorre bat egin nahi izan zuten, Jainkoaren parera heltzeko. Yahveh Jainkoa haserretu egin zen ideia horren aurrean eta dorrean lanean ari zen bakoitzari hizkuntza bat eman zion. Ordutik aurrera ezin izan zuten elkar ulertu eta zerurainoko dorrea egiteko asmoa bertan behera gelditu zen. (Genesia 11:5-8).

Babelgo dorrea egitura ezagunekin lotu da batzuetan, Nabopolassar (c. K.a. 610) Babiloniako erregeak Marduk jainkoari dedikatutako "Etemenanki" izeneko zigurat batekin batik bat. Babiloniako Zigurat Handia laukia zen eta ez borobila, 91 metroko altuera zuen baina Alejandro Handiak hil aurretik suntsitu zuen, berreraikitzen saiatzen ari zela. Sumerreko "Enmerkar eta Arattako jauna" istorioak antzeko osagarriak ditu.

Bibliako kontakizuna eta gaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irudian, dorrea eraikitzen. L formarekin 1.370 urtea, Alemania

Istorioa genesiaren 11. kapituluan azaltzen da:
1. Zan berriz lurra hizketa batekoa, eta hitz bat batzuetakoa.
2. Eta atera ziradenean sortaldetik, aurkitu zuten lur bat Sennaarko lurrean, eta han gelditu ziren.
3. Esan zuten elkarri: Atozte, egin ditzagun adrilluak, egosi ditzagun suan, baliatu ziran adrilluakin arrien tokian, betunarekin kareoraiaren tokian...
4. Eta esan zuten: Atozte, egin dezagun herri, dorre bat, zeñaren erpiña allegatzen dan zeruragiño, egin dezagun geure izena mundu guztitik zabaldu gaitezten baño lenago.
5. Eta jetxi zen Jauna, Adanen semeak egiten ari zuten herri eta dorrea ikustera.
6. Eta esan zuen: Ona da herria eta hizketa bat dute guztiak eta hasi didate hau egiten, eta ez didate atzeratuko beren gogorazioetatik, bukatu ditzaten bitartean.
7. Jetxi gaitezen eta nahasi dezagun han beren hizketa, aditu ez dezan batak bestearen hitza.
8. Eta honela zabaldu zituen Jaunak toki artatikan mundu guztitik, eta utzi zioten erria egiteari.
9. Eta horregatik deitu zitzaion izena Babel, zeren an izan zan naasia mundu guztiko izkuntza erreinu guztien gañetik[2]

Biblian "Babelgo dorrea" ez da berez horrela aipatzen, beti "hiria eta bere dorrea" esaten du. Hiriari Babel deitzen zaio, hebreera zaharreko "balal" hitzetik dator eta "nahastu" esan nahi du.

Istorioak hizkuntz aniztasuna azaltzen du. Jainkoaren eta gizakien arteko liskarra Genesian beste hainbat tokitan ere agertzen zaigu, Adam eta Evaren Edengo lorategiaren istorioan kasu. Flavio Josefo hebrearraren I. mendeko interpretazioaren arabera, dorrea eraikitzea Nimrod harroputz tiranoak Jainkoari kontra egiteko emandako agindua izan zen.

Ingurugiro historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Babiloniako zintzilikako lorategiak, atzean Babelgo dorrea dutela, Martin Heemskerck

"Babilon" grezierazko izena akadierazko "Bāb-ilim" izenetik dator. "Jainkoaren atea" esan nahi du. Sumer zaharrean (Biblian Shinar) tenpluko "Zigurat" dorre handien helburu erlijiosoa laburtzen du. Bibliako Genesiaren 10. atalean, Babel Nimroden erreinuan omen dago. Biblian ez du berak dorrea eraikitzeko agindu zuela zehazki esaten, baina Nimrod iturri ezberdinek dorrearen sorrerarekin lotzen dute. Babel hiriaren eta dorrearen izena Gen. 11:9-an "balal" aditzari egokitzen zaio, hebreeraz "nahaspilatu" esan nahi du. Babilonia hiriaren hondakinak Irakeko Babil probintzian ikus daitezke, Irakeko hiriburua de Bagdadetik 110 kilometro hegoaldera, Al-Hillah hirian.

Genesiaren 10. atalean azaltzen diren gizakiak dorrea utzi eta ondoren Shinaretik lurreko txoko ezberdinetara zabaldu ziren, 11:8-9an dioenez. Genesi 10:5-an gizakiak toki ezberdinetara bakoitza bere hizkuntza izanik zabaldu zirela dio eta ondorengo istorioaren (Genesi 11:1) hasieran lur osoan hizkuntza bakarra zela aipatzen du, hau batzuentzat kontraesana da. Dena den, ikuspuntu honek 10:5 eta 11:1 kronologikoki ordenatuta daudela suposatzen du, baina interpretazio judu-kristauak dio 10:5ean gizakiak txokoetara zabaltzen direnean eta 11:9-an gauza bera luzeago azaltzen denean gauza beraz ari dela. Hipotesi batek bertso horiei iturri ezberdinak egozten dizkie.

Antzeko mitoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Grabatuan Hizkuntzen nahasketa (Gustave Doré, 1865).

Sumertar mitologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mesopotamiako mitologian Enmerkar eta Arattako jauna deituriko istorioa dago. Uruk lurraldeko Enmerkar erregea Eridu tenpluko zigurat erraldoia eraikitzen ari zenez, Aratta lurraldeko material garestiak agindu zituen zerga gisa. Enki jainkoari Shubur, Hamazi, Sumer, Uri-ki (Akkad) eta Martu lurretan hizkuntz batasuna berreskuratzeko (ala nahasteko, Kramer-en hitzetan) eskatu zion.

David Rohl-ek teoria berri batean Erech eta Babel eraiki zituen Nimrod ehiztaria, Enmerkar Uruk lurraldeko erregea Eridu tenpluko lehendabiziko eraikitzailearekin identifikatzen du. Aurrerago Ur-eko Amar-Sin izeneko hirugarren erregea dorrea bukatzen saiatu zen. Teoria honen arabera, Babelgo dorrea oinarritzat hartu zuen Mesopotamiako kondaira honen hondakinak Eridu tenpluko zigurat dorreak dira. Tamaina handikoak dira, zaharrak eta Eriduren deituretako bat geroago Babilon deitu zen. Bi hiriek E-sagila deituriko tenpluak izan zituzten.

Erdialdeko Amerikan Babelgo dorrearen antzeko istorioak gorde dira. Batek dioenez, uholde handian biziraun zuen Xelhua izeneko erraldoietako batek Zerua iraintzeko Cholula piramide handia eraiki zuen. Jainkoek suaz piramidea suntsitu zuten eta eraikitzaileen hizkuntza nahastu zuten. Diego Duran (1537–1588) fraide dominikarrak historia hau ehun urte zituen Cholulako apaiz batengandik entzun zuen, Mexikoren konkistaren ondoren.

Jaiotzez bertakoa den Don Ferdinand d'Alva Ixtilxochitl (c. 1565-1648) historialariak Tolteka herriaren historia ematen du: uholde handia eta gero gizakiak ugaldu zirenean, zacuali edo dorre handia eraiki zuten, bigarren uholde bat gertatzekotan babes bisa erabiltzeko. Hala ere, haien hizkuntzak nahastu zirenez, lurreko txoko ezberdinetarantz jo zuten.

Arizonako Tohono O'odham indiarren kontakizunaren arabera, Montezuma uholde handitik salbatu zen, ondoren madarikatu egin zuten eta zeruraino iritsiko zen dorrea eraikitzen saiatu zen baina Izpiritu Handiak tximistez suntsitu zuen.

David Livingstonek zioenez, 1849an Ngami lakutik gertu ezagutu zituen afrikarrek antzeko istorioa gordetzen zuten, baina dorrea suntsitzean eraikitzaileei buruak dorrea hautsi zitzaizkien.

Sir James George Frazer Eskoziako antropologo sozialak 1918ko "Testamentu zaharreko folklorea" liburuan testamentu zaharreko hainbat istorioen eta munduko herrien kondairen antzekotasunak konparatzen zituen. Livingstoneren istorioa Afrikako Lozi herriaren mitologiarekin parekatzen du, zeinaren arabera, gizaki maltzurrek Nyambe Jainko sortzailearenganaino iristeko masta eraiki zuten. Jainkoa armiarma sare batez igo zen zerura. Gizakiak masta erori zenean hil ziren. Ghanako Ashanti herriaren bertsioan almeriz-eskuak pilatzen dira zeruraino iristeko. Angolako Kongo herrian eta Tanzanian antzeko kondairak topatu zituen, hauetan gizakiak ilargiraino iristeko makilak pilatzen saiatzen dira baina ez dute lortzen. Assam-eko Karbi eta Kuki herriek honelako istorioa dute. Myanmar herriko Karen herriak Frazer-en ustez erlijio Abrahamikoen eragina erakusten zuen, haiek diotenez, haien arbasoak toki hartara Karenni lurreko pagoda handia utzi ostean heldu ziren, Adamen 30 belaunaldi beranduago, hizkuntzak nahastu zirenean eta Karen herria Karennitik bereizi zenean. Almirantegoaren uharteetako bertsioan, zeruraino iritsiko ziren etxeak eraikitzeko ahaleginek porrot egitean gizateriaren hizkuntzak nahastu ziren. Geroago argituko zen moduan, istorio antzeko hauetako batzuk misiolari kristauek irakatsi zituzten.

Nepalgo eta Indiako iparraldeko Tharu herrian antzeko kontakizuna dute.

Hizkuntzen ugalketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduan zehar Jainkoak jatorrizko hizkuntza bat anitzetan nahasten duen istorio asko dago, dorrerik aipatzen ez den arren. Adibidez, Greziako mitologian Hermes Jainkoak hizkuntzak nahasi zituela eta, Zeus jainkoak bere tronua Phoroneus-i eman behar izan zion. Frazer-ek bereziki aipatzen ditu Keniako Wasania herria, Assameko Naga herria, Australiako Encounter Bay, Kaliforniako Maidu herria, Alaskako Tlingit herria eta Guatemalako Quiché herria.

Estoniako "hizkuntzak sukaldean prestatzen" mitoa era berean konparatu da.

Erreferentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]