Alga gorri
Alga gorri | |
---|---|
Mesoproterozoiko-Gaur egun[1] | |
Sailkapen zientifikoa | |
Subdomain | Diaphoretickes |
Dibisioa | Rhodophyta Wettstein, 1922
|
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | kousou (en) |
Alga gorria (Rhodophyta) alga eukarioto mota da. Alga gorriak organismo protistak dira, eta gehienak, zelulanitzak. Forma aldakorra eta biomasa txikia duten landareak dira. 4000 espezie inguru deskribatu dira eta Euskal Herriko kostaldean asko ikus daitezke. Gehienak itsastar bentikoak dira, askotariko substratuetan aurki daitezkeenak eta askotan epifitoak izaten dira, hau da, beste alga batzuei atxikita hazten dira.
Oso ezagunak dira Euskal Herriko kostaldean, askotan egoten baitira Gelidium sesquipedale generoko algak eguzkitan lehortzen. Izan ere, alga hau oso aberatsa da Agar-agar izeneko pektina-motan eta aipatu substantzia oso preziatua baita elikagai, botikagintza eta kosmetika industrian.
Ezaugarriak
Flageloak: dibisio honetako algek ez dute flagelorik
Ernalketa: gametozistegamia bitartez ematen da alga gorri gehienen arteko ugalketa. Hau da, ernalketa gametoziste mailan ematen da, ugal-zelulei babesa emate aldera.
Zelula horma: pektina ugaridun pektozelulosazko pareta izan ohi dute. Alga talde honetan bi pektina mota aurki daitezke: agarra, Gelidium generoan agertzen dena, esaterako; eta korragenoa, Chondrus generoan, adibidez. Batzuetan pareta kaltzifikatu egiten da Lithophyllum eta Corallina generoetan gertatzen den bezala.
Pigmentuak: alga hauetan a- eta b-klorofilak, α- eta β-karotenoak, xantofilak (luteina bereziki) eta fikobilinak agertu ohi dira.
Plastoak: pareta bikoitza dute, tilakoideak isolatuta agertu ohi dira eta fikobilisomak eduki ohi dituzte.
Erreserba: alga gorrien erreserba-substantzia errodamilioia izaten da eta estraplastidialki metatzen da.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ Butterfield, N. J.. (2000). «Bangiomorpha pubescens n. gen., n. sp.: implications for the evolution of sex, multicellularity, and the Mesoproterozoic/Neoproterozoic radiation of eukaryotes» Paleobiology 26 (3): 386–404. doi: . ISSN 0094-8373..
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alga gorri |