Aizpea (leizea)
Aizpea (leizea) | |
---|---|
Mota | Harpe eta arkeologia-aztarnategi |
Geografia | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Aribe |
Aizpea edo Errotako Leizea haitzaren azpiko harpe txiki bat da, Aribeko udalerrian dagoena (Nafarroa Garaia), Irati ibaiaren ezkerraldean, antzinako errotaren eta errepidearen ondoan, hamar bat metro gorago. 720-740 metroko altueran dago eta inguruko landaredia mugakoa da, atlantikoaren, mediterraneoaren eta piriniarraren artekoa[1]. Ezaguna da bertan emakume baten hezurdura aurkitu zutelako, duela 4.600 urte ingurukoa, Nafarroan aurkitu den hilobiratu zaharrena.
Aurreneko indusketa 1988an egin zen, eta aurrerago, beste pare bat, 1991n eta 1993an[2]. Hiru mailako sekuentzia estratigrafikoa agertu zen (A. Cava 1993-1994, Barandiaran, 2001). b maila amaierako Mesolitotik Neolitora doan tarteari dagokio, harpeak izandako okupazio handiena gertatu zenean. Aizpean islatzen den unea Mesolito bukaerakoa da, eta azken etapa batean elementu neolitikoak ere ageri dira. Antzekotasunak ditu Ebroko Arroko ereduarekin eta Pirinioetatik iparraldera agertutako elementu kontinentalekin.
Esan bezala, b) mailan aurkitu ziren aztarna gehien, horien artean 30 bat urteko emakume heldu baten hezurdura osoa. Harpeko bukaerako hormatik gertu zegoen lurperatuta, eskuinalderantz etzanda, gorputza bilduta, burua hegoaldea begira. Horrez gain, beste 1.400 aztarna inguru aurkitu ziren, tallak, 540 lanabes litiko, landuak (erdiak mikrolitoak), eta 75 objektu, hezurrez, adarrez edo oskolez eginak (orratzak, amuak, zintzilikari bat eta espatula bat). Horrez gain, animalien hondar ugari aurkitu ziren (ungulatuak, txoriak, ibaiko arrainak eta barraskiloak), baita landareenak ere (fruitu lehorrak eta mamitsuak)[3].
Aizpeako emakumearen hezurdura Nafarroako Museoan ikus daiteke gaur egun. Honela deskribatzen du Museoaren fitxak:
"Glaziazioa bukatuta, Epipaleolitoan (8.500-4.500 K.a.) klima aldaketak teknologiaren bilakaera eta bizimoduaren aldaketa eragin zuen. Lanabes litikoak askoz txikiagoak bihurtu ziren, geziak egiteko landutako pieza txikiak izateko (mikrolito geometrikoak). Habitatak ohikoenak harpeak izan ziren, ibaietatik gertu, eta talde ibiltariak ziren bertako bizilagunak, lagun gutxikoak. Garai horretakoa da Nafarroako Historiaurreko lehen hilobiratua, emakume bat, K.a. 4.600 urtekoa, gutxi gorabehera."
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ M. Hervella, I. M. Laza, N.G. Ventades, C. de-la-Rúa. Genómica de los cazadores recolectores de la cornisa cantábrica: datos de la mujer mesolítica del yacimiento de Aizpea (Aribe, Navarra). https://www.ehu.eus/documents/9074919/0/Libro-Resumenes-XV-Reunion-Cuaternario.pdf/000bb564-c1b4-e348-dc6b-781c05c7e341. .
- ↑ Ana C. Almuzara. El yacimiento de Aizpea. Informe de las campañas de 1991 y 1993 https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=1373974. .
- ↑ T. Fernández-Crespo (1), J. Ordoño (2), R.J. Schulting (1) Biografía isotópica de una mujer mesolítica de la Peninsula Ibérica. https://www.ehu.eus/documents/9074919/0/Libro-Resumenes-XV-Reunion-Cuaternario.pdf/000bb564-c1b4-e348-dc6b-781c05c7e341. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Barandiarán Maestu, Ignacio; Cava Almazara, Ana. CAZADORES-RECOLECTORES EN EL PIRINEO DE NAVARRA. El sitio de Aizpea entre 8000 y 6000 años antes de ahora. 2002. EHU-UPV. Anejos de Veleia. Series Maior; 10. ISBN/ISSN: 0213-2095