[go: up one dir, main page]
More Web Proxy on the site http://driver.im/Edukira joan

Adimen

Wikipedia, Entziklopedia askea

Adimena oroimen eta pertzepzioaren funtzioetatik esperientzia eskuratu, egoera berrietara egokitu, komunikatu, kontzeptu abstraktuak maneiatu eta ingurunean sortzen diren egoeretara egokitu eta arazoak konpontzeko ahalmena da. Alde anitzeko kontzeptua da adimena; hala ere, adimena edo adimenaren alderdi zenbait neurtzeko frogak eratu dira, psikometria izeneko arlotik, adimen-koziente bat eskuratzeko. Adimena ere funtzio mentalekin lotuta dago.

Gizakiak beti izan du adimenaren eta emozioen sorrera ezagutzeko jakin-mina. Horregatik, historian zehar, hainbat pertsona arduratu dira bi arlo horiek neurtzeaz eta ikertzeaz eta, horri esker, gizaki bakoitzak bere historian eboluzionatu ahal izan du. Betidanik behar izan dira mekanismoak gizarteko kideen gaitasun mentala ebaluatzeko, batez ere, gizarte horien premia bereziei erantzuteko. Beraz, gaitasun horren ebaluazioa adimenaren kontzeptuekin lotuta egon da tradizionalki.

Bestalde, giza emozioen azterketa gai klasikoa da pentsamendu filosofikoaren historiatik, eta gaur egun filosofiak eta arlo psiko-sozialek onartzen dute emozioak aztertu eta ezagutu behar direla gizakiaren jokabidea eta existentzia ulertzeko.

Adimen terminoa ulertu ahal izateko, funtsezkoa da atzera begirako ikuspegi batetik ulertzea, giza pentsamenduaren eboluzioaren barnean definitu ahal izateko. Hiru etapa historiko bereiz daitezke: ikuspegi enpirikoa, psikometrikoa eta adimen anizkoitzena. Gaur egun, adimenaren kontzeptua eraldatzen ari da eta abstrakzioa, planteamendu korapilatsuak ulertzea edo ezagutza orokor zabalak menperatzeaz haratago doa. Izan ere, bizitzaren hainbat alderdi ere barne hartzen ditu, hala nola, perspektiba, bat-batekotasuna, sormena, norberaren trebetasun sozialak eta emozionalak, besteak beste.

Pertsona baten adimena hainbat aldagaik osatzen dute (arreta, behatzeko gaitasuna, memoria, ikaskuntza, gizarte-trebetasunak...), eta aldagai horiei esker eguneroko bizitzaren erronkei aurre egitea ahalbidetzen da. Gure eguneroko jardueretatik lortzen dugun errendimendua, neurri handi batean, jarduera horiei eskaintzen diegun arretaren araberakoa da, baita une bakoitzean adierazten dugun kontzentrazio-gaitasunaren araberakoa ere. Baina kontuan izan behar da errendimendu egokia izateko beste funtzio askok ere parte-hartzen dutela: egoera emozional egonkorrak, osasun psiko-fisiko onak edo aktibazio-maila normal batek, batik bat.

Ikuspegi enpirikoari dagokionez, badakigu historikoki pertsonak distiratsu, burutsu edo adimentsu gisa kalifikatu direla eta, bestela, ergeltzat jo izan dira. Pertsona batek eguneroko bizitzako erronkei aurre egiteko duen gaitasun handiago edo txikiagoaren aurrean duen jarrerari buruzko adierazpen horiek enpirikoak eta taldearen kultura-ingurunearekin lotutakoak baino ez ziren. Zalantzarik gabe, jendeak sarritan hitz egiten zuen adimenaren kontzeptuaz, nahiz eta definizio argi eta zientifikorik egon ez, baina argi dago pertsonak gai zirela besteek beren komunitatean arrakasta lortzeko zituzten gaitasunak bereizteko, dela agintari, pentsalari, gerlari, artisau eta abarren moduan.[1]

Gai honetan, Alfred Binet psikologo frantsesaria nabarmentzen da, zeinak mende honen hasieran ikuspegi psikometrikoari eusten dion, giza adimena neurtzeko lehen test zientifikoa arrakastaz sortu baitzuen. Bi arazo aztertzeaz arduratzen zen ministerio-batzorde bateko kidea zen: adimen-atzerapeneko egoeren diagnostikoa eta ezohiko haurren hezkuntza. Han Teodoro Simon doktorearekin elkartu zen, adimen urriko haurrekin lan egin baitzuen. Ikerketetan zehar ondorioztatu zuten, oro har, adin jakin batzuetan garapen mentaleko maila jakin batzuk lor zitezkeela, eta horrek «adin mentalaren» kontzeptua sortu zuen, adin kronologikoarekin bat etor zitekeena edo ez.[1][2]

Adimen-kozientearen kurba

Adimenaren lehen eskalek adimen-adina ebaluatzen zuten, hau da, maila intelektuala adin-taldearen batez bestekoaren arabera neurtzen zen. Horrela jakin zitekeen haur bat besteen gainetik, azpitik edo maila berean zegoen. Adin mentala adin kronologikoarekin zatituz, zifra bat lortzen zen (adimen-kozientea), ehunez biderkatuta adimenaren neurria ematen zuena. Gaur egun, oraindik erabiltzen den metodoa da adimen-kozientea. Batez bestekoa 100 da, eta biztanleriaren ia erdiak 90 eta 110 artean puntuatzen du.[1] Hau da, 100eko adimen-kozientea estatistikoki normaltzat jotzen da, 15 puntuko aldakuntzarekin: 100 ± 15 (hau da, 85 eta 115 artekoa). Biztanleriaren adimen-banaketak kurba normal edo Gauss kurba (kanpai kurba) forma du, populazioen beste trebetasun eta ezaugarri asko bezala. Adimen-kozientean 85 puntu baino gutxiago duen pertsona bat estatistikaren normaltasunaren azpitik jotzen da, eta 115 baino gehiago duen pertsona bat normaltasunatik gora.[2]

Badirudi pertsona baten adimen-kozienteak eragin handia duela genetikan, ingurumen-aldagaietan eta esperientzia pertsonaletan. Eta ezaugarri-aldagaitzat hartzen da, hau da, haurtzarotik konstante irauten du.[1]

Izanak izan, ez da erraza giza adimen-modu bakarra onartzea. Howard Gardnerrek 1994an adimen anizkoitzen tesiari eutsi zion. Adimenak arazoak konpontzeko edo testuinguru kultural batean edo komunitate jakin batean garrantzitsuak diren produktuak egiteko behar den trebetasuna eskatzen duela berretsi zuen.

Orain dela denbora gutxi arte, adimenak arazo matematikoak ebazteko bakarrik balio zuelaren ideia nabarmentzen zen, eta alde batera utzi izan da adimena zoriontasunari edo gizarte-bizikidetza onari eragiten dioten arazoak ebazteko gaitasuna ere badela.[3]

Howard Gardnerrek, Harvard Unibertsitateko ikertzaile eta neuropsikologoak, eta Neurologiako irakasleak Boston Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean, adimena honela definitzen du: "Komunitate- edo kultura-testuinguru jakin baterako balio handia duten produktuak sortzeko edo arazoak ebazteko gaitasuna".

Gardnerren definizioaren garrantzia bikoitza da: Lehenik, adimenaren eremua zabaltzen du eta bikaintasun akademikoaz haratago doa. Bizitzaren erronkei aurre egiteko espediente akademiko ona izatea ez da nahikoa. Adimen-gaitasun handiko pertsonak daude, baina, adibidez, lagunak ondo aukeratzeko gai ez direnak. Aitzitik, eskolan akademikoki zailtasunak dituzten ikasleak badaude, gerora negozioen munduan edo bizitza pertsonalean arrakasta dutenak.

Negozioetan edo kiroletan arrakastatsua izateak adimentsua izatea eskatzen du, baina alor bakoitzean adimen mota desberdina erabiltzen dugu. Ez hobea, ez okerragoa, baina desberdina. Beste era batera esanda, Albert Einsten ez da Michel Jordan baino azkarragoa, baina bere adimenak eremu desberdinetakoak dira.

Bigarrenik, Gardnerrek gaitasun gisa definitzen du adimena. Duela urte gutxi batzuk arte, adimena jaiotzetikoa eta aldaezina zela pentsatzen zen. Adimentsu jaiotzen zen ala ez, eta hezkuntzak ezin zuen hori aldatu. Hain barneratuta zegoen ideia hori non desgaitasun mentala zuten pertsonek ez baitzuten hezkuntzarik jasotzen, alferrikako ahalegina zela uste baitzen.

Gardnerren arabera, Psikologiak eta Hezkuntzak denbora gehiegi eman dute adimenaren azterketa azterketa-aretoan ikertzen, mundu erreala sakonago behatu beharrean. Hau da, pertsonek arazoak konpontzeko eta kultura aldatzen duten produktuak sortzeko moduari gehiago erreparatu behar liokete.

Halaber, Gardnerrek baieztatzen du adimena hobeto erakusten dela mekanikari batek karburagailuarekin arazo bat nola konpontzen duen edo kontagailuak dilema finantzario bat nola konpontzen duen aztertzean, proba baten edozein emaitzarekin baino. Trebetasun, talentu eta abilezia mota asko behatu ondoren, Gardner doktoreak, azkenean, zazpi oinarrizko adimenen zerrenda sortu zuen (duela gutxi zortzigarren bat gehitu zuen).

Adimen anizkoitzak (Howard Gardner)

Bere aburuz, adimen mota desberdinen arteko harreman funtzional bat eragiten dute. Hurrengoak dira Gardnerrek deskribatzen dituen adimen motak[1]:

1) Hizkuntza-adimena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza-adimenak ahozko komunikazioren gaitasunaz haratago doa, komunikatzeko beste modu batzuk integratzen baititu, hala nola, idazkera eta imintzioak. Komunikatzeko gaitasun hau hoberen menperatzen dutenek hizkuntza-adimen hobea dute. Adimen mota hau hurrengo lanbideetan bereziki azaleratzen dira: politikari, idazle, poeta eta kazetari, besteak beste. Ikasleen kasuan, istorioak idaztea, irakurtzea, errimak sortzea, aho-korapiloak eta beste hizkuntza batzuk erraz ikasten dituztenek mota honetako adimenean nabarmentzen dira.

2) Adimen logiko-matematikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adimen mota hau arrazonamendu logikorako gaitasuna eta arazo matematikoen ebazpenari lotzen zaio. Bestela esanda, zenbakiekin modu eraginkorrean lan egiteko eta behar bezala arrazoitzeko gaitasuna da. Eskema eta erlazio logikoekiko sentikortasuna, baieztapenak eta proposamenak, funtzioak eta horiekin lotutako beste abstrakzio batzuk barne hartzen ditu.

Adimen logiko-matematikoa neurtzeko adierazlea mota honetako problemak ebazteko azkartasuna da.

Zientzialari, ingeniari, matematikari, kontalari eta sistemen analisietan, besteak beste, ikusten den adimena da. Garatu duten ikasleek erraz aztertzen dituzte planteamenduak eta arazoak. Zenbakizko kalkuluetara, estatistiketara eta aurrekontuetara gogotsu hurbiltzen dira.

Adimen-koziente (IQ) proba ospetsuak adimen mota honetan oinarritzen dira eta, maila txikiago batean, hizkuntza-adimenean.

3) Adimen musikala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika-formak hautemateko, bereizteko, eraldatzeko eta adierazteko gaitasuna da. Erritmoarekiko, tonuarekiko eta tinbrearekiko sentsibilitatea barne hartzen du. Konpositore, orkestra-zuzendari, musika-kritikari, musikari eta entzule sentikorretan parte hartzen du.

Adimen mota hau gehiago garatuta duten ikasleak naturaren soinuek eta era guztietako doinuek erakartzen dituzte. Abesten, txistu egiten, oinarekin konpasari jarraitzen, klaseetan daudenean edo ikasten ari direnean objekturen bat erritmikoki jotzen edo astintzen dutenean gozatzen dute.

4) Adimen espaziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru dimentsiotan pentsatzeko gaitasuna da. Aukera ematen du kanpoko eta barruko irudiak hautemateko, birsortzeko, eraldatzeko edo aldatzeko, espazioa zeharkatzeko edo objektuek zeharkatu eta informazio grafikoa sortzeko edo deskodeatzeko. Galdutakoa edo traspapelatutakoa aurkitzen dutenak edo etxean dena non dagoen dakitenak dira. Mekanikariengan, pilotuengan, itsasgizonengan, artistengan eta arkitektoengan bereziki garatua dago, besteak beste.

Grafikoekin, eskemekin, koadroekin edo irudien bitartez hobeto ikasten duten ikasleengan dago. Kontzeptu- eta mapak egitea gustatzen zaie. Planoak eta krokisak ederki ulertzen dituzte, eta gehiago gozatzen dute ilustrazioekin hitzak irakurtzearekin baino.

5) Gorputz eta zinestesi adimena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tresnak maneiatu edo hainbat emozio adierazteko behar diren gorputz eta mugimendu gaitasunei egiten die erreferentzia. Koordinazio, trebetasun, oreka, malgutasun, indar eta abiadurako trebetasunak barne hartzen ditu, baita gaitasun zinestesikoa eta neurri eta bolumenen pertzepzioa ere. Marrazkilari, mekanikari, zurgin, atleta, dantzari, kirurgialari eta artisauetan agertzen da, besteak beste. Oro har, kirol-jardueretan, dantzan, gorputz-adierazpenean edo keinuetan nabarmentzen diren ikasleengan hautematen da. Baita tresnak maneiatzen trebeak diren ikasleetan ere.

6) Adimen interpertsonala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste pertsona batzuekin modu egokian erlazionatzea eta horiek ulertzean datzan gaitasuna da. Pertsona, lagun eta senide batekin edo gehiagorekin elkarreragiten dute. Sentimenduekiko sentsibilitatea eta ulermena dute, komunikatzaile onak dira, beste pertsona batzuen ikuspuntuak eta egoera emozionalak erraz ezagutzen dituzte.

Irakasle, psikologo, terapeuta, abokatu eta pedagogoen profilak izan ohi dira adimen mota honetan altuen puntuatzen dutenak.

7) Adimen intrapertsonala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nork bere burua ulertzeko gaitasuna da. Pertsona hauek erraz onartzen dute nor diren eta zer lor dezaketen munduan. Halaber, haien indarguneez eta bizitzako helburuak lortzeko dituzten ahuleziez jabetzen dira. Ez dira nahitaez lotsatiak edo barnerakoiak, baina bakardadea bilatzeko premia handia dute gogoeta egiteko. Beren konfiantza naturala ere abantaila da zailtasunak gainditzeko.[1][4]

Daniel Golemanek, Harvardeko psikologo, idazle eta irakaslea, Gordnerrek deskribatutako adimen inter- eta intra-pertsonalez osatutako kontzeptu berria deskribatu zuen: Adimen emozionala. Golemanen arabera, adimen emozionala hurrengo osagaiez osatuta dago:

- Autoezagutza emozionala (edo norberaren kontzientzia):

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure emozioen ezagutza eta horiek guregan eragiteko modua barnebiltzen ditu. Gure gogo-aldarteak gure portaeran nola eragiten duen jakitea garrantzitsua da, baita gure bertuteak eta gure ahulguneak zeintzuk diren ezagutzea ere.

Gure barne-prozesuak ezagutzeak berebiziko garrantzia du, eta, horretarako, bi trebetasun bereziki garatzen ikasi behar da: geure emozioak identifikatzen jakin behar dugu, eta beren izenez aipatu. Hori da adimen emozionalaren oinarria.

- Emozioen kudeaketa:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sentimenduak egokiak izateko kudeaketa egokia egitea norberaren kontzientzian oinarritzen den gaitasuna da. Emozioen erabilera adimentsua ekintza eraginkor eta ez suntsitzaile baterako bidea bilatzean datza. Beraz, bulkadak kontrolatzen ikasi behar da, erantzun egokiak bilatuz.

- Norberaren motibazioa:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emozioak helburu baten inguruan antolatzea funtsezkoa da arreta jartzeko, automotibaziorako, lidergorako eta sormenerako. Egoera etsigarriak, frustrazioak edo porrotak jasateko gai izateko garrantzitsua da.

- Besteen emozioak aitortzea:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpatia pertsonek besteen emozioak ezagutzeko duten oinarrizko trebetasuna da, besteek sentitzen dutena eta aurpegiaren adierazpenagatik, keinu batengatik, erantzun txar bategatik adieraz daitekeena, gure inguruko pertsonekin lotura errealagoak eta iraunkorragoak ezartzen lagun diezagukeena. Izan ere, besteen emozioak ezagutzea da besteekiko elkarreragin hobea izateko lehen urratsa.

- Harremanak maneiatzea:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edonor ohartu daiteke besteekiko harreman ona dela gure bizitzarako eta lanerako gauzarik garrantzitsuenetako bat. Eta ez bakarrik jatorrak iruditzen zaizkigunak tratatzea, baizik eta arrakastaz tratatzen jakitea goragoko edo beheragoko mailan daudenekin, gure buruzagiekin, edo edonorrekin. Harreman sozial guztien oinarria besteekin ditugun harremanak lantzea da. Beste pertsonen emozioekiko sentsibilitate-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arrakasta handiagoa izango dugu harremanetan.[1]

8) Adimen naturalista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurumeneko elementuak, objektuak, animaliak edo landareak bereizteko, sailkatzeko eta erabiltzeko gaitasuna da. Gure ingurunea behatzeko, esperimentatzeko, hausnartzeko eta zalantzan jartzeko abileziak biltzen ditu.

Albaitari, botanikari, ekologista eta paisajistetan nabarmentzen da adimen mota hau, besteak beste. Animaliak eta landareak maite dituzten ikasleengan ematen da, baita mundu naturalaren eta gizakiak egindakoaren ezaugarriak ezagutu eta ikertzea gustatzen zaien ikasleengan ere.[1][4]

Garrantzitsua da azpimarratzea pertsona bakoitzak zortzi adimenak dituela eta modu desberdinetan erabiltzen dituela eguneroko bizitzan. Era berean, kontuan izan behar da pertsona bakoitzak bere erara erakusten dituela zortzi adimen horiek. Pertsona batzuk horietako batzuetan nabarmentzen dira, eta beste batzuek zailtasun bereziak dituzte hainbat adimenetan, baina gehienak tartean daude: erraz adierazi ahal ditugun adimen bat edo gehiago ditugu, beste adimen batzuk tarteko mailakoak dira guretzat eta, azkenik, adimen bat edo gehiago zaila egiten zaigu erabiltzea.[1]

Adimenaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pedagogia giza hezkuntza aztertzen duen zientzia da, eta ikaskuntza errazten duten teknikak lantzen ditu. Pedagogoek adimena eta horrengan eragina izan dezaketen faktoreak (psikologikoak, biologikoak zein sozio-kulturalak) aztertzen dituzte. Hona hemen adimenaren eragile horietako batzuk:

  • Faktore hereditarioak: Herentziazko izaerak ez du esan nahi harreman lineala dagoenik adimenaren garapenarekin, ezta aurrez zehaztuta dagoenik ere. Biki berdinekin (monozigotikoak) eta bikiekin (dizigotikoak) egindako ikerketek ezberdintasun horiek argitzen laguntzen dute. Beraz, genetika faktore bat baino ez da, ez da erabakigarria.
  • Beste faktore biologiko batzuk: Ezagutza biltzen espezializatuta dauden dentsitate handiagoko neuronen migrazioak lotura sinaptiko gurutzatuagoak sortzen ditu bizitzako lehen hilabeteetan.
  • Ingurumen-faktoreak: Gizabanakoaren ingurunea funtsezkoa da adimena garatzeko. Egoera zapaltzaileek mugatu egin dezakete adimenaren garapena, ezegonkortasun emozionala sortzen baita. Ingurune soziokulturala oso garrantzitsua da gizabanakoaren garapen intelektualean. Estimulu kognitibo egokiak dituen giroan garatzen den pertsona batek gaitasun intelektual handiagoak gara ditzake estimulu gutxiko giroan hazten den pertsona batekin aldenduz.
  • Hezkuntza: Kalitatezko hezkuntzak tresna baliotsuak eskaini ditzake.
  • Motibazioa: Pertsona batek hobeto gara dezake bere adimena familiak edo inguruko pertsonek bere pertzepzio kognitiboa hobetzera bultzatzen badute.
  • Ohitura osasungarriak: Dieta osasuntsuak adimena garatzeko baldintza hobeak ematen ditu. Halaber, behar bezala lo egiteak garuneko prozesuen garapena errazten du. Haatik, alkoholak eta beste droga batzuek gizabanakoa ezgaitu dezakete.

Lateralitate printzipioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Garuneko bi hemisferioak

Roger Sperry neurofisiologoak gure garuneko bi hemisferioak oinarrizko informazio berberaz elikatzen direla frogatu zuen, baina modu desberdinean prozesatzen dituztela ikusi zuen. Norbanakoak hemisferio nagusi bat du (aurretiko joera genetikoa). Ezkerreko garun-hemisferioak hizkuntza, arazo logikoen konponbidea eta pentsamendu analitikoa bezalako alderdiak menperatzen ditu; eskuineko hemisferioan, berriz, ulermen espaziala, musikala edo marrazketa nabarmentzen dira.

Sormen-prozesuan, garuneko hemisferioak aldi berean ari dira jardunean, modu koherentean eta ekintza sortzailean integratuta. Hemisferio bakoitza zenbait jardueratan gailentzen den arren, biak daude, funtsean, arlo guztietan gaituta.

Sefchovichek eta Waisburdeen arabera, eskoletako programak eta, oro har, hezkuntza-sistemak, ezkerreko garun-hemisferioaren trebetasunetan oinarritu dira. Haatik, eskuineko hemisferioa bere kabuz garatu da, eta, ondorioz, sormen-garapenerako ezinbestekoak diren trebetasunak eta funtzionamenduak ez dira beharbeste dira.

Flynn efektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Flynn efektuak herrialde bateko biztanleriaren adimen-kozientea belaunaldi batetik bestera handitzea azaltzen du. Hazkunde horretan herrialdearen garapen-mailak, erabiltzen den testaren ezaugarriek eta ebaluatutako laginaren ezaugarriek eragina dute.

Duela gutxi modernizatzen hasi diren herrialdeetan, belaunaldien arteko adimen-kozientearen hazkundea handiagoa da; XIX. mendean garatzen hasi ziren herrialdeetan, berriz, hazkundea askoz txikiagoa da.

Lortutako emaitzetatik abiatuta, honako ondorio hauek atera daitezke, hipotesi gisa azalduta:

  • Flynnen hipotesia: adimena berez ez da handitzen, baina bai arazo abstraktuak ebazteko gaitasuna.
  • Hezkuntza-hipotesia: adimen-kozientearen hazkundea hezkuntzaren unibertsaltasunaren ondorio da.
  • Branden hipotesia: gizabanakoen bizitza sozialaren konplexutasunak haien koziente intelektuala handitzen du.
  • Nutrizio-hipotesia: nutrizioaren hobekuntza eta guraso-zainketak adimen-kozientearen igoeraren kausa dira.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Madrigal Solano, Myleen. (2007-09). «Inteligencias multiples: un nuevo paradigma» Medicina Legal de Costa Rica 24 (2): 81–98. ISSN 1409-0015. (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
  2. a b (Gaztelaniaz) Ardila, Rubén. (2011-03). «INTELIGENCIA. ¿QUÉ SABEMOS Y QUÉ NOS FALTA POR INVESTIGAR?» Revista de la Academia Colombiana de Ciencias Exactas, Físicas y Naturales 35 (134): 97–103. ISSN 0370-3908. (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
  3. (Gaztelaniaz) Gardner, Howard. (1995). Gardner, Howard ed. Inteligencias múltiples : la teoría en la práctica. Paidós ISBN 978-84-493-0588-7. (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
  4. a b «Adimen anitzak» Salesianos Ikastetxea Donostia / San Sebastián 2015-12-22 (Noiz kontsultatua: 2023-03-04).
  5. (Gaztelaniaz) Inteligencia. 2023-02-19 (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]